ARGIA.eus

2020ko ekainaren 05a
Adrián Orr-en 'Niñato' filma

Egun on, erresistentzia

  • Niñato bezalako pelikula gutxi dago. Askotan galdetzen diogu geure buruari non ote dauden gure garai historikoa erakusten duten pelikulak, noiz ikusiko ote ditugun gertuko errealitateak pantaila handian. Baita non ote dauden istorio edo argumentuetatik haratago errealitate horiek lengoaia zinematografikoaren bidez islatzeko gai diren pelikulak ere. Erabaki formalak jokoan jartzen dituztenak: zein kamera erabili, zein leiar, nondik filmatu, zenbat denbora, soinua nola grabatu, nola lotu irudi eta soinu horiek guztiak. Askotan galdetzen diogu geure buruari non ote dauden horrelako pelikulak, beraz garrantzitsua da Niñato bezalako aurkikuntza ospatzea.

Pablo La Parra Pérez @Pau_Dziga  |  Lur Olaizola @lur_olaizola
2018ko urtarrilaren 28a

Eta ez bakarrik ospatzea; baita pelikulari buruz hitz egitea ere, pelikulaz eztabaidatzea eta idaztea, pelikula denok elkarrekin ikustea, pelikula bultzatzea eta aldarrikatzea. Horrela, agian, lortuko dugu pelikulak iraun dezan, berehalakoa gainditu dezan –sariak eta estreinaldiak, urteko film onenen zerrendak– eta etorkizuneko proiektuentzat eredu bilakatu dadin.

Adrián Orren (Madril, 1981) lehen luzemetraia da Niñato. “Niñato” ezizenez ezaguna den David Ransanz aurkeztuko digu pelikulak, hogeita hamar bat urteko hip hop musikaria. Baina Davidek bere familiarekin dituen harremanetan murgilaraziko gaitu batez ere: Mimi, Oro eta Luna umeekin eta bere guraso eta arreba Elirekin konpartitzen duen bizimoduan, alegia. Izan ere, Orren kamera Ransanztarren etxean sartuko da, Madrilgo auzo bateko elkarren ondoko bi etxebizitza txikitan. Filmak zaintza sare konplexu baten gertuko erretratu zinematografikoa osatzen du –sare hau batez ere familiako emakumeek aurrera ateratzen dutela ezkutatu gabe–.

Adrián Orr (Madril, 1981) zuzendariaren lanak sari ugari jaso du.
‘Niñato’ erresistentziarik oinarrizkoenaren erretratua da. Egunerokotasunaren erresistentzia

Niñato nazioarteko hainbat zinemalditan saritu dute. Nyonen, Buenos Airesen, Quiton edo Sevillan, besteak beste. Hala ere, bira arrakastatsu hau baino askoz atzerago bilatu behar da filmaren jatorria, 2013. urtean hain zuzen ere. Urte horretan zuzendariak Buenos días resistencia laburmetraia egin zuen. Pieza oso hau Niñato pelikularen eszena bakarra da. Bertan Mimi, Oro eta Luna ikusiko ditugu esnatzen. “Egun on” xuxurlatzen du Davidek. Oraindik ilun dagoen gelan umeen mugimenduak antzematen ditugu. Pixkanaka hasiko dira janzten, oraindik begiak itxita dituztela. Ez dute esnatu nahi. Ez dute jantzi nahi. Ez dute eskolara joan nahi. Eguneroko erresistentzia erritual bat da. Niñato umeen beste esnaldi batekin bukatuko da. Mugikorraren alarmak joko du, begiak irekitzen hasiko dira. Hiru urte pasa dira, umeak hazi egin dira pelikulan gure begien aurrean, baina berriro ere ikusiko ditugu pixkanaka esnatzen egun arrunt batean. Bi esnatze hauek markatzen dituzte Niñato-ren denborak. Bi denbora aldi berean. Denbora lineal bat –zuzendaria Ransanz familiarekin bizi izan zen sei urteak– eta denbora zirkular bat –Ana Pfaffek eginiko muntaia eraginkora sortzen dituen ohiko keinu errepikakorrak–. Denboraren halabeharrezko joana eta egunerokotasunaren zirkularitatea. Eta bien arteko bidegurutzean, erresistentzia aurkituko dugu, oraingoan, benetako erresistentzia. Elkarrekin aurrera egitearen duintasuna. Seguruena hau da Buenos días resistencia izenburuak ematen digun irakurketa gakoa: Niñato erresistentziarik oinarrizkoenaren erretratua da. Egunerokotasunaren erresistentzia.

