Iritsi dira eta geratzeko asmoz

  • Ikus-entzunezko produktuen arteko lehia geroz eta bortitzagoa izanik, oso konplikatua bilakatzen ari da azken urteotan zinema, telebista edo Interneteko edukiekin jendea harrapatu, harritu eta fidelizatzea. Formatu eta plataforma berriek leihoak ireki dituztenetik, ordea, telebista eta telesailak kontsumitzeko modua eta arauak aldatu dira. Formatu berriak sartu dira pixkanaka gure etxeetan eta, horien artean, azken hilabeteetan geroz eta indar handiagoa hartzen ari den bat. Gu geu fikzioaren protagonista zuzen bilakatzen gaituzten “telesail elkarreragileak”.

'Skam' telesail norvegiarra aitzindaira izan da mota honetako ekoizpenen artean.
'Skam' telesail norvegiarra aitzindaira izan da mota honetako ekoizpenen artean.

Ideia hau, formatuaren barruan berritzailea izan arren, Gamebook moduan ezagutzen ditugun liburuetan ikusi genuen lehen aldiz, “aukeratu zure abentura” ezagunetan adibidez. Irakurleak, eleberriaren barruan zeuden tramen arteko aukeraketa egin zezakeen, harturiko erabakiaren arabera amaiera batera edo bestera iritsiz. Pantaila txikian, izen ofizialik ezean, telesail interaktibo edo elkarreragile bezala ezagutzen dira. Paperezko istorio horiekin alderatuz, diferentzia nagusiena da liburuetan trama guztiak aldez aurretik idatzita daudela, mugiezinak dira nolabait. Serieetan ordea, audientziaren parte-hartze, arrakasta eta erantzunaren arabera aldatzen joan daitekeen zerbait izaten da. Honek, telebistaren arau klasikoen aldaketa erradikala dakar. Lehen, igorlearen eskutik, hartzaileak norabide bakarrean eta era itxian jasotzen zuen mezu bat (telesaila) izaten zen; orain, erreminta berri honek ahalbidetzen du gustu eta lehentasunen arabera, erabiltzaileak bere ibilbidea diseinatu dezakeen joan-etorriko bide bat.

'Skam' telesailak ezarri du mugarria Europa iparraldean: telebistaz gain sareetan ere kontsumitzeko sortua izan da eta fikziotik errealitatera eraman dute

Ekoizpen berri hauekin batera eskutik doazen ezinbesteko tresnak Internet eta sare sozialak izanik, target konkretu bati egokitzen jakitea ere ezinbestekoa bilakatu da. Adin guztietarako moldatzen den formatua izan arren, nerabeen artean ari da izaten arrakasta handiena. Horren adibide nabarmenena Norvegian sekulako zalaparta sortu duen Skam telesaila. 2015 urtean NRK telebista publikoak mugarria ezarri zuen ekoizpen honekin. Zein izaten ari da nerabeei zuzenduriko ekoizpen honen arrakastaren funtsa? Lehenik, telebistaz gain, sareetan ere kontsumitzeko sortua izan dela. Bata bestearen euskarri bilakatu dute. Bata, bestearen laguntzarik gabe, herren geratzen da. Eta bigarren, fikzioak errealitatera salto egiten duela. Istorioko pertsonaiek, fikziotik kanpo, audientziarekin elkarreragiten dute; sare sozial propioak dituzte, tramaren barruko bideo eta argazkiak errealitatean txertatzen dituzte. Audientzia gazte hori istorioaren barruan sartzen jakin izan dute, azken finean. Sorturiko zarata hain handia izan da, nazioartean sei remake prestatzen ari direla une honetan. Nordikoek transmedia narrazioaren olatu hori aprobetxatu nahian, 2017. urtearen amaieran, Hvor er Thea? ere estreinatu zuten.

