ARGIA.eus

2021eko urriaren 16a

Punk&roll-a, talidomidak kaltetuen isilunea urratzeko

  • Gosaritarako kafea eta tostadak egitea, ilea orraztea, hortzak garbitzea eta makilatzea. Egunari ekiteko eginkizun sinpleak iruditu ahal zaizkionak bati, ez dira denontzat munta berekoak. Aniztasun funtzionala daukan norbaiten azalean jarriz gero konplexutasunean irabazten dute, nahiz eta hala ez dirudien Alejandro Díaz, Rafael Basterrechea, Ana Castillo, Manuel Bioque eta Mariano Garmendia eguneroko eginkizunen aurrean nola moldatzen diren ikusita. Urteen poderioz garatutako trebeziaz, aise apaintzen dira eta prestatzen dute gosaria Lágrimas de Arena abestiaren bideoklipean. Alabaina, gauzak ez dira izan ziratekeenak bezain errazak izan beren kasuan, farmako batek eragindako malformazioekin jaio izanak dena zailxeago bilakatu baitie. Talidomidak kaltetutako milaka pertsonen artean bat gehiago dira Díaz, Basterrechea, Castillo, Bioque eta Garmendia, eta kaltetutako kolektibo handiaren parte izanik ere, isildutako historia da eurena. Bizi duten errealitatea itzaletik argitara eraman eta gaur gaurkoz indemnizatuak izan ez direla salatzeko, elkarlanean aritu dira Azken Hatsa musika taldea eta AVITE Talidomidaren Biktimen Elkartea. Emaitza: Lágrimas de Arena bideoklipa.

Amaia Lekunberri Ansola @amaialekunberri
2021eko urriaren 03a
AVITEko eta Azken Hatsako kideak bideoklipa jendaurrean aurkezten (Argazkia: Lierni Campos)
AVITEko eta Azken Hatsako kideak bideoklipa jendaurrean aurkezten (Argazkia: Lierni Campos)

1957an komertzializatu zen talidomida, Grünenthal GmbH farmazeutika alemaniarrak sortutako farmakoa. Beronen sortzaileek segurutzat aurkeztu arren, hasieratik sortu zituen mesfidantzak, eta arrazoi horregatik ez zen merkatura salto egitera iritsi AEBetan adibidez; Frances Oldham Kelsey doktoreak uko egin zion talidomida merkaturatzeari, eta beronen azterketa gehiago eskatu zituen. Beste herrialde batzuek bide beretik joko zuten, Frantziak kasu. 50 bat herrialdetan, ordea, lasaigarri gisa edota haurdunaldiko goragaleen aurkako erremedio modura errezetatua izan zen, harik eta erretiratu zuten arte. 1959a orduko, beronen albo-kalteak hasi zitzaizkion arreta ematen hainbat adituri, Widukind Lenz pediatrari eta Klaus Knapp haur-erradiologoari kasu. Lenz eta Knapp malformazioekin jaiotzen ari ziren haurren kasuak ikertzen hasi ziren, eta horien atzean talidomida zegoela frogatu zuten. Ondorioak Thalidomide embryopathy (Talidomidagatiko enbriopatia) ikerketan plazaratu zituzten, 1962an. Urte horretan bertan erretiratu zen talidomida merkatutik Alemanian, eta atzetik segiko zioten gainontzeko herrialdeek, nahiz eta farmakoa zirkulaziotik desagertu arte denbora pasako zen. Espainiako Estatuan erretiratu zen farmakoa beranduen, 1985ean.

Eskuragarri egondako tartean farmakoak egindako kaltea ez da edonolakoa: Thalidomide, historical and ethical contexts (Talidomida, testuinguru historikoa eta etikoa) ikerketa artikuluan azpimarratzen denez, “talidomidaren ondorioak pandemia dimentsioa izatera heldu ziren”. Rafael Basterrechea AVITEko kideak hainbat elkarrizketetan emandako datuaren arabera, kalkulatzen da 50.000 pertsona kaltetu dituela talidomidak, gehiengoaren heriotza eraginez. Gertuan baditugu hainbat kasu, gaur gaurkoz egindako kaltearen aitortzarik eta indemnizaziorik jaso ez dutenak. Beste herrialdeetan ez bezala, Espainiako Estatuan ez konpainia farmazeutikoa ez gobernua ez baita gertatutakoaz kargutu. Errealitatearen gordina eta bidegabekeria bistara ekarri nahi izan dituzte Azken Hatsa taldeak eta AVITE elkarteak.

Ekimenak interesa pizturik eta gehiago jakiteko gogoz, Azken Hatsa arabar punk&roll taldearen atea izan da lehenbiziko jo duguna. Esku artean darabiltenak sortzen dien motibazioa nabari zaie ahotsean Iosu eta Julen taldekideei azalpenak eman bitartean, eta beraien eskutik ezagutu ditugu proiektuaren gaineko xehetasun guztiak. Azaldutakoaren arabera, talidomidak kaltetutakoen errealitatearekiko sentsibilizazioa Iosuri zor diote, haren ideia bat baitu sorburu AVITErekin batera martxan jarritako elkarlanak. Farmakoak kaltetutako bere osabaren eta beste hainbeste pertsonaren errealitatea bistaratu nahi zuen hark, eta horretarako bere tresna musika izanik, gaiaz abesti bat egin nahi zuela jakinarazi zien taldekideei. Esan eta egin, abestia konposatzeari ekin zioten, eta behin amaitutakoan, argi ikusi zuten hura ez zela nolanahiko abestia. Disko batean eta beste hainbat abestiren artean oharkabean pasako zela iritzirik, Lágrimas de Arenarekin zerbait “serioagoa” egin behar zutela iruditu zitzaien. “Orduan Marianorekin [Garmendia] kontaktatu genuen, Iosuren osabarekin; AVITEko kide da bera, eta galdegin genion ea elkarteak zerbait egin nahiko lukeen abestiarekin”.

Berandutu den erreparazioa

Azken Hatsaren proposamena gogo onez onartu zuten AVITEko kideek. Talidomidak kaltetutakoen errealitatea ezagutzera emateko aukera paregabea begitandu zitzaiela diosku Garmendiak. Inork baino hobeto daki berak gaiari ikusgaitasuna ematearen garrantzia, bai kalte-ordainak eta erreparazioa exijitzeko, bai kaltetua izan denak egin diotenaren kontzientzia har dezan. Izan ere, gaiak plaza publikoa hartzea lortu zuen istant apur horietako batek erraztu zion berari lotura egitea jaiotzetiko bere malformazioen eta talidomidaren eraginaren artean. Hala dio: “Epaiketa bat egon zen 2012-2013 bueltan, gaia prentsan azaldu zen eta horri buruz entzuten hasi nintzen, eta konturatu nintzen han zegoen jendea nire oso antzerakoa zela. Orduan kontaktuan jarri nintzen AVITE elkartearekin eta jakin gabe kaltetua nintzen ala ez, bazkide egin nintzen”.

Komite Zientifiko-Medikoak proba medikoak egin dituzten 584 pertsonen artetik ehuneko murritzari aitortu die talidomidarekin lotura

AVITEko kide bilakatzearekin batera hasi zen aztarnak biltzen. Hainbat proba pasa zituen, eta perituek esan zioten bazitekeela bera ere talidomidak kaltetua izatea. Amarengana jotzea izan zen beste urrats esanguratsu bat. Berataz haurdun zela medikamenturik hartu ote zuen galdegitean, zalantzarako tartea nabarmen murriztu zen. “Baietz erantzun zidan, haurdunaldi hasiera nahiko gogorra izan zuela eta pilula batzuk errezetatu zizkiotela”. 2018an egindako probek uxatuko zioten behin betikoz duda: “2020ko martxoan eman zidaten emaitza eta esan zidaten baietz, talidomidaren ondorio zirela nire malformazioak”.

