Mimoz egositako pilula progresiboak

  • Estreinako diskoa kaleratu du Donostiako Géra taldeak, hiru urtean zehar ondutako bederatzi kanta biltzen dituena. Post-rock zatikatua, erritmo hauskorrekoa, egitura klasikoetatik ihes egin nahi duena, baina abestiak hala eskatzen duenean haietara itzultzen dena. Lau taldekideekin bildu gara, diskoaz eta hura inguratzen duenaz aritzeko.

Argazkiak: Dani Blanco
Argazkiak: Dani Blanco

Patxada handiz ekoitzi du Géra taldeak lehen disko homonimoa. Ezinbestean, dena esatera: 2018an Donostiako Egia auzoko Porrontxo jaietan lehen emanaldia eskaini zutenetik, klase guztietako gorabeherak bizi izan dituzte: hasteko, lau taldekide aldaketa –une batean taldea madarikatuta zegoela pentsatzeraino, horietako zenbaitek behin taldetik igaro ondoren musika betirako utzi dutenez gero–; eta, bigarren, pandemiak eragindako mugikortasun murrizketak, diskoa grabatzera Gipuzkoatik Nafarroara –Berako Mik estudioetara– igarotzea dezente zaildu diena. Hiru urte luze baino gehiago, beraz, estreinakoz elkartzen hasi zirenetik lehendabiziko lana argitaratu duten arte.

Egun taldea osatzen dute Markel Alonsok –gitarra eta ahotsak–, Denis Leizak –baxua–, Iñigo Estonbak –bateria– eta Fermin Mendazonak –gitarra–, eta laurek argi daukate: taldea osatu bitarteko gorabeherek eragin zuzena izan dute kantetan. “Kantak eginda zeuden, baina izugarri aldatu dira prozesu honetan guztian”, azaldu du Alonsok. Ez dira konformatu abestien lehen zirriborroarekin, hozkailuan eduki dituzte luze, eta pausaldiaren ondoren, argiago bereizi ahal izan dute lastoa eta garia. Probaldiz probaldi eman diete abestiei forma definitiboa, piezek beraiek eskatzen zutenari erreparatuz: zenbaitetan –Paretak zuentzat-en, adibidez– iruditu zaie egitura garbi eta errepikakorrek ondo eusten zietela abestiari, eta bukle izaera eman diete; gehienetan, ordea, ihes egin nahi zutelako homogeneotasun gehiegizkotik, abestiak zatikatzera jo dute. Baita, Alonsok zehazten duenez, progresibotasun konprimatu moduko zerbaitetara ere: “Egitura klasikoetatik ihes egin nahi izan dugu, eta kanta berberaren barruan askotariko zatiak sartu, baina kanta asko luzarazi gabe –nahiz eta bakarren bat luzatu zaigun–”. Edonola ere, diskoan collage sentsaziorik baldin badago, bilatutako zerbait dela ziurtatzen dute: “Gustuko dugu abesti beraren barruan oihartzun desberdinak jasotzea. Baina, era berean, abestiak erabat osatuta egon arte ez gara gelditu. Beste ezeren gainetik, borobiltasuna bilatu dugu”. Abestia borobila izateko “zati oso onak” ezabatzera iritsi dira, Mendazonaren arabera: “Gogoan dut hasiera hartan Pelax taldea asko entzuten genuela. Abestiak egitean ahalik eta konplexutasun handienaren bila ibili ohi ginen, eta atera zitzaizkigun jotzeko oso zailak ziren piezak, eta aldi berean oso ondo pasarazten zigutenak, erronka handia zirelako. Baina gero entzun eta pentsatzen genuen: zaborra da. Ez zuten funtsezkoa transmititzen”. Horregatik, hasierako konplexutasuna sinpletzera jo dute sarritan, Estonbak dioenez: “Gogoan dut trantsizio bat, oso konplexua izanagatik batere konbentzitzen ez gintuena; bueltak eman eta eman aritu ginen, hiru kolperekin aski zela ohartu ginen arte”. Mendazonarentzat oso garrantzitsua da sorkuntza prozesuko bi une bereiztea: taldea zerbait sortzen ari denekoa, eta handik puska batera distantziatik egindako entzunaldia. “Jotzen ari zarenean pentsa dezakezu abestiak zerbait transmititzen dizula, errealizazioak berak sortzen duen efektuagatik. Geroko entzunaldian, aldiz, askoz garbiago bereizten da zirrara benetakoa den ala errealizazioaren efektu hutsa”.

