Langile bat hil eta beste hiru zauritu dira Tarragonako zentral nuklear batean

  • Segurtasun iturrien arabera, karbono dioxido isuri batengatik gertatu da Ascoko istripua, ez "jarduera erradiologikoagatik". Eguzki talde ekologista eta antinuklearrak ohartarazi du zentral horietan “beste ezeren gainetik, lehentasun nagusia” izan behar dela herritarren eta langileen segurtasuna. Garoñako zentrala desegiteko “segurtasun-neurriak” eskatu ditu taldeak.


2021eko azaroaren 25an - 10:19
Azken eguneraketa: 11:26
Karbono dioxidoa arnastuta hil da Asco zentral nuklearreko langilea. / Argazkia: CSN

Azaroaren 24 arratsaldean Tarragonako Asco zentral nuklearrean istripu bat jazo da, eta karbono dioxidoa arnastearen ondorioz langile bat hil eta gutxienez beste hiru arin zauritu dira. Generalitateko suhiltzaileek eta Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak (CSN) jakinarazi dutenez, “ez du zerikusirik jarduera erradiologikoarekin”. Langileak suteen aurkako sisteman mantentze-lanak egiten ari zirela karbono dioxidoa isuri da (sua itzaltzeko erabiltzen dute CO2a, ura ezin delako erabili). Eguzki talde ekologista eta antinuklearrak ohar batean salatu du zentral nuklearretako istripuak “kosta ahala kosta” saihestu behar direla, eta gogorarazi du “lehentasun nagusia” izan behar dela herritarren eta langileen segurtasuna. Hildakoaren gertukoei “elkartasuna eta babesa” eskaini diete.

Hildako gizonezkoa zentraleko suhitzaile bat da, larrialdietarako talde bat baitute bertan. El Periodico Kataluniako egunkariak argitaratu duenez, langile batek ohartarazi die kanpoko larrialdi zerbitzuei istripuaz; zentralak oraindik ez zuen abisua emanda. Ez zekiten ezer Generalitateko suhitzaileek, Esquadra Mossoek, Guardia Zibilak, ezta SEM Larrialdietarako Medikuen Zerbitzuek ere. Zentral nuklearreko iturriek hedabide horri azaldu diotenez, hasiera batean zentraleko bertako larrialdi taldeak egin dio aurre istripuari, eta egoeraren larritasuna ikusitakoan eskatu dute kanpoko laguntza. CNTren Valentziako sindikatuak Twitter bidez salatu du Asco zentralak ez dituela beharrezko segurtasun neurriak betetzen.

Garoña desegiteko segurtasun neurriak eskatu dituzte

Era berean, Eguzki taldeak galdegin du Garoñako zentral nuklearraren eraistean “segurtasun neurriak bermatzea”. Hain zuzen, taldeak alegazioak aurkeztu ditu Arabarekin mugan dagoen Burgosko Garoña zentralaren desegite-prozesuan. Izan ere, martxoan argitaratu zuten Estatuko Aldizkari Ofizialean zentral nuklearra eraisteko 1. fasearen proiektua, baina Eguzkik “gardentasuna eta informazioa” eskatu ditu: “Proiektu horretan ez zen azaltzen segurtasun arloko ez neurrien ezarpenik, ezta segurtasun-arriskuari dagokionik ere, ez esperientziarik beste zentral nuklearretan, ez desegite-lanek pertsonen osasunari eta ingurumenari kalte egiteko arriskuarekin duten loturarik ere”. Halaber, ingurua biziberritzeko plan bat egitea galdegin dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Energia nuklearra
Energia nuklearraren ekoizpena maximo historikoan: seguru al gaude?

Nazioarteko Energia Agentziaren esanetan 2025ean inoiz baino energia nuklear gehiago produzituko da munduan. Nuklearren bultzada berri baten aurrean gaude, baina erreaktore eta zentraletan izaten diren “gertakariak” ikustea besterik ez dago hartzen ari garen... [+]


Nuklearra energia garbitzat hartzea eskatu du Europako Legebiltzarrak

Legebiltzarrak astearte honetan, hilak 21, onartu du erabakia gehiengo handiz: 456 boto alde eta 153 kontra. Horren bidez, eskatu dio Europar Batzordeari prestatzen ari den Isuririk Gabeko Industriaren Europako Legean onar dezala energia nuklearra zero isuri duten energien... [+]


Fukushimako urak isurtzeak ez duela arrisku esanguratsurik adierazi dute aditu batzuek

Erradiazio eta segurtasun nuklearreko adituek adierazi dutenez, Fukushima Daiichiko instalazio nuklearretik isurtzen ari diren ur erradioaktiboa ez da mehatxu esanguratsua, ez itsasoko bizidunentzat, ezta pertsonentzat ere. Hala adierazi dute Science aldizkarian argitaratutako... [+]


Microsoftek energia nuklearra erabili nahi du adimen artifiziala elikatzeko

Hodeia ez da existitzen, beste norbaiten ordenagailua da. Zehatzago esanda, beste norbaiten ordenagailuz betetako pabiloi erraldoiak dira hodeia, eta energia kopuru izugarriak behar dituzte. Microsoftek erreaktore nuklear txikien aldeko apustua egin nahi du energia behar horiek... [+]


Eguneraketa berriak daude