“Nahiago nuke laborari gehiago, herritar gehiago baino, baina nola egiten da hori?”

  • Euskal Hirigune Elkargoan elikadura eta laborantzaren ardura du Isabelle Pargadek. Laborantza lurren desagerpenari buruz galdetu dio ARGIAk, eta lehen sektorearen funtsa guzion plateretan ageri denez, elikadura burujabetzaz hitz egiten bukatu dugu.

Isabelle Pargada, Euskal Hirigune Elkargoan laborantzaren eta elikaduraren ardura duen presidenteordea
Guillaume Fauveau / Mediabask

2015 eta 2018 artean 2.450 hektarea laborantza lur ziren desagertu Ipar Euskal Herrian, eta urtero 600 hektarea ditugu galtzen. Zein da datu horri buruzko zure sentipena?

Biziki erakargarria den lurralde batean bizi gara eta biztanleria emendatuz doa. Horrek dakar etxebizitza eskaeraren emendatzea eta aktibitate ekonomikoaren beharra. Horri gehitu behar zaio baserri batzuk segidarik gabe direla ere. Bi fenomeno horiek dakarte laborantza lurren desagerpena.

Erakargarria da bai, eta aberatsak ere datoz, espekulatuz lurrak eta etxeak berenganatzera.

Logika espekulatzailea hor da eta hori horrela, batzuek nahiago dute laborantza lurra atxiki hirigintzako dokumentuan “eraikigarri” sailkatua izan arte, orduan saltzeko eta diru sarrera ahal bezain handia errezibitzeko. Fenomeno hori badugu kostaldetik hurbil diren eremuetan –Hazparne lurraldea, Errobi aldea–. PLU Urbanizaziorako Tokiko Plana deitu kartografiak ditu laborantza lurrak babesten, eta hastapenean laborantza lurra babesteko izan behar zena orain beste aldera doa: dirudun batzuek etxea erosten dute, laborantza lurrez inguratua, auzorik gabe, hots, bakea erosten dute. Arbonako kasua mediatizatua izan zen, baina gisa horretakoak andana ditugu Euskal Herrian.

Safer-aren eta Euskal Hirigune Elkargoaren artean hitzarmen bat izenpetu duzue: lurrak gehiegizko prezioan salduko diren aldi oro lehentasunez erosteko prozedura bideratuko du Safer-ak eta elkargoa berme izanen du.

Prezioen berrikusketa egiten denean, jabeak hiru hautu ditu: edo salmentatik kentzen du ez duelako Safer-ak proposatu prezioa onartzen, edo onartzen du, edo auzitegira doa prezioa finkarazteko. Epaileak zer eginen du? Lurraldean izandako saltze guziei begiratzen die eta horren araberan finkatzen du. Beraz, erreferentzia horiek kontrolatzea eta prezioak moralizatzea da erabaki politiko horren helburua, hori gabe goratuz doazelako. Elkargoa berme izanen du Safer-ak, beraz epaileak erabaki prezioa Safer-arena baino gorago denean, Safer-ak erosi beharko du eta, kasuan kasu, hor izanen gara ondasuna ardiesteko.

“Batzuek nahiago dute laborantza lurra atxiki “eraikigarri” sailkatua izan arte, orduan saldu eta diru-sarrera ahal bezain handia egiteko”

Horrek aurrekontu bat eta transakzioen jarraipena galdetzen du.

Aitzinatu arau zehaztuko da hori. Baina, Safer-ak du egunerokoan segipena egiten eta lehentasunez erosteko eskubidea bideratzen. Orain arte Lurzaindiak egiten zuen segipen hori, sekulako funtzioa du laborantza lurren zaintzearen alorrean. Gure eskuetan hartuko dugu gaia, eta herritar kolektibo horren ondoan egonen gara gu ere, kolektibitate gisa.

Arbonako kasuak legediaren mugak erakutsi zizkigun eta hortik idatzi dute lege-proposamena bi diputatuk, Safer-aren eskumenak zabaltzeko eta laborantza interes orokor gisa sailkatzeko. Zertan da bide hori?

Ez dakit noiz pasako den legebiltzarretik, bide legegilea konplexua delako. Dakidana da aurkeztu zutela lege-proposamena eta nahiko baikorki jasoa izan zela.

Hautetsiak arazoaz kontziente direla erranen zenuke? Laborantza lurrak babesteko tresnak ezagutzen dituzte?

Ez ditugu tresna guziak menperatzen eta horregatik bideratu berri diegu dokumentu bat, guziak aurkeztuz. Gehien ezagutzen duguna da Urbanizaziorako Tokiko Plana, baina ez da tresna bakarra. Herriko etxeok ez dugu laborantza lurrak lehentasunez erosteko eskubiderik. Beraz, laborantza egitasmo bat garatu nahi izanez gero, zein ditugu alokairu-kontratu ezberdinak? Zein hitzarmen pasa dezakegu Safer-arekin? Nola berreskuratu ditzakegu aspaldian erabili gabeko ondasun hutsak?

Elkargoaren Etxebizitzarako Tokiko Planan agertzen da 2026 arte urtero 2.686 etxebizitza eraikiko direla Ipar Euskal Herrian. Guti ala anitz, laborantza lurren artifizializazioa ekarriko du horrek.

Kontziente gara neurrian aritu behar garela, beraz lehentasunetan ditugu badena konpontzea, herri zentroa dentsifikatzea eta etxe hutsak berritzea. Baina hori ez doa zailtasunik gabe: pribatuek ez baldin badute saldu nahi, edo elkarren artean haserre diren senideen artean banatua baldin bada ondasuna, edo jabea urrun bizi bada…. zinez konplikatua izan daiteke eta konbentzitzeko bide guti ditugu. Gaitzeko arazoa da etxe hutsena, eta hala ere, badakigu ez direla nahikoak etxebizitza behar guziak bermatzeko.

Marienia arazo baten sinbolo dugu: laborantza lur ederrak desagertzen dira, hirigintzara bideratzen direlako. Elikadura burujabetza helburutzat harturik, Lurralderako Elikadura Egitasmoa bidean du elkargoak. Zer diozu Marieniako aferaz?

Hori da asmatu beharreko ekuazioa: nola bermatu oreka etxebizitzak eraikitzearen, laborantza lurrak atxikitzearen eta aktibitate ekonomikoa sortzearen artean? Aktibitate ekonomikoa beharrezkoa dugu lurralde osoan, hori gabe herrien heriotza eta ohetoki-hirien garapena dugulako. Kostaldearen eta barnealdearen artean diren auto-ilarak ezinezkoak dira. Beraz, hori dugu erronka eta Marienia kasuak hori azaleratzen du. Nik herrien identitateari begiratzen diot: Kanbo Hazparne bezalatsu da biztanleriaren aldetik eta kokapenaren aldetik, baina ez dugu batere identitate bera: Kanbon osasunak leku handia du, Hazparnen laborantza identitatea badugu, oraindik 114 etxalde ditugu. Aldrebes aritu gara gu, lur batzuk berriz laborantzara bideratu ditugu. Badirudi Kanbok beste aldera egin nahi duela. Etxebizitza beharraren eta laborantza lurren babesaren arteko talka badugu, eta biok gabiltza 130.000 euroko isuna pagatzen urtero, ez dugulako etxebizitza sozial nahikorik. Biziki konplexua da. Baina bai, Marieniako lurrak biziki-biziki ederrak dira. Herriko etxearen esku da afera, elkargoak ez du eskua sartu.

Baina ez ote duzue eskua sartu behar ikusiz elkargoak elikaduraz eta laborantzaz duen gogoeta?

“Nola bermatu oreka etxebizitzak eraikitzearen, laborantza lurrak atxikitzearen eta aktibitate ekonomikoa sortzearen artean?”

Eztabaida potoloa da. Nik diot, eta denok ez dugu iritzi bera, herriaren garapena oso estratregikoa dela eta auzapezaren eskumena izan behar duela. Hazpandarrei erran nien urbanizazio gehiegi bazela eta mezu horrekin naute auzapez hautatu. Orain batzuek erraten didate etxebizitzak eraiki behar ditudala, hiru urtez 555 etxebizitza sozial eraiki behar ditudala; kostako hautetsi batzuek leporatzen didate nahiko ez egitea. Baina ez! Nola onartu dezaket Hazparnekoa ez den hautetsi batek laborantza lur bat hartzea etxebizitzak eraikitzeko? Ez nuke jasanen, eta Kanbokoari prisma beretik begiratzen diot. Bai, logika komunitarioa bada eta behar da, lurralde mailan gogoetatu behar da. Kolektiboki erabakiko dugu, baina bakoitzaren identitatetik eta auzapez bakoitzak bere herriarentzako duen garapen ikuspegitik. Etxebizitzak laborantza lurretan eraikitzea inposatzea gaizki hartuko nuke, beraz, ez naiz ikusten erraten besteei zer egin behar duten. Ikusten duzu erran nahi dudana? Auzapez gisa, gure herriari buruzko ikuspegia da gure motorra, hori dugu hautesleekin partekatzen. Hori kenduz gero, zergatik izanen ginateke auzapez?  

Azkenean, erronkari nondik begiratzen zaion. Kokapena ez da "Ipar Euskal Herrirako edo nire herrirako elikadura autonomia bermatzeko N hektarea behar ditut, beraz hori horrela, nola bideratuko dut etxebizitza politika?". Erabat bestelakoa litzateke egoera, norabide horretatik gogoetatuko bagenu...

Ulertzen dut erraten duzuna, baina maleruski ez dugu horrela pentsatu. Gogoeta hori behar genuke, baina bururaino eramanez: zenbat laborari behar ditugu? Zer eta norentzat ekoizteko? Ekoizten dugun haragiaren %85 esportatua da eta horrek galdekatzen nau: elikadura burujabetzaz hitz egiten dugu, baina zergatik? Elikadura burujabetza ez da bakarrik lurren kalkuluan jokatzen. Elkargoarekin ikerketa bat daramagu, EHLGarekin elkarlanean, 2050eko panorama marrazteko: zenbat izanen gara 2050ean? Nolakoa izanen da klima? Zer nolako platera beharko dugu? Beraz, zenbat lur eta laborari beharko ditugu? Gutxienez 11.000 laborari beharko ditugu. Urrun gaude. Nik ere nahiago nuke laborari gehiago, herritar gehiago baino, baina nola egiten da hori?

Batez ere ikusiz nolakoa datorren geroa. Bai ala bai birlokalizatu beharko dugu ekoizpena eta kontsumoa.

Birlokalizatu beharko dugu, baina sekulako lana da hori, ez da sinple. Bat, lurrak behar dira, bi, laborariak behar dira, eta hiru, lekuko eskaerari erantzun behar zaio.

Ondoko erreportajearen baitan doa elkarrizketa:
 

 


ASTEKARIA
2023ko martxoaren 19a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lurraren espekulazioa
2024-04-11 | Estitxu Eizagirre
Otxantegi Herri Lurraren II. urteurren jaia
"Otxantegiko lur emankorrak ezin dira porlan azpian geratu, arnasgunea izan behar dute"

Apirilaren 13an egitarau indartsua prestatu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurra proiektuaren II. urteurrena ospatzeko. Apirilaren 18an, aldiz, bigarren desalojo saiakeraren mehatxua izango dute gainean eta herritarrei dei egin diete proiektua defendatzera joateko. Kideetako... [+]


2023-11-21 | ARGIA
Otxantegi Herri Lurrak erresistentzia gosaria deitu du ostegunerako

Bi urtez landu dituzte Berangoko lur horiek modu kolektiboan, eta epaitegiak desalojo agindua eman du azaroaren 23rako. Aguirre-Lipperheide familiak Otxantegiko zortzi hektarea nekazal lur saldu nahi ditu Amenabar enpresak etxeak egin ditzan. Horren aurrean, "espazioa... [+]


2023-11-07 | ARGIA
Aske utzi dituzte astearte goizean Lapurdin atxilotu dituzten herritarrak

Martxoaren 12an izango dute epaiketa Ostia! kolektiboko militante Jeanine Beyrie, Filipe Laskarai, Jakes Bortayrou eta Dominika Daguerre-k, kalteak eragitea leporatuta. Manifestazioa egin dute goizean Baionan atxilotuen askatasuna eskatzeko, eta hitzordua jarri dute... [+]


Eguneraketa berriak daude