1.200 miloi euroko zigorra ezarri diote Facebooki herritarren pribatutasuna urratzeagatik

  • Europar Batasunean inoiz enpresa bati ezarri dion isunik handiena jarri dio Facebook, Instagram eta WhatsApp-en jabe den enpresari, Meta-ri, herritarren datuen babeserako arauak urratzeagatik. Edonola ere, 1.200 milioiko zigor hori 2022an Metak izandako irabazien %5 inguru besterik ez da,  23.200 milioi dolar poltsikoratu baitzituen Mark Zuckerbergen enpresak.


2023ko maiatzaren 25an - 07:50

Meta multinazionalak 1.200 milioi euroko zigorra jaso du Datuak Babesteko Europako Araudi Orokorra ez betetzeagatik, Irlandako eta Europako datuak babesteko Batzordeek astelehenean iragarri dutenez. Pribatutasunaren arloan Europar Batasunean inoiz ezarritako isunik handiena da.

Kasu honetan, Facebook izan da zigortutako enpresa. Epaiak dio Metak, Facebooken jabe den enpresak, ez duela babestu Europako herritarren informazioa AEBetako segurtasun-agentzien zelatatik. Aurretik ere, arrazoi bertsuagatik, azken urte eta erdian jasotako isun guztiak batuta ia 1.400 milioi euroko zigorra jaso dute Facebookek eta Metaren jabetzako Instagramek eta Whatsappek.

Oraingoan isunaren zenbatekoa handiagoa izan da Metak hiru urtez legea hautsi duelako, jakinaren gainean egonda ere. 2020ko uztailean, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak erabaki zuen Meta bezalako multinazional digitalek EBko legedia urratzen zutela Europan bildutako herritarren informazioa pertsonala AEBetako beren zerbitzarietara eramatean. Hala, informazio uholde hori behin Metaren AEBetako zerbitzarietan egonda, AEBetako Gobernuaren segurtasun-agentzientzat eskuragarri jartzen dituelako, eta han datu horien gaineko ikerketek ez dutelako berme judizial bera.

Facebookek bost hilabeteko epea du erabiltzaileen datuak Europa eta AEB artean transferitzeari uzteko. Mark Zuckerbergek, bere aldetik, erabakia apelatuko duela iragarri du, eta Europan ez dutela berehala haien zerbitzuak etengo. 2021eko amaieran, AEBetako presidente Joe Bidenek eta Europar Batasuneko presidente Ursula von der Leyenek akordio baten oinarriak iragarri zituzten. Ondoren balizko akordio horrek hainbat berrikuspen izan ditu eta aurten indarrean ezarri nahiko lukete, baina litekeena da akordioa bera epaitegietara eramatea pribatutasunaren babeserako taldeek. Aukera horri eusten dio Facebookek eta kaltetutako gainerako enpresek beren negozioa eraldatu behar ez izateko eta orain arte bezala jendearen informazio pertsonalarekin negozioa egiten jarraitzeko.

Multinazionalen praktika ilun horiek argitara atera ziren duela hamarkada bat, Edward Snowdenek jakitera eman zuenean AEBetako Segurtasun Nazionaleko Agentziak mundu osoko milioika herritarren datuak Interneten zelatatzen zituela. Galdera da orain zergatik jarri dioten isuna Facebooki bakarrik, WhatsApp, Instagram, Google, Amazon edo Apple bezalako multinazional teknologikoek ere araudia urratzen duen jokabide bera izanda.

Max Schrems 2016ko argazki batean / Wikipedia CC-BY-SA

10 urte Facebooken praktikak salatzen

Irlandako Datuen Babeserako Batzordeak (DPZ) astelehen honetan Metari isuna jartzea lortu duen abokatua 32 urteko Max Schrems austriarra da. 2021ean El Pais egunkarian egindako elkarrizketa batean azaldu zuen noiz hasi zen informazioaren multinazionalek beren botereaz abusatzeko duten jokabideaz kezkatzen eta salatzen: “Sarean gertatzen den gauza asko –zure gustuen, lagunen eta ideien analisia, kasu– ezertxo ere egin gabe gertatzen da. Nire kasuan, adibidez, ez nuen inoiz nire sexu-joeraz idatzi Facebooken, baina, hala ere, nire lagun asko homosexualak zirela ikusita, ni ere homosexualak naizela ondorioztatu zuen Facebookek".

Ondorengoa ere azpimarratu zuen elkarrizketa hartan: " Ezkutatzeko ezer ez duzulako, pribatutasunik behar ez duzula esatea, adierazpen-askatasunik behar ez duzula esatea bezala da, ezer esatekorik ez duzulakoan. 10 urte daramatzat Facebook ikasten, eta haren aurkako auziak sustatzen, eta oraindik ez dut erabat ulertzen nola funtzionatzen duen. Beraz, ezin dugu pentsatu 18 urteko nerabe batek ulertuko duenik Facebook erabiltzeak zer ondorio dakarren, zentzugabea da. Inork ez ditu pribatutasun-baldintzak irakurtzen”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Datuen zelatariak
Google Analytics-en alternatiba librea den Matomo euskaraz erabil daiteke

Webguneen arduradunek beren bisitarien trafikoa aztertu nahi izaten dute, baina horretarako gehien erabiltzen den Google Analytics tresnak pribatutasun eta lege arazoak ditu. Alternatiba etikoago bezala gehien erabiltzen den Matomo software librea euskaratu du Iametzak.


Software librea erabiltzen duten ikastetxeek beraien esperientzia azaldu dute Eusko Legebiltzarrean

Software librea erabiltzen duten Lezo BHI, Irungo Hirubide BHI eta Donostiako Antigua-Luberri BHI ikastetxeek beren esperientzia azaldu dute Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean, EH Bilduko Lore Martinez Axpek eskatuta. Institutuetako ordezkarien aurkezpenen bideoak [+]


Danimarkak legez kanpokotzat jo du Googlek ikasleen datuak biltzea

Euskal Herriko eskola askotan bezala, Danimarkan ere Chromebook-ak eta Google Workspace (lehen G Suite for Education deitua) erabiltzen dira. Hala ere, datorren ikasturtetik aurrera gauzak aldatzera doazela dirudi, datuen babeserako agentzia daniarrak legez kanpokotzat jo baitu... [+]


Gobernuek espioitzarako erabiltzen dituzte mugikorreko jakinarazpenak, AEBetako senatari baten arabera

Orain arte ezezaguna zen zelatatzeko metodo baten berri eman du AEBetako Ron Wyden senatariak: mugikorreko jakinarazpenak. AEBetako eta beste estatu batzuetako gobernuak teknika hori erabiltzen ari dira, Reuters-ek jakitera eman duenez.


2023-11-24 | Gedar
Europako biztanle bakoitzak nortasun digital bat izatea nahi dute

Filtratu egin da eIDAS 2 araudi berriaren zirriborroa, eta jakinarazi dute nortasun digital bat sortu nahi dutela pertsona bakoitzarentzat. Modu zentralizatuan eta digitalki, biztanle bakoitzaren askotariko datu eta agiriak jasoko ditu biltegi horrek.


Eguneraketa berriak daude