Aspertzeraino eztabaidatu

Prozesu guztian, lauren artean hartu dituzte erabaki guztiak. “Gehiengoaren hitzak ez du bere horretan balio, ondo argudiatuta ez badago”, diote. Formula bakarra erabili dute horretarako: aspertzeraino eztabaidatzea. “Entseatu bezainbeste hitz egiten dugu. Entsegu lokalean –Astigarragan– ‘kanpoan egoten direnak’ bezala ezagutzen gaituzte. Badago jendea uste duena ez dugula entseatzen. Eta, tira, inoiz joan izan gara lokalera eta kanpoan hitz egiten gelditu”. Abestien letrak ere tankera horretan sortu dituzte. Gehienetan zati instrumentala egin dute aurrena, eta gero, horrek iradokitzen zienaren araberako letrak osatu. Pare bat kasutan, prozesu bateratua izan da. “Gutako norbaitek ikusten zuen film bat, edo irakurtzen zuen libururen bat edo artikuluren bat, eta kolpetik iruditzen zitzaion horrekin lotutako letraren bat egin behar genuela”, oroitu dute barrez. Alonso, esaterako, euskararen eta japonieraren arteko loturekin tematuta ibili zen garai batean, eta Elhuyarreko artikulu bat irakurri ondoren, diskoko bi kantaren hitzak sortu zituzten –Kuroi tori (txori beltza) eta Shiroi tori (txori zuria)–. Taldearen izenak ere jatorri bertsua dauka: “Barre egiten duen pertsona txikia” esan nahi du japonieraz. Mitik Berant ere oroitu dute, modu prosaikoagoan sortutako letra bat, omentzen dituena beti berandu iritsi arren beti dena ondo ateratzen zaien horiek guztiak – superheroi trazako izena emanez–.

Kasualitatea eman dezake Beran grabatu izanak, baina diskoak dakartzan oihartzunak bete-betean kabitzen dira inguru horretan azken hamarkadetan egin den soinu moldean. Erreferentziez galdetuta, bote lasterrean atera dira, Pelaxez gain, Borrokan eta Dut, eta taldekide bakoitzak dakartzanak: Queens of the Stone Age aipatu du Leizak, adibidez, eta Kurt Vile Estonbak, talde barruan bertan dagoen kontrastea agerian utziz. Mendazonari, aldiz, iruditzen zaio zaila dela diskoa erreferentzia zehatz batzuekin identifikatzea, eta, zeharka, beren musika ibilbideko klase guztietako oihartzunak biltzen dituela bere baitan. “Denok daramatzagu urte batzuk musika munduan, eta taldearen lehen lana izan arren, diskoak heldutasun puntua dauka”. Diotenez, ez dute deus apurtzailerik egin nahi izan: “Entzuten dugunaren lagin bat erakutsi nahi izan dugu, ez gehiago. Ezer lortu nahi izatekotan, gu geu egindakoarekin gustura geratzea bilatzen genuen”. Zentzu horretan, eroso daude gitarra-baxu-bateria formatuan: “Ez dugu sintetizadore eta tankerakotik sartu nahi izan. Ahotsak lantzen saiatu gara, eta, batez ere, konposizioan jarri dugu indarra”.  

"Denoi gertatzen zaigu diskoan izugarrizko soinua duen talde bat ikustera joan, eta zuzenean dezepzionatzea. Ez dugu hori izan nahi"

Fetitxe bezala, diskoa formatu fisikoan ateratzea erabaki dute –Jone Laspiurrek egin die azalaren diseinua–. Bide batez oinarrizko gastu batzuei aurre egiteko balioko die. Grabaketa, adibidez, luze samar joan zaie azkenerako, nahiz eta prozesuarekin “izugarri gustura” dauden. Zuzeneko baten gisara grabatu dute diskoa, Leizak azaldu duenez: “Sorkuntza prozesua denok lokalean batera egin genuenez, ez zeukan zentzu handirik diskoa pistaka grabatzeak”. Zuzenekoa eta diskoa tonu berean egon daitezen bilatu dute, hartara ziur baitakite diskoko soinua zuzenekoan defendatu ahal izango dutela. “Denoi gertatzen zaigu diskoan izugarrizko soinua duen talde bat ikustera joan, eta zuzenean dezepzionatzea. Ez dugu hori izan nahi”. Grabaketak primerako oroitzapenak utzi dizkie. “Prozesua asko luzatu da, baina gozamen hutsa da Maikelekin (Aitor Garcia) lan egitea: xehetasun guztiei begiratzen die, arretaz entzuten zaitu, eta oso erraza da berarekin adostasunera iristea. Sekulako artista da”.

