Josu Aizpurua, EGI-ko kide ohia

"EGIren komandoetan gauzatutako ekintzek zaildu gintuzten"

  • 60ko hamarkadan Bizkaiko erresistentziaren zurrunbiloaren begian zen. Alderdi jeltzalearen EGI gazte mugimenduaren baitan eratu ziren taldeak ibili zituen, komando bereziak. Tenerifen (Kanariar Uharteak) argitaratu berri duen lanean gordin kontatu ditu orduko amets zapuztuak.

Miel Anjel Elustondo
2016ko azaroaren 20a
Argazkia: Zaldi Ero.
Argazkia: Zaldi Ero.
Josu Aizpurua San Nicolas "Istiņa" (1946, Bilbo)

EGIko kide, erresistentzian buru-belarri jarduna frankismo garaian. ANVko idazkari nagusi zen 1977an eta HBko parlamentarioa Gasteizko lehen legebiltzarrean. Politikaren lehenengo lerroan ibilia, 1982an politika aktiboa utzi zuen. Hainbat lan ditu idatziak, argitaratuak batzuk, argitaratu zain bestetzuk. Kaleratu berria du Ilusiones truncadas (Escritura entre las nubes argitaletxea, 2016), erresistentzia garaia ardatz duen liburu autobiografikoa. Guztiz kritikatzen du 78az geroko euskal politika, EAJ, ETA nahiz HB. Euskal Herritik urrun bizi dugu, baina hor da beti beraren bloga.

Zure gaixotasunak azti ibiltzera behartu nau…

Hobeko duzu! 70 urte beterik, Kariben ordurako, medikuak jakinarazi zidan aortan aneurisma bat nuela, eta ez txiki-txikia ere. Ebakuntza agintzen zidan, protesia jartzea, ez zedin aorta lehertu. Hamabi hilabetean berrosatuko nintzela eta, harrezkero, beste hamabost urte biziko nintzela. Gaizkixe! Kontua da, ordea, polineuropatia diabetikoa ere badudala, genetikoa, eta horrek paralisira naramala poliki-poliki. Nola egingo dut, bada, bihotzeko ebakuntza, gero hamabost urte gurpil-aulkiari lotuta egoteko? Ezta pentsatu ere! Ibiltari porrokatua naiz, bizigarri dut oinez ibiltzea, tentsioak lasaitzen dizkit, ideiak ordenatzen laguntzen dit, egitekoak aukeratzen. Hil arte bizi, beraz.

Bilbon jaioa 1946an, gerra ostea.

Gerra ostea Bilbon… Frankismoa, faxismoa, errepresioa, giro atzerakoia. Oso oroitzapen mingotsa dut garai hartakoa. Errepublikak ekarri zuen askatasun haizea Francoren Erregimenak eraman zuen, odoletan. Espainia garaile, Euskadi garaitua, eta horren ondorio dramatikoak. Gure ama, esaterako, gerrako umeetakoa izan zen. Nora edo nora Frantziara joan behar izan zuen, senide txikiagoak zaintzen zituela. Erbestetik itzuli, ileapaindegian lanean hasi eta, etxetik hara eta handik etxera, igeltsero bat ezagutu zuen, gure aita izango zena.

“Beste zer esanik ez da, esatean ama”, Uztapide bertsolariak kantatu zuena.

Ez alferrik. Eskolara hasi behar izan nuenean, amak nik baino okerrago eraman zuen: goizeko bederatzietan eskolara sartu nintzenetik ordu batean irten nintzen arte, eskolako atarian nire zain egon zen. Irten nintzenean, berriz, urtebetean ikusi ez banindu bezala besarkatu ninduen. Eta ez ninduen atzera eskolara bidali. Andereño bat, “andereño Enkarne”, ekarri zidan etxera, Indautxuko jesuiten ikastetxera sarrera-froga gainditzeko presta nintzan.

Bilboko kale-giroa zen bat, zure baitakoa beste bat.

Nik esan ohi dudanez, zirkunstantziek –Ortegaren haiek, “ni eta nire zirkunstantziak”–, egin ninduten. Inork ez zuen neurriz gain eragin niregan, inork ez ninduen behartu halako bide bat edo beste bat hartzera. Prozesu naturala izan zen, intelektuala bezain sentimentala. Francoren Erregimena jasanezina zitzaidan eta, astiro-astiro, haren kontra egin nuen, nire burua klandestinitatean ikusi nuen arte.

Entzuna dizut anekdota jakin bat.

Hor dut beti ditxosozko gertaera. Etxera nindoan lagun batekin batera trolebusean, eta jakako paparrean Biarritzeko Oldarra dantza taldearen ikurra neraman: dantzari bat ageri zen, zuriz, hondoaren gainean, partez berde, partez gorri. Trolebus berean sekreta bi, nonbait, Alhondiga parean gidariari geratzeko agindu zioten-eta, behintzat. Udaltzaingoaren egoitzara sartu eta, udaltzainei txintik esateke, gela batera eraman ninduten. Lau galdera ergel egin zizkidaten eta, segidan, joka eraso zidaten: egurra eman zidaten, lixiba, oso modu “profesionalean”, arrasto nabarmenik uzteke. Hamahiru urte izango nituen, eta hasieran, negarrari eman nion, izu-ikaratan. Baina, bat-batean, barruko amorrazio guztia etorri zitzaidan, eta egurrari eutsi nion, estoiko. Gero, gure aitari hots egin zioten, ez dakit zer esan zioten, baina aitak auto bat bidali zuen, jaso ninduen, eta kito. Inoiz ez zuen ezer esan. Amari, berriz, kalean borrokan ibili nintzela esan zioten. Nire lagun hark ere inoiz ez zuen ezer esan. Koldarra behar du, gero!

Latza…

Ikaskizuna atera nuen: azti izan behar dela ikasi nuen, ez duela merezi pankarta erakusten ibiltzeak, alferrikako alardeak uzten.

Argazkia: Zaldi Ero.

Zeure sentipenak ere modu klandestinoan bizitzen, gero egingo zenuenez.

Baliteke, nahiz eta Euzko Gaztedin ez ginen ezer ezkutatzen ibiltzen. Mendira hasi nintzen lagunekin, han beste lagun batzuk egin nituen, eta haien artean Euzko Gaztedikoak ziren batzuk. Laster konturatu ziren zer joera nuen, eta Uralita [Iñaki Renteria] aurkeztu zidaten, Euzko Gaztediko buruetakoa sasoian, eta hark euren erakundean sartzeko esango zidan. Mendi ibilaldiak egiten genituen, baina ez noranahi, gerra garaiko leku esanguratsuetara baino, Bilboko Burdinazko Gerrikora nahiz Arabako fronteko lekuetara… Eta beti zen baten bat hitzaldia egiten –Txomin Saratxaga bat, adibidez–, PNVren bertsioa kontatzen. Ondoren, EGIn sartu nintzen. Ez ginen asko ere. Gure taldean lau ginen: Mikel, Jon, Zezilio eta lauok, eta bosgarrena, Koldo bat, buru. Bizkaian beste hiru talde osatu ziren, eta Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan bana.

Jokin Artajo eta Alberto Asurmendi, 1969an hilak, EGIkoak ziren?

Nafarroako taldekoak. Batzarrak egiten genituen ezkutuan, ikastaroak, entrenamenduak… Eta, nola ez dakidala, egun batean –iluntzez–, horma pintaketan ikusten dut neure burua, beste hiru lagunekin batera –eta isipua eta pertza–, inork agindutako kontsignak ipintzen. Horrelaxe hasi ginen Francoren kontrako erresistentzia militarrean. Kasik hamar urte ibili ginen horrela, erbesteko Eusko Jaurlaritzak babestuta beti: ikurrinari zina eginez hasi ginen mendian 1962an, Euzko Gudarosteko komandantearen aurrean, eta azkenean, EGIren komando berezietan ibili gintuzun kasik hamar urtez.

EGIren komando berezietan? Zer izan ziren komando berezi horiek?

Gazteak –langileak batzuk, ikasleak beste batzuk–, EGIkoak, prestakuntza ikastaroak egindako jendea, “militarrak”, Joseba Emaldiren gidaritzapean. Itaunketa praktikak egiten genituenean, adibidez, zera esaten ikasi genuen: “eusko gudaria naiz eta Ginebrako III. Hitzarmenari heltzen diot”. Baina errazago da esaten, parean daukazun poliziak horri kasu egitea baino. Bazen bat, Escobar izeneko polizia bat, sekulako garrotea erabiltzen zuena. Hark ez zizun barkatzen: “Hemen garrote hauxe da Ginebrako III. Hitzarmena!”.

“Erbesteko Eusko Jaurlaritzak urratsak egin nahi zituen demokraziaren bidean, eta guk berriz, hogei urteko gazteok, ez genuen estrategia politiko hura ulertzen”

Zein ekintza egiten zenituzten?

Guk esaten genuen “defentsako erresistentzia” egiten genuela. Komandokideen diziplina erabatekoa zen, militarra. Biolentzia erabiltzen genuenean ere –polizien eta parapolizien kontra–, defenditze aldera zen. Eta monumentu faxistak zartarazten genituenean ere, beti zen komandokideren bat zaintzan, zauriturik gerta ez zedin. Gainerakoan, betikoak, pintaketak egiten genituen, ikurrinak ipintzen, monumentuak zartarazten… Hamaika holako. Urte osoan zehar jarduten genuen borrokan, baina Aberri Egunaren aurreko egunetan areagotu egiten genuen gure lana.

Poliziak ere zaintza indartuko zuen, ezta?

Bai, nahiz eta hasieran Brigada Politiko Soziala ez jabetu gure lanak zuen garrantziaz. Egia esan, baldarrak ziren lanean. Ez zekiten polizia kalera ateratzen besterik, ea harrapatzen ote gintuzten. Egun handien bezperan han ibiltzen ginen, katua eta xagua bezala. Falangista zaharrak ere poliziarekin bat eginda ibiltzen ziren, eta inoiz hormak pintatzen harrapatzen bagintuzten, autotik tiroka erasotzen ziguten. Guk airean joan behar izaten genuen. Gurekin baino lan handiagoak izan zituzten ETAko gazteekin, zeren hauek pistolak baitzituzten, eta erantzun egiten zieten. Orduan, falangista zaharrok ezkutatu eta bestelako polizia bat, buruargiagoa, etorri zen.

Zer etorri zen gero? Artajo eta Asurmendi hil eta gero, adibidez.

Komandoen artean espero zen noiz edo noiz horrelakorik gertatzea, baina erbesteko Jaurlaritzan gorabeherak izan ziren. Epelenek komandoetako arduradunen kontra ekin zioten, EGItik kanporatzea eskatzen zuten, babesa erretiratzea. Komandoetako kideok, berriz, Artajo eta Asurmendi heriotzara eraman zituen plana bururaino eraman nahi genuen.

Zein plan?

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako monumentu faxista bana zartatzea, eta Valladolideko egunkari baten kontrako atentatua egitea, euskaldunen kontrako eraso xenofoboak besterik ez baitzetozen egunkari hartatik. Gazteek ekin nahi zioten. Arduradun politikoek, ez. Bitartean, ETAkoak gure egonezaz konturatu ziren, eta euren errotara eraman zituzten urak. EGIren komando berezietako kideetako askok beraiekin bat egin zuten. Tarte batean, inork ez zekien EGIkoa zen, ETAkoa, edo nongoa. Sekulako porrusalda izan zen. Erbesteko Eusko Jaurlaritzak urratsak egin nahi zituen demokraziaren bidean, nazioarteko politikan murgilduta zebilen gobernua, eta guk berriz, hogei urteko gazteok, ez genuen estrategia politiko hura ulertzen. Bakanak ginen hasieran, baina ehun izatera ere iritsi ginen, ekintzak egiteko gaitasuna genuen, baita gogoa ere, eta aldiz, geldirik egoteko esaten ziguten. Jakina, batzuk ez ziren geratu, beste bide batzuetatik segitu zuten, ETAra jo zuten.

Argazkia: Zaldi Ero.

Zer egin zenuen zuk?

Lehenengo, Ipar Euskal Herrira joateko agindu zidaten, soldadutzara ez joateko. Gero, bestelako agindua eman zidaten, soldadutzara joateko, baina egiteko garbi batekin: zelulak sortzea, materiala lapurtzea eta defentsa-eskuliburuak egitea. Nahiago nukeen Iparraldera joan, baina aginduak bete eta Arakara. Armadako Inteligentzia Zerbitzukoek zaintzapean eduki ninduten, baina nik zozo itxurak egiten nituen: tiro praktikak egitera joaten ginenean, inoiz ez nuen nire jomugan jotzen. Kar, kar… Aginduak bete nituen, materiala lapurtu eta beste, baina inork ez zuen jasotzen nik lapurtutakoa, bitartekariek huts egiten zuten. Susmo txarra hartu nion gauzari, eta egia, soldadutzatik itzuli nintzenean, ezer ez, komando bereziak deseginak zituzten. Eta inork ez zidan azalpenik eman.

Garai iluna ekarri duzu argitara oraindik orain, Ilusiones truncadas [Amets zapuztuak] liburua publikaturik.

Ongi pentsatuta egin dut, ondorioen jakinaren gainean. Nik ez nuen nahi gazteek euren historia jakitea besterik. Iragana giltza da: nora goazen jakiteko, jakin behar dugu nondik gatozen. Gauzak argitara ekarri behar dira, 36ko gerra zergatik piztu zuten, Bigarren Mundu Gerra, aliatuek egin ziguten abandonoa, erresistentzia, Trantsiziorako bidea… Orduko agintariek bide jakin batzuk hartu zituzten. Alabaina, sekula ez da behar bezala azaldu zergatik hartu zituzten erabaki jakin haiek, eta ez bestelakoak. Jende gehiegi hil zen, eta hil zuten, ametsezko Euzkadi baten alde, eta batzuetan iruditzen zait botoak biltzeko erabiltzen dela hildako haien memoria.

Noizdanik pentsatzen duzu hori?

80ko hamarkadan. Laguna nuen Espainiako armadako abokatu bat. Behin, kontatu zidan Alkateen Mugimenduaren garaian [1976], alkate abertzale bat izan zuela bulegoan, eta taldearen izenean zinez agindu ziola inoiz ez zutela independentziaren alde egingo. Geroago, jarrera hura nik neuk egiaztatu ahal izan nuen, eta hori guztiz erabakigarria gertatu zitzaidan.

Zer diozu gaur egun, orduko hartaz?

Berriz egingo nuke. Faxismoaren kontrako erresistentziarekin bat egitea erabaki nuen, neure gogoz, eta pozik nago urteek arrazoia eman digutelako… Gazteak ginen, besteak bezalakoxeak, baina denboraren joanak eta EGIren komandoetan gauzatutako ekintzek zaildu gintuzten. 70eko hamarkadaren hasiera orduko, gure gaitasuna ez zen txikia ere.

Nazional katolizismoa

“Amaren eskutik helduta joaten nintzen hornigaiak hartzera, errazionamendu-liburutxoa hartuta, eta ama gogo txarrez joaten zela ikusten nuen. Amak gorroto zituen fatxiak –horrela deitzen zituen berak, fatxiak–, apaizak bezainbat. Apaizek, esaterako, irabazleen dotrina zerabilten, aste santu latzak egiten zituzten, musika iluna jarrarazten zuten irratian, elizatik elizara ibil gintezen presioa egiten zuten, igandeko mezatan ‘Estatuko buru Frantzisko’-ren alde errezatzera behartzen gintuzten... Haurtzaroko nazional katolizismo hura filofaxista hutsa zen”.
 

Enkarne andereņoa

“Errepublika garaiko irakaslea zen, sano abertzalea, totala. Emakume Batzakoa izandakoa. Atxilotu zuten, torturatu eta erbesteratu. Amnistiatu zutenean ere irakasteko baimena ukatu zioten, eta bataren eta bestearen etxean eskolak emanez irabazi zuen ogia. Berak eman zizkidan euskal kausaren eta Bilboko faxismoaren gaineko lehen azalpenak. Orduantxe ulertu nuen batzuk ‘gu’ ginela eta bestetzuk, aldiz, ‘haiek’”.

Azken hitza: Euzkadi azkatuta

“60ko hamarkadaren hasieran Gora Euzkadi Azkatuta ipintzen genuen hormetan. Eta, guretzat, horrek independentzia esan nahi zuen, ez oraingo autonomia. Haren alde saiatu ginen eta eskaini genuen bizia. Inork ez zuen ohore ez kargurik eskatu. Komando berezietakook bakarrik utzi gintuztenean, nork bere modura egin zion aurre bakardadeari. Bi lagunek bere buruaz beste egin zuten. Beste batzuek psikologoaren laguntza behar izan zuten. Lehenago, Artajo eta Asurmendi hilak zitzaizkigun. Orain utzi gu bakean!”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Frankismoa

Frankismoa kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude