Mugako eldarnioak

Kristo irakiarra. Hassan Blasim. Itzultzailea: Ana I. Morales Pasazaite argitaletxea, 2017.

Ahots narratibo garaikide bat ezagutzera eman digu Ana I. Morales itzultzaileak, Pasazaite argitaletxearekin elkarlanean: Hassan Blasimek (Bagdad, 1973) Kristo irakiarra (The Iraqi Christ, 2013) bilduma sarituan gorpuzturiko ahots literarioa. Narrazio-adarrez eta ahots-sarez osaturiko kutxa da bilduma hau, narrazio bakoitzaren barruan istorioak adarkatu egiten direlako, labirinto-egituraren itxura hartzeraino. Nahiz eta esplizituki egin ez, Kristo irakiarra-n iradokitzen da izan badela narrazio guztiak biltzen dituen marko narratibo bat; hortaz, Mila gau eta bat gehiago bildumaren arkitektura dakar gogora.

Lehen narrazioan, Ahuntzen kanta-n, Memoria Irratiaren istorioa kontatzen zaigu: diktadorea jausi, eta iraganaz aritzeko helburuarekin sortu zen irratia. Beren istorioak, beren ahotsean izeneko irratsaioa abian jarri zen, lehiaketarako deia eginez, nork istoriorik onena kontatu. Hurrengo hamabi narrazioek lehiaketa berezi hori ardatz dutela interpreta dezakegu; iraganeko istorioak gogora ekartzen dira, ahozko jarioa da nagusi...

Gerra-genealogia baten oihartzunez josita daude narrazioak: Kuwaiten kontrako gerra, Sadam Huseinen diktaduraren amaiera, AEBetako ejertzitoaren esku-hartzea. Jakina, horiek eragindako zauriak dira agertokia: erbesteratzeak, leherketak, jazarpenak, bortxaketak, mutilazioak, urkatzeak… Indarkeria-giro horretan irudimena eta istorioak dira helduleku (Xerezaderen antzera, protagonistek istorioak dituzte bizirauteko amarru); oihartzun historiko horiek eragiten duten espantu, horrore eta izua gurutzatu egiten dira misterioarekin, zoriarekin, fantasiarekin, haluzinazioekin, groteskoarekin, jolasarekin, absurdoarekin…

Mugako eremuetara garamatza une oro Hassam Blasimek, kausalitaterik gabeko mundu bat irudikatzeko: ametsaren eta errealitatearen artean, irudimenaren eta erlijioaren artean, heriotzaren eta bizitzaren artean… kokatzen ditu pertsonaiak. Mugako eremu horiek gizatasunaren mugez jarduteko bide dira, baina baita muga-talkak irudikatzeko bide ere. Batzuetan muga geopolitiko-historikoak dira (esaterako, errefuxiatu-kanpamenduetara garamatza, edo Finlandiara migratu behar izan duen protagonista aurkezten digu); eta beste batzuetan, muga kultural zein literarioez dihardu (besteak beste, metaliteratura erabiltzen du Ekialde eta Mendebaldearen arteko joan-etorriko harremanez jarduteko).

Osagai horiek batasuna ematen diote bildumari, baina, aldi berean, narrazioz narrazio arkitektura propioa sortu du idazleak, eta narrazio bakoitzak labirintoan areago arakatzera gonbidatzen gaitu.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Keinuak

Asmatuz gero, ziur asko, eraginkorragoa da keinu bat, hitz bat baino. Zenbat bider esan eta ezeztatu dugu mila hitzek irudi batek baino gehiago balio dutela. Barkatu, alderantziz da. Ez da bakoitzak zenbat balio duen, da zertarako. Zerbait ulertzen burua bihurritu nahi... [+]


2024-05-05 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Intimitatea

Etxe batean badira zenbait gune, gutxitan erakusten zaizkionak etxetarra ez den norbaiti. Esan trastelekua, ganbara, galdara gela, armairu bat. Askotan lurrazpiko etxeko oinean edo irisgarritasun gutxiko etxearen goialdean kokaturik dira. Etxearen txoko hauek lotsa,... [+]


Eguneraketa berriak daude