Argia jendearen ekarpena: Kimutx proiektua

Itsaso Zubiria Etxeberria @itsasozubiria
2017ko apirilaren 02a

Gurasotasunaz hitz egiteko ez naiz egokiena izango, azal horretan jarri gabekoa bainaiz; baina gurasotasun premietatik abiatutako proiektua da Kimutx, eta badu ARGIArekin lotura berezia. Baina ezagutu ezazu lehenengo proiektua, eta gero kontatuko dizut lotura irakurle. Haurren heziketan egunerokotasunean sortzen diren zailtasunak lantzeko beharra ikusita jarri zen martxan proiektua 2012an, borondatezko lana ardatz.
    Suertatzen diren egoera desberdinak musikatik gozatzearen bideari heldu zioten lehendabizi, abestiekin. Kimutxek beti izan du, ordea, bizi garen herriaren eta honen kulturaren presentzia. Maitasunez eta maitatzeko egindako materiala osatu dute azken bost urte hauetan, ulertuta haurrek modu erakargarrian entzun eta sentitutako gauzak maitatu eta errespetatuko dituztela, gure kultura kasu, eta inguruan duena maitatuz bestelako kulturak balioesteko aukera aberatsagoa izango dela.
    Abestiekin martxa hartuta heldu ziren ondotik ipuinak eta irudiak. Abestiekin transmititzen da maitasuna, eta maiztasunez erabiliz garatzen du haurrak ere memoria eta erritmoa. Ipuinak euskal mitologiara gerturatu dituzte ondare kulturala transmititu eta balore garrantzitsutzat dituztenak bertan txertatuz. Irudien edo txotxongiloen bitartez haurrek irudimena landuko dute eta bai gurasoari eta bai umeari aukera zabala irekiko zaio jolas egin, ikasi eta gozatzeko.
Baina hau guztia nondik nora lotzen da ARGIArekin? Galdetu duzu honezkero, irakurle. Bada egiteko modua bera, filosofian bat egiten dugu: auzolanean egindakoa, euskaraz, irekia... www.kimutx.eu webgunea sortu zuten lehendabizi material hau guztia biltzen eta zabaltzen joateko. Ondoren etorri zen euskarri fisikoa. Baina argi zuten baliabide gutxirekin eta lizentzia librean egindakoa izango zela, hau da, edonorentzat irekia izango zela proiektua.
    Kaleko denda batzuetan salgai egon ondoren, orain denak ARGIAren dendan jartzea erabaki dute, eta salmenten irabazia ARGIArentzat izatea. ARGIA jendea izateko beste modu bat da hau: ez da beharrezkoa harpidetzarik egitea, baina Kimutxek duena eskaini digu gure filosofiarekin bat egiten duelako.
Dagoeneko ARGIAren dendan topatu daiteke Kimutx: ARGIA jendearentzat 18 euroan, gainerakoentza 16euroan. Mila esker Kimutx, geroz eta ARGIA jende gehiago gara.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Argia Jendea  |  Musika  |  Haurren haziera

ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude