“Talde inpertsonal eta plastifikatu asko dago”

  • Nahiago du taldean, baina bakarka ere arituko den Miren Narbaiza (Eibar, 1986) lan berria aurkezten ari da: MICE. Joseba Baleztena eta Ilargi Agirre izan ditu diskoan lagun. Berako Atala estudioan, Iñigo Irazoki grabazio arduradun, ondu dute zortzi kantaz osaturiko lana. “Mice” hitzak ingelesez “saguak” esan nahi du, eta lanak badu ilun horretatik. Baita askoz gehiago ere: kritika oso onak jasotzeaz gain kontzertu ugari eskaintzen ari dira Euskal Herri osoan. Bere kanten hainbat letra jarri diogu hobe ezagutzeko.

Argazkia: Mikel Larratxe.
Argazkia: Mikel Larratxe.

Lander Arretxeak ARGIAn Napoka Iriari egin zizuen azken elkarrizketan esaten zenuen: “Lehenengo aldia da izango da ni bakarrik, nire buruarekin eta nire buruaren kontra ariko naizena”.

Onerako eta txarrerako. Ikasi behar da norberarekin bizitzen. Ondo zaudenean oso ondo egon zaitezke, baina ez zaudenean indartsu jakin behar da neurtzen eta zure buruaren kontra ez egiten. Erabaki hori hartzen duzunean badakizu egun hobeak eta okerragoak edukiko dituzula eta ingurune atsegin bat sortzea zen aukera. Nik behintzat hori argi daukat. Bakoitzak gure buruarekin nahikoa daukagu, ingurukoak ez daitezen izan karga!

Horregatik bilatu duzu taldea?

Musikari onak lortzen saiatu naiz, baina lagunak ere bai. Lutxo [Neira] ez nuen hainbeste ezagutzen, baina banekien Joseba berarekin aritutakoa zela eta tipo noblea dela, eta Ibai [Gogortza], Ilargi eta Joseba lehenagotik ezagutzen nituen, eta musikari onak ere badira. Salto handia da bakarka egitea, eta denak behar du lagundu: talde barruan botere harremanik ez egotea, elkar zaintzea… Adibidez, entseatzera joaten garenean gustatzen zait ordu erdi hitz egiten egotea, jakiteko ondokoa nola dagoen hasi aurretik. Bestela energietan ere nabaritzen da, nor dagoen ahul, nor pozik...

“Nahiz eta ‘emakume musikari’ etiketa gorrotatu, oholtzan beti gara emakume eta eredu”

“Hitzak barrenean gatibu” (Ausardiarik ez); “Ez eutsi barne orruei. Egon nadin adi diotenari. Gezurretik gutxi” (Ez eutsi). Ze paper betetzen dute zure letrek kantetan?

Diskoan nire bizipenak jasotzen dira, baina denboran bereizita daudenez, badago aldea. Zaharragoak ezintasunei buruz ari dira: ausardiarik gabe nagoela. Askorentzat letrak ilunak dira, baina nik ez ditut horrela ikusten, ez dudalako ikusten argitasunik ez duen iluntasunik. Ez naiz geratzen txarra den horretan. Biziraun kantan, adibidez, hasten naiz esaten nola iraganak lausotzen diren, baina gero bukatzen dut esaten hainbeste min jasan badituzu, beste gauza asko ere pasa ahalko dituzula, eta erlatibizatzen jakin behar dela.

Argazkia: Mikel Larratxe.

“Ausardiarik ez, beldurrak gainezka” (Ausardiarik ez). Asko abestu izan diogu beldurrik ez izateari, baina kanta honek kontrakoaz hitz egiten du. Eta oso ausarta ere bada hori onartzea.

Ezin dut gezurrik esan, eta orduan horrela nengoen. Ez nintzen ausart sentitzen eta puntu, batzuetan hobe onartzea. Bestela beti diogu beldurra aldaketari eta etorriko denari. Ezkorra da, baina argi puntu bat gehitu nahi izan nion azken esaldiarekin: “Horrela jarraituko duzu maite, barrura begiratzen hasten zaren arte”.

Bertigo pixka bat nuen diskoa kanta honekin irekitzeko, oso ezkorra zelakoan. Baina oso potentea gelditu dela uste dut. Gainera kanta hau gutxika hazten doa, perkusioa sartzen da, ebowak, bateria... eta beste ahotsa gehitzen da, barruko bi ahotsen elkarrizketa izango balitz bezala.

“Iraganekoen islak ez dit uzten ikusten” (Biziraun). Derrigorrezko galdera, zer leku dauka Napoka Iriak disko honetan? Une batzuetan agertu egiten dela argi dago.

Bai, noski. Nik ez dut apurtu nahi ezerekin. Kantek beste norabide bat izan dute, baina oinarrian natorren tokitik nator, eta Napokak nire bizitzan izugarrizko lekua izan du. Oso pozik nago pasa den guztiarekin, amaitzeaz, eta berriro hasteaz. Napoka Iria aztarna eder bat da MICEn.

Moldaketek Josebaren Baleztenaren ukitu kosmikoa dute. Nola izan da sormen prozesua?

Kantak bakarrik egin nituen hasieran eta hortik dena egokitzen joan gara. Josebak izugarrizko lana hartu du diskoa ekoizten eta kanta bakoitzari norabide bat edo beste eman dio. Oso polifazetikoa da, rocketik une intimistak lortzeraino. Batzuetan hasierako ideiatik oso hurbil aritu da, beste batzuetan asko urrundu gara… Kantak asko hazi direla esango nuke. Asko jolastu dugu atmosferak sortzen. Efektuak ahotsetan, distortsioak baterian, fondoko soinuak... apropos bilatu ditugu soinu kosmiko horiek.

“Inoiz ezingo zara arrunta izan” (Laba ibaiak). Hori bilatu duzu musikan?

Beti saiatu naiz zerbait ezberdina egiten. Martzianoa sentitzen ote nintzen ere galdetu didate. Hala ere, gero ez dakit horren arraroa izan naizen. Kantaren zerbitzura geratzen saiatzen naiz beti.

“Hanka biak lokatzetan beherago ezin da eta, noan hemendik” (Buelteri eusten). Euskal eszena eta lokatzaren arteko alderaketa maiz erabili izan da. Nola ikusten duzu egoera?

Jende pila bat ari da lan ederra egiten eta badirudi inor ez dela enteratzen; eta aldiz, arrakasta dutenak askotan errepikatzen diren formulak dira. Gauza bera egiten duten talde inpertsonal eta plastifikatu asko dago, eta gauza autentiko oso gutxi topatu dut. Ekologia musikala beharko genuke.

Harri bat jaso eta 10.000 talde daude. Teknologia berrien ondorioa izan daiteke, errazagoa da diskoa ateratzea: bere alde on eta txarrekin. Baina kantitatea igotzeak ez du esan nahi kalitatea igotzen denik.

Josebak esaten zidan: musika asko egiten da, baina entzun gutxi. Eta igartzen da konposizioetan. Hori falta da, entzun zer pasatzen ari den. Bestela ez dut ulertzen dagoen egoera.

Argazkia: Mikel Larratxe

Lide Hernandok (Liher) behin esan zidan zu ikusi arte bera ez zela animatuko egiten duena egitera. Emakume erreferenteen eztabaida zaila den arren, beharrezkoa da.

Ah, bai e? Asko pozten naiz. Ni ere inspiratu naute Anarik, PJ Harveyk edo Alanis Morrisettek, adibidez, baina gizonezkoek ere bai. Nahiz eta “emakume musikari” etiketa gorrotatu, beti gara emakumeak eta eredu. Eta horrela da, erreferenteak egon behar dira.

Edonola ere, nesken taldeak programatu behar dira desabantailetatik errekuperatzeko bada ere. Mutilek eremu publikoa eta erreferentziena bereganatua dute. Emakumeak taularatzeko antolatzaileez gain, guk geuk aldatu behar dugu: ez hainbeste garrantzia eman esango dutenari. Esan dezatela nahi dutena.

“Zer erraustu behar da herria sortzeko?” (Lehenago iristeko asmoz).

Hainbat musikari daude, musikalak ez diren helburuekin. Horiek lehenik. Baina erraustu baino, babestu behar dugu badagoena. Sortzaile konprometitu asko dago, baita antolatzaile edo areto funtsezkoak, gaztetxeak kasu. Eta altxor hori guztia ondo zaindu behar dugu: bazterretan daude aberastasunak, eta arnasbideak dira.


ASTEKARIA
2017ko abenduaren 31
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Rock
Mikel Kazalis (Anestesia)
“Nire burua duela 20 urte bezain indartsu ikusten dut”

'Azken heriotza' biraren eskutik, Anestesia taldeak kontzertua emanen du larunbatean Atarrabiako Totem aretoan.


Arizkun Rock. Albaro Soule eta Eider Bidegain.
“Dena eginda jaso nahi dugu eta galtzen ari da militantzia”

Nekea eta errelebo falta. Horixe argudiatuta jakinarazi zuen agurra Arizkun Rock jaialdiak martxoaren hasieran. Aurtengo edizioa izango da azkena; ekainaren 23an ospatuko da. Ganoraz despeditzeko gogoz daude. Zerbait berezia antolatzeak satisfazioa ematen du, baina nekatu ere... [+]


Agur esango du Arizkun Rock jaialdiak: aurtengoa izango da azkena

"Lan-karga arras handia da hain antolakuntza txikiarendako", jakinarazi du ohar bidez Arizkun Rock jaialdiko antolakuntzak. "Ongi hausnartuta" hartu duten erabakia da: hamar urtez halako mailako ekimena antolatzeak eragiten duen nekea dago batetik;... [+]


2022-09-23 | ARGIA
Hertzainak taldea agertokietara igoko da berriz, agur esateko

‘Azkena gure alde’ izeneko azken bira egingo dute taldeko Gari, Josu Zabala eta Txanpik. Irailaren 29an emango dute xehetasun gehiago.


Vulk gara

Orain hiru urte eskaini zuen azkenengoz Vulk taldeak kontzertu bat Bilbon –azaroko emanaldi berezia kenduta–. Hiru urte non mundua eta berau habitatzen dugunok izugarri aldatu garen. Denbora honetan bilbotar laukoteak disko berria kaleratu du, Vulk ez da (Montgri,... [+]


Eguneraketa berriak daude