Ez da “pelikula sozial” konbentzionala, non “zuzendari konprometitu” bat auzo batera joan eta ia etnografoa balitz bezala errealitate exotiko bat erretratatzen duen

Erretratu hau egiteko Niñato filmaren elementurik garrantzitsuenetako bat hauxe da: Orr non kokatzen den, nondik filmatzen duen. Leku hori deskribatu ahal izateko, zuzendariaren hainbat erabaki azaleratu behar ditugu. Hasteko, pelikulan dagoen “barrukotasun” berezia. Niñato ez da “pelikula sozial” konbentzionala, non “zuzendari konprometitu” bat auzo batera joan eta ia etnografoa balitz bezala errealitate exotiko bat erretratatzen duen. Dimentsio organiko eta zuzena dago Niñato-n: David zuzendariaren lagun minetako bat da; musika talde bereko kide ere izan ziren. Beraz, Orr bere auzoa filmatzen ari da, bere mundua. Baina mundu berekoa izateak ez du ezer bermatzen. Erronka gertutasun hori ikusgai egitea da eta, meritua, kasu honetan, hori lortzeko zuzendariak hartutako erabaki zinematografikoetan datza. Bi erabaki indartsu daude, besteak beste: zuzendariak kameralariarena egin du eta 50mm-ko leiar finko bakar bat baino ez du erabili filmatzeko. Era honetan erretratua literalki distantzia justutik dago egina. Johan van der Keuken zinegileak zioen bezala, distantzia bat negoziatzean datza errealitatearen edozein eszenaratze zinematografikoren oinarrizko galdera: “Nola gurutzatu ni eta bestearen arteko hamar metroak, nola lortu espazio berean egotea… normalean ukitu dezakedan distantzian filmatzen dut, ukitua izan naitekeen distantzian. Eta hor, ukitua ez ezik, ez-onartua ere izan naiteke”. Zinegileak, kamerak eta protagonistek partekatzen duten espazioaren bilaketa, distantzia honen negoziaketa, hauxe da Niñato-ren arazo zinematografiko oinarrizkoa. Orrek ikasi behar izan zuen oso leku zehatz batean jartzen, ez voyeur bat sentitzeko bezain urrun, ezta arrotza izateko bezain gertu ere. Emaitza zinearen bidez eraikitako hurbiltasun berezia da.

Nola egin prekarietate garaiko egunerokotasunaren erresistentziari buruzko film bat? Zuzendariak espazioa erabiltzeko moduarekin lortu du

Zuzendariaren beste erabaki handi bat zera da: ez azaltzea ezer esplizituki, guztia somatu dadila. Protagonistei buruz, adibidez, ez dago informazio gehiegirik, beraien arteko ahaidetasuna ere ez dago argi. Pertsonaiak beren hitz eta ekintza txikien bitartez besterik ez ditugu ezagutzen. Eta hori nahikoa da, beraiekin bizi gara. Une historikoarekin ere gauza bera gertatzen da. Izan ere, kritika batzuek “testuinguru” falta leporatu diote pelikulari. Hala ere, askotan boteretsuagoa da hitz-erdika esaten dena inposatzen dena baino. Pelikularen grabaketaren sei urteek bat egiten dute M15 mugimenduarekin eta haren ondorengo bizitzekin, baita murrizketa-programen ezarpenarekin eta krisiaren efektuen areagotzearekin ere. Elkarrizketaren batean Orrek kontatzen du egoera honi aipamen zuzenik ez egitea nahita hartutako erabakia izan dela. Ikusten ez dugun arren, Davidek eta bere neskalagunak M15 mugimenduan parte hartu zuten eta momenturen batean, zuzendaria sartzekotan egon zen erreferentzia zuzenen bat, eszenaren batean telebista bateko albisteen soinua gehituz, esate baterako. Azkenean, ideia alde batera utzi zuen eta apustu esplizitua saihestea izan zen. Orrek ez zuen “krisia” istorio bateko dekoratu bilakatu nahi. Nola lortu, orduan, garai zehatz hori pelikula osoan zehar antzeman zedin? Nola egin prekarietate garaiko egunerokotasunaren erresistentziari buruzko film bat? Kasu honetan, erabaki zinematografikoak espazioarekin dauka zerikusia.

