Otsailean iragarritakoa betetzen badu, Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak urtea amaitu baino lehen emango du Garoñako zentrala berriro martxan jartzeko eskaerari buruzko txostena. Aldekoa balitz, eta litekeena da hala izatea, zentralaren jabeek hurbilago izango lukete itxura guztien arabera euren benetako helburua dena: parke nuklear osoaren bizitza luzatzea. Izan ere, 2012tik lo dagoen Garoña berpiztea ez litzateke batere negozio ona beraientzat. Edozelan, zaila da zer gertatuko den igartzea.
Ez da samurra Garoñako zentral nuklearrarekin azken urteetan gertatzen ari dena ulertzea. 2012ko abendutik geldirik dago zentrala, eta legez 2013an agortu zitzaion ustiapen aldia. Horren arabera eraisten hasita egon behar luke, baina haren jabeak, Nuclenorrek –erdibana Iberdrolak eta Endesak osatua–, zentralaren bizitza luzatzeko baimena eskatu zuen 2014an, Espainiako Gobernuak ad hoc egindako legedia baliatuz. Ordutik, Industria Ministerioaren erantzunaren zain dago Nuclenor. Aurrez, ezinbesteko baldintza da Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak (CSN) onespena ematea enpresaren eskariari.
CSNk iragarrita du udazken honetan emango duela aldeko edo aurkako txostena. Orain arteko ibilbidea ikusita apustu egin liteke argi berdea emango diola Garoñak berriz funtzionatzeari, “baina hori ez da guztiz segurua”, diosku gaia arreta handiz jarraitzen duen Aitor Urresti EHUko irakasleak. “Txostena asko atzeratzen ari da”, azaldu digu, “eta horrek esan nahi du CSN barruan ez dituztela gauzak hain argi; egia da Kontseiluan gehiengoa duela PPk, eta alde horretatik baiezkoa espero daitekeela, baina…”.
Nolanahi, CSNk aldeko txostena emanda ere ikusi beharko da nola jokatuko duten bai zentralaren jabe diren enpresek bai Espainiako Gobernuak, behingoz osatutakoan. Kontuan izan behar da, zentzu horretan, Espainiako Diputatuen Kongresuko talde guztiak, PP eta oso ordezkaritza txikia duten alderdi gutxi batzuk izan ezik, Garoña berriro irekitzearen aurka azaldu direla. Nuclenorri dagokionez, kontraesan betean ari da itxuraz. Garoña 2031 arte ustiatzeko baimena eskatua du, baina ez da ahaleginik egiten ari zentrala berriro martxan ipini ahal izateko CSNk ezarri dizkion baldintzak betetze aldera.
Azalpen erraza du: Garoñan egin beharreko hobekuntzak, batzuk Fukushimako istripuaz geroztik sortutako araudien ondoriozkoak, beste batzuk zuzenean zentralaren diseinuarekin zerikusia dutenak, konplexuak eta garestiak dira, eta Nuclenorreko bazkideak ez daude horiei ekiteko egoerarik onenean. Edo bestela esanda, ez die merezi; Garoña ez da oso handia, eta ez ditu sekulako irabaziak ematen. Nuclenorreko bazkideetako batek, Iberdrolak, Ignacio Sánchez Galán presidentearen ahotik iradoki du ez duela Garoña berriz lanean jartzeko berebiziko interesik. Hortaz, zertarako eskatu dute zentralak 60 urteko adina izan arte lizentzia luzatzea?
Espainiako parke nuklear osoaren bizitza luzatzeaz erabaki beharko da 2012-2028 bitartean, eta zentralen jabeak Garoñako berberak dira
Foiletoi amaiezin hau hurbiletik jarraitu duten askok, eta orobat energia nuklearraren aurkariek, garbi dute aurreko galderaren erantzuna: Garoña da sektore elektrikoko enpresak jokatzen ari diren karta Espainiako Estatuko beste zentral nuklearren bizitza 40 urtetik 60ra luzatzeko.
Espainiako legedi osoan ez duzu aurkituko zentral nuklearren gehienezko iraupena zehazten duen esaldi bakarra ere. Ohituraz, denen gogoan egon da 40 urtean jarri behar dela langa, hain zuzen ere Espainiako Estatuan dauden zentralak denbora hori irauteko diseinatu zirelako. PSOEk hitzemanda zuen 40 urteko muga txertatuko zuela legedian, eta horretarako aukera izan zuen 2008-2011 agintaldian, baina azkenik ez zuen gauzatu; araudiak, honenbestez, unean uneko gobernuaren eta CSNren esku uzten du erabakia.
Garoña 1970ean eraiki zuten, eta urtebete geroago hasi zen martxan. PSOEren agintaldi hartan, bera zen lanean ziharduten estatuko zentralen artean zaharrena. Jarduteko lizentziak 2009an zuen iraungitze-data, zentralak 40 urte betetzetik oso hurbil beraz; baina Industria Ministerioak, une hartan itxiera agindu beharrean, beste lau urterako baimena eman zion Nuclenorri, 2013ra arte –enpresak 2019ra arteko baimena eskatua zuen–, eta data hori ezarri zuen Garoña ixteko epemugatzat, 42 urte beteta. Horrek atea zabalik utzi zuen hurrengo gobernuak Garoñaren bizitza luzatzeko, batez ere nuklearren guztiz aldekoa den PPrena suertatuz gero.
2012ko ekainean, Mariano Rajoy zen Moncloako maizterra eta PPk gehiengo absolutua zuen Espainiako Parlamentuan. Hilaren 29an, Industria Ministerioak hiru urte lehenagoko agindua baliogabetu eta aukera eman zion Nuclenorri beste sei urterako (2019 arte) baimena eska zezan. Haatik, Nuclenorrek ez zituen gobernuak emandako erraztasunak baliatu, luzapena eskatzeko legezko epea pasatzen utzi zuen eta. Horrenbestez, zentralaren ustiapena amaitzeko prozedura martxan jarri zen.
Baldintza normaletan, prozedura horrek urtebete inguru iraungo zuen, eta horren ostean Garoñaren jabetza estatuak hartuko zuen, hondakin nuklearren kudeaketaz arduratzen den enpresa publikoaren bitartez (Enresa) zentrala eraisteari ekiteko. Momentuz ez da horrelakorik gertatu, bistan dena.
Ondorengo hilabeteetan gauza asko gertatu ziren. Lehenbizi, 2012ko abenduan, Nuclenorrek bere kasa eta baimenik gabe utzi zion Garoñak ekoiztutako energia sare elektrikora jaulkitzeari, arrazoi ekonomikoak argudiatuta. Handik egun gutxira, eta argudio berdina erabiliz, Nuclenorrek berak eskatu zuen Garoñaren ustiapena bertan behera gelditzea, nahiz eta ordurako bazuen mahai gainean horixe bera egiteko Ministerioaren agindua, handik urte erdira bete behar zuena. Kontua da Nuclenorrek esplizituki adierazi zuela arrazoi ekonomikoengatik egiten ari zela eskaria, eta ez segurtasunari lotutakoengatik. Luze gabe jakin zen zehaztapen horrek norainoko garrantzia zuen.
2013ko uztailaren 5ean, Industria Ministerioak Garoñako zentralaren ustiapen amaierako agindua eman zuen, PSOEren agintepeko garaian ezarritakoa betez. Aginduak, hori bai, oso garbi zioen ustiapena etetearen arrazoi bakarra ekonomikoa zela. Egun hartan bertan, Gobernuak atea ireki zion etorkizunean zentrala berriz irekitzeko aukerari. Zehazki, erregai nuklearraren kudeaketari buruzko errege dekretu proiektuari aldaketa batzuk egin zizkion Ministerioak. Aldaketa horien arabera, jarduera etendako zentral nuklearrek aukera izango zuten berriro ustiapenari ekiteko, baldin eta hura gelditu izanaren arrazoiak segurtasunarekin zerikusirik ez bazuen, eta berriro funtzionatzeko baimena urtebeteko epean eskatuz gero. Garoñaren izena beren-beregi aipatzea baino ez zitzaion falta testuari.
