Zementuak desadostasuna ekarri du Baztanera

  • Azken hilabeteetan zeresan handia ematen ari da Lekarozko Aroztegia proiektu urbanistikoa, Baztanen. Nafarroako Gobernuan ere eztabaida sortu du egitasmoak: Geroa Bai da proiektuaren bultzatzaile bakarra aldaketaren indarren artean; beste alderdiak aurka agertu dira.

Aroztegia jauregia, atzean Lekaroz.
Aroztegia jauregia, atzean Lekaroz.Jagoba Manterola/Argazki Press

“226 etxebizitzako urbanizazioa, nazioarte mailako 135 gelako hotela, goi mailako sukaldaritza-jatetxea eta bederatzi zuloko golf zelaia, guztia Baztango larre berdeak koroatzeko. Paisaia idilikoan kokatuko da Palacio de Arozteguia proiektua, bidaiatzeko alternatiba gisa ‘turismo lasaia’ eskainiz. 46 hektarea golfean jolastu, Michelin gida harritzeko moduko platerak dastatu edota lau izarreko hotelean ostatu hartu nahi duenarentzat”.

Aurreko paragrafoa ez da Lekarozko Aroztegia proiektuaren sustatzaileek ateratako publizitate orri batekoa, Nafarroako egunkari garrantzitsuenetako batek egitasmoaren inguruan argitaratutako erreportajea baizik. Baina benetan, hain polita al da dena? Baztanen izan gara, eta egitasmoaren aurkako jendearekin topo egitea hain zaila ere ez dela sumatu dugu.

Hasieratik sekretupean

Hotela eta spa egiteko ideia lehenagotik bazetorren ere, 2001ean Baztango familia bateko semeek Aroztegia erosi zutenean hasi zen proiektua gauzatzen. Inguruko bide publiko batzuk mozten hasi zirenean ohartu ziren Lekarozko herritarrak zerbait gertatzen ari zela, eta enpresak onartu zien bertan hotel bat egiteko asmoa zuela.

2008 arte, ordea, ez zen egungo urbanizazio proiekturik agertu. Urte hartan, Palacio de Arozteguia S.L. enpresa sortu eta aurreko enpresaren helburu soziala aldatu egin zuten: lehenago helburu turistikoa bazuen, enpresa berriarekin proiektu urbanistikoa sartu zen. Egungo egitasmoaren lehen bertsioa izan zen hura: 252 luxuzko etxebizitzako urbanizazioa –egun 226 dira–, lau izarreko spa-hotela eta golf zelaia aurrikusten ziren bertan.

“Jokaldia lurren birkalifikatzea izan da”

2007 eta 2011 bitartean NaBaik eta UPNk osatutako udal gobernuak lurren birkalifikatze ugari egin zituela azaldu dute ‘Aroztegia… Eta Gero Zer?’ plataformako kideek, horietako batzuk “nahiko zalantzagarriak”. Kasu batzuetan egungo Aroztegiako proiektuaren sustatzaileak zeuden atzean. “Udal hartako hirigintza zinegotziaren ‘oso laguna’ zen proiektuaren bultzatzaile nagusietako bat”, esan digu Garbiñe Elizegi plataformako kideak.

Aroztegiaren aurkakoek argi dute lurren birkalifikatzea izan dela bultzatzaileen jokaldi nagusia: 2008an, “operazio espekulatiboen trena” pasatzen ari zen momentuan hasi ziren urbanizazio proiektuarekin. “Lurrak birkalifikatzeko interes handia zuen enpresak, ezer gehiago egin gabe irabaziak lortu dituelako”.

Momentu hartan enpresa saiatu zen proiektua Udalaz Gaindiko Plan Sektorial (UGPS) gisa tramitatzen Nafarroako Gobernuan, baina hark onartu ez eta 2009an egitasmoa Baztango Udalean sartu zuten, lur-eremu ez urbanizagarrien birkalifikatzea eskatuz. Lekarozen galdeketa egin zuten herritarrei birkalifikatze horren alde zeuden galdetuz, eta herria argi azaldu zen aurka. Baztango orduko Udalak, erabakia errespetatu ordez, proiektua onartu egin zuen. Orduan sortu zuten Aroztegiaren aurkako plataforma, eta enpresa auzitara eraman zuten.

2013an Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak plataformaren helegitea onartu eta atzera bota zuen lurren birkalifikatzea, horietako eremu batek sute bat jasan zuelako eta ondorioz lurren erabilera ezin zelako aldatu 30 urtean. Enpresak segituan adierazi zuen ez zuela atzera egingo, sententziak zortzi hektareari soilik eragiten ziolako.

Baztango hamaseigarren herria altxatzeko adreilu festa

Plataformako Itzi Torresek argi azaldu du zein den proiektuaren izaera: “Hau ez da proiektu turistikoa, askotan saldu duten bezala. Hau proiektu urbanistikoa da”. Horren erakusgarri da, adibidez, Baztango Udalak aurreko legealdian enpresari etxebizitzarik gabeko proiektu turistikoa garatzea proposatu zionean hark emandako ezezkoa.

Proiektu urbanistikoaren izaera espekulatzailea salatzea eta garapen ereduaren gainean eztabaida bultzatzea izan du helburu plataformak urteetan. “Zertara dator 340 biztanleko herri batera 226 etxebizitzako urbanizazioa, biztanle kopurua bikoizteko adina? Nor etorriko da hara bizitzera? Nola aldatuko ditu horrek soziolinguistikoki herria eta bailara? Zergatik hamaseigarren herria Baztanen 800 etxe huts baino gehiago daudenean?”.

Kalteak bistakoak dira plataformako kideen ustez, baita ingurumenari dagozkionak ere: “Paisaian eragingo lukeen inpaktuaz gain, ikusi beharko litzateke golf zelaietarako pestizidek inguruko lurretan nola eragingo luketen”, dio Agurtzane Orbegozo plataformako kideak.

2015eko hauteskundeetarako bi egun falta zirela onartu zuen UPNk UGPSa. Abenduaren 30ean, berriz, gobernu berriak Geroa Bairen aldebakartasunarekin eta Baztango Batzar Nagusiaren eta Lekarozko herriaren errekerimendua baztertuta, UGPSa babestea erabaki zuen. “Erabaki teknikoa dela diote, baina benetan erabaki politikoa da”, azaldu dute plataformako kideek. “Ezin da ulertu ‘aldaketaren’ alderdiak erregimen zaharraren moldeak erabiltzea, erabakitze eskubidearen alde dagoela dioenean”. Beste zenbait herritan Geroa Bai antzeko proiektuen aurka azaldu dela ere gogorarazi dute, beren argudio berak erabilita.

 

Irudian, proiektu urbanistikoaren aurkako kontzentrazio bat. Argazkia: Aroztegia...eta gero zer?
Herri galdeketa eskatu dute

Azken prentsaurrekoan Baztanen herri galdeketa egitea proposatu du plataformak. Proiektua geldiaraztea posible dela garbi dute, baina horretarako aldaketaren gobernuko beste alderdiek, posizionatzeaz haratago, “egoera benetan estutu beharko dutela” ere bai. “Orain arte ez diote gaiari duen garrantzia eman”, azpimarratu dute. Geroa Baik, bere aldetik, garbi esan du hasieratik proiektuaren alde dagoela. Haien hitzetan, “langabeziak hainbeste izorratu duen lurraldean lanpostuak sortzeko, turismo alternatiboa sustatzeko eta ekonomia pizteko onuragarria” izanen da egitasmoa, eta ez dute herri galdeketa egiteko asmorik azaldu. “Desadostasunei inposiziorik gabe aurre egiteko tresna demokratikoak badaude”, dio plataformak. Ikusiko da Geroa Baik zer erantzuten dion.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baztango Aroztegia
2022-05-16 | ARGIA
Aroztegiako obrak geratzea lortu eta urtebetera, festa egin dute Lekarozen

Ereindakotik omen uzta izena jarri dio egunari Aroztak! herritar talde antolatzaileak. Besteak beste, borroka horretan parte hartu duten guztiak eskertu nahi izan ditu larunbateko besta egunarekin, erresistentziaren lehenbiziko urteurrenean.


Aroztegiako erresistentziaren lehen urteurrena ospatuko dute maiatzaren 14an Lekarozen

Ereindakotik omen uzta izena jarri dio egunari Aroztak! herritar talde antolatzaileak. Besteak beste, borroka horretan parte hartu duten guztiak eskertu nahi izan ditu besta egunarekin.


2022-02-16 | ARGIA
Aroztegiko lanak legez kanpo hasi zirela berretsi du Nafarroako Auzitegi Nagusiak
Herritarrek eta Baztango Udalak esandakoa berretsi du Nafarroako Auzitegi Nagusiak emandako epai batek. 2021eko maiatzean abiatutako Aroztegia urbanizatzen hasteko lanak legez kanpo egin zituzten.

2022-01-27 | ARGIA
Aroztegiako proiektuaren aurka egiteagatik, sei herritarrek deklaratu behar izan dute Nafarroako Auzitegian

Elkartasunez, hamarnaka herritar elkartu dira Nafarroako Auzitegiaren aitzinean, "herri baten borondatea ezin da epaitu" banderola plazaratuz.


Eguneraketa berriak daude