Ofizialki talidomidak kaltetua izateko probak dira Garmendiak pasatakoak, eta printzipioz emaitza positiboa jaso dutenak indemnizatu beharko lituzke Espainiako Gobernuak, horretarako diru-partida onartu baitzuen 2018ko aurrekontuetan –PSOEren kontrako bozkarekin eta EAJren abstentzioarekin–. Alabaina, kaltetutzat jotakoek ez dute sosik ikusi oraindik –“Gobernuak Errege Dekretu Legea egin dezan zain gaude indemnizazioa jasotzen hasteko”, azaldu du Garmendiak– eta espero baino gutxiago dira kalte-ordaina jasotzeko eskubidea dutenak. Izan ere, AVITEko kideen sumindurarako, Espainiako Osasun Ministerioaren Komite Zientifiko-Medikoak ateratako ondorioek proba medikoak egin dituzten 584 pertsonen artetik ehuneko murritzari aitortu die talidomidarekin lotura; 511 probaren emaitzak eskutan, ebatzi zuen %80a ez zela talidomidak kaltetua. Emaitzak ezagutu aurretik, eta proben prozedurari irregularra iritzirik, Ignacio Martínez García AVITEko abokatuak hala adierazi zion El Saltori Las víctimas de la talidomida en España se sienten estafadas por el Estado (Talidomidaren biktimek Estatuak iruzur egin diela sentitzen dute) erreportajean: “Susmoa dugu 2010ean bezala jardun nahi dutela, eta dagoen diru kopuruaren arabera aitortu kaltea jendeari, alderantziz egin beharrean”.

Talidomidak kaltetutako haurra.

1006/2010 Errege Dekretuari egiten dio erreferentzia Martínezek, zeinaren bidez, bertan jasotzen ziren baldintzak betetzen zituzten 24 pertsona besterik ez ziren indemnizatu. Kaltetuen osotasunaren erreparazioa eta indemnizazioa bilatuz, bi urteren buruan bide juridikoa abiatu zuen AVITEk, Grünenthalen aurka demanda aurkeztuz. Aurkeztutako demandaren ondotik abiatutako epaiketak izandako oihartzun mediatikoak emango zion ezagutzera Garmendiari talidomidaren auzia. 2013an, lehen instantziak farmazeutika erruduntzat jo eta kalte-ordainak ordaintzera derrigortu zuen. Alabaina, akusatuak Madrilgo Probintzia Auzitegian helegitea jarri ostean, honek arrazoia eman zion kasua preskribatuta zegoela argudiatuz, eta hala berretsi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Egoera horretan kaltetuek jarritako babes-errekurtsoak atzera bota zituzten Espainiako Auzitegi Konstituzionalak eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak. Ez Grünenthalek ez inongo auzitegik ez du ukatzen egindako kaltea, baina preskribatua dagoenaren argudioarekin, erantzukizunez libratu dituzte erantzuleak.

Bide judiziala agortuta ekin zioten bide politikoari, estatuari ere erantzule iritzirik. Momentuotan egoera zertan den azaldu digu Garmendiak: “AVITEk helegite bat jarria dio gobernuari, funtzioen utzieragatik, errege dekretua ez duelako atera hiru urtetan. Beraz momentuotan bi balizko bide daude: edo gobernuak Errege Lege Dekretua ateratzen du, edo epaileek esan beharko dute zerbait”.

"Gobernuak Errege Dekretu Legea egin dezan zain gaude indemnizazioa jasotzen hasteko"

Gobernuaren posturaz gordin mintzo zen El Salton Komite Zientifiko-Medikoaren parte izateari uko egin zion mediku Francisco Javier García Mora: “Kontu hau konpontzeko borondaterik ez dago eta inoiz ez da egon, zeren eskatzen du kalte-ordainen kapitulu esanguratsu bati atea irekitzea. Espainian tabua izan da diagnostikoa 60 urtean, eta hala izaten segitzen du. Kasuak diagnostikatu eta indemnizatu beharreko pertsonak identifikatzeko interesik ez da existitzen gobernuaren partetik. Hobe da itxarotea eta hil daitezen uztea”.

Isiltasuna haustera datorren kantua

Gobernuak edo epaileek zer esango zain, ez atzera ez aurrerako egoera horretan trabaturik zeudela heldu zitzaien AVITEko kideei Azken Hatsaren proposamena, eta ez bat ez bi, buru-belarri jarri ziren lanean. Esku artean zeukaten bideoklipa talidomidak kaltetutakoen errealitatea lau haizeetara zabaltzeko bozgorailua zela jakinik, aukera probestu eta mezua ahalik ozenen zabal zedin bermatu nahi izan dute; helburu horrekin ekin zioten musikaren esparruko izen esanguratsuen kolaborazioak bilatzeari. Gonbita onartu zuten Aiora Renteriak (Zea Mays), Koldo Soretek (Niña Coyote eta Chico Tornado), Fernando Madinak (Reincidentes) eta Enrique Villarreal El Drogas-ek, eta AVITEko eta Azken Hatsako lagunekin batera aritu dira urte luzetako isilunea urratzeko kantuan.

Urtebeteko lanaren emaitza irailaren 10ean aurkeztu zuten jendaurrean, Legorretako Herri Antzokian, eta biharamunean jarri zuten sarean ikusgai. Bideoklipa gaia sozializatzera bidean errefortzu izatea gura dute egileek. “Atentzioa eman eta ‘Eh! Hemen gaude oraindik eta asunto hau oraindik konpontzear dago’ esateko modu bat da”, dio Garmendiak. Azken Hatsakoek, beren aldetik, gaiari eta AVITEren borrokari ikusgaitasuna eta aitortza eman nahia azaleratu dute, eta aitortu beharrekoen zerrendari gehitu diote talidomidak kaltetutako haurrez erditu ziren amen mina: “Jende asko hil da talidomidak eragin dien kaltearen mina aitortu gabe, ama asko tarteko, eta amen kasuan, kulpa gainean edukita joan dira. Haien errua izan balitz bezala beren semea edo alaba horrela jaio izana. Eta horren karga emozionalak, karga psikologikoak, karga fisikoak... sekulakoak izan dira”.
 

Nazien asmakizuna?

Lágrimas de Arena bideoklipa irekitzen duen irudian esvastika bat ageri da, eta baliteke xehetasunak ikuslea harritzea. Gaia gertuko ez duenak, lehen kolpean nekez egingo baitu talidomidaren eta nazismoaren artean loturarik. Alabaina, farmakoaren jatorria ikertzen aritutako zenbaitek ulertzera eman dute balitekeela talidomida nazien asmakizun izatea. Ingalaterrako The Thalidomide Trust elkarteko zuzendari izandako Martin Johnssonek eta Carlos de Nápolik bat datozen irakurketak egin dituzte, iradokiz, besteak beste, talidomida II. Mundu Gerran sortua izan zitekeela, gas neurotoxikoen antidotoa bilatzeko esperimentuetan, eta balitekeela kontzentrazio esparruetan farmakoaren probak gauzatu izana. Biek Otto Ambros nazia jo dute talidomidaren balizko sortzailetzat; Ambrosek Nurembergeko prozesuan zigortua izan eta urte batzuetara Grünenthalen egingo zuen lan.

Mariano Garmendiak Goierriko Hitzari eskainitako elkarrizketa batean ondokoa adierazi zuen: “Talidomidaren probak kontzentrazio esparruetan egin zituzten. Franco eta Hitler oso ongi konpontzen ziren, horregatik, susmoa dago Espainia ere probaleku izan zela”.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Osasuna kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2021eko urriaren 03a
Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude