Azken sokatirak, hizkuntza politika eraginkor baten alde

  • 2024 urte hastapenean adostuko du ondoko urteetarako hizkuntza politika Euskararen Erakunde Publikoak (EEP). Azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak eta EEPk 2050ari begira egindako aurreikuspenak esku artean, alarma gorria pizturik du euskalgintza sozialak: ezin da orain arteko lanketa eta baliabideekin segitu, anitzez gehiago behar du euskarak. Manua bideratu die Euskal Konfederazioak instituzioei: 2050erako euskaldunak %30 izatera eramango gaituen hizkuntza politika bat behar du Ipar Euskal Herriak. Gaur egun Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan euskaldunak %20,1 dira, diglosia bortitzean direnak, ofizialtasunaren babesik gabe, baina euskaraz bizitzeko borondate handiz dabiltzanak.

Guillaume Fauveau

Euskalgintzak badaki orain dela, hein handi batean jokatzen, ondoko urteetarako Ipar Euskal Herriko hizkuntza politika. Urriaren 19ko Euskal Konfederazioaren interpelazio publiko jendetsua –2050erako euskal hiztunak %30 izatea bermatuko duen politika ausarta galdatzeko antolaturiko prentsaurrekoa–, bilkura ofizialak zein estraofizialak, urte bukaera kargatua dute euskararen alde diharduten eragile sozial zein instituzionalek. Hain zuzen, sei urtero ebaluatzen du egindakoa Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) eta heldu zaio unea. 2024 hastapenean bozkatuko du EEPk aurrekontua, eta ikustekoa da hizkuntza politikaren berrikusketari lotzen diren ala ez –2006an adostu zutena ez dutelako orduz geroztik sakonki arraberritu–.

EEPk irailean aurkeztu zien lan-dokumentua esku artean, ahoan bilorik gabe hitz egin zuen euskalgintzako eragileak biltzen dituen Euskal Konfederazioak: “EEPk ez du euskararen geroa segurtatuko duen hizkuntza politikarik proposatzen. Haien proposamen bakarra da, orain arte bezala segitzea”. Azken inkesta soziolingustikoak azaleratu datuak kezkagarriak dira: %20,1 dira euskaldunak (%24,7 ziren 2001ean) eta bistan da, batez besteko bat da, Ipar Euskal Herriko hiru biztanleetarik bat dituen Baiona-Miarritze-Angelu hiri-eremuan %8,4 delako euskaldunen kopurua. Egoera lingustiko desorekatu eta diglosiko horretan euskararen erabilpen maila are kezkagarriagoa da: bakarrik %7,1 euskaraz ari da frantsesez bezainbat edo gehiago (%10 ziren 2001ean), eta Baiona-Angelu-Miarritzen %1,9 dira.

Nola egin egoera kritiko horretatik ateratzeko? UNESCO Nazio Batuen Erakundeak dio bizirauteko hizkuntza batek behar duen gutieneko hiztun proportzioa %30Ekoa dela. Nola iritsi horretara? Nola arribatu euskararen ofizialtasunik gabe eta Frantziaren Konstituzioaren 2. artikulua traba gisa etengabean emana zaigun testuinguru konplikatuan? Galdera horiek esku artean hitz egin dugu euskalgintzako hainbat eragilerekin: haurtzaindegi euskaldunen sarea garatu nahian dabilen Konkolotx elkarteko Elorri Arin; haurrentzako aisialdia euskara hutsean proposatzen dabilen Udaleku-ko Maddi Bordagarai; helduak euskalduntzen dabilen AEK-ko Ihintz Oliden; euskararen erabilpenaren alde dabiltzan Plazara kooperatibako Eneko Gorri, Irati Fernandez eta Kamila Harluxet, baita EEPko presidentetza utzi berri duen eta Euskal Hirigune Elkargoan euskararen ardura duen presidenteorde Antton Kurutxarri ere –EEPko presidente Maider Behotegik ez die erantzun ARGIAren elkarrizketa eskaerei–.

plazara. Irailaren 26an aurkeztu zuten euskararen erabilpena sustatzeko hamaika zerbitzu proposatuko dituen Plazara izeneko eragile berria. Argazkia: Plazara

“EEPko lehendakari berriari eskatu nahi diogu ausarta izan dadin, helburu ausartak finka ditzan eta araberako baliabideak ezar ditzatela Estatuak, Eskualdeak, Departamenduak eta Euskal Hirigune Elkargoak. (...) Ez da oraino berantegi euskara berpizteko, baldin eta zinezko borondate politikoa agertzen bada. Aldiz, gaur egungo erritmoan eta gaur egungo baliabideekin segitzea euskara epe ertainean hiltzera kondenatzea litzateke”. Abisu hori luzatuz bukatu zuen bere adierazpena Euskal Konfederazioak urriaren 19ko alarma piztean.

