Irlandako hiriburuan milaka lagun bildu dira irlandera sustatzeko ekintzak eta finantzazioa eskatzeko. Hizkuntza gutxiagotua aldarrikatzeko mezuez gain, eskuin muturraren aurkako adierazpenak egin dituzte eta gaeliko inklusibo baten alde egin dute.
Irlanderaren eskubideak aldarrikatzen dituzten elkarteen eta komunitateetako taldeen artean antolatu dute irailaren 20ko manifestazioa. Gaeliko hiztunei kalte egiten dieten egiturazko arazoak salatu dituzte. Hutsune horien ondorioz, Gaeltacht lurraldeen bideragarritasuna arriskuan jartzen dela salatu dute. Gaeltacht izendapena ematen zaie irlandera ama hizkuntza duten eta egunerokoan hitz egiten duten hiztunen eremuei. XX. mende hasieran hasi ziren izendapenok egiten. Manifestazioan, hizkuntza suspertzeko baliabideak eskatzeaz gain, Gaeltacht eremuetarako etxebizitza, hezkuntza eta finantzazio neurriak eskatu dituzte.
Antolatzaileek eskuin muturra gaitzetsi dute, baita “munduan zehar faxistekin lagun egiten diren horiek guztiak” ere. Irlanderarentzat etorkizun “inklusiboa” irudikatu dute, eta eskuin muturraren gogortzea eta faxismoa arbuiatu. Komunitate etorri berriei zuzendu zaizkie eta ongi etorria eman diete. Gehitu dute hizkuntzaren aldeko mugimenduak internazionalismoan eta elkartasunean dituela sustraiak, “eta ez intolerantzian eta gorrotoan”. Manifestazioan Palestinaren aldeko banderak ikusi dira eta antolatzaileek Israel burutzen ari den genozidioa gaitzetsi dute.
Lá dár saol:heart_on_fire: Bhí inné speisialta!
— Conradh na Gaeilge :: (@CnaG) September 21, 2025
25,000 guthanna, teanga amháin, pobal amháin:green_heart:
Go raibh míle maith agaibh ar fad :fist: pic.twitter.com/oM29mb5KYc
Hitzak soberan, inbertsioak beharrezko
Gaelikoaren aldeko eta irlanderaren eremuetarako inbertsioak eskatu dituzte, hitzez aspertuta: “Ez dute aukerarik galtzen hizkuntzaren alde hitz egiteko, baina aukera guztiak galtzen dituzte gu ekintza eta finantzazio bidez babesteko”. Galesen hartutako bidea aipatu dute antolatzaileek. 2050erako milioi bat gales hiztun izatea jarri dute helburu. Irlandako agintariei adibidetzat hartzeko eskatu diete: “Dublingo Gobernuak zergatik ezin du gauza bera egin? Zergatik gaude irlandarrak miserian, estatuak inoiz baino diru gehiago daukanean?”. Hizkuntzaren alde egiteko diru inbertsioek behera egin dutela salatu dute. 2004tik %45 egin dute behera. Irlandako Estatuak aurrekontuaren %0,1 bideratzen du hizkuntza gutxiagotua suspertzera eta Ipar Irlandak %0,02. Antolatzaileen ustez, “aurrekontu horiek erakusten dute gure ama hizkuntzari ematen dioten garrantzia”.