"Ez dagoena bilatzea baino, dagoenetik eraikitzen saiatzea gelditzen zaigu"

  • Itzulera argitaratu du Martin Bidaurrek, azken hiru urteotan idatzitako poema solteei hari bat emanaz. Haurtzaroko haustura baten ondoren, bere buruaren bila dabilen norbait ageri da liburuko bost ataletan zehar. Liburuaz ez ezik, ITU bandaz, bere belaunaldiaz, argitaletxeez eta beste hainbat kontuz ere mintzatu gara.

Zapalduak zituen lehendik euskal literaturaren larre-soroak, baina lehen liburua argitaratzeari darion zera sinboliko hori medio, Itzulera poemategiarekin atera da ofizialki plazara Martin Bidaur. Orain hiru urte Parisen zela idatzi zituen liburuko poema zaharrenak. Materiala pilatu ahala, literatur lehiaketa batzuetan saiatu zen, zorte handirik gabe. “Eskuartean daukadan honek zerbaitetarako balio al du”, galdetzen zion bere buruari, “merezi ote du idazten jarraitzeak?”. Trantze horretan zela, gertukoek animatu zuten poemak Susa argitaletxera bidaltzera. Durangoko Azokako egun batez, Gorka Arrese editoreak bizkarretik heldu eta bota zion: “Zer, liburua atera beharko diagu, ala?”. Eta lanean hasi ziren, ale solteei osotasun bat eman nahian, liburuaren egitura pixkanaka osatu arte. Argitaratu du, jaso ditu kritikak –onak, orain artekoak–, eta ari da elkarrizketak ematen. “Puntu bat iristen da diozuna: honaino. Ez daukat liburuaz ezer gehiago esatekorik”. Garaiz harrapatu dugu, zorionez.

Hautsitako souvenir bat atalarekin hasten da liburua. Haurtzaroko gertakari batek erabat baldintzatzen du ni poetikoaren bizitza, zerbait hausten zaio hor, eta geroztik bere buruaren bila dabil.
Atal guztiak daude bere momentuan kontatuta, lehen atala izan ezik. Atzera begiratu bat da atal hori, edo hobeto esanda, oroitzapen saiakera bat. Haurtzaroan zentratzen da, baina ez da haurtzarotik kontatutako zerbait. Galdera bat dago atzean: nor naiz ni? Zerk egiten nau naizen bezalakoa? Atzera begiratzen duzu, are, orainaldira, eta ohartzen zara ez daukazula tresnarik egoera kudeatzeko. Beraz, irteera faltsu bat topatzen duzu: ihes egitea. Kasu honetan, Pariserako ihesa.

Pariserako bidaia baino lehenago ere ageri da ihesa, mundutik bakartzeko joera gisara.

Bai, noski. Ihesa Parisen gauzatzen da, baina bigarren ataleko –Itxaronaldia– poema guztietan ageri da. Zeri itxaroten ari da? Parisera egin behar duen ihes horren zain dago.

Ihes definitiboaren zain dago.

Ustez bai. Bi gauza nahasten dira hor. Itxaroten ari den tokian ezin du egon. Orduan, aukeretako bat da haurtzaroan hautsi zaiona berreraikitzera joatea nonbaitera, edo dena atzean utzita berdin-berdin ihes egitea. Biak nahasten dira atal horretan. Bi ihesak ihes bera dira.

“Satirak, ironiak edota zinismoak balio dute gauza batzuk desprestigiatzeko, posizio hegemonikoak erridikulizatzeko, edo, are, min gehiago emateko. Baina idazkera horrekin ezin zara iritsi beste gauza batzuk eraikitzera”

Ager zitekeen lilurazko Paris bat. Idazle gazte bat hiri literario idealizatura ihesi.

Gaur egun Amsterdam litzateke gehiago (barrez).

Ez da hiri horren arrastorik sumatzen.

Parisko lehen poematik ageri da halako depresio bat, are, epigrafetik bertatik –Ezleku kolosal sentitzen dut hiri hau–. Zentzu horretan, hiria ez dago batere idealizatua. Parisko tristura idealizatzen du, beste ezer baino gehiago.

Etorkizuna galtzea poemak dio: “Atzean utzitako / zerbaiten bila / etorri nintzen / eta batzuetan hobe da / atzean utzitakoaren bila / ez itzultzea”. Ohartzen da Pariserako zituen asmoak ez direla gauzatu.

Are, ez zirela errealak. Hor badago frustrazio bat: nahiko hasieratik galtzen ditu pretentsio guztiak, baina amaieran erabat galtzen dira. Alde batera uzten du ihesa. Eta itzulerako trenarekin bukatzen da atala. “Agian ekibokatu egin naiz”.

Parisko itzulerara arte hari kronologiko garbi bat sumatzen da. Azken bi atalak lausoagoak dira, alde horretatik.

Uharteak atalaren funtsean beldur bat dago: eszenategi berrian ez dadila Pariskoa errepikatu. Horrek bereizten du azken ataletik –Hutsuneak oinordetzan–, ze hor ja ageri da esperantza izpi bat, gainditu nahi bat, tonuak iluna eta depresiboa izaten jarraitzen duen arren.

Azken ataleko epigrafeak hala dio: “Inoiz galdu dudan / ondasunik preziatuena / da neure burua”.

Une batean diozu: “Xaukena xauk”. Ez dagoena bilatzea baino, dagoenetik eraikitzen saiatzea gelditzen zaigu. Norbere burua onartzea, eta gauza horiek guztiak. Eta konturatzea agian ez dela zerbait falta, eta falta baldin bada, hutsune horrek nola eragiten digun aztertzea. Pentsatu nahi dut ageri dela gai horien inguruko jarrera berri bat.

Nola osatzen dituzu poemak? Zein da prozesua?

Denetarik dago. Badaude momentuko inpresioak, koadernoan edo mugikorrean apuntatutakoak, gero hortik tiraka poemak atera direnak. Badaude kalean noala bururatuko esaldiak, bueltak eman eta eman, etxera iristerako poema bihurtutakoak. Eta badaude, baita ere, ordenagailuaren aurrean eseri eta ezerezetik egindako saiakerak ere. Gero, noski, poema guztiak daude behin eta berriro idatzita, irakurrita, zuzenduta… nahiz eta eskuizkribuan poema desberdinak egon, bukaeran dena berdintzen da.

Oro har, nahiko poema soilak iruditu zaizkit. Apaingarri gutxikoak, funtsezkora doazenak. Hartu diot, adibidez, Jon Benitoren Bulkada-ren aire bat.

Ohore bat da (barrez). Egia da poemotan kentzeko joera ageri dela. Gero horrek ekartzen du zailagoak direla ulertzeko, baina jokoa ematen du iradokitzeko.

Era berean, trikimailu gutxiko poemak dira. Artifiziorik apenas dagoen.

Poemak ez dira autokontzienteak. Poema bat idatzi aurretik, asko jota, diot: “Saiatuko naiz ahapaldi bakoitza hiru lerrokoa egiten”. Egiturari buruzko erabakiak hartzen ditut aurrez, izatekotan. Gainontzean, gehiago nabil plazer estetikoaren bila, jakin nahirik zerk eragiten didan zerbait. Modu batera idatzita dagoen zerbait beste modu batera idazten saiatzen naiz.

Ezagutzen zintugun liburu hau argitaratu aurretik ere. Hasieratik zara ITU bandako kide. Zer topatu duzu han?

Bilatutako kontua izan zen. Oinarrian, bazegoen literaturzaletasuna bakardadean bizitzetik atera nahi bat. Nahi edo ez nahi, puntu batean literatura ere jarduera soziala da. Irakurtzea eta idaztea gustatzen bazaizu, pentsatzen eta sentitzen duzuna kanporatu nahi baduzu, zure maila bereko jendearekin elkarbanatu nahi baduzu… ITU bezalako zerbait sortzea ederra izan da. Lagun talde bat gara, azkenean.

Eskola funtzioa ere izango du, noski.

Horixe baietz. Gero kontua da zer den nahiko genukeena eta zer den errealitatea. Denboraren zati handiena aldizkariak kentzen digu, eta tarte gutxi uzten digu beste kontuez hitz egiteko. Testuak elkarbanatuz, whatsappetik eztabaidatuz… Nik uste badagoela elkar eragite bat. Hala ere, ITU bandaren baitan oso estilo desberdinak daude, pentsatzeko moduak ere oso desberdinak dira. Adostasun batzuetara iristen gara, baina ez daukagu zertan.

Bistakoa da hori. Lekore aldizkarian oso tonu desberdinak sumatzen dira: badago, batetik, editorialean eta abar ageri den estilo satiriko-zirikatzaile bat; eta, bestalde, antzematen da hizkera “lubakiar” bat ere. Liburu honetako poema batean ere ageri da Lubaki bandaren “bertsio zombie bat” egiteko bilera bat.

Bai, oso literalki. ITU banda sortu aurretik, izan zen huts egindako saiakera bat. Euskalduna tabernan elkartu ginen hainbat lagun. Erreferentziak ziren Lubaki eta Vladimir –ez dakit azken hori bandatzat hartu ote daitekeen, baina Zarautzen gauza batzuk egin zituzten, fanzinea eta abar–. Eta Susa ere bai, noski, oso garrantzitsua. Bai aldizkaria bera, bai argitaletxea. Susaren testu batzuetan ageri da tonu satiriko hori, futitzen dena apur bat guztiaz. Erreferentziatxo hori badago, eta tonu editoriala bada lotsagabea. Baina esandakoa, literatura ulertzeko modu desberdinak daude. Nik uste dut satirak, ironiak edota zinismoak balio dutela gauza batzuetarako. Balio dute gauza batzuk desprestigiatzeko, posizio hegemonikoak erridikulizatzeko, edo, are, min gehiago emateko. Balio dute indarrarekin jolasteko, indar posizio batzuk erakutsiz edo horiek apurtzen saiatuz. Baina idazkera horrekin ezin zara iritsi beste gauza batzuk eraikitzera.

“Nahi edo ez nahi, puntu batean literatura ere jarduera soziala da. ITU bezalako zerbait sortzea ederra izan da. Lagun talde bat gara”

Eta ITU bandak zerbait eraiki nahi du, batez ere?

Ez dauka bokazio bakarra. Eraiki nahi du eta deseraiki nahi du. Literatur sistema guztietan bezala, hemen ere baditugu gure botere harremanak, bere agente hegemoniko eta ez hegemonikoekin. Baina oso sistema berria da hau, eta oso ahula, erraz txikitu daiteke aizkora batekin. Nik uste kontuz ibili behar dela. Gauza asko daude aldatzeko, baina beste asko ari dira aldatzen. Jendea ari da gauza berri eta interesgarriak egiten. Eta hori da bidea, gauzak egitea.

Belaunaldi askok sortu ditu bere egitura propioak hemen. Zuei pasa zaizue halakorik burutik?

Lekore aldizkaria gure kabuz ateratzen dugu. Liburuaren kasuan, Susakoek aukera eskaini zidaten, eta ez nuen bitan pentsatu –berriz ere onartuko nuke, zalantzarik gabe–. Argitaletxe bat sortzeak zentzua izan dezake, ez da inola ere planteatzen ez dugun zerbait –duela gutxi sortu da, adibidez, Balea Zuria izeneko bat–. Baina galdetu behar da, zertarako? Tresna egokia izan daiteke momentuan ez badaukazu beste modurik zure ahotsa entzun dadin, edo iruditzen zaizulako zure tokia ez dagoela orain arte sortutako egituretan.

Edota argitaletxe bat sortzeak, nola egiten den, eragin dezakeelako astinaldi literario bat, belaunaldi berri bat plazara ateraraziz.

Kontua hori da: ea elkartzen zaren jende batekin euskal literaturaren iraultza egiteko, edo elkartzen zaren egiteko zerbait gustatzen zaizuna. Eta hortik zerbait ateratzen bada ondo, eta bestela ere bai.

Esaidazu ze liburuk eragin dizun azkenaldian.

Liburua idatzi bitartean, asko eragin zidan Mari Luz Estebanen Amaren heriotzak libreago egin ninduen poema liburuak. Irakurri nituen, era berean, euskal ipuingintzako pare bat antologia, uste dut bat zela Mari Jose Olaziregik zuzendutako Mende berrirako ipuinak. Eta gogoan dut, beste bat aipatzearren, Mariasun Landaren Festa aldameneko gelan ere, Parisen girotua hura ere. Irakurri ahala pentsatzen nuen: zenbat denbora igaro den ordutik, eta gauza batzuk ze antzerakoak diren. Baina tira, horiez gain, beste asko esango nizkizuke.

Ba al daukazu ezer eskuartean?

Irakurtzen eta idazten ari naiz, nire kasa. Askatzailea izan da liburua idaztea, ze orain poesia beharrean beste gauza batzuk idazten ari naiz. Beti kosta izan zait fikzio bat idaztea, istorio bat kontatzea... Poemak noizbehinka idatz ditzakezu, baina, liburua bukatuta nuela, estreinakoz, udan oporretan izan naiz ipuinak idazten. Ez dakit ezer aterako den hortik, baina behingoz egin izanagatik oso gustura nago.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Poesia
Beñat Arrutik irabazi du Donostia Kultura VII. poesia lehiaketa

Balea Zuria argitaletxeak kaleratuko du, ekainean, Arrutiren estreinako literatur lana: Arkeologia haragitan.


2024-03-17 | Castillo Suárez
Autoatseginkeriaz

Yolanda Castañori Espainiako poesia sari nazionala jaso zuenez geroztik hamaika elkarrizketa egin dizkiote. Horietako baten lerroburua deigarria egin zitzaidan, esaten baitzuen saria irabaztea izan dela egin duen bigarren gauzarik zailena. Eta berehala hasi nintzen... [+]


2023-10-15 | Estitxu Eizagirre
Josebe Blanco Alvarez "Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain" liburuaren egilea
“Guk, artzain bezala, bizi ditugun kezka, poz eta errealitateen lekukotasuna jaso dut liburuan”

Mendian, autoz kaletik orduerdira bizi den emakume artzain euskaldun-galegoaren eguneroko bizitzan nola eragiten dute gaurko munduan pil-pilean dauden gaiek? Klima larrialdia, berdez pintatutako kapitalismoa, basogintza, migrazioa, prekaritatea, begano mugimendua, elikadura... [+]


2023-06-12 | Jakoba Errekondo
Ereiaroan izarren nekazaritza eta izar-ihintza

1966an Andima Ibiñagabeitia Idoiaga handiak Unai eta Alor-kantak itzulpena argitaratu zuen (Bucolicon liber eta Georgicon libri), Virgilio (K.a. 70-19) latindar poeta ospetsuenetarikoaren idazlanak osorik bilduz. Izugarrizko saioa egin zuen itzultzaileak kultura klasikoa... [+]


Eguneraketa berriak daude