Pauetik ere Ipar Euskal Herriaren alde eragin nahian dabil EH Bai

  • Berriz ere hauteskundeak dituzte Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hautesleek ekainaren 20an eta 27an. Departamenduko eta eskualdeko kontseilariak izendatuko dituzte. Abertzaleei dagokienez, EH Bai koalizioa bakarrik departamendurako aurkezten da eta EAJk erabaki du lehian ez parte hartzea. Pauera begira, kantonamenduka bi ordezkari izendatzen dira eta Ipar Euskal Herriko hamabi eremuetan aurkezten da EH Bai. 2009-2015eko salbuespenaz aparte, betidanik da eskuinean kokaturik Pirinio Atlantikoetako departamendua eta aldi honetan ere berdina aurreikusi dezakegu.

Karrikako giroari fidatuz gero ez genuke asmatuko hemendik egun batzuetara berriz ere hauteskundeak ukanen ditugula Ipar Euskal Herrian. Alta, ekainaren 20an eta 27an iraganen dira bat ez, bi hauteskunde: Pirinio Atlantikoetako departamendukoak baita Akitania Berria eskualdekoak ere.

Departamendu mailako kontseiluak sozial arloan du batez ere betekizun handia: haurtzaroaren, zahartzaroaren, ahalmen urritasunaren eta laguntza sozialen ardura du instituzio honek. Bizi dugun COVID-19 garaian eta honek eragindako krisi ekonomiko eta sozialaren testuinguruan, bertan bozkatuko diren politikek ukanen dute eragin handia herritarron biharko egunerokoan. Eskualdeari dagokionez berriz, sektore ezberdinetan dira honen politikak sendi eta nahiz eta batzarrak Ipar Euskal Herritik urrun egin, eragin handia dute gure egunerokoan.

Hori horrela, nahiz eta kontseilarien batzarrak Pauen zein Bordelen egin, ezkerreko abertzaleak instituzio hauei begira daude, indar guztiak jartzen dituztela Departamenduko Kontseiluan hautetsiak lortzeko. Hain zuzen, aldi honetan ez dira 2010ean bezala eskualderako aurkezten, eta ez dute ere 2015ean bezala bozka manurik bideratzen. Arrazoi nagusia: terrenoko presentzia, hurbiltasuna eta haien aldarrien irismen gaitasuna ez dutela bermaturik eremu zabalegia den eskualdean –azkenean Akitania Berriko 84.000 km2etatik 3.000 km2 dira soilik Ipar Euskal Herri–.

Departamenduko bozketak “lekuko hauteskundeak” direla dio EH Bai koalizioko zuzendaritzan den Nikolas Blainek. Departamendua kantonamenduka zatitua da eta kantonamendu bakoitzak lekuko ordezkariarentzat bozkatzen du –Ipar Euskal Herrian hamabi kantonamendu dira eta Biarnoan berriz hamabost, kantonamenduka bi kontseilari direlarik izendaturik–. Hamabi eremuetan aurkezten da EH Bai eta ohartarazten duenez, “kantonamendu guztietan presente den hautagaitza bakarra da”. Koalizioko kideek iazko azaroan buruturiko biltzar nagusian erabaki zuten departamenduko bozetara aurkeztea.

EAJ haatik ez da presente izanen bozketa hauetan ez eta ere eskualde mailakoetan –Biarritzeko kantonamenduan haatik Christophe Lamboley-Depoire alderdi kidea presentatzen zaie Générations Biarritz hautagai zentristan–.

Hauteskundez hauteskunde argi gelditzen ari da ezkerreko abertzaleek geroz eta pisu gehiago dutela instituzioetan –izan udaletan, Euskal Hirigune Elkargoan zein departamenduan–. Duela 20 urte lortu zuten lehen kontseilaria Pauen: Jean-Mixel Galant azkaratearra Abertzaleen Batasunaren izenean nagusitu zen Baigorriko kantonamenduan. Hortik zazpi urtera Alain Iriartek zuen irabazi Hiriburukoan, abertzale independente gisa aurkeztuz eta 2015ean garaipena errepikatuz, aldi horretan EH Bairen izenean (ondotik, 2017an demisionatu zuen, elkargoan presidenteordearen aulkia hartu zuenean, kargu metaketa saihesteko gisan).

Eskumen batzuk euskal herriratzeko eskaerarekin

Aldi honetan ere lortu dezakete ordezkaritza bat. Irabaziz gero, departamendu mailako politikan inplikatuko dira, baina horrez gain Ipar Euskal Herriaren alde ere ariko dira, Euskal Hirigune Elkargoarentzako botere gehiago eskuratzeko asmoz. “Elkargoari eta departamenduari begiratzen bazaie, batzuetan eskumen berak dituzte biek eta errepikatze horrek ez du zentzurik. Pauetik ariko gara eskumen hauek eta hauei bideraturiko aurrekontuak elkargora bideratzearen alde lanean”, Blainek dioenez. Turismoa, mugaz gaindiko harremanak, hizkuntza politika... bat baino gehiago dira Pauetik zein Baionatik jorratzen diren lan esparruak. Hala eta guztiz ere, kontziente dira “elkargoa ez dela oraindik departamendua ordezkatzeko gai”, baina ondokoa zehazten du EH Baiko zuzendaritzako kideak: “Departamendu mailan ala Euskal Hirigune Elkargoan? Nondik gara eraginkorrago? Arloz arlo horri begiratuko diogu... gure lurraldetik aritzeak zentzu gehiago baldin badu, orduan hitzarmenak nahi genituzke, eskumena eta aurrekontua elkargoaren esku uzteko gisan”.

Baina horretarako hautetsiak beharko dituzte Pauen. Lortzeko heinean direa? Hamabi kantonamenduei begira jarri eta badira, hala ere, garaipena biltzeko gisan diren batzuk. Hasteko, Hendaia Hego Itsasbazterra izeneko kantonamendua dugu hurbiletik segitzekoen artean. Aspaldidanik dugu ezkerra nagusi, baina aldi honetan Kotte Ecenarro kontseilari hendaiarra ez da aurkeztuko. Soilik hiru udal biltzen ditu kantonamendu honek –Hendaia, Biriatu eta Urruña– eta oroit gara Urruñan herriko etxea irabazi zutela abertzaleek, Biriatun ere abertzalez osaturiko hautagaitza zela nagusitu eta Hendaian Ecenarro eta abertzaleen artean elkarlanean dabiltzala. Bestalde, 2015ean emaitza onak lortu zituzten Uztaritze-Errobin –%44,4 bigarren itzulian– eta aurten ere espero dituzte emaitza onak, ikusiz eremu horretako herriko bozetan gora egin zuela boto abertzaleak.

Zuberoako eta Nafarroa Behereko zati handi bat biltzen dituen Euskal Mendia deiturikoan eta Bidaxune-Oztibarre-Amikuzen zer gertatuko da? Bi hauetako kontseilariak aspaldian dira boterean –eskuineko Pepela Mirande 1994tik eta departamendu presidente ere den Jean-Jacques Lasserre zentro-eskuindarra 1982az geroztik–. Hautesleen artean behin-betikoz kargutik kentzeko nahikaria gailentzea espero dute abertzaleek. Ekainaren 20an ezkerreko lehen indar gisa nahi lukete kokatu, bigarren itzulian aspaldiko kontseilariei lehiatzeko gisan. Bata zein bestean, bigarren itzulian izan ziren jada 2015ean.

Inskribituen %12,5 lortu behar izaten da bigarren itzulira pasatzeko. Abstentzio handia aurreikusten da –2015ean %47,20koa izan zen departamendu mailan eta aldi honetan oraindik handiagoa izan daiteke–. “Abertzaleok oinarri militantea ukanki gure botoa segurtaturik dugula? Ez naiz segur... beharbada gutxiago hunkiak gara, baina ez gara guztiz babestuak”, Blainek dioenez. 2015ean bost kantonamendutan ziren bigarren itzulira pasa eta emaitza onak egin bazituzten ere, bakarrean zuten eskuratu garaipena, Iriartek bigarren aldikoz irabaziz.

Historikoki Pirinio Atlantikoetako departamendua ia betidanik kokatu da eskuinean: soilik 2009-2015eko agintaldia gidatu zuen ezkerrak. Aurten ere indartsu aurreikusten da eskuina, elkarrekin aurkezten direlako eskuineko eta zentroko alderdiak –oraingoz RN eskuin muturra ez da batasunaren barne, eta zehaztekoa da Ipar Euskal Herriko hamaika kantonamenduetan dugula eskuin muturra hautagaien artean–. Parean aldiz, ezkerra berriz ere zatiturik dugu eta pentsatu daiteke postura honek eskuinari bidea libre utziko diola.

Eskualdean, haatik, ezkerra da boterean eta berriz ere aurkezten da 1998az geroztik presidentetza duen Alain Rousset sozialista. Zundaketek garaile kokatzen dute berriz ere, puntu bateko aldearekin duelarik hurbil-hurbil RN eskuin muturra.  

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ipar EH-ko politika
Euskal Konfederazioak haserrea adierazi du EEPren batzar nagusian, euskararen aldeko politikei diru gehiago ez bideratzeagatik

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) batzar orokorra izan du astelehenean 2024ko aurrekontua bozkatzeko. Alain Iriart, Euskal Elkargoko ordezkaria kontra bozkatu duen bakarra izan da.


2024-01-31 | Euskal Irratiak
Peio Etxeberri Aintxart
"Estatuak heriotza heroikoa eskaini zion gainbeheran zen Enbatari"

Mende erdia bete da Enbata legez kanpo ezarri zutenetik. Frantziako gobernuak Enbatak Hego Euskal Herriko ETA erakunde armatuarekin zuen balizko lotura ezarri zuen estakuru bezala. Horren ondorioz,Ipar Euskal Herriko lehen mugimendu abertzalearen azken kideak HAS Herriko Alderdi... [+]


2023-12-20 | Euskal Irratiak
Dominika Daguerre
"Hiru urtez, GALen atentatu bat jasan genuen hamabost egun guziz Iparraldean"

Berrogei urte bete dira GALek aldarrikatu lehen hilketatik. 1983ko abenduaren 19an Ramon Oñaederra ‘Kattu’ 23 urteko errefuxiatua hil zuen talde parapolizial horrek Baionako Bourgneuf karrikako Kayetenia ostatuan. Gertakari hori mugarria izan zen, hor abiatuko... [+]


2023-11-09 | Euskal Irratiak
Europako 10 milioi euro zuzenean kudeatuko ditu Euskal Hirigune Elkargoak

Lehen aldia izanen da Europako funtsak zuzenean kudeatzen ahalko dituela Euskal Hirigune Elkargoak, Akitania Berriko eskualdearen esku hartzerik gabe. 10,8 milioi euroko diru-funtsa izanen da, 2024 eta 2027 artean baliatu beharrekoa.


2023-11-06 | ARGIA
Bagira prozesua
Ipar Euskal Herriko abertzaleek aurrera begirako erronkak zehaztu dituzte

Bagira prozesuak Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak etorkizunera begira hartu beharreko orientabideen inguruko gogoeta egin du, eta ondorio nagusiak aurkeztu berri ditu. Inkesta 1.500 pertsonak erantzun dute. Mugimenduaren erronka nagusi izango diren bost gai zehaztu... [+]


Eguneraketa berriak daude