Aurreikusitakoa baino erradiazio gehiago jaso dute Garoñako langileek

  • Zentral nuklearraren eraispen lanen planifikazioan "gabeziak" daudela egiaztatu du CSNk, eta ohartarazi du egoera horregatik Nuclenorrek erradiazio arriskuen berrebaluazioak egin behar izan dituela. Jasotako erradiazio dosi kolektiboak zehazteaz gain, dosi indibidualak ere kontuan hartzeko eskatu du erregulatzaileak.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2019ko ekainaren 07an - 12:25
Nuclenor kalkulu berriak egitera mugatu izana gaitzetsi dute CSNko ikuskatzaileek. / Nuclenor

  Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.

Garoñako zentral nuklearraren eraistea prestatzeko lanetan langileek zenbat erradiazio jaso dezaketen zehazten duten gehienezko mailak birritan aldatu ditu Nuclenorrek, CSNk Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak egindako azken ikuskaritzan jasotako informazioaren arabera.

Joan den martxoren 25ean hasita, CSNko bi teknikarik hiru egunez ikuskaritza egin dute Garoñan, Nuclenorrek babes erradiologikoaren alorrean martxan izan behar dituen neurriak betetzen dituela egiaztatzeko, eta akta batean jaso dute ikusitakoa. Espainian instalazio nuklearren kontrola duen erakundeak asteazkenean argitaratu du agiria, eta ALEAk gaur eman du ezagutzera.

Akta horretan deskribatzen denez, 2017tik Garoñan ALARA irizpideak betetzeko eratutako batzordeak ohiko lau bilera egin ditu, baina epe horretan ohiz kanpoko beste hamar bilera egin behar izan ditu: lau bilera 2017an, hiru 2018an, eta beste hiru 2019an; martxoko ikuskaritza izan arte, hain zuzen. Ingelesezko As Low As Reasonably Achievable esaldiaren akronimoa da ALARA, eta irizpidearen helburua da instalazio nuklearretan ari direnek ahalik eta erradiazio dosirik txikiena jasotzen dutela bermatzea.

2017ko uztailean zehaztu zituzten 2018. urterako helburuak, "urteko operazio-dosi kolektiboa" eta "urteko dosi kolektibo ofiziala" ezaugarrien arabera neurtuta: 118,84 mSv eta 90,14 mSv lagun bakoitzeko, hurrenez hurren. 2018ko maiatzean, baina, helburu horren berrebaluazioa egin behar izan zuten: 185,39 mSv eta 147,99 mSv balioetara igo zituzten dosiak. Horren arrazoia, "lanen hedapenena" izan zela argudiatu dute orain. 2018ko irailean jaitsi ahal izan zituzten helburuak (160,97 / 137,60), baina 2019. urterako aurreikuspenek berriro huts egin zuten: 69,36 / 53, 36 jomuga zehaztu zuten hasieran, baina otsailean 94,44 / 79,49 balioetara igo zuten aurreikuspena.

Nuclenor kalkulu berriak egitera mugatu izana gaitzetsi dute CSNko ikuskatzaileek. ALARA batzordearen aktetan "aurreikusitako dosien eta errealitatean izandako dosien desbideraketen aurrean" berrebaluazioak baino ez dituztela proposatu egiaztatu ahal izan dute ikuskatzaileek, "egoera bideratzeko bestelako neurririk" hartu gabe. Zuzendaritzari gogorarazi diote planifikatutako dosiaren %25 baino gehiago desbideratzen denean PAC Ekintza Zuzentzaileen Programa izeneko erregistroan egoeraren berri eman behar dutela, baina hori ez dutela egin, 2018an gertatutako desbideraketa %30 izanda ere.

Bestalde, Nuclenorri egotzi diote ez dituela kontuan hartu beharginek urte bakoitzeko jaso ditzaketen gehienezko dosiak, modu indibidualean. Garoñako zuzendaritzak agirian onartu du jardunean ari diren langileen kopuruarekin jokatzen duela, araudiak ezartzen dituen dosi indibidualak ez gainditzeko. Garoñako arduradunek argudiatu dute desbideraketak ez direla gertatu gaizki egindako praktikak direla eta, "ekintza berriengatik eta martxan dauden lanen luzapenagatik" baizik. "Etorkizuneko agertokietan dauden ziurgabetasunak" ere aipatu dituzte arrazoi gisa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Garoña
Enpresa publikoak eraitsiko du Garoña, 40 urtez Iberdrola eta Endesak ustiatu ondoren

Espainiako Gobernuaren Enresa enpresa publikoaren esku geratu da instalazioaren titulartasuna, eta eraisketa lanetarako guztira 475 milioi euroko gastua aurreikusi dute. 40 urtetako etekinak pribatuak izan eta gastuak publikoak izan direla salatu du Araba Garoña Gabe... [+]


Garoña eraisteko baimena eman du Espainiako Gobernuak

Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa (MITECO) izan da zental nuklearra eraisteko baimena eman duena. Horri esker, Enresaren enpresa publikoaren esku geratu da instalazioaren titulartasuna.


2022-12-19 | Hala Bedi
Garoñaren desegitea 2023ko ekainean hasiko da

Ekainean hasi eta hamar urte inguru luzatuko dira Garoñako zentral nuklearra desegiteko lanak. Bi fasetan egingo dira, erreaktorea desegin aurretik igerilekuak husteko. Hondakinen %15 zentralean bertan geratuko da.


2021-11-26 | Hala Bedi
Eguzkik alegazioak aurkeztu ditu Garoñaren desegitea "segurua eta gardena" izan dadin

Ascoko zentral nuklearrean izandako istripu hilgarriaren biharamunean, Eguzki talde ekologistak salatu du Garoña desegiteko Espainiako Estuak martxoan aurkeztutako desegite proiektuak ez zituen jasotzen "ez neurririk, ez segurtasun-arriskurik, ez esperientziarik... [+]


2021-11-25 | Leire Artola Arin
Langile bat hil eta beste hiru zauritu dira Tarragonako zentral nuklear batean

Segurtasun iturrien arabera, karbono dioxido isuri batengatik gertatu da Ascoko istripua, ez "jarduera erradiologikoagatik". Eguzki talde ekologista eta antinuklearrak ohartarazi du zentral horietan “beste ezeren gainetik, lehentasun nagusia” izan behar... [+]


Eguneraketa berriak daude