Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Zuzentzailea oso figura ezaguna zen komunikabideetan, erdarazkoetan bezala baita euskarazkoetan ere. Ez naiz ari zuzentzaile informatiko horietaz, haragi-hezurrezko gizakiez baizik. “Zen” esan dut, ez baitakit gaur egun ere dirauen. Ez du ematen, izugarriak baitira ia egunero irakurtzen eta entzuten ditudan akats potoloak medioetan. Agian krisialdia dela-eta, kostuetan aurreztearren desagertu egin dira zuzentzaileak lantaldeetatik.

Lehengo astean EITBren newsletter-ean titular hau irakurri nuen: “Felipe Gonzalez Pedro Sanchezengatik engainatuta sentitzen da”. Oso larria iruditu zitzaidan

Anekdota asko konta nitzake zuzentzaileen harira. Lasai! Bakarren bat baino ez dizuet aipatuko. Gazte nintzenean, Bilboko Herri Irratian bazegoen esatari oso ezaguna, euskaldun-zaharra. Saioa erdaraz izan arren, bera saiatzen zen gero eta euskara gehiago erabiltzen. Kontua da norbaitek esan omen ziola bizkaieraz “dau” esaten bada ere, euskara txukunean “dago” esan behar dela. Hortaz, halako batean hasi zen horrelakoak esaten: “Entzule honek nahi dago entzun”. Hobetu nahian, txarragotu egiten zuen, kakaztu. Horri zuzenketa barik sasi-zuzenketa edo deitu beharko genioke. Urtetan egon nintzen Egin egunkarian kolaboratzen, erreportajeak (freelance) zein, eta batez ere, zutabeak idazten. Bada, sarri-sarritan haserretu nintzen ustezko zuzenketengatik. Behin, adibidez nik “erail” jarri (asasinatu nahi nuelako adierazi) eta berak, zuzentzaileak, “erail” ezabatu eta haren ordez “eho” jarri (“ero” izan balitz, gaitz-erdi!). Beste behin, antzekoa: nik “begirada” jarri, berak kendu eta “behako” idatzi. Oraindik ez dut ulertzen zergatik egiten zituen horrelakoak. Horiek ere ez ziren zuzenketak; izatekotan hiperzuzenketak izango ziren, ondo dagoena zuzentzeari horrela esaten baitzaio. Konturatu zarete ez dudala izenik aipatu, berak erakutsi ez zidan begirunea badiodalako nik.

Hau guztia zergatik aipatzen dudan orain? Bada, lehengo astean EITBren newsletter-ean titular hau irakurri nuelako: “Felipe Gonzalez Pedro Sanchezengatik engainatuta sentitzen da”. Oso larria iruditu zitzaidan. Gorago esan dudan bezala, tamalez maiz ikusten eta entzuten ditut horren antzekoak; baina medio publiko batean eta idatziriko titular batean gehiegizkoa iruditu zitzaidan, besteak beste, EITBren helburuetako bat badelako, hain zuzen, euskara sustatzea eta, esan gabe doa, zaintzea. Nire ustez, beharrezkoak dira zuzentzaileak. Beti dago “baina”ren bat, ordea. Beharrezkoak dira, bai, baina euren lana egitera mugatuko balira. Hau da, txarto dagoena zuzendu –beti ere edonori zor zaion errespetua adierazita, jakina–, eta ez berari ez zaiolako gustatzen, edo auskalo zergatik, gauzak alai asko aldatu.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude