"Mediku zirkuituen bidez lor daiteke lehenetsitako hizkuntzan arreta jasotzea"

  • Bidane Petralanda Mendiola EHUko Medikuntzako ikasleak gradu amaierako lana martxoan bukatu zuen: Osasun profesionalaren eta pazientearen arteko hizkuntza-mugei aurre egiteko euskarazko asistentzia zirkuituen esperientzia. Osasungintza eta euskara lotzen dituen lehenengo lana da. Ikerketa Dublinen aurkeztu berri du, osasun arreta integratuaren inguruko konferentzian.

Argazkia: Ainhoa Ortega Bretos.
Argazkia: Ainhoa Ortega Bretos.

Zer dira hizkuntza-mugak?

Hizkuntza bera hitz egiten ez duten bi pertsonen arteko komunikazio arazoak dira, edo hizkuntza bera hitz egin arren maila desberdinetan kontrolatzen duten bi pertsonen arteko komunikazio arazoak.

Zer nolako eragina dute pazienteengan?

Lehenik eta behin, legalki eragina dute Euskal Autonomia Erkidegoan. Bertako biztanle garenok eskubidea daukagu euskarazko tratua jasotzeko, eta ez da bermatzen. Paziente erdaldun baten eskubideak euskaldun batenak baino gehiago errespetatzen dira.

Horrez gain, arazo klinikoak eragin ditzakete. Elkarri ondo ulertu barik ezin dira praktika kliniko seguruak egin.

Ama hizkuntzan ez mintzatzeak deserosotasuna eragin dezake, bestelako hizkuntzak behar bezala ulertu arren. Eroso sentitzen ez den pazienteak ez du konfiantzaz kontatuko gertatzen zaiona, eta gauza batzuk azaldu barik utziko ditu. Elkarrizketa egokia izateko arazoak badaude, diagnostikoa desegokia izan daiteke.

Azken batean, hizkuntza-mugek pazientearentzat arriskutsuak diren gertaerak eragin ditzakete, bere gogobetetzea nabarmen jaisten dute, eta oztopo dira kalitatezko osasun arreta eskaintzeko orduan.

Zertan datza kalitatezko osasun arreta?

Kalitatezko zerbitzua eskaintzeko pazientearen ongizate fisiko, biologiko eta soziala bermatu behar da. Pazienteak izan behar du oinarria, ez medikuak. Oso garrantzitsua da pazientearen ezaugarriak kontuan hartzea: adina, sexua, lanbidea, eta abar. Berak lehenetsitako hizkuntza kontuan hartzen ez bada, ez da kontuan hartzen bere ezaugarrietako bat. Harreman estua dago kalitatezko osasun arretaren eta hizkuntzaren artean.  

Orduan, kalitatea bermatzeko ezinbestekoa da hizkuntza-mugei aurre egitea. Zeintzuk dira horretarako oztopoak?

Batez ere kostu ekonomikoa. Ikastaroak, interpreteak, eta abar ordaintzeko dirua behar da. Hala ere, ez dago hizkuntza-mugekin lotutako gastu ekonomikoaren ikerketa nahikorik. Itzultzaileen prestakuntza ere aipatzen du Galesko unibertsitatean egindako ikerketa batek oztopo modura, eta osasun langileen denbora falta.  

Osakidetzak II. Euskara Planean proposatzen dituen euskarazko asistentzia-zirkuituak aztertu dituzu. Zer dira zirkuitu horiek?

Paziente batek, gai jakin bategatik, tratamendua amaitu arte kontsultatu behar dituen familiako mediku eta espezialista denek osatzen dute zirkuitua.  Gaur egun egiten dena zera da, familiako medikuak ikusten duenean pazienteak espezialista batengana jo behar duela hitzordua ematen dio, espezialistak ahal duen egunean. Euskarazko asistentzia-zirkuituan identifikatu egiten dira euskarazko tratua nahi duten pazienteak eta euskarazko tratua emateko gai diren osasun profesionalak. Horren ostean, euskarazko agenda irekitzen da. Familiako medikuak pazientea espezialistarengana bidali behar duenean, euskarazko kontsulta dagoen egunean jarriko dio hitzordua. Antolakuntza kontua da.

Argazkia: Ainhoa Ortega Bretos.