“Estatua, Eskualdea, Departamendua eta Elkargoa dira EEPn. Kide batzuek euskararen alde sobera engaiatzen garenaren susmoa dute”
Antton Kurutxarri

Instituzioei dagokionez, EEPz gain, 2017an osatu zen Euskal Hirigune Elkargoak ere badu Ipar Euskal Herri mailako hizkuntza politikan ardura handia. 2018ko ekainaren 23an Euskara jalgi hadi plazara hizkuntza politika bozkatu zuen, bide beretik “ofizialki” ezagutuz euskara eta gaskoia ere lurralde honetako hizkuntza gisa –sinbolikoki bere pisua ukan bazuen ere adierazpenak, ez zen, ordea, “ofizialtasuna” aldarrikatzeko eta beraz desobeditzeko urratsa izan–.

Helburuak gora jarri, ausardiaz jokarazteko

“Zein anbizio dugu euskararentzat? Zein bisio dugu? Guri dagokigu, militanteei, helburuen finkatzea, politikariei uzten badiegu ez dugulako lortuko. Eta ez badugu guk sinesten, ez dugulako inoiz lortuko”, dio Plazarako Gorrik, 2050erako jarritako %30 euskaldunen helmugaz aritzerakoan.

Orain arteko hizkuntza politika ez delako aski ausarta eta eraginkorra. Egiaztapen hori aho batekoa da euskalgintza sozialean. AEK-ko Olidenek dio oinarritik duela planteamendua txarra EEPk: “Baliabideen araberako politika eramaten dute, baina alderantziz, hizkuntza politika landu behar dute ondotik horren araberako baliabideak bideratzeko”.

5.257.046 euroko aurrekontua zuen 2023 urterako –eta horietako 1.930.000 euro euskalgintzako eragileentzat–. 2003an sortzerakoan zuen 2 milioi euroko aurrekontuaz geroztik apurka-apurka emendatuz joan da, azken emendioa 2017an izanik Euskal Hirigune Elkargoaren sorrerarekin batera. Aurrekontu eskasegia, hizkuntza politika eraginkor bat eramateko eta euskararen alde dabiltzan eragileek duinki lan egin ahal izateko. Bere egoera prekarioa salatu zuen iazko abenduan AEK-k eta Udalekuren aldia izan zen martxoan. Aldian aldi, ezohiko txeke bat errezibiturik, egoera finantzarioa hobetu eta langileen soldaten emendioa bideratu ahal izan dute –horrela hitzarmen kolektiboek behartzen duten soldata minimoa bermatzeko–. Baina aldian aldiko petatxua ez da ere aterabidea, epe ertain-luzerako bermerik ez dutelako.

Gainera, euskalgintzak beharko lukeen garapena ezinezko egiten du segurtasun ekonomiko ezak: “Ez dugu lortzen eskaerei erantzuten, blokeatuak gara, haurrak errefusatzen gabiltza”, dio Udalekuko Bordagaraik. Berez herriko etxeek diruztatu behar lituzkete aisialdi guneak, baina ez ditu ezerk horretara behartzen. Egoeraren larritasuna irudikatzeko, jakin behar da haur/egunka kalkulatzen dela gastuena eta minimoki Udalekuk 25 euro beharko lituzkeela haur/egunka –EEPk gomendatzen dio 32 euro galdetzea herriko etxeei–; baina gaur egun bakar batzuk dute hori segurtatzen (Ziburu, Uztaritze...), besteena apalagoa da, hutsaren hurrengoa delarik batzuentzat (Hendaiak, demagun, bi euro banatzen ditu haur/egunka). Hori horrela, ekonomikoki gaizki dira eta nahiz eta galdea izan, ezin diote interesatu orori bermatu euskara hutsezko aisialdia. Adibide bat ematearren, 260 bat leku dituzte udako egonaldiarentzat eta parean, berriz, 500 eskaera.

