Posibilismoaren bidean

  • Frantziako Estatua Errepublika denez geroztik, lehen instituzio politikoa eratu da Ipar Euskal Herrian; Errepublikaren Lurralde Antolaketa Berriaren baitan, NOTRe legearen markoan. Euskal Herri Elkargoa du izena, Communauté Pays Basque. Sortze beretik, izenak berak hainbat dilema sorrarazi du. Aglomerazioa, hirigune, herri eta lurralde izenordeak ere eman baitzaizkio.

Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko presidente izendatu zuten egunean.

Euskal Elkargoa da euskarazko hedabideok lehenetsi dugun izena. Izena duenak izana du. Hau da, nortasuna. Berezko identitatea. Iparraldean iragan mendean ernatu zen euskal abertzaletasunik gabe, gaur egun ez zen berezko instituziorik egongo. Alta, bere eraketak abertzaleen artean sorrarazi du ezbai eta mesfidantza gehien. Badaude bestalde, “zalantza demokratikoa”ren izenpean, instituzioaren kontrakoak, frantses alderdi guztiak zeharkatzen dituen jakobinismoaren ildoan ari direnak.

Euskal Elkargoaren lehen batzar ofiziala urtarrilaren 23an izan zen. Batzarra zertu ahal izateko, erakundearen gidaritzako kideek Gobernantza eta Fiskalitate gaietan oinarrizko akordioak erdietsi behar izan zituzten. Haatik, Elkargoaren aurkakoek ordurako hirugarren helegitea jarria zuten erakundearen sorrera galarazteko. Era berean, Euskal Elkargoak hizkuntza eta kultura politikaren eskumena bere gain hartuko zuela baieztatu zuen, Euskal Konfederazioa eta Euskaltzaindiaren eskaera hobetsiz.

Jean-René Etchegaray da presidentea. Politikari zentrista eta Baterako kidea. Abertzaleen aldarrikapenak bere egiten ditu. Ziur aski, frantses jakobinistek eta euskal abertzaleek iritzi hauxe partekatzen dute: Baionako auzapeza (Etchegaray) egitasmoan engaiatu izan ez balitz, gaur egungo egoera politikoa bestelakoa litzateke Iparraldean. Euskal Elkargoaren sorrerak galdera franko aireratu ditu solastoki politikoetan, alde batean zein bestean. Etchegarayk politikaren erdialdea ordezkatzen du. Hona galdera horietako bat: posible al da abertzaletasuna eta jakobinismoaren arteko bateragarritasuna?

Batzorde Eragileko izendapenak indar korrelazioaren logikaren barnean egin dira, ez da logikoa baina, instituzioaren aurkako hiru helegiteak jarri dituztenen artean kargudunak egotea
 

Euskal Elkargoak lehen urratsa eman zuen: ezagupena. Egun berean, euskal instituzioen aldarrikapen historikoak bete ahal izateko zorua aurkeztu zuen. Abiatzeko oinarrizko bost puntuak hauexek dira: 1. Herriarteko egitura. Herri guztietako ordezkarien eta biztanleriaren arabera proportzionalki eratua izatea. 2. Eskumenak. Orain arteko hamar herri elkargoen eskumenak jaso ditu: hirigintza, herriarteko garraioa, hondakinen antolamendua... 3. Aurrekontua. Iraganeko hamar elkargoek erabilitako diru bera dauka. Arlo gehiago garatu ahala eskumen gehiago eskuratuko ditu, baita aurrekontua handituko ere. 4. Lurraldetasuna. Ez du berezko eskumenik, baina, Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoa ordezkatzen du lehen aldikoz historian. 5. Bilakaera: elkargoak eskumen urriak ditu, ageri denez. Hau da, autonomia mailako erakundea eraikitzeko beharrezkoak diren eskuduntzak izatetik urrun dago. Erakundearen bilakaeran arabera garatuko da bere ahalmena. Ahalmena, instituzioaren ordezkari politikoen indar korrelazioaren eta herritarren bultzadaren araberakoa izanen da.

NOTRe legeak ahalbidetu du Euskal Elkargoa, oraingoz ordea, berau eraikitzeko zorua besterik ez dago. Frantses zuzenbidearen markoan egin behar du bide. Abertzaleen aldarrikapen historikoek ez dute de facto instituzio berrian lekurik. Tokiko eragile politikoek –alderdiak buruan buru– lortuko duten adostasunen arabera behartuko dute frantziar legaltasuna. Konparazione, Hexagonoan frantsesak ez beste hizkuntzak ez du izaera ofizialik, beraz, euskarak ere ez. Lehen batzarrean, Hendaiako hautetsi (EH Bai) Iker Elizaldek euskara eta frantsesa erabiltzea galdatu zuen. Bokaleko Francis Gonzalez hautetsiak  uko egin zion eskaerari, “Frantzian gaude” ozenki erranez. Angeluko Guy Mondorge hautetsiak berretsi zuen haren errana, gaskoia euskararen mailan balioetsiz. Etchegarayk duda-muda guztiak uxatu ditu: “Frantses zuzenbidea da nire muga”. Batera mugimenduko kide eta abokatuak legea ongi ezagutzeaz beste, desioa eta errealitatea bereizten ditu. Euskararen koofizialtasuna bere egiten du, baina instituzio berriaren egonkortasuna ziurtatu nahi du lehenbizi. Beraz, instituzioaren jardueran euskarak ez du lekurik. Erakundearen aktak, esaterako, ez dira euskaraz jasoko.

Frantses jakobinistek eta euskal abertzaleek iritzi hauxe partekatzen dute ziur aski: Baionako auzapeza egitasmoan engaiatu izan ez balitz, egungo egoera politikoa bestelakoa litzateke Iparraldean

Otsailaren 14an, Elkargoaren Batzorde Eragileko kideen izenak eman ziren ezagutzera. Elkargoaren kidetasunaren eitea honako hau da: hautetsien ordezkaritza askotarikoa da, baina zentro-eskuineko ordezkariak nagusi dira batzordean. Oro har, EH Bai koalizioaren eta Les Républicains alderdiaren ordezkariek dute ordezkari gehien, launa kide. PSk, UDIk, MoDemek eta EAJk bana. Identifikazio ideologikoa agerikoa da. Praktikan, hala ere, hautetsi gehienek alderdi horien siglarik gabe hautuak izan ziren eta halaxe dihardute. Besteak beste, Hiriburuko auzapez Alain Iriart, Miarritzeko hautetsi Peio Claverie eta Izpurako auzapez Daniel Olzomendi abertzaleak daude. Alabaina, badaude ere Angeluko auzapez Claude Olive, Euskal Kostako-Aturri Hiriguneko presidentea, Bidarteko auzapez Emmanuel Alzuri eta aipatutako Francis Gonzalez. Izendapenak indar korrelazioaren logikaren barnean egin dira, alta, ez da logikoa azken horiek instituzioaren aurkako hiru helegiteak jarri dituztenen artean egotea.  

Elkargoaren presidente Etchegarayk “adostasuna eta oreka” ditu hitz kuttun. Izendapenen artean, Beñat Arrabitenak eman du zer esana. EAJko kidea da, Arrosako auzapeza eta Garazi-Baigorriko herri elkargoko presidente izana. Elkargo berriko presidenteordea eta hizkuntza politikako arduraduna da. Ezker aldeko abertzaleak eta euskaltzaleak “ustekabean” harrapatu ditu izendapenak. Beñat Arrabitek aitortu duenez, berak ere ez zuen izendapena espero. Hizkuntza saila garatzeko bitarteko berririk ez duela adierazi du halaber. Esaterako, Euskararen Erakunde Publikoa (EPP) Euskal Elkargoan uztartzea omen du lehen zeregina. Abiaburuan deus berririk ez dago. Elkargoaren inguruan ezagutu den berririk esanguratsuena sinbolikoa izan da. Otsailaren 2an, Etchegaray –ofizialki izendatu aitzin– eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu Baionan bildu ziren. Bi instituzioen arteko harreman izaera zehazteko lantalde baten sorrera iragarri zuten.     

Zenbat buru hainbat aburu. Alabaina, Iparraldeko izaera politikoaren aldarrikapen historikoari begiratzen badiogu, ez da beste bi lurraldeen –EAE eta Nafarroako Foru Komunitatea– bilakabidetik horrenbeste aldentzen. Herri aitzindaritzan ari diren eragile politikoek estatuen “legaltasunaz haragoko” aldarrikapenak sustatzen dituzte eta “legea”ren jabe direnek aldarrikapenak egokitzen dituzte abagune politikoaren arabera. Nafarroan legez, EAJ abertzaleen gutxiengoa izanagatik, Iparraldean ere, EAJk bere urratsa eman du bertako lehen instituzio historikoaren eraketa eman orduko. Izaera horrek izen-abizenak ditu: posibilismo politikoa.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal Elkargoa
2023-11-09 | Euskal Irratiak
Europako 10 milioi euro zuzenean kudeatuko ditu Euskal Hirigune Elkargoak

Lehen aldia izanen da Europako funtsak zuzenean kudeatzen ahalko dituela Euskal Hirigune Elkargoak, Akitania Berriko eskualdearen esku hartzerik gabe. 10,8 milioi euroko diru-funtsa izanen da, 2024 eta 2027 artean baliatu beharrekoa.


2023-07-18 | Ilargi Manzanares
Ipar Euskal Herriko hondartzetako dutxak itxiko dituzte, ur kontsumoa murrizteko

Euskal Hirigune Elkargoko kontseiluak proposatutako Idorte Planaren neurrietako bat da. Neurriaren lehentasunaren eta osasun-ondorioen inguruko kezkak areagotu dira.


2023-03-21 | Euskal Irratiak
Etxebizitza eskumen handiagoa galdegin dio Elkargoak Parisi

Botere eta diru laguntza gehiago galdegin dizkio Euskal Hirigune Elkargoak Frantziako Gobernuari, lekuko etxebizitza politika azkar bat abiatzeko. Horretarako, AOH Etxebizitza Antolatzeko Autoritatea bilakatu nahi luke.


Isabelle Pargade (Euskal Hirigune Elkargoko presidenteordea)
“Nahiago nuke laborari gehiago, herritar gehiago baino, baina nola egiten da hori?”

Euskal Hirigune Elkargoan elikadura eta laborantzaren ardura du Isabelle Pargadek. Laborantza lurren desagerpenari buruz galdetu dio ARGIAk, eta lehen sektorearen funtsa guzion plateretan ageri denez, elikadura burujabetzaz hitz egiten bukatu dugu.


Etxebizitza turistikoen konpentsazio neurria indarrean jarri dute Ipar Euskal Herrian

Lapurdi kostaldeko 24 hirietan etxebizitza turistikoa alokatuz gero, jabeak ondasun bat gehiago eskaini beharko du iraupen luzeko alokairu kontratupean, hiri berean eta azalera baliokidearekin.


Eguneraketa berriak daude