II. Euskara Plana onartu eta lau urtera, nola dabil zirkuitu sistema?

Ofizialki ez dago asistentzia-zirkuitu sistema bat bera ere. Paziente eta osasun profesional askok ez dute sistema ezagutzen. Aldiz, estraofizialki ari diren bi zirkuitu ezagutu ditut, Osakidetzaren inongo jarraipenik ez dutenak, eta esango nuke ez dagoela besterik. Nik aztertu ditudanak Arrasateko ESIko Urologia zerbitzukoa eta Gasteizko ESIko Haur Urologia zerbitzukoa dira, eta arduraduna mediku bera da bietan, Egoitz Tolosa. Familiako medikuak pisu handia dauka sistemaren funtzionamenduan, kontsulta-orrian adierazita utzi behar baitu pazienteak euskarazko tratua jaso nahi duela. Horrela egiten badu, adibide honetan Tolosarengana bideratuko luke pazientea, eta ez gainerako urologoengana.

Hala ere, ez dira zirkuitu osoak, Urologia zerbitzuan baino ez delako egiten.  

Asistentzia-zirkuiturik ez duten zerbitzu bi ere aztertu dituzu, eta zirkuitu sistema erabiltzen dutenekin alderatu. Zein desberdintasun daude bien artean?  

Zirkuituari esker jakin daiteke zenbat jendek nahi duen euskarazko tratua eta zenbatek ez, eta zenbat kontsulta egiten diren benetan euskaraz. Gogobetetzeari dagokionez ere, gauza bera. Zirkuitudun zerbitzuetan badakigu zenbat jende dagoen pozik sistemarekin, zerbitzu hori ez dagoen lekuetan ez.

Garrantzitsua da baita ere jakitea zenbat mediku euskaldun behar diren, eta sistema horren bidez lortu daiteke datu hori. Arrasaten, adibidez, ikusi da eskaera eskaintza baino handiagoa dela. Horrek neurriak hartzen lagundu dezake.

Horrez gain, niretzat esanguratsuena izan da ohartzea euskaraz hitz egiteko gai diren mediku gehiago daudela aztertu ditudan zirkuiturik gabeko zerbitzuetan zirkuitudunetan baino. Horrek esan nahi du, mediku euskalduna egoteak ez duela bermatzen mediku-paziente harremana euskaraz izango denik. Zirkuituetan, ostera, bermatuta dago euskarazko asistentzia.

Euskarazko arreta bermatuta dago bi zirkuitu horietan, baina erakundeen jarraipenik ez dutela esan duzu.

Momentuz behintzat ez, eta ondorioz informazio gabezia dugu. Ezin dugu ziur jakin lehen mailako arretako paziente guztiei euskarazko arreta jaso dezaketela azaldu zaienik eskaintza aktibo bidez.  

Osakidetzak zirkuituak martxan jartzeko eta jarraipena egiteko borondate handiagoa erakutsiko balu, posible litzateke osasun profesionalen eta pazienteen arteko hizkuntza-mugei aurre egitea?

Nire ustez, bai. Hizkuntza-muga guzti-guztiei agian ez. Baina orokorrean, mediku kontsultetan, nik uste dut posible izango litzatekeela denok lehenetsitako hizkuntzan (EAEn ofizialak diren bietan, behintzat) arreta jasotzea.

Borondate handia behar da, baina ez dut uste medikuen lana hau izan behar denik, goitik irten beharko litzateke, beste gauza batzuk ateratzen diren moduan. Hala ere, administrazioan ez diote garrantzi handirik ematen, ez da euren lehentasuna.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza politika
EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Hamabi hizkuntzatan banatuko du UEMAK Korrikari buruzko informazioa

23. Korrikaren atarian, udalerri euskaldunetako bizilagun guztiek Korrikaren berri izatea garrantzitsua dela iritzita, diptikoa banatuko du UEMAk hamaika hizkuntzatara itzulita.


2024-03-04 | ARGIA
Udalekuak egingo ditu UEMAk euskaraz bizi diren gazteentzako

Beste urte batez, uda garairako, Salto! udaleku ibiltariak antolatu ditu UEMAk. Udalerri euskaldunetako gazteak elkartuko dira aisialdiaz gozatzeko. UEMAren helburua da “euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu... [+]


Euskara Ipar Euskal Herrian
Azken sokatirak, hizkuntza politika eraginkor baten alde

2024 urte hastapenean adostuko du ondoko urteetarako hizkuntza politika Euskararen Erakunde Publikoak (EEP). Azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak eta EEPk 2050ari begira egindako aurreikuspenak esku artean, alarma gorria pizturik du euskalgintza sozialak: ezin da orain... [+]


Azkoitiko Udala UEMAko kide izango da

EAJren, EH Bilduren eta Azkoitia Bairen aldeko bozkekin hartu dute erabakia. Udalbatza osatzen duten hamazazpi zinegotzietatik hamaseiren aldeko botoa jaso du Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera (UEMA) sartzeko eskaerak.


Eguneraketa berriak daude