Dema itzela Irlandan: Apple eta mundu guztia versus gizon bakarra

  • Planetako jende burutsuenei uneoroko zoriona zerbitzatzen dien Apple multinazionalak Irlandan eraiki nahi du Europako datu biltegirik handiena, 850 milioi euroko inbertsioa datozen 15 urteetan. Ordaindu gabeko zergetan lehendik milaka milioi ostu dizkien arren, irlandar ia guztiek nahi dute Applek berriro hauta ditzan bere negozioetarako. Ez denek, ordea. Bada norbait jarraitzen duena epaitegietan borrokan urrezko sagarraren asmoaren kontra.

RTE Irlandako Irrati-Telebistaren irudian, Athenryko herritarrak irailean Appleri herrira etortzeko eskatuz burututako manifestazioan. 4.500 biztanleko herrian 2.000 jende bildu ziren. Applek agindu die 300 lanpostu sortuko dituela, horietatik erdia eraik
RTE Irlandako Irrati-Telebistaren irudian, Athenryko herritarrak irailean Appleri herrira etortzeko eskatuz burututako manifestazioan. 4.500 biztanleko herrian 2.000 jende bildu ziren. Applek agindu die 300 lanpostu sortuko dituela, horietatik erdia eraikuntza lanek iraun artean. Multinazionalari bakar-bakarrik aurre egiten dion Allan Dalyk dio herritarrak ez direla jabetzen sakoneko arazoaz, Irlandak diru asko galtzen duela: gobernuak zergak barkatzeaz gain, herritarren zergekin antolatzen dizkie azpiegitura berriak Apple eta beste erraldoiei.

Bi urtez auzitegietan katramilatuta eduki ostean, urri hasieran epaitegiek atea zabalik utzi diote Appleri Irlandako Galway eskualdean eraiki dezan Europako bigarren data center handiena. Multinazionalari bere maitasuna irailean kaleko manifestazioz deklaratu zioten Athenry herrian jendeak zoratzen daude. Aldiz, epaileengana jo zuten hiruek adierazi dute helegitea aurkezteko asmoa.

Bata Brian McDonagh da, ustez Applerentzako egokiak ziren beste lur batzuk erosten 22 milioi gastatuta, orain horiek galdu nahi ez dituena. Bigarrena Sinead Fitzpatrick abokatua, proiektua doan eremuaren ondoan bizi dena. Hirugarrena eta benetan hautsak harrotu dituena Allan Daly da, AEBetan sortu eta Athenryko emakume batekin ezkondua, Kaliforniako Sierra Search ingurumen aholkularitzarekin lan egiten duena internet bidez.

Allan Daly joan den udan bisitatu zuen David Gilbert kazetariak, haren argudioak Vice hedabidean biltzeko “Irlandako herri txiki bateko gizon batek pikutara bidal ditzake Applek Europarako dituen planak” kronikan. “Dalyren kezka da Applen data center berria sekulako zama izango dela Irlandako sare elektrikoarentzako. Era berean, Applek ez dauka planik eraikuntza berrietan sortuko dituen gas isuri handiak murrizteko. Proiektuarentzako aukeratu duten lekua ere ez da egokia, Galwayn badira gune egokiagoak dagoenekoz  planetan izendatuta daudenen artean”.

2015eko abuztuan jaso zuen Appleren ordezkarien bisita. Athenryko hotel bakarrean egindako hitzorduan, oso gozo mintzatu omen zitzaizkion, “baina argi utzi zuten ez zutela ezer aldatuko, ezer egitekotan egingo zela justu haiek esandako eran eta epeetan”. Munduan gehien balio duen konpainia horrela jokatzera dago ohituta.

Krisi garaiotan, iPhoneen salmentak makaldurik, konpainiaren emaitzak bermatzeko garrantzia berezia hartu dute, iTunes, App Store, iMessage, iPhoto eta gainerako zerbitzuek, datu biltegi handiak behar dituztenek. Eta Europako parlamentuetan kezka eragiten duenez bertako herritarren datuak munduan barrena zabaltzeak, horiek Europan biltzea nahitaezkoa bihurtu da. Oinarrizko negozio atal horretan besteren mende ez egoteko Applek bereak nahi ditu. Badauka bat Danimarkan eraikia eta Irlandako hau izanen da AEBetatik kanpo daukan bigarrena.

Daly ez da izango Irlandak gisa honetako proiektuetan ingurumen kontrol oso eskasak dauzkala dioen ez lehena eta ez bakarra, baina gehienek atzera egin duten bezala berak aurrera jarraitu du. Bide batez esanda, Amazonek Dublingo unibertsitateko campusean egin nahi duen 1.000 milioi euroko beste data center baten kontra ere ari da.

Salaltzen duenez, Dublingo agintariek IDA Irlandako Garapen Agentziaren bidez herritarrei ezkutatzen dizkiete proiektuen benetako ingurumen eraginak, multinazionalak ekartzeko beren obsesioan. Ez da harritzekoa Athenry eta inguruetan herritar gehienak haserre egotea Dalyrekin, eskualdea berpizteko aukera galduko duten beldurrez. Athenry for Apple facebookean ikus-entzun daitezke beren argudioak, Applek ekarriko dien aurrerapenaren itxaropenak eta Dalyren kontrako haserrea.

Viceko kazetaria egon baitzen talde horretako kideekin, Daly aipatuta batek esan zion “proiektu handiak oztopatzen jarraitzen baldin bazuen, bukatuko zuela Michael McCoyk bezala”. McCoyk Dublin inguruko beste herri batean hainbat proiekturi oztopoak jartzen zizkion eta joan den urte amaieran haren gorpua aurkitu zuten jipoituta hila. Hemerotekan bilatuz gero irakur daiteke poliziak ez duela hiltzailerik aurkitu.

Kolonialismo berria Europan bertan

Allan Dalyk kalkulatu duenez, Athenryko data biltegia eginez gero Applek 240 Megawat kontsumituko ditu, hots, Irlandako argindar kontsumoaren %6, herrialdeko etxebizitza guztien laurdenaren pareko. Applek dio, bost urteren buruan gehienez 30 Megawatera iritsiko dela. Dalyk arrapostu, Applek kontabilitatetik kanpo uzten dituela Irlandan dauzkan zerbitzu ugarien kontsumoak.

Kontua da Irlanda kokagune estrategiko bilakatu dela konpainia askorentzako. Batetik, Brexitarekin, bera gera liteke Europar Batasuneko herrialde ingeles hiztun bakar. Eta bestetik, konpainien etekinei jartzen dizkien zergak Europako apalenak dira. Microsoft izan zen lurreratzen lehenbizikoa, 2009an Dublinen ia bost hektareako eraikina ezarriz. Ondoren iritsi dira Alibaba, Google, Amazon, Facebook...

Multinazionalen data biltegiek iaz bertan 300 Megawat baino gehiago kontsumitzen zuten. Horretarako argindar sarean egokitzapen handiak egin behar izan ditu Irlandak, milaka milioi aterata irlandarren sakelatik. Ordainetan, oso enplegu gutxi sortzen dute, Applek Athenryrako 150 aipatzen ditu, Amazonek Dublinen 15 sortu ditu.

Applek dio energia guztia berriztagarrietatik eskuratuko duela. Greenpeacek ere txalotu omen du jarduera hori. Dalyk uste du, aldiz, kontsumo itzel hori lehendik dauden berriztagarrietatik xurgatzea ez dela onargarria, Apple agintariek behartu behar dutela bere ingurumen eragina murriztera. Danimarkak, esate baterako, bertan data center bat eraikitzeko exijitu dio ordenagailuek sortutako beroa aprobetxatzea inguruko etxeen berokuntzan, Seatlen Amazoni eskatu dioten bezala; Kalifornian Googlek teilatuetako euria biltzen du makinak hozteko. Applek antzeko konpentsazio bat egin ahal izango zuen 200 hektareatako oihanaren ordez onartu balu beste lur eremu bat Athenryn bertan, herriko eraikin publikoak berotuz. Baina Apple ohituta dago nahi duen guztia egiten Irlandan.

Zer diren kointzidentziak, Dublingo epaileek Athenryko data biltegiari argi berdea eman dioten egun beretan Europako Batzordeak Irlanda auzitara eraman du Appleri 13.000 milioi euro barkatu dizkiolako zergatan. Iazko irailean agindu zioten Europako agintariek Dublingoei kobratu gabeko zerga horiek eskatzea Appleri. Kopuru izugarriak Irlandaren urteko gastu sozialaren bi heren adinakoak. Baina gobernuaz gain herritarrak ere zorra ez erreklamatzearen alde daude, inkesten arabera.

80ko hamarkadatik neoliberalek beste guztiontzako garapen eredutzat aipatu izan duten tigre zeltak paradisu fiskal baten baldintzak eskaini dizkie multinazionalei. 2008ko krisia lehertu zenean inork ez zituen ukitu horien zerga betebeharrak. Europak ezarritako neurri hori saihestu eta korporazio handioi plazer egiteko edozer egingo du Irlandak: XXI. mendeko kolonia baten ezaugarri asko betetzen ditu, tartean herritarren menpekotasuna. Baldintza horietan, ea nork erakusten dizkion hortzak Appleri.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irlanda
2024-02-05 | Cira Crespo
EUROPAKO TXIKI(TU)AK
Marginaliak


13 urtera arte mugikorrik ez: Irlandako hiri bateko ikastetxe eta guraso elkarte guztiek hartu duten erabakia

Herri bateko familia eta eskola guztiek adosten badute haurrei ez dietela smartphonerik erosiko, akabo seme-alabei mugikorra emateko presioa, akabo mugikorrik ez duen haur bakan horien bazterketa. Bada, Irlandako Greystones hiriko zortzi ikastetxeek eta horietako guraso... [+]


2023-05-25 | Axier Lopez
1.200 miloi euroko zigorra ezarri diote Facebooki herritarren pribatutasuna urratzeagatik

Europar Batasunean inoiz enpresa bati ezarri dion isunik handiena jarri dio Facebook, Instagram eta WhatsApp-en jabe den enpresari, Meta-ri, herritarren datuen babeserako arauak urratzeagatik. Edonola ere, 1.200 milioiko zigor hori 2022an Metak izandako irabazien %5 inguru... [+]


Udal hauteskundeak aise irabazi ondoren, Sinn Feinek Stormont desblokeatzea eskatzen du

Sinn Feinek lehen aldiz irabazi ditu Ipar Irlandako udal hauteskundeak, eta 462 zinegotzietatik 144 eskuratu ditu, duela lau urte baino 39 gehiago. Alderdi errepublikarraren ustez, horrek balio beharko luke unionismoak blokeatzen duen Stormonteko Legebiltzarra berriz... [+]


2023-04-23 | Axier Lopez
Justizia bidean?

Mende laurdena bete du Ipar Irlandako Ostiral Santuko Hitzarmenak, gatazka armatuen konponbiderako erreferenteetako bat bilakatu dena munduan. 1998ko akordioaren helburu nagusia biolentziari amaiera jartzea zen. Indarkeria izugarri apaldu da, baina ez da desagertu. Berbarako,... [+]


Eguneraketa berriak daude