Nondik jo presoen aldeko lanarekin?

  • Beste urte batez milaka lagun bildu dira Bilbon euskal presoak Euskal Herriratzeko eskatuz. 349 euskal herritar dauzkate Espainiako eta Frantziako espetxeetan gatibu ETAk borroka armatua amaitu zuenetik bost urtera; ehunka iheslari eta deportatuk ere etxera itzuli ezinik jarraitzen dute. Nola askatu korapiloa? Kartzela oso gertutik bizi duten hainbat lagunekin mintzatu gara. Gaia usteltzen ez uzteko gogoa badago. 

Milaka lagun atera dira beste urte batez Bilboko kaleetara, euskal presoak Euskal Herriratzeko eskatuz. (Argazkia: Dani Blanco)
Milaka lagun atera dira beste urte batez Bilboko kaleetara, euskal presoak Euskal Herriratzeko eskatuz. (Argazkia: Dani Blanco)

“Estatuari eskatzen diot dispertsioa amaitu eta legalitatea bete dezala”. ETAren biktima Rosa Roderoren hitzak polbora bezala zabaldu dira. Ebrotik behera eta Aturritik gora zabaldutako eskema sinpleak hausten ditu. Bigarren urtez jarraian, biktimen izenean euskal presoen giza eskubideak ez urratzeko eskatu du. Biktima gehiagok berak bezala pentsatzen duela dio, nahiz eta bera izan publikoki adierazten duena.

“Manifestazioaren arrakastak aurrera jarraitzera behartzen gaitu”, dio Sareko eledun Joseba Azkarragak. “Jende asko dago Saren, ideologia politiko konkretuen gainetik, giza eskubideak, bakea eta gatazkaren konponbidea defendatzen”, dio. Dispertsioaren aurkako aldarria zabaltzen doala uste du.

Giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde, euskal presoak Euskal Herrira pankarta eramateko lotu dituzte: abokatuak, GALen eta ETAren biktima bana, preso gaixoen senideak, preso ohiak eta kulturgileak. Manifestazioa babestu dute EH Bildu osatzen duten alderdiek, eta ELA, LAB, CCOO eta Steilas sindikatuek. Ez babestea erabaki arren, EAJ, Podemos eta PSEk publikoki adierazi dute euskal presoak Euskal Herriratzea defendatzen dutela. Ahal Duguko idazkari nagusi Nagua Alba Bilbon izan da bere izenean, eta Podemoseko politika idazkari Iñigo Errejonek publikoki dei egin du manifestaziora joateko, atxikimendu esanguratsu batzuk aipatzearren.

Todos los derechos para todas las personas. Ya no hay excusas. Bilboko kaleak betetzera. Nik #SalatzenDut ☝🏻️

— Íñigo Errejón (@ierrejon) 2017(e)ko urtarrilak 14
Senide eta lagunen jarrera irmoa

“Duela 28 urtetik sakabanatuta dauden euskal preso politikoen familiarteko eta lagunak gara. Ez dugu guk erabaki horrela izatea; soilik horrela gara. Gure ahaideak atxilotu eta espetxeratu dituztenean, haiek ez abandonatzea erabaki dugu. Erakundeetan, eragile politiko, sozial eta sindikaletan konpromisoa eta ardura bilatzen dugu”, dio Etxerat elkarteko Naike Diezek.

Santoñan El Duesoko espetxean preso duten aita bisitatzen duen aldiro Diezek 334 kilometro egin behar ditu. Etxerati buruz galdetuta, batzar nazionaletan 500 lagun inguru batu ohi direla kontatu digu, eta egun, elkartea batuta ikusten duela, eztabaidak izan arren. Elkarteko kide gehienak adinean gora doazela ere nabari dute, horrek dakarren guztiarekin.

Alderdi eta sindikatuekin biltzean, aldaketa ikusi dutela dio Diezek. “Orain arte ezker abertzaleko txiringito bat bezala ikusten zuten, eta hori aldatzen ari da. Bere bide propioa egiten duen eragilea gara”.

Azken errondan, alderdi eta sindikatu guztiekin bildu dira PP, UPN, PSN eta UGT Nafarroa salbu. “Hau amaitzeko gogoa badagoela ikusi dugu. Gero zer egingo duten, ez dakigu, baina hori adierazi digute eragileek. Ea hala den”.

"Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du onartzen dispertsioaren ondorioz istripuz hildako 16 pertsonen biktima izaera". (Dani Blanco)

Etxerat Bruselan izan da europarlamentariei gaixo diren presoen egoera azalduz. 22 preso larri daudela eta Frantziak eta Espainiak euren legea hausten dutela salatu dute.

Preso ohien itxialdia Usurbilen

Sareren manifestazioa hilabeteko beroketaren ostean heldu da. Abenduaren 10ean hasita, Kalera Kalera dinamikan itxialdia egin dute ehunka preso ohik txandaka Usurbilen.

Ezkerretik eskuinera, Antton Lopez, Alberto Matxain eta Oihana Garmendia. Hirurak preso-ohiak eta Kalera Kalera dinamikan buru-belarri ibilitakoak. (Dani Blanco)

“Giro polita izan dugu, nolabait esateko patioko giroa berreskuratu dugula esango nuke”, dio Oihana Garmendia santurtziarrak. 2015eko abenduan askatu zuten 6 urte kartzelan egin ostean. “Grina pizten du, hainbeste preso ohi, 40-30 urteren ostean, barruan geratu diren lagunak ateratzeko lanean jarraitzen dugula ikusteak”.

Pertsona batzuek gau batez egin dute lo Usurbilgo plazan jarritako karpako literetan, beste batzuek bost gauez, batzuek bi astez eta bada ia hilabete osoa bertan eman duenik ere. Jasan duten hotzak eta asko gaixotu izanak ez du makurrarazi beren animoa.

Dinamikaren azken egunean, 1000 preso eta iheslari ohi batu ziren Usurbilen. (Kalera Kalera)

Antton Lopez elorriarrak 26 urte egin ditu espetxean, eta 2013an atera zen Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Parot Doktrina bertan behera utzi zuenean. Bera ere Kalera Kalera dinamikan buru belarri ibili da. Bi helburu jarri zituztela dio Lopezek: lehena, txinparta sortzea ezker abertzaleko oinarrietan eragiteko eta mobilizazioen dinamika abiatzeko. Presoen egoera sozializatzeko herriz herri antolatu diren hitzaldi, kontzentrazio, giza-kate eta beste ekimenak ikusita, lortu dutela uste du. Ernai eta Aitzinako kideak testuinguru horretan kateatu ziren Madrilgo Espetxe Zuzendaritzaren egoitzan, eta Parisen Justizia Jauregian, hurrenez hurren. “Nire ondorioa da, mobilizatzeko esparruak eskainiz gero jendeak erantzun egiten duela”.

Bigarren helburua presoen gaia gizartearekin konektatzea da. Alde honetatik ere pozik dira, Usurbildik pasa den eragile kopurua eta egin dituzten harremanak ikusita. Hala ere, gaia sozializatzen ikusten du Lopezek aurrera begirako lan nagusia. Hala ere, Kalera Kalera ez da eragile bat, eta Sortuk hartuko du bere gain ildo hau, Zohardia txostenak jasotzen duenez.

EPPK aukera berriak irekitzeko prest?

Aurrez aipatutakoaz gain, Kalera Kalera dinamikarekin, preso ohiek babes politikoa adierazi nahi izan diete eztabaida prozesua ireki duten presoei. “Kartzelak husteko helburuarekin”, espetxez espetxe eztabaidatuko duten zirriborroa aurkeztu du EPPK-ko zuzendaritzak, preso bakoitzari bide juridiko berriak erabiltzeko aukera irekiz.

“Norberak erabakiko du ildo juridikoak eskaintzen dituen aukera horiei heldu ala ez —erredentzioak, kartzela destinuak, graduen aldaketa, baimenak, Euskal Herrira hurbiltzea, baldintzapeko askatasuna, eta abar—, eta, horretan, ildoa kolektiboki onartu denez, taldearen babesa eta laguntza izango du une oro. Hori izan behar da funtzionamendu berriaren izpiritua”, dio dokumentuak.

Dispertsioaren mapa, 2016ko abenduaren 31n eguneratuta.

“Batu, herriratu, kaleratu”, ideiak nabarmendu dituzte. “Ildo horretan egindako urrats oro ontzat emango luke EPPK-k, betiere kidegoaren adostasun eta elkartasunez, eremu herritarren laguntasunez”. 2015eko ekainean ARGIAri emandako elkarrizketan jakinarazitako marra gorriei eutsiko die Kolektiboak: damua eta salaketa.

Eztabaidak hilabete batzuk hartuko ditu. Ez balitz onartuko txostena, egindako ekarpenekin beste bat idatziko dute, eta onartuko balitz, presoen eskaerak berehala hastea aurreikus daiteke, Espainiako Auzitegi Gorenean tipologia berriko auzibideak irekiz eta esparru juridikoan kontraesanak sortzea bilatuz.

 

“Irrikaz helduko diogu eztabaidari”

Inpasse politiko batetik gatoz eta asko dugu egiteko eta esateko. Hiru urte hauetan ez dugu gaitasun kolektiborik izan egoera politikora egokitzeko”. Egoeraren analisiak, autokritikak, proposamen berriak eta eztabaida prozesuak militante politikoentzat ezinbesteko elikagaiak direla dio Iurdan Martitegi durangarrak.

Kartzelatik erantzun die ARGIAren galderei, argi utziz ez dela inoren izenean ari, soilik bere burua ordezkatzen duela. Martitegi 2009ko apirilaren 18an atxilotu zuten, Ipar Katalunian ETAko buru militarra izatea eta hainbat atentatu egitea egozten dizkiote. Moulins-Yzeuren daukate preso, jaioterritik 770 kilometrotara. “Eztabaidaren berpiztearekin animoak ere piztu zaizkigu nolabait, hainbeste deserturen erdian”, dio.

Iurdan Martitegi, kartzelan ateratako argazki batean.

– Zer espero duzu estatuengandik?

– Egun, bi estatuengandik ez dut ezer onik espero, ez bada eztabaida oztopatzeko trabak ugaltzea. Estatuei ez zaie Kolektibo bizi, saretu eta proposatzaile bat interesatzen eta adibide bezala har ditzakegu orain hiru urteko gure kaleko bitartekarien eta abokatuen atxiloketak eta espetxeratzeak. Proposamenik ez dutenez, horretan temati segituko dute.

– Nola ikusten duzu gaia hurrengo urteetan, epe laburrean?

– Nahiko nuke gatazka armatuaren ondorioak ezker abertzalearen ardura izatetik Euskal Herriaren ardura izatera pasatzea. Egungo errealitateak eskatzen duen mailako alderdi politiko batzuk ikusi nahi nituzke, ofentsiban, interes alderdikoietatik harago, jendartearen gehiengoaren eskaria den gatazkaren ondorioetan lokatzetan, Herri ikuspegiz estatuen blokeoarekin konfrontazioan. Nahiko nuke gatazkaren ondorioen inguruko adostasunak, aliantzak eta batasuna izatea, prozesu independentista baten hastapenerako tresna. Estatuekin kateak apurtu eta Herri adostasunetik, aldebakarreko prozesuaren irteera gune bilakatzea.

Amnistia helburu?

Urtarrilaren 14ko ilunabarrean, Sarek deitutako manifestazio jendetsua amaitu ostean, Bilboko Alde Zaharrean beste manifestazio bat atera da laugarren urtez, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak deituta. Ehunka lagun batu dira Amnistia Osoa lelopean. Amaieran irakurritako idatzian, iraganean Euskal Herrian amnistiaren alde egindako borroka goraipatu dute, balorean jarriz errepresaliatuen izaera politikoa nabarmentzen zela hor.

'Amnistia osoa' lelopean egindako manifestazioa. (Argazkia: AAM)

“Azken urteetan, ordea, urtarrileko manifestazioak eduki politikoa galtzen joan dira presoak soilik ikuspegi humanitariotik defendatzera helduz, eta iheslari eta deportatuak albo batean utziz”. Mugimendua presoen egoera indibidualak hobetzearen alde dagoela adierazi dute, “beti ere, ez bada arreta azken helburutik okertzeko edo konponbide integral bateko bidetik ateratzeko baliatzen: azken helburua amnistia da”.

Beren ustez, errepresaliatu politikoen gaia “soilik giza eskubideen alorrean geratzen bada, modu aseptiko eta testuinguru politiko batetik kanpo, etorkizun hurbil batean herri honen gehiengoak hurbiltzea edo preso gaixoen askatasuna defendatuko du, baina aldi berean defendatuko dute presoek egin zituzten delituengatik ordaintzea, nahiz eta izan kartzela politika flexible eta humanoago baten barnean”.

EPPK-k eztabaida txostena publiko egin berritan (eta txosten honek izenik aipatu gabe batzuei “presoen egoera baliatzea” leporatu ostean), ETAko kide ohi Jon Iurrebasok iritzi artikulua argitaratu zuen hainbat hedabidetan, orokorrean, presoen bakarkako erabakiek ezberdintasunak sortuko dituela salatuz eta ezker abertzalearen ildo ofiziala kritikatuz.

Kalera Kaleran ibilitako Antton Lopezek uste du sakonean proiektu politiko ezberdina defendatzen dutela. “Presoen auzia bakarrik balitz, hiru sesiotan konponduko genuke. Kontua beste gauza bat da, ordea, politikoa”.

“Tristuraz bizi dugun gaia da ATArena, bai”, dio Iurdan Martitegik espetxetik. “Sakoneko ezberdintasunak estrategia politikoaren aldaketan ematen direla uste dudan neurrian, gustatuko litzaidake feminismoak bere baitako adar ezberdinak kudeatzeko duen gaitasun berarekin, gure etxeko iritzi ezberdinak zatikatzaile eta kenkari beharrean, indargune eta biderkatzaile izatera pasatzea”.

Gatazka politikoaren altzoan genero biolentzia

“Hemen gaude egun batez Euskal Herriaren independentzia eta gizarte justuago bat helburu, borrokan hasi ginen emakumeak”.

Horrela hasten da Hemen gaude manifestua, kartzelatik pasatako bost belaunalditako 60 emakume presente zirela abenduko azken egunetan publikoki irakurria Kalera kalera dinamikaren baitan. “Diskurtso komun feminista osatu eta aurrera begira perspektiba bat pausatzea zeregin bat da, orain arte inork eutsi ez diona”, dio gaiarekin buru belarri ibili den Olatz Dañobeitiak. Lekeitiar hau sei urtez eduki zuten espetxean.

'Hemen gaude' mainfestu feministaren irakurraldi publikoa. (Argazkia: Kalera Kalera)

“Gatazka politiko baten testuinguruan militante politiko gisa erabaki batzuk hartu eta ondorio errepresibo batzuk pairatu ditugu. Hautu horretan egon garen emakumeok, estatuen eta gure mugimenduen partetik bizi izan ditugunak kontatzea izan da helburua”.

Manifestuan ideia asko ukitzen dituzte: gizonak eta gogortasuna ardatz hartutako militantzia eredua, emakumeak poliziaren eskuetan, zaintza behar eta falta, babes femeninoa, amatasuna, komunikabideen tratua, eta premia eta min pertsonalak, besteak beste. Egun espetxean dauden 52 preso politiko emakumeen askatasuna aldarrikatuz amaitu dute idatzia.

Dañobeitiak dio harritu duela ekimenak izan duen harrera onak: “Hala ere, guk urrats bat eman dugu, guretzat garrantzitsua, baina norabide horretan oinez jarraitzea eragile askoren ardura da, euskal gizarte osoarena”.

Olatz Dañobeitia sei urtez izan zuten espetxean. Iraganaren irakurketa feminista egin beharra aldarrikatzen du. (Dani Blanco)
Aurrera begirako gakoak?

Aurrera begira garrantzia izan dezaketen gakoei buruz galdetuta, Alberto Matxain iruindarrak argi du. Honek sei urte eta bi hilabete egin zituen espetxean. “Kolektiboaren eztabaida gai zentrala izango da”. Antton Lopezen ustez, gakoa da Kolektiboak adierazi duela “erresistentzia fasetik eraikuntza fasera” igaroko direla.

Sareko Joseba Azkarragak uste du 2017a urte erabakiorra izango dela euskal presoen eskubideen alorrean. Batetik, urte honetan ETA desarmatu egingo dela ikusten duelako –“estatuen kolaborazioarekin edo gabe”–, eta bestetik, Kolektiboaren eztabaida txostena onartzen bada, Estatuen mezua desarmatuko dutela uste duelako. “Urte erabakiorra da. Aurten ez badugu lortzen desblokeatzea presoen gaia, arriskua dugu berriz ere geratu eta usteltzeko. Bake prozesu usteldu bat, berriz ere biolentzia abiatzeko arriskua duen prozesua da”.

Giza eskubideen esparruan, alderdi politikoak akordio minimoetara hel daitezela sustatzeko txosten bat idatzi dute sentsibilitate ugaritako juristen iritziak jasoz. Akordioa bilatu eta hau erakundez erakunde defendatzea bilatuko du Sarek.

Joseba Azkarraga Sareko eledunaren ustez, 2017a urte gakoa izango da. (Dani Blanco)

Iurdan Martitegik ondorengoa dio egoeraz galdetuta: “Faltan somatzen dut Ipar EHko egoera politiko sozialaren hedapena Hego EHan. Eragileen eta jendartearen gehiengoak gatazkaren konponbidearen inguruan egiten duen irakurketa egokiaren adostasuna eta bakoitzak dagokion eremuan erakusten duen konpromisoa”. EPPK eta Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboaren ildoetan “kanpo eta barruko urratsak diskurtso politikoz jantzi eta herri guztietan infanteria lan iraunkorrez zabalduko lukeen antolakunde berri bat beharrezko ikusten dut, espazio publikoak berpiztuz eta aktibatuz”.

“Herritarren jarrera desobedienteen hutsunea ere nabari dut. Inori itxaron gabe pauso bat aurrera eman eta injustizia oro salatzeko prest dagoen militantzia bizia”. 90. hamarkada bukaeran presoekiko solidarioen tresnak, Ernai eta Aitzinako kideen “ekintza-zuzen txalogarriak” edota Grezian atxilotutako bi euskal herritarren elkartasun ekintza aipatu ditu adibide gisa. “Badira borroka tresnak mahai gainean, bada non eragin eta zer salatu, eta bada giharra hori praktikara eramateko. Zeren zain gaude?”, galdetzen du.

Oihana Garmendiak Kalera Kalera dinamikan eragileekin izandako harremanaren berri eman digu. “Badira urgentziazko gai batzuk: preso gaixoena, sakabanaketa, adinduen egoera... horiek berehala konpondu behar direla ados daude bildu garen eragile guztiak. Planteatu izan dugu Espainiako Estatuak indarrean duen salbuespen legedi hori indarrik gabe utzi behar dugula. 7/2003 legeak ezinezko egiten du legedi arruntean aurrera pausoak ematea, beraz, legediak presoei onartzen dizkien eskubideak aplikatzea. Mendekuzko politika da, gerra garaikoa. Hori amaitu behar da”.

Ehunka presoren senide eta lagunek milaka herritarren elkartasuna jaso zuten urtarrilaren 14an Bilboko kaleetan. (Dani Blanco)

Eusko Jaurlaritzarentzat eta Nafarroako Gobernuarentzat espetxe eskumenak aldarrikatzea ere defendatzen dute eragileek.

Antton Lopezen ustez, ezker abertzalearentzat gakoa da ongi kokatzea zein momentu politiko den hau. “Guk prozesu independentista burutu behar dugu. Eta subjektu determinatzaile hori nola egiten da? Herria eginez. Prozesu demokratiko batean gaude. Horrek esan nahi du kontatu behar dugula gure ideologiarekin bat ez datorren jendearekin, herriarekin bat egin behar dugu estatuarekin konfrontazioa egiteko. Alde horretan parteek ez dute balio, osotasuna behar da. Ideia hori barneratzea oso garrantzitsua da”. Horrez gain, ezker abertzaleak kontraesanen esparruan bizitzen ikasi beharko duela uste du. “Ezker abertzale zurrun bat egiten badugu, akatsa izango da”.

Oihana Garmendiak ere herri prozesua sortzea ikusten du gako. “Heldu da momentua herritarrok hartzeko horren ardura eta lekukoa. Ez alderdi politikoetan, ez gobernuen arteko negoziazioetan... ez, guk dugu giltza”. Norabide horretan, bi aldeko negoziazio eskemak ez duela balio argi du.

“Euskal gatazka zapalkuntza baten harira sortutako gatazka da, baina beste zapalkuntzekin gurutzatzen da, tartean, emakumeok patriarkatuarekin dugun gatazkarekin. Euskal gatazkaren errelato feminista egin behar dugu lehenik, gerora konponbidearen proposamen feminista egiteko. Ez daukagu egina ez bata ez bestea”, dio Olatz Dañobeitiak. Aurrera begira, lan handia dutela egiteko dio. Emakume talde hau ez da eragile bat, ekimen puntuala izan da Kalera Kalera barruan. Hala ere, beste formaren batekin, baina lanean jarraituko dutela diote.

Etxerat elkarteko Naike Diezek ikusten du Foro Sozialak hartu duen lanak garrantzia izango duela epe laburrean. Martxorako deitu dituzte ekitaldi bana Donostian eta Hendaian. “Desarmearen eta preso eta iheslarien inguruan zer gauza egin daitezkeen aztertuko dute”. EPPK-k hartzen dituen erabakiak-erabaki, Espainiako auzitegietatik hartutako neurrien aurrean Eusko Jaurlaritzak zein jarrera hartuko duen gako iruditzen zaio Diezi.

Horrez gain, urtarrilaren 9an Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira heldu da dispertsioaren lehen kasua. Aurkeztuko dituzten ehunka kasutan lehena da Amaia Izko abokatuak jakinarazi duenez.

Zikloa ixteko nahia

“Kartzelak sinbolizatzen duen monstruosidade horri denari irmo aurre egin izanaren harrotasun apala eta duina daramagu herri gisa gurekin”, dio Martitegik espetxetik. “Ondare immaterial hori, ezabaezina da, barruan darama bizi-bizi edozein herri borrokalarik, eta Euskal Herriak nola ez, auto-errekonozimendu hori merezi du, eta merezi du horren gainean jardutea, analizatzea eta gure herri hau zoriontzea”.

660 kilometro egin behar dituzte Darocan (Zaragoza) dauden presoak ikustera doazenek. (Lander Arbelaitz)

Urteko azken egunean, Zaragozako Daroca espetxean dauzkaten Aitor Olaizola eta Kemen Lertxundi bisitatzera joan diren bi autok topo egin duten espetxeko aparkaleku hotzean. Bi ondarrutar eta bi donostiarrek elkarrekin egin dute bisitaren aurreko ordubetea, eta ateratzean, ia beste horrenbeste behar izan dute elkar agurtzeko. Hormigoizko eraikin erraldoia parean dutela, lagunak berriz ere hor utziko dituztela jakitun, Angela Davisek hilabete batzuk lehenago aldarrikatutako kartzelen abolizioaz hizketan amaitu dute. “Horrenbeste belaunaldi daramatzagu kartzelaren inguruan bueltaka, harritzen nau nola ez dugun oraindik instituzio hau abolitzeko ideia geure egin oraindik”, dio batek.

Espetxeen aurkako Tattoo Circus topaketetan horixe aldarrikatuko dute Donostiako Firestone lantegi berreskuratuan, martxoaren 31ko asteburuan.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal preso politikoak
Aritz Colio (HTX)
“Hatortxu amaituko da, baina elkartasuna eta auzolanaren bidean gure aletxoa jartzen jarraituko dugu”

Bi edizio baino ez zaizkio geratzen elkartasun jaialdiari. Antolakuntzak iragarri bezala, ohiko jaialdia eginen dute abenduaren 28an, eta 2025eko uztailean lau eguneko jaialdi berezi baten ostean, agur esateko une gazi-gozoa helduko da. Aritz Colio Hatortxuko antolakuntzako... [+]


2024-06-11 | ARGIA
Hatortxu Rock behin betiko agurtuko da 2025ean, 30. edizioarekin

2024ko abenduan eta 2025eko uztailean egingo dituzte euskal preso politiko, iheslari eta deportatuekiko elkartasuna ardatz duen musika jaialdiaren azken bi edizioak. “Hatortxu badoa, baina erreminta berriei bide emateko”.


2024-05-29 | Nekane Txapartegi
Zenbat lo?

Palestinako umeek ere galdera hori buruan ote duten pentsatu dut gure liburua eskuartean dudala. Zenbat lo falta ote diren genozidioa amaitzeko. Zenbat haur hil ote behar dituen oraindik Israel estatu sionistak munduko estatuen konplizitatearekin.
Beraien amei luzatuko ote... [+]


'Bi arnas' proiektuaren ziklo amaiera ospatu dute
“Torturak ama eta alabarengan sorturiko zauria arintzen lagundu du dokumentalak”

Torturatu zuten Iratxe Sorzabal presoa eta haren ama ditu protagonista Bi arnas dokumentalak. Duela bi urte abiaturiko prozesua borobiltzeko ekitaldia egin dute eta bide horretan lortutako etekin ekonomikoak bi elkarteri eman dizkiote: Harrera eta Axut! Ekitaldiak une... [+]


54 urteko espetxe eskaera sei pertsonarentzat presoen ongi etorriak antolatzea egotzita

Espetxe eskaera AVT biktimen elkarteak egin du eta, horren bidez, presoen ongi-etorriak antolatzeaz akusatutako sei pertsonari bederatzi urteko espetxe zigorra eskatzen zaie.


Eguneraketa berriak daude