Komunitate gero eta murritzagoa

Musika eta taldetasuna lotuta ulertzen dituen kulturaren parte sentitzen dira Gérakoak, baina kontziente dira balio horiek gero eta ahulagoak direla: “Eszena trantsizio bat egon da, eta gurea murriztuta geratzen ari da. Gero eta gehiago, pertsona bakarrak bere etxean egiten du guztia, norberak egosi eta norberak jan”. Alde batetik, teknologia berrien ondorio dela iruditzen zaie, egun ekoizpen oso duinak egitea edonoren esku dagoelako; baina, batez ere, gizarteko indibidualizazio prozesu zabalagoarekin lotu dute: “Ez dago edonoren esku musika talde batek dituen gastu guztiei aurre egitea: lokala, anplifikadoreak, instrumentuen konponketak… Lehen eszena askoz ere gaztetxeroagoa zen, eta aukera zenuen nahiko erraz kontzertuak emateko, edo bizilagun elkartearekin hitz eginda entsegu lokala lortzen zenuen. Baina gaztetxe mordoa bota dituzte, eta egun, edo ekonomikoki merezi dizu, edo ez dizu merezi: jendeak ahalik eta gutxien gastatuz ekoitzi nahi du, balizko arrakasta batean pentsatuz. Guk taldearekin dirua galtzen dugu, baina ulertzen dugu hamasei urteko gazte batek agian ezin diola inbertsio horri aurre egin”. Eszena aldaketa ez da auzi estetiko hutsa, haien ustez, prekarizazio prozesu baten baitan ulertu beharreko zerbait baizik.

Nabari dute, era berean, musika industrian formatu desplazamendu bat gertatzen ari dela: “Ematen du musika munduan musika jotzearekin bakarrik ez dela nahikoa. Musikari izateaz gain, izan behar duzu bideo ekoizle ere, saltzen dena jada ez delako abestia soilik, ikus-entzunezko bat baizik –zeinetan abestiak garrantzia berezia duen, baina ez horrek bakarrik–“. Zuzenekoetara ere igaro da espektakularizazio hori, nahiz eta ez zaien kontu berria iruditzen. “Kontzertu bat betidanik izan da musika baino zerbait gehiago. Non dago horren muga? Zaila da esaten, baina ez da batere fenomeno berria, gertatzen ari da gutxienez Video Killed the Radio Star-en garaitik”. Beraiek, halere, musika egin nahi dute, ez besterik. “Bideogintza gustatuko balitzaigu ez genuke arazorik izango mundu horretan ere sartzeko, baina ez zaigu gustatzen”.

Lau taldekideek batera kontzertu pare bat baizik ez dute eman: lagun batzuen etxean bata, eta Alegiako Gaztetxean bestea, orain hiru urte. Sare sozialetako lanak taxutu ostean, kontzertu berriak emateko gogoz dira laurak, eta baita kanta berriak egiteko ere. “Orain dena desberdina izango da, laurok batera egingo ditugulako hasieratik kanta berriak”. Eta gehitu dute, barrez: “Ziur gaude bigarren diskoa oso interesgarria aterako zaigula”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Post-rock
2020-02-16 | Kepa Matxain
Orbel
Barruranzko begirada pausatua

Lau kantako EP batekin plazaratu ziren 2016an. Hegan aurreneko disko luzea atera dute 2019an, eta lehengo bidetik, post-rocketik edaten duten erritmo geldoko doinuak bildu dituzte –euskaraz oraingoan–, batzuetan ilunagoak, besteetan argixeagoak. Swans edota Low... [+]


Godspeed You! Black Emperor Bilboko Kafe Antzokian
Mundu zaharraren konbustio antolatua

Gogo handiz, baina zertarako uka, eszeptizismo puntu batekin joan nintzen asteazken honetan Bilboko Kafe Antzokira Godspeed You! Black Emperor taldearen kontzertua ikustera. Nire aurreiritziak: kontzertuaren lekuko izango zen aretoan gehiago ibiltzen nintzenean, alegia,... [+]


Eguneraketa berriak daude