“Daramagun bidea, hein handi batean, 'zuk zeuk egizu' erabatekoranzkoa da”

  • Kräter, Boa Morte, Transición, Striknina, Artaza Combat, Lavadoras Martin, Yangtze Kiang edota Kikärtor bezalako taldeetatik datoz Ander, Borja, Haza, Iker eta Jon. Ez dira musika munduan hasi berriak, eta ongi ezagutzen dute inguruetako eszena alternatiboa. Ohi duten eran, eszena horren parajeetan bueltaka zebiltzala gurutzatu ziren beren bideak 2016an, eta topo egite horretatik sortu zen Uger taldea. Hasieratik konektatu dute, eta horri dagokio gaur arte egin duten bide emankorra. 2017an kaleratu zuten sei abestiko disko homonimoa, 2018an ikusi zuen argia beste seina abestiko II lanak, eta otsailean atera dute labetik Lehengo lepotik burua LPa, DDT Banaketak eta Sua Industry zigilu autogestionatu eta anti-komertzialekin. Estilo propioa zizelkatu dute sei urte hauetan, eta hori nabaritzen da azken lanean; bederatzi abestien rock doinuek beren zigilua daramate. Elkarrizketa bat aski irabazia zutela iritzirik, boskotearekin bildu gara. Zuekin, Uger taldea.

Ezkerretik eskuinera: Borja, Jon, Haza eta bere seme ekai, Ander eta Iker (Argazkiak: Hodei Torres)
Ezkerretik eskuinera: Borja, Jon, Haza eta bere seme ekai, Ander eta Iker (Argazkiak: Hodei Torres)

Donostia zen hasiera batean taldearentzat proposatutako izenetako bat. Uger izena aukeratzen amaitu zenuten. Bada ezer ugerra baino bilbotarragorik?

Iker. Hasieran ez genuen elkar ezagutzen, eta ez genekien zein estilo jorratuko genuen ere. Nik buruan neukan ideia punk-rock-a egitea zen, eta horregatik nerabilen buruan Donostia izena. Denborak ematen duen perspektibatik begiratuta, ez dauka inongo zentzurik, ez dator bat sortu dugun taldearekin. Nahiz eta izena gustatzen zaidan oraindik.

Ander. Agian urte eta erdi egon ginen izena aukeratzen.

Haza. Uger Urik [Ander] proposatu zuen, nahiz eta gero ez zuen izenak konbentzitzen. Niri asko gustatu zitzaidan proposamena, eta mehatxu egin nien: “Hilabete eta erdian ez bada laurok konbentzitzen gaituen izenik ateratzen –orduko hartan Gago [Jon] ez baitzegoen taldean–, Uger-ekin geratuko gara”. Tratua onartu zuten, eta denbora hori igarota Uger izatera pasa ginen.

A. Ugerra eta kedarra Sonia Gonzalezen eleberria da, Bilbon kokatua. Eta gero Gagok kanta bat egin zuen Bilbo grisenari buruz hitz egiten zuena, Ugerra izena duena, eta gauza horiekin berez ez zeukan zentzua eman genion taldearen izenari.

Entsegu lokalean asko eztabaidatu ohi duzuela diote hor zehar. Nolakoa da Ugerren abestien sorkuntza prozesua?

I. Sorkuntza prozesuak aldatzen joan dira etapa bakoitzarekin, etapa deitu ahal baldin bazaio disko bakoitza grabatu dugun garaiari. Eta orain heldu gara, nik uste, hainbeste eztabaidatzen ez dugun puntu batera. Iruditzen zait oso presente ditugula asko eztabaidatzen genuen garaiak, eta horregatik dugula asko eztabaidatzen dugunaren sentipena, hala ez denean ere. Aurretiaz asko eztabaidatu dugulako.

Borja. Ba ni ez nator bat horrekin [barre eztanda taldekideen artean].

H. Bost gara eta beti dago gutariko norbait kontra agertu ohi dena, besteen arteko adostasunaren aurka. Paper hori txandakatu egiten dugu.

I. Are, arau bezala hartu dugu.

B. Horretan behintzat bat gatoz denok.

I. Lau baldin bagaude entsegu lokalean eta bosgarrena bidean bada, ulertutzat jotzen dugu kontrakoa dioen iritzi bat egonen dela.

A. Eta hala izaten da, beti gertatzen da berdin.

Eztabaidek ere egingo diote ekarpenik taldeari, diot nik.

I. Orain arteko esperientziak eta eztabaida horiek guztiek ikaskuntza prozesua ekarri dute berekin. Gagoren figura garrantzitsua izan da hor, hori bai. Gutariko bakoitzak badu musika sentitzeko bere modua, eta Gago horren itzultzaile gisakoa da, lengoaia musikala ezagutzen baitu. Demagun esaten dudala: “Abestia pozgarriagoa izatea nahi dut, edo goxoagoa”. Eta berak erantzuten du: “Ba hirugarrena maiorrean sartuko diogu ez dakit zein notatan”, eta hartzen du teklatua edo gitarra, eta buruan duena jotzen du. Eta gainontzekoek entzuten dutenean, ulertzen dute ni proposatzen ari nintzena.

B. Instrumenturik jotzen ez duelako ere izan daiteke. Besteok bakoitza gure instrumentuarekin gaude, eta hori bada defentsa-murru bezalako bat. Uste dut horrek eragina duela, sarri besteen gainetik jotzen duzulako, edo niri behintzat gertatzen zait. Baina instrumenturik ez daukazunean... gertatzen da instrumentua jotzeari uztea, eta bat-batean kanta beste era batera entzuten duzu, ez zeure instrumentutik.

"Lehen helburuak errazago betetzen genituen, jolasean ari ginelako; eta orain dena egituratuago dagoenez, ba ez"

Jon. Nire iritzitan, hasieran frogak egiten ari ginen gehiago, jolasten. Baina denborak hasieran ez genuen egitura eman digu, erosotasuna eta goxotasuna bermatuz hainbat aspektutan, baina beste batzuetan beharbada zailtasunak ere ekarri dizkigu. Bakoitzak baduelako, Borjak esan duen bezala, bere horma moduko hori, instrumentua izan daitekeena. Nik ahotsarekin ere sentitzen dut. Eta horrek ez du zertan esan nahi nabarmendu nahi duzunik, baizik eta perspektiba batetan egonkortu zarela. Hein batean, horrek polarizatu egiten duela uste dut, baina lagundu ere bai, konposatzeko orduan kokatu egiten baikaitu. Esango nuke horrek eraman gaituela behar baino gehiago eztabaidatzera. Begira zein tontoki atera zen taldearen izena; gaur egun xede komun bat jarriko bagenu, gehiago kostatuko litzaiguke konplitzea. Beste era batera esanda: lehen helburuak errazago betetzen genituen, jolasean ari ginelako; eta orain dena egituratuago dagoenez, ba ez.

Edozelan ere, abestiak egiteko zuen erritmoak erakusten du eztabaidetan katramilatzetik urruti, musikarako tartea ere aurkitzen duzuela entseguetan.

A. Denborarekin, abestien sorkuntza pixka bat arintzeko, gutako bakoitzari horietako baten gidaritza esleitzen hasi gara.

H. Bai, lehen demokratak ginen. Eta konturatu ginen ez duela funtzionatzen.

I. Konposaketa prozesua ere aldatu da. Egun baliabide teknikoak ditugu etxean, eskura, eta horrek erraztu egiten du bakoitzak buruan daukan ideia transmititzea, materializatuta daramazulako entsegu lokalera, riff batean edo dena delakoan. Entzun daiteke, ukigarria da. Ez zara hasten esaten “jo RE, jo DO, jo ez dakit zer”. Zuzenean esaten diezu “entzun hau”. Eta horrek arindu egiten du dena.

Erditu berri duzue azken lana. Zein sentipen nagusitzen zaizkizue?

H. Hainbeste denbora darama grabatuta, ez didala ilusiorik egin argitaratzeak.

A. Bat egiten dut sentimendu horrekin, erabat. Badago norbait bestela bizi duenik? Nor da kontra daraman bosgarrena honetan?

B. Hainbeste denbora eman dugu diskoa heltzeko zain...

H. Hurrengo diskoan pentsatzen ari gara dagoeneko. Disko hau grabatu zenetik badira kasik bi urte, eta orain hurrengoan pentsatzen gaude, ez kaleratu berri dugunean.

I. Bai, horretan esango nuke bostok gatozela bat.

H. Kaka, adostasuna. Ugerren akabera ikusi berri duzue.

Nolakoa izan da azken diskoa sortzeko prozesua?

B. Kostatu zaigu. Oroitzapen hori daukat, zaila izan dela, sarri tristea ere bai. Ez da lar atsegina izan.

H. Frustragarria zatika.

I. Beti bilatzen genuen abestiarentzat onena, eta ahaztu egiten ginen taldekideez.

"Azken finean biziari zentzua ematen diotenak gauza txikiak dira, eta horietako bat da astero entseatzera joatea. Esango nuke ideia hori elkarbanatzen dugula"

A. Nik ondorio argirik atera badut prozesutik, izan da Uger bidea dela eta helmuga ezberdinak daudela, baina zehatzik batere ez, asko izan baitaitezke. Geu gara erabakitzen dugunak zer egin nahi dugun bidean, eta disfrutatu behar da bide horretaz. Azken finean biziari zentzua ematen diotenak gauza txikiak dira, eta horietako bat da astero entseatzera joatea. Esango nuke ideia hori elkarbanatzen dugula.

I. Beste elkarrizketa batean esan zenuen gauza bat oroitu dut. Lehen gauzak egiten genituela inolako arrazoiren beharrik gabe, kapritxoz, eta orain are gehiago. Uste berekoa naiz.

A. Bai, garrantzitsua hori delako: bidea. Eta ez inora heltzea.

Grabaketa bidali eta LPa eskuetan izan arte, hilabeteak itxaron behar izan dituzue. Tarte horretakoak dira sarera igo dituzuen hainbat abesti solte, bertsioak direnak. Itxaronaldia arintzeko modua izan da?

A. Diskoak argia ikusi arteko itxaronaldiaren agonia arintzeko, grabaketa horiek egiten hasi ginen. Pandemia garaiko hausnarketek-eta bultzatuta, nire kabuz hasi nintzen grabatzen ikasten, mikro batzuk eta soinu txartela erosi nituen, eta denborarekin animatzen joan ginen...

H. Eta gertatu zaigun onena izan da.

A. Asko aberastu du taldea, guztiok ikasi baitugu pila bat gure instrumentuaz, ohartu gara zein izan diren ezjakintasunagatik aurreko grabaketetan egin ditugun akatsak... Orokorrean, denok ikasi dugu mordoa Ugerri buruz. Egia esan oso esperientzia gogobetegarria izan da.

B. Gure abesti onenak dira gainera. Pena bertsioak izatea!

Anari, Dut, BAP!, Sonic Youth, CAN edota Hüsker Dü taldeenak dira bertsioak. Zuen erreferentzien gainean ideia bat egiteko balio du?

H. Ez.

I. Egin daiteke ideia bat, baina okerra.

A. Bakoitzak gauza ezberdin bat esango dugu honen gainean.

I. Horregatik eztabaidatzen dugu hainbeste. Bakoitzak baditu bere influentziak, eta hori bada, hein batean, hainbeste eztabaidatzearen arrazoia.

H. Niri dagokidanez, BAP!-eko baxua bai iruditzen zait influentzia zuzena. Anarikoa ez. Eta berbera da, orain ohartzen naizenez.

LPa iritsi arteko itxaronaldian diskoa irekitzen duen Xedea eta fedea abestiaren bideoklipa ere kaleratu zenuten. Emotiboa da, jasotzen baititu hainbat zuzenekoren, espazioren, momenturen eta pertsonaren irudiak. Bidelagunei eskertza moduko bat, akaso?

I. Lehen aipatzen genuen Ugerren ia dena egiten dugula kapritxoz, eta bideoklipa ere hala izan zen. Urik hainbat grabazio zituen Super 8 kamera batekin eginak, gauza askorenak, testuinguru ezberdin ugaritan. Momentu horiek guztiak biltzeko gogoa neukan, betikoturik gera zitezen. Denak abesti baten bueltan jartzea bazen aukera bideoak editatzen ikasteko, eta bide batez momentu horiek guztiak bizi guztirako gordetzeko. Besterik gabe egin nuen, baina orain asko gustatzen zait ikustea, jende eta momentu asko biltzen dituelako lau minutu eta pikoan. Ederra da, garai bat gordeta geratu delako.

H. Argazki baten gisakoa da. Denbora igarota ikustean, beharbada ikusiko duzu jada ez dagoen jendea, edo ezberdin dagoena, edo...

A. Edo dagoeneko existitzen ez diren tokiak... Azken finean, aitzakia horrekin, nik soinua grabatzen ikasi dudan bezala, Fikerrek [Iker] bideoak editatzen ikasi du. Eta daramagun bidea, hein handi batean, zuk zeuk egizu erabatekoranzkoa da, oharkabean. Zeren horretaz gain, taldeko kamisetak ere Hazak egiten ditu, etxean duen serigrafia tailerrean. Kaseteak egiteko makina bat erostea besterik ez zaigu falta!

B. Eta riff-ak gureak izatea [barre algara eztanda].

Bigarren diskotik hirugarrenerako tartean deklaratu zuten pandemia egoera. Nola eragin dizue? Zer suposatu dute Ugerrentzat kultur alorrari jarritako mugek?

H. Ziurrenik garai horretan zuzeneko gehien eman dituen taldea izan gara. Espazio okupatuak, autogestionatuak, piratak, ilegalak... direnez jotzeko gure tokirik gogokoenak, ez digu geldialdirik eragin. Biltzen ere jarraitu genuen, tarteka entseatzen zuen talde bakarra ginen, 32 entsegu lokaleko espazioan.

J. Nik sentitu izan dut prozesuari eragin diola. Ez helburuari, Hazak esan duen bezala momentu oro tira egin baitugu aurrera, gertatzen zena gertatzen zela; baina bai eragin dio prozesuari. Izaki oso plastikotzat dut nire burua, sentitzen dut jendetzaren mareak eragiten didala, eta sarri nire diskurtsoa oso bat datorrela iritzi publikoarekin, hori ere bai. Zentzu horretan, garai horrek eragin izan dit abestean sentitzen nuen erosotasunean, murrizturik ikusi baitut. Ez naiz sentitu lehen bezain eroso, egoeragatik aurretiaz ohikoak ez ziren galdera eta kuestionamenduei aurre egin beharrean ikusi naiz... eta pena da, zeren aipatzen genuen bezala hau gozamen iturri den prozesu bat da, asetzen zaituena, izateko zentzua ere ematen dizuna, eta zentzu horretan bai izan da pixka bat gogaikarria.

"Espazio okupatuak, autogestionatuak, piratak, ilegalak... direnez jotzeko gure tokirik gogokoenak, ez digu geldialdirik eragin"

H. Zeharo absurdoak diren gauzak, arauak, inposatzen dizkizutenean, desobeditzea betebehar morala da.

I. Hori egitea tokatzen zen. Aurrera egitea, zuzenekoak jotzea... ezerk ez baitzeukan zentzurik. Desobeditu genuen, eta hala egiteko tresna legalak ere eskuratu genituen. Elkarte egin eta IFK lortu genuen, eta horrekin ibiltzeko baimenak egin genitzakeen. Lanak hartu genituen ziur egoteko gauzak ondo egiten ari ginela, eta legeari dagokionez ere bizkarra zainduta geneukala ziurtatzeko. Lasai egon nahi genuen.

Itzul gaitezen azken diskora. Hainbat musikariren kolaborazioak aurkituko ditu entzuleak.

I. Niri ilusio gehien egiten didan kolaborazioa nerabezaroko lagun Julen Egiarena da. Oporrak pasa ohi nituen herrian ezagutu nuen, No Konplyn taldekide izan nuen, eta Xedea eta Fedean kolaborazioak egin ditu. Emaitzarekin oso pozik nago eta ikaragarri gustatzen zait gordeta utzi izana. Zeren tamalez pertsona horrekin ez daukat hainbesteko harremanik, eta gustatzen zait berataz gogoratu ahal izatea abestia entzuten dudanero.

H. Boti [Roberto Castro] da beste kolaboratzaileetako bat, hogeitaka urte atzeragotik laguna dudana, eta sekulako gogoa nuen berarekin abesti oso hippy bat egiteko. Bikain atera zen, Ugerrek egindako abesti guztietatik gehien gustatzen zaidanetako bat da Interludio.

Eta gero Josebaren [Baleztena] eta Mirenen [Narbaiza] kolaborazioak daude. Pare bat aldiz jo izan dugu elkarrekin, ondo konpondu gara, eta uste dut denon izenean hitz egingo dudala esatean beren lana miresten dugula. Horrexegatik egin genien haiei ere proposamena, eta oso pozik gaude beren baiezkoa jaso izanarekin, kolaborazio oso polita izan baita. Ikaragarri gustatzen zaigu jendearekin gauzak egitea.

Argazkia: Amaia Lekunberri

Lehengo lepotik burua esku artean izan arteko itxaronaldi horretan sortuko zenuten abesti berriren bat edo beste. Martxan da laugarren diskoa?

[Bai, erantzun dute aldi berean]

A. Laugarren diskoa grabatzen hasita egon ahalko ginateke berez, atzeratzen ari gara. Sei edo zazpi abesti grabatzeko asmoa dugu. Ilusioz beterik gaude, guk grabatuko dugulako laugarren diskoa, denon artean. Batez ere nik, baina beste guztiok ere asko ikasi duzue tarte honetan guztian, eta boston arteko prozesua izango da. Borroka asko egingo dugu elkarren artean soinuari itxura eman arte, eta hori egingo dugu aurreko grabaketa egin zigun estudiokoak baino bitarteko pobreagoekin. Baina nik behintzat ilusio eta hasteko gogo handiak ditut. Eta aurrerapen gisa, diskoa pixka bat moñas izango da, hala aterako zitzaigula komentatzen genuen aurreko batean.

B. Hain izango da makarra, moñasa izango dela.

H. Beharbada ez da disko bat izango. Abesti batzuk grabatuko ditugu eta ikusiko dugu zer egiten dugun horiekin.

Talde bezala, baduzue guraririk?

A. Helburu bat izan zitekeen erabat burujabeak izatea, eta bidean goaz. Bakarrik manager bat falta zaigu [barre].

H. Entzumenezkoan, grafikoan... bai, burujabetzarantz goaz. Gurari hori gustatzen zait. Bestetik, niri gustatuko litzaidake autogestionatutako eta okupatutako espazio ahalik eta gehienetan jotzea. Nahiz eta jakin badakidan diodanak erromantizismotik baduela.

I. Talde bezala endogamia batean bizi gara. Mugatu xamar gaude eremu batera, eta poz-pozik aritzen gara bertan, baina falta zaigu kanpora ateratzea. Hazak esan duen bezala, ederra litzateke autogestionatutako eta okupatutako hainbat espazio ezagutzea, ahal izatera birak egitea...

Ugerren kontzertu bat

J. Sapuetxeko kontzertuaren oroitzapen ona dut nik.
H. Bertan jo zuen azken taldea izan ginen, egia.
B. Eta gure lehen zuzenekoa. Nik ere horren oroitzapen oso berezia daukat.

I. Garrastatxuko kontzertua antolatu zuenari ez diot propagandarik egin nahi, baina legea preskribatuta egonik, behingoz hitz egin daiteke egun hartaz. Kontzertu ilegala izan zen, nik haritz baten azpian amaitu nuen gaua, pandemian geundenez Polizia etorri eta ezkutatu egin behar izan baikinen. Oso dibertigarria izan zen!

Musika talde erreferentziazko bat

H. Bérurier Noir. Eta The  Monsters.
A. CAN.
I. Egun errebeldia mantentzen jarraitzen badut 16 urterekin Eskorbuto entzuten nuelako da.
J. Nik ez dut apenas musikarik entzuten. Autoan beti noa isilunean, adibidez. Entzuten dudan musika ia guztia zuok konposatzen duzuena da, edo nik konposatzen dudana. Pixka bat tristea da. Ez nuke jakingo zein talde izendatu. Konposatzeko, errekurtso puntualetarako… influentzia asko ditut; orain Elliot Smith etortzen zait burura adibidez, edo Radiohead... Eta ikaragarri gustatzen zaidan taldea: Dut.

Norekin partekatuko zenuke oholtza?

B. Agian onena hori ezagutzera ez ematea da, ezta? Zeren espektatibak sortzen dituzu zeure baitan. Eta kontrara, gertatzen da derrepente norbaitekin jotzea eta esatea, “jo, ze ederra izan den talde honekin jotzea!”.
H. Bai, batzuetan jo ostean konturatzen zara horretaz. Eta aldiz, norbaitekin jotzeko gogoa izan dezakezu eta gero esan: “ze baboa”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-21 | Iker Barandiaran
Amorrazioa, jarrera eta kantuak

Madrilgo queer mugimenduan kokatzen nuen taldea, eta orain gutxi bere esentzian –zuzenekoan– ezagutzeko aukera izan nuen. Orduan jakin nuen Argentinan jaio baina gaztetan Madrilera joandako Belenek (ahotsa eta gitarra) sortu zuela taldea, eta Mariarekin (bateria eta... [+]


2024-04-14 | Iker Barandiaran
Errekak ez du planeatzen

Garai batean, buruz genekizkien The Dark Knight filmeko Jokerren esaldi guztiak, “kaosaren agentea” zenez gero. Horrelakorik zuen, esaterako, bere jokabidea azaltzeko: “Plan bat duen tipo bat al dirudit? Badakizu zer naizen? Autoen atzetik korrika doan txakur... [+]


Eguneraketa berriak daude