Herrialde nordikoetatik kanpo ere adibide ugari topatu daiteke. Urtarrilaren 22an HBO telebista kateak, adibidez, bere azken miniseriea estreinatu zuen, eta hemen ere badirudi ez dutela atzean geratzeko intentziorik. Ekoizpenaren izenburua: Mosaic. Steven Soderbergh zuzendari ezagunaren lan berria. Doako aplikazio bat deskargatuz, ikusleak tramaren barruko hainbat erabaki hartzeko ahalmena izango du.

Interneteko munduak gaur egungo ekoizpenetan duen garrantzia eta indarra Stranger Things telesail ezagunaren lehen denboraldian ere antzeman daiteke. Sare sozialetan #JusticeForBarb (justizia Barb izeneko pertsonaiarentzat) traola mundu mailako Trending Topic bilakatu ostean, ikusleek pertsonaia honekiko tratu duina eskatu zuten. Sortzaileak, iritzi guzti horiek kontuan hartu, eta saiatu dira pertsonaia horren etorkizunari beste ikuspuntu bat ematen. Twitter sare sozialak behartu du kasu honetan telebista elkarreragilea izatea.

Netflix eta HBO ere hasi dira mota honetako telesailak ekoizten: ikusleek tramaren garapenari buruzko erabakiak hartzea
erraztu dute

Adibide konkretuez gain, plataforma digitalak ere hasi dira pixkanaka egokitzen. Netflix-ek, adibidez, umeei zuzenduriko lehen serie elkarreragileak sortu zituen iaz, Buddy Thunderstruck eta Puss in Book: Trapped in an Epic Tale. Etxeko txikiek ikusitako abenturei buruzko iritziak partekatu ditzakete, zer gustatu zaien gehien, gutxien eta abar. Ez pentsa, dena den, eduki berezi hauek sortzea erraza denik. Gidoia lantzerako orduan korapilatsuagoa bilakatu baitaiteke lana; eta produkzio aldetik erronka handiagoa planteatu dezake. Dena garestiagoa bihurtzen dela, alegia.

Garaiak aldatzen ari dira, eta nazioarteko belarriek entzuten jakin izan dute “mugimendu” berri hau eragiten ari den zarata. Pentsa noraino heltzen ari den: normalean, pantaila txikiko fikzioan nahiko atzean ibiltzen den Espainiako Estatuan ere, hasi direla gauzak astintzen. Si fueras tú izan da transmedia narrazioa erabiltzen duen Espainiako lehen telesail interaktiboa. Astero telesailaren ikusleek hautatzen dute bozketa baten bitartez saioaren zenbait tramak nola jarraitu behar duten.

Eta hemen aldiz, betiko moduan, beste alde batera begira gaudela dirudi. Noizko Euskal Herrian garai berriei egokitzen diren euskarazko telesailak?


ASTEKARIA
2018ko otsailaren 11
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Telesailak
Lodiek ez dute lekurik film eta telesailetan

Nahiz eta herritarren erdia baino gehiago "normopisua" delakotik gora egon, film eta telesailetako pertsonaien %3,3ak baino ez ditu gorputz horiek ordezkatzen. Apenas dagoen pertsonaia gizenik, eta dagoenean, sarri bere gizentasuna du trama nagusi, bereziki emakumea... [+]


2022-09-05 | Sustatu
Boterearen Eraztunak telesaila euskarazko azpidatziekin estreinatu da

Gertaera nahiko azpimarragarria da, Boterearen Eraztunak telesaila euskaraz ere estreinatu duela munduan Amazon Prime Video plataformak. Streaming plataformen munduan, 2022 honetako fenomenotzat aurkeztu dituzte The Lord of the Rings / Eraztunen Jaunaren prekuela, eta... [+]


Euskarara bikoiztuko dute "The Lord of the Rings" telesaila

Amazon Primek kaleratuko duen telesaila inoiz eginiko garestiena da eta irailaren 2an izango da estreinaldia. J. R. R. Tolkien-en mundua berpiztuko du telesailak.


Eguneraketa berriak daude