Egunerokotasun erradikal bat ikusten dugu: protagonisten erresistentziak eta duintasunak gertuko mundu materiala kutsatzen du

Niñato-n denbora historikoa eguneroko espazioen tratamenduaren bitartez azaltzen zaigu. Bertan pertsonaiak elkarrekin bizi dira, elkar maite dute, eztabaidatzen dute, amesten dute, ikasten dute. Edward Soja hirigileak zioen ez dagoela errealitate edo prozesu sozialik espaziotik at. Harreman sozialak, Sojak azaltzen duenez, espazio bizi batean gertatzen direnean bilakatzen dira egiazko eta zehatz. Hori ere bada Niñato: bizitako espazioen bilduma. Pelikularen eszenak espazio-errepertorio murriztu batean gertatzen dira –maitasun eta haserrealdi mundu bat, txikia eta gertukoa, auzoaren eskala berean–: batez ere, Daviden familia bizi den elkarren ondoko etxebizitza txikiak; baina baita etxetik eskolarako bidea, bidaiaren bat kotxez edo metroz; edo taberna batera pare bat irteera labur. Niñato filmeko protagonistak bizitako espazio txikietan ibiltzen diren bitartean, beren elkarrizketek erresistentzia txikien konstelazio baten zirriborroa egiten dute zatika. Eskolako atean, adibidez, Davidek beste guraso batzuekin hitz egiten du jangela ordaintzeko zailtasunaz; eta barrez, umeei etxean bazkaltzen emateko “eguerdietako kluba” sortzen dute bat-batean. Daviden arreba Elik egiten dituen iruzkinez ere beste hainbeste esan daiteke –Espainiako unibertsitatearen prekarietate-labirintoan lanpostu bat sendotzeko borrokatzen ari da pertsonaia hori–. Egunerokotasun erradikal bat ikusten dugu: protagonisten erresistentziak eta duintasunak gertuko mundu materiala kutsatzen du, eguneroko espazioak. 

Keinu bat aldarrikatu behar da Niñato-n: bere koherentzia. Egunerokotasunaren duintasun oharkabea aldarrikatu ez ezik, oso pelikula txikia da bere baitan ere: iraupen laburra, erakundeen laguntzarik gabe egina, baliabide formal eta teknikoen ekonomia txikienean oinarritua. Beharbada horregatik da hain proposamen zintzoa. Niñato bezalako pelikula gutxi dago.

Otsailaren 2an Donostiako Tabakaleran

Bilbok urtero zinema dokumentalari eta film laburrei eskaintzen dien Zinebi jaialdian ikusi ahal izan zuten Euskal Herriko ikusleek Niñato lehenbiziko aldiz iazko azaroan. Geroztik beste emanaldi bat gutxienez izan du, Gasteizko Monterhermoso kulturguneko Zinema Gaur programaren barruan.

Nolanahi, honelako proposamen zinematografikoak pantaila handian ikusteko aukerak ez dira oso ugariak izaten gurean. Aukera bakan horietako bat izango da otsailaren 2koa: Donostiako Tabakaleran, Aro Atomikoa zikloaren barruan, 19:00etatik aurrera eskainiko dute Niñato.

Adrián Orr zuzendaria ere bertan izango da, pelikula ikusi ondoren ikusleekin solas egiteko prest.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Zinema

Zinema kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2018ko urtarrilaren 28a
Azkenak
EGILEAK
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude