"Jakin behar da egindako bideari bukaera ematen, berriak irekitzeko"

  • 2017/07/07an, Eibarko Koliseoan. Hori da Napoka Iriaren 12 urteko ibilbideari bukaera emango dion kontzerturako hitzordua. Bi urteko geldialdiaren ostean, zaleen galderak behin betiko isilarazi eta agurreko kontzertua egitea erabaki dute. Laster utziko duten entsegu lokalaren ondoko tabernan elkartu gara Miren Narbaiza eta Ander Mujikarekin, ibilitako bideari begira jarri eta topa egiteko. Nahigabe, baina, berriketak beste toki batzuetara ere eraman gaitu.

Ibilbide oparoaren ostean agur esatea erabaki du Napoka Iriak (argazkia: Dani Blanco).
Ibilbide oparoaren ostean agur esatea erabaki du Napoka Iriak (argazkia: Dani Blanco).

Urte batzuk beranduago ezagutu zintuztegun askok. Nolakoa zen Napoka Iria horren urrun dirudien 2005 hartan?

Miren Narbaiza: Gogoratzen dut ezagutu ginela Legarreko entsegu lokaletan, Eibarren. Orduan Ander Arte Ederrak ikasten ari zen Leioan, eta ni oraindik batxilergoan nenbilen. Gauza asko deskubritzen dira adin horretan, eta gu hasi ginen leku guztietan elkar topatzen…

Ander Mujika: Sortu genuen talde bat lau lagunekoa. “Loess”, zuen izena. Entsegu batzuk egin, eta pare bat kontzertu eman genituen soilik. Haietako bi musika elektronikoarekin lotutako beste bide batean murgildu ziren, eta gu biok Mirenen abesti batzuekin hasi ginen probak egiten. Kontzertu batzuk eman, eta Legarren grabatu genuen gure lehenengo maketa, sei kanta zituena.

Zer etortzen zaizue burura orain sei kanta haiek entzutean? Gainditu dute urteen azterketa?

A. Mujika: Niri, orain entzuten jarrita ere, asko gustatzen zait maketa hura, benetan. Bi egunetan grabatu genuen, eta oso freskoa iruditzen zait. Baditu hobetu daitezkeen gauzak, noski, baina oso txukuna da.

M. Narbaiza: Egia esan oso ondo dago, bai. Soil soila da, oso duina. Oraindik ere identifikatuta sentitzen naiz kanta haiekin, eta zuzenekoetan ere jo izan ditugu batzuk: Kea, adibidez, ordukoa da.

Lehenengotik azkenekora: 2013an, Arnasten ikasteko berriz kaleratu zenuten, askok idatzi zuenaren arabera, zuen lan biribilena. Gogoan dut Lugaritzeko lehen kontzertuan sarrerak agortu zirela. Zuentzat ere izan zen disko hura halako inflexio puntu bat?

A. Mujika: Kualitatiboki diskoan aldaketarik izan bazen, batez ere izan zen askoz gehiago landu genuelako, askoz ordu gehiago eskaini genizkiolako. Urtebete lehenago gure lanak utzi genituen Napoka Iriarekin buru-belarri jartzeko, eta erabaki horrekin batera, urte oso bat eman genuen diskoa prestatzen. Grabaketa bera ere luze joan zen, eta diskoan nabaritzen da.

M. Narbaiza: Jendearen harrera ere oso ona izan zen. Orduak sar ditzakezu baina horrek ez du bermatzen arrakasta izango duzunik. Egia da disko horrekin emandako kontzertuak, bai Lugaritzen, baita beste tokietan ere, sekulakoak izan zirela. Aurretik asko jotzen genuen, eta ez genion horregatik kontzertu txikiak emateari utzi, baina egia da orduan iritsi ginela beste publiko batengana.

2005etik ikasketekin edo lanarekin uztartu eta gero, nolakoa izan zen Napoka Iria zuen ogibide (ere) egitea?

M. Narbaiza: Erabakia erraza izan zen. Kontzertu asko ari ginen ematen, eta biok geunden gure lana uzteko gogoz. Ilusioa ere bagenuen. Gogoratzen dut, hala ere, lagunei kontatu eta susto aurpegia jartzen zutela.

A. Mujika: Beldurrak ere bagenituen noski. Presioa sortzen da: dirua behar duzu, azken finean, eta horrek gauza asko aldatzen ditu. Eman zigun aukera ordu eta esfortzu pila Napoka Iriari eskaintzekoa; baina aldi berean presio horrek ikuspegia aldarazten dizu, eta desgastea ere badakar. Hala ere, alderatuta nik aurrez nuen lanarekin, oso garai polit eta atsegin bezala gogoratzen dut.

M. Narbaiza: Oso desberdina da zuk zure eguneroko ogibidea izan eta asteburuan oholtzara ondo pasatzera ateratzea, edo aste guztia egotea astebururako prestatzen. Ondo dago, denbora asko eman diezaiokezulako, baina orduan beste aspektu batzuez ere arduratu behar zara. Norbaitentzat lan egiten duzunean deskonektatu dezakezu, guk ez.

A.Mujika: Dena den, ordurako kontzertu asko ematen genituen beste lan batekin uztartzea ia ezinezkoa zen. Bata edo bestea aukeratu behar genuen eta ez genuen zalantzarik egin.

Argazkia: Dani Blanco.

Pertsona mordoxka ere ezagutu duzue 12 urte hauetan. Kanpotik ikusita badirudi badagoela talde ugari, nolabaiteko arrakasta lortu duena, eta estilo desberdinak izan arren, kolaboratu eta harremantzeko joera handiarekin: Willis Drummond, Anari, Joseba B. Lenoir… Eta tartean zuek.

M. Narbaiza: Egia esan, orain oso modu naturalean egiten dugu, baina egia da 2005ean pentsaezina egingo litzaigukeela Anarirekin jotzea.

A. Mujika: Niretzat, adibidez, Felix Buff-ekin jotzeko aukera eduki izana izugarrizko zortea da oraindik ere. Egia da jende pila ezagutu dugula, ez bakarrik musikariak, baita borondatezko lanarekin gaztetxe eta antzekoetan programazioa antolatzen ari den jende asko ere. Horrek sostengatzen du gure zirkuitua, eta horietako asko lagunak ditugu orain.

M. Narbaiza: Hala ere, arrakasta esaten denean… ez dakit ba nik hala den. Uste dut badaudela talde gutxi batzuk jende asko mugitzen dutenak, baina neurri batean, jendeak utzi diola zuzenekoetara joateari… Joaten gara festibaletara edo gustuko ditugun talde horiek ikustera, baina ez zer den ez dakigun talde hori ikusi eta ezagutzera, adibidez.

A. Mujika: Niri ez zait gustatzen jende gutxi mugitzen dela esatea. Baina egia da, adibidez, festibalak ez direla batere toki atsegina musikaz gozatzeko: jende gehiegi, prezio garestiak, artistak urrun… Gutxietsi egiten dira eszenatoki eta leku txikiak, baina niretzat, ia dena da hobea halako tokietan.

Telebistan ere zuen agerpena izan zenuten, Tumatxak saiorako hainbat kantaren bertsioak eginda. Nahikoa egiten du EITBk euskarazko musika eta sormena sustatzeko?

A. Mujika: Tumatxak oso ondo egindako saioa zen, eta guri aukera ederra eman zigun: bai beste publiko batengana heltzeko, baita askatasun handiz sormen ariketa desberdin bat egiteko ere. Azken aldian ETBn egin den gauza onenetakoa da, baina geroztik ezer gutxi… Uste dut ez dugula ezer berririk esaten, ETBrekiko etsipena adierazita. Hain gutxi gustatzen zait sustatzen duen eredua.

M. Narbaiza: Salbuespenak badaude. Lehen aritu gara, adibidez, Ur Handitan saioko musika hautaketa txalotzen. EITB Kultura Transit saioa ere badago, eta oso gauza txukunak egiten dituzte, baina gero desorduetan bakarrik ematen dituztenak.

A. Mujika: Azken finean, Euskal Herriko kulturaren erakusleihoa da, edo izan behar luke. Halako tresna indartsua izan, eta kulturari hain toki gutxi ematea, penagarria da… Zertarako eta Telecincoren pareko edukiak egiteko…

Arnasten ikasteko berriz ondorengo elkarrizketa batean zenioten hurrengo disko bat prestatzen hasteko gogoz zinetela… Badago entsegu lokaletik atera gabe geratuko den abestirik?

M. Narbaiza: A bai? Ez dut gogoratzen. Ideia eta inprobisazio batzuk agian bai, baina abesti osorik ez da gelditu entzun gabe, ez… Gainera uste dut Arnasten Ikasteko berriz-etik kanpo ere ez genuela kantarik utzi.

A. Mujika: Lagatzeko erabakia hartu aurretik hasi ginen kanta bat prestatzen Bonberena Ekintzak-en 20. urteurrena dela-eta egin duten disko baterako. Baina horri forma ematen hasi ginenean erabaki genuen taldearen ibilbidea amaitzea.

Derrigorrezko galdera da: zergatik?

Miren Narbaiza:
“Orain nire proiektu propioan nahi dut sakondu, Mice-n: hurrengo udazkenerako diskoa prestatu nahi dut”

M. Narbaiza: Gauzek ez zutelako lehen bezalako naturaltasunez funtzionatzen. Biok sentitu dugu aldatu garela, egon garela bi urtez burua beste gauza batzuetan izaten, eta ni neu adibidez, berriz hasi naizenean saiakeran, desberdin sentitu naiz, beste gogo batzuekin. Hori konpartitu nuen Anderrekin eta naturaltasunez hartu dugu erabakia.

A. Mujika: Duela bi urte geldialdia egitea erabaki bagenuen izan zen nekatuta geundelako, behar genuelako arnas pixka bat. Bi urte horiek eta gero, ez genuen garbi zer egin, eta egin genuen proba. Ez dugu aurkitu lehen genuen konexio hori, eta ez zuen zentzurik esfortzu bat egin behar izateak…

M. Narbaiza: Errespetu eta maitasun handia diogu elkarri, eta hori horrela izanda, zintzotasunez jokatu eta uztea zen onena.

A. Mujika: Ez da erabaki dramatikoa izan. Jakin behar da bukaera ematen, gauza batzuk amaitzen, beste batzuekin hasteko. Gainera, itxiera ematea ere bada aukera bat atzera begira jarri, egindako lana baloratu eta eskerrak emateko.

Horregatik agur kontzertua…

A. Mujika: Bai, nahi diogu bukaera eman, guregatik, baina jendearekin eta jendearentzat ere bai. Berriz gozatu kanta horiek guztiak…

Ander Mujika:
“Anarirekin ari naiz jotzen, Jabier Muguruzaren disko berria prestatzen eta musikari lagunei kontratazio kontuak ere eramaten hasi naiz”

M. Narbaiza: …eta merezi duen itxiera eman. Bikote batek harremana uzten badu batek ez duelako telefonoa hartzen, badago itxi gabeko zerbait. Guk, gozatuz, ospatuz, nahi dugu bukatu.

Napoka Iria ez da gehiago eszenatokietara igoko, baina zuek bai.

M. Narbaiza: Ni Drumkopters eta Perlak taldeekin nabil jotzen eta Joseba B. Lenoir-ekin ere bai. Baina orain nire proiektu propioan nahi dut sakondu, Mice-n: indarrak horretan jarri eta hurrengo udazkenerako diskoa prestatu. Pauso handia da, baina badut gogoa. Lehenengo aldia da izango da ni bakarrik, nire buruarekin eta nire buruaren kontra ariko naizena.

Eta zu, Ander?

A. Mujika: Oraintxe bertan Anarirekin ari naiz jotzen, eta aldi berean, Jabier Muguruzaren disko berria prestatzen. Musikari lagunei kontratazio kontuak ere eramaten hasi naiz, Amoranterekin eta abar, eta horrek ere hartzen dit denbora pixka bat…


ASTEKARIA
2017ko uztailaren 02a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Napoka Iria
2017-12-31 | Xalba Ramirez
Miren Narbaiza, MICE
"Talde inpertsonal eta plastifikatu asko dago"

Nahiago du taldean, baina bakarka ere arituko den Miren Narbaiza (Eibar, 1986) lan berria aurkezten ari da: MICE. Joseba Baleztena eta Ilargi Agirre izan ditu diskoan lagun. Berako Atala estudioan, Iñigo Irazoki grabazio arduradun, ondu dute zortzi kantaz osaturiko lana... [+]


Aterpe bat Kluj-Napokan

Napoka Iriak azken kontzertua eman zuen duela astebete Eibarren. Askok zirraraz bizi izan zuten momentua. Han egon ezin izan zirenek, akaso zirrara horren zati bat aurkituko dute Danele Sarriugarteren testu honetan.


Napoka Iria taldeak agur esango du Eibarren azken kontzertua jo ondoren

Napoka Iria taldeak denbora zeraman publikoki agertu gabe eta aste honetan jakinarazi dute taldea “isiltzeko tenorea” iritsi dela.


Kontzertuetako kartelgileak
Soinuari irudiak jartzen

Betidanik egin diote lagun arte bisualek musikari, bereziki kartelen eta disko-azalen bidez. Gurean ere, harremanak tradizio luzea du. 80ko hamarkadako punk mugimenduaren ondoren haria ez da eten; aniztu eta aberastu egin da garai digitalotan. Fortun, Arrate Rodriguez eta... [+]


Eguneraketa berriak daude