Egoera berean da Konkolotx egitura ere, haurtzaindegia edo haurtzain etxea euskara hutsean nahi luketen guztiei erantzun ezinean. Adibidez, Miarritzeko Ohakoa haurtzaindegian 25 familiaren eskaerari ezetza eman behar izan diote aurten. “Lanean hasi naiz, nire lanpostua diruztatua izanen den jakin gabe” dio Konkolotxeko koordinatzaileak. Eta berdin dabiltza Plazarako lau langileak. Batak eta besteak diru bilketa bat abiatua dute, herritarren babesari esker aitzina egin ahal izateko.

Euskalgintzako eragileek badakite ez dela bakarrik sos kontua eta nahikeria politikoa dela oinarrian. “Azkenean, arazoa politikoa da: zer nolako herria nahi dugu? Zein dira lehentasunak? Hitzetan gara, hitz politetan hori bai, baina hitzak ez dira nahikoak eta gaur egun emana dena ez da onargarria”, Bordagarairen arabera. “Hizkuntza politika beti lehian dago beste politikekin, beti dituzte justifikazio batzuk urrunago ez joateko. Ez da anbizio aski. (...) Ideien bataila irabazi dugu eta orain alde izatetik alde egitera pasa behar gara. Oraingo negoziaketa fasean frogatu dezakete badutela alde egiteko gogoa”, dio Gorrik, borondate politikoaren inportantzia azpimarratuz.

“Ideien bataila irabazi dugu eta orain alde izatetik alde egitera pasa behar gara. Orain frogatu dezakete badutela alde egiteko borondatea”
Eneko Gorri

EEPko kide den Kurutxarrirekin ere hitz egin dugu. Ezkerreko abertzalea da, euskaltzalea eta hautetsi izan aitzin jadanik bazebilen euskalgintzan eta kulturgintzan –besteak beste, Nafarroaren Egunaren antolatzaile den Basaizea elkartean–. EEPko presidente izan da azken hiru urteetan eta aldi horren balorapena galdetzerakoan ondokoa ihardukitzen dio kazetariari: “Lan biziki nekea da –ez naiz nire pertsonaz ari, EEPz ari naiz–: Ipar Euskal Herria ttipi-ttipia da, denek elkar ezagutzen dugu eta gauza kontrajarriak itxoiten ditu jendeak. Instituzioaren baitan, berriz, politika publikoa eramateko kontu oro justifikatu eta neurtu behar dugu, begirada zorrotza dute instituzioek, berez gauza ona ere badena. Lau kideen artean adosturiko politika da –Euskal Hirigune Elkargoa, Estatua, Eskualdea eta Departamendua– eta EEP euskararen alde sobera engaiatzen denaren susmoa dute horietariko batzuek. Baina aldi berean, euskalgintzatik izugarriko presioa dugu, nahiko egiten ez dugula entzuten dugu, eta hori ere normala da gisa batez. Orduan horrela, bi aldeen artean gara, biziki gogorra da, bi aldeetatik ditugu kritikak, beti kritikatuak gara”. Ondoko abisua luzatu du: “EEP tresna interesgarria da, baina ez da hautsi behar, sobera azkar joz ez litzateke hautsi behar...” Bat egiten du instituzioei gehiago eskatu behar izanaren posturarekin, orain artekoan jarraituz euskarak “sekula baino leku ahulagoa eta apalagoa izanen lukeelako ondoko hamarkadetan”.

Euskararen aldeko egitura, baina Frantziarena...

EEPren osaketak ez du errazten hizkuntza politika eraginkor eta ausart baten lorpena. Azkenean, Frantziako Hezkuntza, Barne eta Kultura ministerioekin adostu beharrekoa delako, baita euskara lehentasunetan ez duten Eskualdearekin eta Departamenduarekin batera ere. Azkenean, nahikeria politikoa osaketa politikoaren araberakoa da, eta hor daukagu segur aski hizkuntza politika eskasaren arrazoia, Frantziaren eta frantsesen ikuspegitik zentzuzkoa eta nahikoa dena, noski. Barnetik ikusita ez da erraza elkarlan hori eta lau kideek onargarritzat joko duten politika eta aurrekontua finkatzearena. Funtsean, 2017an Aholku Batzordetik atera ziren Euskal Konfederazioko eragileak, kide horien “borondate eta anbizio eskasari” erantzuteko. Orduz geroztik ez dira berriz sartu, nahiz eta paraleloki harremanak izaten segitu.

Abenduaren 16 honetan burutu ditu jardunaldiak Euskal Konfederazioak 2050erako jarritako helburua lortzeko bidean beharko litzatekeen hizkuntza politikaz taldean hausnartzeko. Egunaren bukaeran manifestua irakurri zuten, instituzioak interpelatzeko xedez.

%30 euskalduna, posible litzateke, baldin eta...

2050erako Ipar Euskal Herriko euskaldunen kopurua %17 beharrean %30 izateko zer aldatu, garatu eta sortu beharko litzatekeen galdetu diegu elkarrizketatuei. EEPk euskalgintzakoei bidalitako dokumentuan agertzen da hizkuntzaren erabilpenaren sustapena izan beharko dela ondoko hamarkadetako helburu nagusienetarikoa: “Gaurko egunean, euskararen erabilera oinarritzen da neurri handi batean hiztunen motibazio indibidualean eta ez euskararen erabilpenarentzako lekuen eta aukeren normalizazioan, garapenean eta dibertsifikazioan. Erabileraren igoera da beraz, hurrengo hamarkadarako hizkuntza politikaren erronka handia. Instituzio guztien borondatea eta gaitasuna dira giltzak, dagozkien eskumen guztiak baliatuz (haurtzaroa, gazteria, kultura, kirola, garapen ekonomikoa, komunikabideak, kultur ekoizpena eta abar.) hizkuntza politika garatzeko gisan, beren ekintzak euren artean eta EEPrekin koordinatuz”.

Euskalgintzako eragile guztiek bat egiten dute behar horrekin. Horregatik da Udaleku bezalako eskaintza ezinbestekoa, edota eremu sozioprofesionaletan euskararen presentzia garatzearen alde dabilen Plazararen lana ere beharrezkoa. Euskaraz bizi nahi duenak erabiltzeko okasioak behar dituelako.

Ipar Euskal Herriko paisaia linguistikoa hain da frantsestua non eta aisialdia euskaraz jasotzeko bertaraturiko haurrek ez duten euskara erabiltzeko ohitura edo maila –bistan da, salbuespenak salbuespen, Miarritzeko egoera ez delako Itsasukoa, demagun–.  Arazo hori eskolaren eremuan ere badago, sail elebidunean frantsesa dute nagusi eskolako patioan eta ikastolak ere ez dira errealitate horretatik aparte bizi.

“Euskara maila sobera apala dute, aktibitateetan hizkuntza maila biziki apala da. (...) Baina ez nau horrek gehien kezkatzen, hizkuntzarekin dugun harremana bizi guztian mugitu daitekeelako. Euskalgintzak duen baliabide eskasak nau kezkatzen. Euskararentzako arnasguneak gara eta ganibet bat dugu zintzur azpian”.

Konkolotxeko Arinek ezinbestekotzat jotzen du 0-3 urteetan murgiltze sistema garatzea. Horregatik bidali diete Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herriko etxeei gutuna, euskara hutsezko haurtzaindegi edo haurzain etxe bat sortu nahi izanez gero laguntza proposatuz. Gaur egun, bakarrik hiru haurtzaindegik eta bost haurtzain etxek dute euskara hutsean zaintzen haurra –eta frantsesaz gain euskara ere dutenak %33 inguru dira, Leha izeneko labelaren pean saretuak direnak–. Interesa erakutsirik, berri batzuk gehitu beharko lirateke gero hurbilean: Irulegi, Aiherra, Lehuntze, Bidarrai... “Ez da bakarrik euskarara sartzen ditugula umeak, euskal kulturara sartzen ditugu, mundu batera, sustraietatik badute euskara”. Gainera, ondotik ikastola edota irakaskuntza elebidunean sartu ohi dituzte gurasoek, eta Arinek badaki zein den emaitza: “Irakasleek erraten digute frantses familia batean izanik ere euskara ulertzen duela haurrak”. Elebiduna garatzeaz gain, murgiltze  eredua sustengatu nahian, 7.400 euro bideratzen ditu Euskal Hirigune Elkargoak irekitako leku bakoitzarentzat.

“Euskararentzako arnasgune bat gara,
baina ganibet bat dugu zintzur azpian”
Maddi Bordagarai

Azkenean, elkarrizketaturiko hainbatek ohartarazi duten gisara, euskalgintza “ekosistema” bat delako: elkar osatzen eta elikatzen diren eragilez osaturiko osotasun konpleto bat. Euskara ikasi nahi duenak, AEK beharko du, eta beharko ditu euskarazko komunikabideak, beharko ditu euskarazko aisialdiak, beharko du ingurune profesional euskalduna eta ikastolan dabilen umeak ere beharko ditu euskara hutsezko aktibitateak, beharko ditu irudimena euskaratik garatzeko euskarriak...  Horregatik dabiltza kolektiboki borrokan, nonbait badakitelako Ipar Euskal Herri euskaldunaren lorpena guztien artean dutela eskuragarri.

Eta horregatik, ezin da eragile berri baten sorrera traba bezala ikusia izan: “Euskalgintzan eragile berri bat heldu bada kanibalak bezala jokatzen dugu gure artean eta hori ez da normala, zeren elkar osatzen dugu denok”, dio Gorrik. Baina hizkuntza politikarako aurrekontua eskasegia izanik –2017az geroztik emendiorik gabekoa, gainera–, bakoitza dabil berearentzat kezkaturik, prekarioa are prekarioago bihurtuko zaionaren kezkaz. Bizkotxa bakarra delako eta pasta emendatu ezean, bakoitzari banaturiko zatia ttipiagoa izanen delako. Eskerrak  elkarlana dela nagusi eta guztiak baturik direla Euskal Konfederazioaren baitan. Demagun, azken urteetan Konkolotx, Plazara eta Euskaltzaleen Topagunea loratu dira Ipar Euskal Herrian, desafio, ideia eta indar berriak gehituz euskalgintzara. Hori horrela, aurrekontuaren emendioak badu garrantzi handia, beharrak gora doazelako  – herritarrenak baita eragileenak ere–.   

Euskarazko irakaskuntza: garapen esanguratsua

“Hiztun osoen kopurua emendatzea” zen 2006an adosturiko hizkuntza politikaren lehentasuna, eta hori “belaunaldi gazteen gaineko apustua eginez”. Zenbakiek argiki erakusten dute euskarazko irakaskuntzaren garapena: lehen mailan %42tik %70era pasa da euskara hutsean edo elebidunean bideraturiko hezkuntzarena azken hogei urteetan, eta gaur egun haurren %42,1ek du irakasuntza elebiduna jasotzen.

EEP eta Eusko Jaurlaritza. 1.930.000 euroko dirulaguntza banatzen dio EEPk euskalgintzari, horietan 400.000 euro Jaurlaritzatik datoz.

Ikastolek garapena ezagutzeaz gain –2023-2024 ikasturtea 39 ikastolekin hasi du Seaskak, Kattalin Elizalde izeneko bosgarren kolegioa inauguratuz Senperen–, ama-eskola pribatu eta publikoetan ere garatu da azkarki murgiltze eredua: hamar eskola pribatu ziren duela hogei urte eta orain 44 dira (24 publiko eta 20 pribatu).

Kolegio eta lizeo garaian, haatik, datuak ez dira hain gora: %23,6 da oraindik murgiltze ereduan edo elebidunean lizeoaren bukaeran –Seaskaren baitan %44koa da lizeoko azken urtea arte ikastolan jarraituko dutenen kopurua–. Euskara maila eskasegiak ondorioztatu trabak dira ikasleak elebidun saila uztearen arrazoi nagusienetarikoa, EEPk 2013an egindako ikerketa baten arabera.

EEPren balorapena egiteko orduan, hezkuntza arloan lorturiko aitzinamenduak nabarmentzen ditu Kurutxarrik: orohar euskarazko irakaskuntzak izan duen garapena, eta azken urteei dagokionez, murgiltze sistema eskola publikoan eskaini ahal izateko aukera eta brebeta euskaraz pasatzeko eskubidea ditu lorpenen artean. “Garaipen kolektiboak izan dira, euskalgintza gidari, hautetsiekin eta EEPrekin eramandakoak”. Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin “energia anitz xahutzen” dela dio, baina poliki-poliki, lan dorpe bati esker aitzinamenduak lortzen direla: “Gai minbera zen murgiltze ereduarena, baina orain ez da gehiago eztabaidagai, talde pedagogikoak horretan dira”.

Hala ere, Parisetik etengabean datozen oztopoei buruz galdetu eta zaila zaio parekoaren logika sesitzea: “Zaila zait ulertzea, juridikoki ere ez dute erantzun azkarrik parean, eta onartzen dute dioguna. Baina badira ohitura eta jarrera batzuk aldatzen ez direnak... Tokiko hizkuntzen gaia biziki urrun zaie, ez naiz ere segur makineria handi horrentzat gai bat garenik. Bada mesfidantza ere, betiko jabobinismoa; hizkuntza desagertzeko xedea denik ez dut uste, baina mesfidantza bai eta badaezpada, nahiago dute oztopatu”.

2050erako euskaldunen kopurua bikoiztearen helburua lortu nahi bada, beharko da bai ala bai segitu indarra ematen irakaskuntzaren alorrean: elebiduna garatu –kuantitatiboki eta kualitatiboki–, lizeora arteko jarraipena sustatu eta murgiltze eredua ere biderkatu.

Horrez gain, helduen euskalduntzea garatu beharko dela azpimarratu dute elkarrizketatuek. Jakinik aurreikuspenei segi urtero 3.000 etorkin datozela bertara bizitzera –nagusiki Frantziako herritarrak–, euskalduntzerako ahalak eta kanalak biderkatu beharko direla diote. Gaur egun, 1.600 ikasle ditu Aek-k, guztira 22 herritan banaturik. “Ikasten dabiltza, baina karrikan praktikatzeko aukera izan behar dute... erabilera ere sustatu beharra dago. Badugu errota bat eta arlo guztiak behar ditugu dantzan ezarri euskaldunok %30era iristeko gisan. Eremu guztietan behar dugu euskara erabilgarri, ikusgai eta ezagutua bihurtu. Gaur egun ez gara horretan”.

Ofizialtasunik gabe, instituzioen lehentasunetan ez deino eta Frantziaren Konstituzioko 2. artikulua etengabeko traba den testuinguruan, euskalgintza sozialetik garatu beharko da berez zerbitzu publikoaren parte beharko litzatekeen eskaintza. Baina horretarako, bai ala bai baliabideak bideratu beharko dizkiete instituzioek, euskalduntzeak eta euskararen erabilpenak biderkatzeko gisan. Ilusioak, ametsak, ideia berriak eta proiektuak ez dituelako eskas euskalgintzak.

Halere, Frantziako Konstituzioa traba izanikan ere, instituzioek anitzez gehiago egin dezaketela uste du euskalgintzak: “Herriko etxeetako zerbitzuetan buru-belarri euskara sartu dezakete”, Bordagaraien ustez; eta berdin Euskal Hirigune Elkargoak ere euskara gehiago sartu dezake bere egunerokoan. Hots, ofizialtasunaren aldeko borroka eraman gabe ere, euskarara bideratzeko leku andana dago oraindik. Baina horretarako borondate politikoa behar da. Baita ausardia pixka bat ere, jakobinismoaren haizeak azkar jotzen duelako oraindik ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza politika
Europar Batasunean euskara, katalana eta galiziera ofizialtzearen erabakia atzeratu dute, eta Espainiako Kongresuan hasi dira erabiltzen

Euskalgintzaren Kontseiluak "atsekabez" hartu du berria, baina atzerapenaren ostean onartuko duten esperantza du. Bestalde, gaurtik aurrera hizkuntza horiek erabili ahal izango dira Espainiako Kongresuan. Kontseiluak kezkaz hartu du euskal alderdietako politikariek... [+]


2023-08-31 | Ilargi Manzanares
Andorrak gutxieneko katalan maila eskatuko du bertan bizitzeko

Andorrako katalanaren defentsarako lege berriak katalanaren oinarrizko maila eskatuko du bertan bizi eta lan egin ahal izateko. A2 titulua baino maila baxuagoa eskatuko dute.


Euskara, ofiziala Europan eta Nafarroan ez?

Ostegunean jakin genuen: Espainiako Gobernuak eskatu du galiziera, euskara eta katalana hizkuntza ofizialak izan daitezela Europako erakundeetan. Zergatik? Kataluniako alderdi politikoek behartu dute horretara, negoziazioetan.


Kontseilua: "Nafarroako Gobernu akordioa atzerapausoa da euskarari dagokionez"

Atzerapausoa. Horrela baloratzen du Euskalgintzaren Kontseiluak, hizkuntza auziari eta euskararen sustapenari dagokionez, Nafarroako Gobernu berria eratuko duten alderdi politikoek sinatu duten 2023-2027 legegintzaldirako akordio programatikoa.


Nafarroako Gobernua murrizketak egiten ari da hizkuntza eskoletako euskara taldeetan

Hamabi irakaslek 2.040 idazlan zuzendu eta 680 ikasleren ahozko probak egingo dituzte 18 egunetan, “kontuan hartu gabe idazlan bakoitza bi irakaslek zuzentzea litzatekeela gure helburu ideala, bigarren iritzi bat izateko”. Jaume Gelabert Iruñeko Hizkuntza... [+]


Eguneraketa berriak daude