Errege dekretu berria 2014ko otsailean jarri zen indarrean. Maiatzean, Nuclenorrek hura baliatu eta Garoñaren jarduera 2031ra arte luzatzeko baimena eskatu zion Industria Ministerioari. “Guztiz ezohikoa izan zen”, azaldu digu Raquel Montónek, Espainiako Greenpeaceko nuklearren kanpainako arduradunak, “ordura arte zentral nuklear guztien baimenak hamar urterako eskatzen eta ematen baitziren, hain zuzen ere segurtasun-inspekzioekin bat eginez, eta hura hamazazpi urterako galdatu zuten”. Lehen aldiz, espainiar zentral baten bizitza 60 urteraino luzatzeko eskaria zegoen mahai gainean. Eta hor dago oraindik.
Nuclenorren baimen eskaria CSNra iritsi zen, ezeren aurretik hark eman behar baitu onespena, betiere segurtasunaren ikuspuntutik. 2014ko uztailean, CSNko Osoko Bilkurak Garoñari buruzko Argibide Tekniko Osagarri (ATO) bat onartu zuen. Hitz lauz esanda, Nuclenorrek bere eskariari lotuta aurkeztu beharreko dokumentazioa eta bete beharreko baldintzak zehazten ditu ATOak. Modu horretan, CSNk hasiera eman zion Garoña berriz irekitzeari buruzko prozedura oraindik burutu gabeari. Bitxiena da bertako teknikariek, bi urteotan, kontrako bi noranzkotan lan egin behar izan dutela aldi berean: batetik, zentrala berriro irekitzeko eskaria aztertuz; bestetik, haren ustiapenaren amaierari dagozkion tramiteak eginez.
CSNk ez zuen aho batez onartu Garoñari buruzko ATOa. Osoko Bilkura osatzen duten bost kideetako batek, PSOEren agintepean Espainiako Ingurumen ministro izandako Cristina Narbonak, aurka bozkatu zuen. Merezi du bere botoaren arrazoiez eman zituen azalpenak irakurtzea: “CSNko Osoko Bilkurak ATOa onartzeko erabakia hartu zuen sakonki eztabaidatu gabe, ez ikuspuntu teknikotik ez juridikotik, zer-nolako ondorioak izan ditzakeen Nuclenorren eskariak, nahiz eta CSNren historian aurrekaririk gabeko egoera izan”.
Ministro ohiaren esanetan, ez da inon serio aztertu zer onura ekar dezakeen segurtasunaren ikuspegitik zentral nuklear batek 60 urtez funtzionatzeak, kontuan izanda, besteak beste, haren bizitza luzatzearen ondorioetako bat hondakin nuklear kopurua handitzea dela. Narbonak aurkako botoa eman du Garoñaren berrirekitze prozeduraz CSNk onartu dituen ebazpen guztietan, eta prozedura hori gelditzeko eskatu du erakundeak Nuclenorri baimena ematearen ondorioez eztabaida sakona egin eta iritzi publikoari azaldu bitartean.
Cristina Narbona Ingurumen ministro ohi eta CSNko kide kritikoaren esanetan, ez da inon serio aztertu zer ondorio izan dezakeen, segurtasunaren aldetik, zentral baten bizitza 60 urtera luzatzeak
Cristina Narbonak eskari hori egin zuen garai bertsuan, 2016ko otsailean, Espainiako Kongresuko talde parlamentario guztiek, PPk izan ezik, eskutitz bat bidali zioten CSNri, Garoña berrirekitzeari buruzko prozesua bertan behera utz zezan eskatuz, “gobernu berria osatu arte”. Taldeek gutunean azaldu zutenez, CSNk aldeko txostena egin eta jarduneko gobernuak Garoña berriz irekitzeko baimena emateak arrisku handi bat luke: gobernu berriak erabakiz gero indarrean dagoen ustiapen amaiera aginduari eustea, alegia Garoña behin betiko gelditzea, Nuclenorrek kalte-ordaina eskatu lezake, eta ez txikia. Begien bistakoa denez, arrisku hori ez da desagertu oraindik, besteak beste CSNk ez diolako jaramonik egin gutunari.
Garoña berriz lanean jartzeko baimena emateak aurrekaria ezar dezake etorkizunerako. Une honetan zazpi erreaktore nuklear daude lanean Espainiako Estatuan, bost zentralen artean banatuta. Denak ere Garoñakoa baino potentzia handiagokoak dira, bi halako baino gehiago. Eta garrantzitsuena: pixkanaka, haiek ere hurbiltzen ari dira 40 urteko mugara.
Cáceresen dagoen Almaraz-I erreaktorea izango da baimena iraungiko zaion lehenengoa, 2021ean. Gazteenari, Guadalajaran dagoen Trillori, 2028an egokituko zaio txanda. Hots, Espainiako parke nuklear osoaren bizitza luzatzeaz erabaki beharko da zazpi urteko tartean. Garoñaren bi ugazabetako batek, Iberdrolak, zentral guztietan du parte hartzea, eta kasuren batean zentral osoa. Endesaz ia beste hainbeste esan daiteke: denetan esku hartzen du, bakarrean izan ezik.
Datuok ezagututa hobeto ulertzen da Juan Lopez de Uralde Equo-Podemoseko diputatuak joan den urriaren 19an Espainiako Kongresuko Industria Batzordean esandakoa: Garoñaren baimena berritzeko CSN-n egiten ari den prozedura antzerkitzat jo zuen Espainiako Greenpeaceko zuzendari ohiak. “Haren jabeei ere ez zaie interesatzen berriro irekitzea, beste zentralen bizitza luzatzeko besterik ez dira erabiltzen ari”.
Hain justu, Fernando Marti CSNko presidenteari esan zion hori Lopez de Uraldek, haren agerraldia baliatuta. Martik onartu zuen Nuclenor ez dela betetzen ari zentrala berriz ireki ahal izateko CSNk agindutako hobekuntza plangintza; izan ere, urtebete baino gehiago igaro da hobekuntza horiek ezartzeko epea agortu zenetik. “Hori hala bada, zergatik ez duzue besterik gabe Garoña berriz irekitzeko baimena ukatzen?”, galdetu zion Pedro Azpiazu EAJko parlamentariak Martiri. Hori egitea prebarikatzea izango litzatekeela erantzun zuen CSNko buruak, eta nabarmendu egin zuen bere erakundea teknikoa dela, ez politikoa.
Oso litekeena da Martik hori esan zuenean azken urteetan CSNri egin zaizkion kritika gordinak gogoan eduki izana. Teorian, gainerako erakundeetatik eta bereziki gobernutik erabat independentea da segurtasun nuklearraz arduratzen den organismoa. 400 teknikari inguru ditu lanean, baina erabaki organo gorena, Osoko Bilkura, alderdi politikoek Diputatuen Kongresuaren bitartez proposatutako bost kontseilarik osatzen dute. Izan ere, teorian CSNk Kongresuaren aurrean baizik ez du kontu eman beharrik.
Haren independentziari buruzko zalantzak ez dira bart gaueko kontua, baina kritikarik gogorrenak azken urteetan jaso ditu CSNk, batik bat PPk egindako bi jokaldirengatik. Bata Fernando Martiren beraren izendapena da: Estatuko Energia Idazkaria izan zen CSNko presidente kargua hartzeko bezperara arte, eta literalki ari gara erabiltzen “bezpera” hitza. 2012ko abenduan gertatu zen hori. Izendapena legezkoa izan arren, begien bistakoa da oso zalantzazkoa dela Martiren gobernuarekiko independentzia.
PPren bigarren jokaldia 2015eko urrian iritsi zen. Popularrek, artean zuten gehiengo absolutuari esker, CSNren osaketan tradiziozkoa zen oreka hautsi zuten lehenbiziko aldiz. Zehazki, euren sokako kontseilari bat izendatu zuten (Javier Dies), epea amaituta kargua utzi behar zuen CiUko Antonio Gurguíren ordez. Erabakia Gobernuaren dekretu baten bidez gauzatu zen, Kongresuko Industria Batzordeko gehiengoak izendapenaren aurka bozkatu baitzuen. Ordutik PPren hiru kontseilari eta PSOEko bi daude CSN-n, alderdi biek kontseilari kopuru bera izateko ohitura hautsita.
Azken hilabeteetan, CSNren independentzia ezbaian jartzen duten etxe barruko ahotsak nabarmendu dira. 2015ean sortutako CSNko teknikarien elkarte batek (ASTECSN) salaketa larriak egin ditu Fernando Martiren kudeaketaren aurka ASTECSNen esanetan, CSNren funtzio erregulatzailea desitxuratzen ari da Marti agintean dagoenetik. Besteak beste, segurtasuna neurtzeko prozedurak aldatzea leporatu diote; sistema berriekin, gertakari guztiak behar bezala aztertzea zailagoa dela diote.
ASTECSN kexu da, halaber, lanean urte asko zeramaten goi-mailako teknikariak bota eta haien ordez agintari berrien konfiantzakoak ezarri dituztelako. Ordezkatutako bat, hain zuzen, Garoñako zentrala aztertzeko ardura zuena da; 2013an gertatu zen hori. Elkarte barruko iturrien arabera, “ipini dituzten goi-mailako teknikariek, oro har, bat egiten dute oraingo presidentearen irizpideekin; alegia, desarautzearekin”.
2009-7-3: Espainiako Industria Ministerioak, artean PSOEren agindupean, 2013an finkatu zuen Garoñaren ustiapenaren amaiera. Hala, 42 urtera arte luzatu zuen zentralaren bizitza, ohiko 40en ordez.
2012-6-29: Industria Ministerioak, ordurako PPren esku, aurreko agindua baliogabetu eta aukera eman zion Nuclenorri, zentralaren ugazabari, ustiapen baimen berria eskatzeko 2019ra bitarte. Nuclenorrek irailaren 5a zuen horretarako epemuga, baina denbora gehiago eskatu zuen. Ministerioak ez zion eman, eta Garoñaren ustiapena 2013an bertan behera uzteko prozedura hasi zen.
2012-12-16: Nuclenorrek, bere kasa eta baimenik gabe, Garoñak sortutako energia sare elektrikora jaulkitzeari utzi zion, “arrazoi ekonomikoak” argudiatuta. Hala jokatzeagatik 18,4 milioiko isuna ezarri zioten 2014an.
2013-7-5: Industria Ministerioak Garoñaren ustiapena amaitzeko agindua eman zuen, eta horixe da zentralaren lege-egoera une honetan. Alabaina, egun berean, ordu gutxira, Ministerioak tramiteak hasi zituen erregai nuklearrari buruzko errege dekretuan aldaketak ezartze aldera. Aldaketa nagusia zen arrazoi ekonomikoengatik –eta ez segurtasunarekin lotutakoengatik– bere jarduera etendako zentralei berriz lizentzia eskatzeko aukera emango zitzaiela. Testu proposamen berriari Garoñaren izena espresuki aipatzea baino ez zitzaion falta. Dekretua 2014ko otsailean onartu zen.
2014-5-27: Nuclenorrek, aipatutako dekretuan oinarrituta, Garoñaren bizitza 2031ra arte luzatzeko baimena eskatu zion Ministerioari.
2014-7-30: CSNk Argibide Tekniko Osagarria dokumentua onartu zuen, Garoñako zentrala berriz lanean hasteko bete beharreko baldintzak zehazten dituena. Geroztik eta gaur arte, CSNk hainbat erabaki hartu ditu Garoñan egin beharreko hobekuntzei buruz, betiere zentralaren irekiera ahalbidetze aldera.
2016-2-3: CSNk ontzat eman zituen Nuclenorrek Garoñan egindako hainbat hobekuntza, 2014ko uztailaren 30eko Argibide Tekniko Osagarrian jasotakoak. Halaber, iragarri zuen Garoña berrirekitzeari buruzko behin betiko txostena 2016ko bigarren seihilekoan igorriko ziola Industria Ministerioari.
Garoñako zentrala berriro lanean hasteko Nuclenorrek bete beharko lituzkeen baldintzetako bat ez datorkio CSNren eskariz, Ebroko Ur Konfederazioaren aldetik baizik. Kontuan izan behar da zentralak ibai horretatik hartzen duela funtzionatzeko behar duen ura.
2013ko uztailean –ordurako zentrala geldi zegoen–, Konfederazioak esan zuen Garoñak, berriz lanean hastekotan, neurri zorrotzagoak beharko zituela Ebro ibaiko uren erabilerari dagokionez. Zehazki, esan zuen zentralak ibaira bueltatzen duen erabilitako ura beroegia dela, eta horrek ingurumen arazoak sortzen dituela.
Hori saihesteko hozte-dorre berria eraikitzeko baldintza ezarri zion Ur Konfederazioak Nuclenorri. CSNren eta Ministerioaren onespen guztiak lortuta ere, Garoñak ezinbestean egin beharko luke obra hori, funtzionatu ahal izateko. Eta inbertsioa ez da txikia. Beste alternatiba potentzia baxuagoan lan egitea litzateke.
Garoña behin betiko itxi? Demokrazia energetikoa eta energia sozialak izenburuarekin solasaldia egingo da Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean, azaroaren 16an. ARGIAk bertan paratuko duen Trantsizioak erakusketari lotutako ekitaldia izango da. Parte hartzaileak Aitor Urresti EHUko irakaslea eta Patxi Alaña Bizkaiko Garoñaren Kontrako Foroko kidea izango dira, eta Unai Brea ARGIAko kazetaria arituko da moderatzaile lanetan. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da solasaldia.
Azaroaren 3tik 24ra izango da Oihanederren Trantsizioak. ARGIAren begirada lau hamarkadatako eraldaketei (1976-2016) argazki erakusketa. Garoñari buruzkoa ez ezik, hainbat ekitaldi egingo dira hari lotuta.
Espainiako Gobernuaren Enresa enpresa publikoaren esku geratu da instalazioaren titulartasuna, eta eraisketa lanetarako guztira 475 milioi euroko gastua aurreikusi dute. 40 urtetako etekinak pribatuak izan eta gastuak publikoak izan direla salatu du Araba Garoña Gabe... [+]
Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa (MITECO) izan da zental nuklearra eraisteko baimena eman duena. Horri esker, Enresaren enpresa publikoaren esku geratu da instalazioaren titulartasuna.
Ekainean hasi eta hamar urte inguru luzatuko dira Garoñako zentral nuklearra desegiteko lanak. Bi fasetan egingo dira, erreaktorea desegin aurretik igerilekuak husteko. Hondakinen %15 zentralean bertan geratuko da.
Ascoko zentral nuklearrean izandako istripu hilgarriaren biharamunean, Eguzki talde ekologistak salatu du Garoña desegiteko Espainiako Estuak martxoan aurkeztutako desegite proiektuak ez zituen jasotzen "ez neurririk, ez segurtasun-arriskurik, ez esperientziarik... [+]
Segurtasun iturrien arabera, karbono dioxido isuri batengatik gertatu da Ascoko istripua, ez "jarduera erradiologikoagatik". Eguzki talde ekologista eta antinuklearrak ohartarazi du zentral horietan “beste ezeren gainetik, lehentasun nagusia” izan behar... [+]
Garoña itxi zen garaiko ospakizunak urruti daude. Lasaitua hartu genuen gehienok, zentral nuklearraz ahazten has gintezkeelakoan
Eguzkik alegazioak aurkeztu dizkio Garoña desegiteko proiektuari. Talde ekologistak ingurunea eta segurtasuna fase guztietan aztertzea eta ingurunea biziberritzeko plan bat eskatu du, besteak beste.
2012. urtetik geldi dago Garoñako zentral nuklearra eta 2021ean hasiko dira hura eraisten, Espainiako Gobernuak EH Bilduren galdera parlamentario bati erantzunez informatu duenez.
Eraiste-aurreko lanen plangintzan gabezia nabariak daudela adierazi du Segurtasun Nuklearrerako Batzordeak. Ikuskatzea joan den martxoan izan zen, eta batzordeak ateratako txostenak dio langileen irradiazio-mailaren kalkuluaren gainean eragin handia izango dutela plangintzaren... [+]
Zentral nuklearraren eraispen lanen planifikazioan "gabeziak" daudela egiaztatu du CSNk, eta ohartarazi du egoera horregatik Nuclenorrek erradiazio arriskuen berrebaluazioak egin behar izan dituela. Jasotako erradiazio dosi kolektiboak zehazteaz gain, dosi indibidualak... [+]