Erretzea txarra da gerrarako

  • Palestina, 1917ko urria. Gerraren hasieran Otomandar Inperioaren esku zegoen herrialdean armada britainiarra aurrera egiten ari zen, baina une horretan Gazan trabatuta zeuden, turkiarren defentsa setatia zela eta. Orduan, britainiar agintari militarrek erabaki zuten egoera desblokeatzeko eta turkiarren lerroak hausteko, gudu nagusia ez zela Gazan egin behar, handik 30 bat kilometrora zegoen Beersheba hirian baizik. Beersheba hartuta, Jerusalemera erraz iritsiko ziren. Baina plan bat behar zuten eta zeregin hori Richard Meinertzhagen (1878-1967) inteligentziako ofizialaren eskuetan utzi zuten.
     

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena
2016ko azaroaren 13a
Bere biografiaren azalean ikusten denez, Richard Meinertzhagen bera erretzailea zen, baina etsaien zaletasunaz baliatu zen gudua irabazteko.
Bere biografiaren azalean ikusten denez, Richard Meinertzhagen bera erretzailea zen, baina etsaien zaletasunaz baliatu zen gudua irabazteko.

Etsaiek Gaza gotortuari erasoko ziotela pentsatzea nahi zuen; hala, armada nagusia han utziko zuten. Baina lehenik, britainiar tropen artean egon zitezkeen espioi turkiarrak deuseztatu behar zituen. Karta faltsu bat bidali zuen balizko turkiar espioi bati britainiarren alde egindako lana hitzez eta dirutan eskertuz. Aurreikusi bezala, turkiarrek gutuna bidean atzeman eta, beren espioi onena agente bikoitz bihurtu zela sinistuta, exekutatu egin zuten. Ondoren, oihalezko poltsa batean Gazari erasotzeko plan faltsua sartu zuen. Soldadu bat, poltsa hartuta, etsaien lerroetara hurbildu zen zaldiz. Tiroka hasi zitzaizkionean, aurrez zaldi-odolez zikindutako poltsa lurrera bota zuen eta, zauritu zutenaren plantak eginez, handik ihes egin zuen. Dokumentuen arabera, britainiarrek ez zioten Gazari azaroaren 14a baino lehen erasoko; egiaz, Beershebaren erasoari urriaren 31ko data jarria zioten.

Von Kressenstein jeneralak, turkiar armadaren komandante alemaniarrak, atzemandako paperak faltsuak izan zitezkeela susmatu omen zuen. Baina ezin zuen arrisku handiegirik hartu eta turkiar tropak Gazan atxikitzeko agindua eman zuen. Dena den, horrek ez zuen esan nahi Beersheba hustuta zegoenik; Meinertzhagenen planaren bigarren zatia abiarazteko ordua zen.

Harrapatutako soldadu turkiarrek itaunketetan bota zutenez, tabako eskasia zuten. Hala, urriaren 30ean, erasoaren bezperan, hegazkin britainiar batek Beershebako lubaki turkiarren gainetik hegan egin zuen eta zigarreta paketeak jaurti zizkien etsaiei, propaganda mezuak zituzten panfletoekin batera (hala, turkiarrek pentsatuko zuten zigarroak oparitzearen helburua propaganda egitea zela). Tabako bonbardaketa baino lehen, Meinertzhagenek opioa lortu zuen merkatu beltzean eta zigarretetan narkotikoa tabakoarekin nahasteko agindua eman zuen.

1917ko urriaren 31n, britainiar armadak, zenbait soldadu australiarren laguntzaz, Beershebari eraso zion eta berehala egiaztatu ahal izan zituzten Meinertzhagenen zigarreten efektuak; turkiarrak ez ziren posizioari eusteko gai izan, gehienak beren buruei zutik eusteko gai ere ez baitziren.

Tabako-zaparrada baino lehen, Egipto eta Palestinako indar britainiarren komandante buru Edmund Allenby jeneralak esan zuen Meinertzhagenen plana “denbora galtzea” zela. Ondoren, Palestina osoa hartzeko funtsezkoa izan zela aitortzea beste erremediorik ez zuen izan.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: I. Mundu Gerra  |  Palestina

I. Mundu Gerra kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude