Ibilbide gidatuak

Atzoko, gaurko eta biharko Gasteiz euskalduna ezagutzen

  • Euskara aspaldi desagertu zela Gasteizen, oraindik ere askotxoren ustea da. Lekukotzek garbi adierazten dute ez dela hala. Geu elkarteak ibilaldi gidatuak eskaintzen ditu, euskaraz eta gaztelaniaz, Gasteiz eta euskararen arteko lotura etenik gabea azaltzeko. Urri bukaeran Afrika iparraldeko darija hizkuntzan ere egingo dute ibilbidea.

Onintza Irureta Azkune @oirureta
2016ko irailaren 25a
Salburua auzoko Salburu euskara elkarteko kideak Alde Zaharreko ibilbidean.
Salburua auzoko Salburu euskara elkarteko kideak Alde Zaharreko ibilbidean. Argazkia: Geu elkartea.

Gladys Giraldo Velásquez kolonbiarra da sortzez eta urte asko daramatza Gasteizen. Gaztelaniaz egin zuten ibilbide gidatuan hartu zuen parte. Zapuztuta dago Giraldo, ez duelako euskaraz egiten, ez duelako ikasi. Arrazoi politiko, kultural eta sozialengatik euskara beharrezkoa dela iruditzen zaio. Horregatik, seme-alabak ikastolara eraman zituen, heziketa euskaraz egitea oso garrantzitsua zela uste baitzuen.

Ibilaldi gidatua interesgarria iruditu zitzaion, “hainbat tokitara joan ginen eta historia zatiak kontatzeak emozionalki ere gerturatzen zaitu, jakina historia bera ere garrantzitsua da”. Andereñoek egindako lana azpimarratu du Giraldok. Klandestinitatean irakasten zuten andereñoen berri bazuen, baina Gasteizko adibide zehatzak ez zituen ezagutzen, eta izen-abizenak jartzea, eta kale jakinetan kokatzea, interesgarria iruditu zitzaion. Euskararen historian emakumezko erreferenteak lantzea ere gustatu zitzaion: “Historiako erreferenteak gizonezkoak dira eta ikastolakoak emakumeak dira. Ikusgarritasuna hartu zuten, eguneroko lana, inurri lana, erakutsi zuten”. Atzera begira bakarrik ez, gaurko eta biharko kontuak ere ezagutu zituen Giraldok ibilbidean: “Garai bateko kontuak ziren ikastola klandestinoak, baina Ramón Bajo ikastolaz hitz egin genuen eta hori gaurko kontua da, nola eskola euskalduna bihurtu den, D eredua”.

Haurrak ikastolara eraman zituztenak bisitarien artean

Petra Nisok, haren senarrak eta beste bi lagunek ere ibilaldi gidatua egitea pentsatu zuten. Niso Burgoskoa da. Berak eta bere senarrak ez dute euskara ikasi,  baina seme-alabak ikastolara eraman dituzte, “kontzientzia politikoa genuen eta euskararen alde egin genuen”. Ibilbidetik gogoan du ikastolak klandestinitatean egon zireneko garaia.

Giraldok eta Nisok parte hartu zuten saio hartan gehiena jende nagusia zen. Batzuk betiko gasteiztarrak, beste batzuk Espainiatik etorritakoak 60 eta 70eko hamarkadetan. Batzuek eta besteek euskara ikasteko aukerarik ez zuten izan, eta denek haurrak ikastolara eraman zituzten.

Guztiz galdu al zen euskara Gasteizen?

Zergatik antolatzen ditu Geu elkarteak halako ibilbideak? Galdera hori egin diogu Azaitz Unanue gaur egun gidari lanak egiten dituen Geu elkarteko kideari: “Hemen askotan entzuten da euskara aspaldi galdu zela Gasteizen, Erdi Arotik aurrera pixkanaka galtzen joan zela. Jendeak usteko du asko jota XVIII. mendean hitz egin zela azken aldiz”. Gasteiz eta euskararen historiaren arteko lotura lekukotzen bidez azaldu nahi zuen elkarteak, hasieran euskaraz, euskaltegientzat, ikastetxeentzat, mintzalagunentzat, euskaltzaleentzat, eta gero gaztelaniaz ere bai.

Era honetako galderak erantzuten saiatzen dira ibilbideetan: Zergatik bi izen gure hiriak: Vitoria eta Gasteiz? Euskarazko lehen hiztegia Gasteizen! Egia al da hori? Ba al da idazle euskaldunik Gasteizen? Gaur egun ere euskaldun gutxi al dago Gasteizen?

Ordu eta erdi irauten du ibilbideak eta Alde Zaharretik ez dira ateratzen. Sei atal jorratzen dituzte: lekukotzak, irakaskuntza eta hezkuntza; gizarte mugimenduak; helduen alfabetatze eta euskalduntzea; kultur adierazpenak; eta eragile instituzionalak eta proiektu berriak.

2011. urtean izan zuen sorburua egitasmo horrek. Euskaltzaleen Topaguneak Arabako Mintza Egunerako halako ibilbide bat proposatu zuen. Gasteizen euskararen historia laburtzen zuen gidoia baliatuta garatu da Atzoko, gaurko eta biharko Gasteiz euskalduna ibilbidea.

Darija hizkuntzan ere bai

Urriko 22-23 asteburuan, lehen aldiz darijaz eskainiko dute ibilbidea. Darija arabieraren eratorria da, Afrika iparraldean hitz egiten da, Marokon eta Aljerian batik bat. Sahararrek ere –hassaniera egiten dute–ulertzen dute. Nadia Qourchi izango da gidari lanak egingo dituena. Zumarragan bizi da eta Gasteizen ari da itzulpengintza ikasketak egiten. Euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen den ibilbideko edukiak itzuli ditu dagoeneko, baina berak badaki hainbat egoeratan azalpen gehiago eman beharko dituela, darija hiztunei ezezagunak egingo zaizkielako hainbat kontzeptu. Adibidez, euskaltegiak edo gau eskolak zer diren azaldu beharko du. Urriko saioan gazteak espero ditu Qourchik, “haiek dutelako harreman gehiago euskararekin”.

Darijaz ibilbidea, baina euskara ardatz. Azaitz Unanuek azpimarratu duenez, euskara kohesio tresna gisa landu dute: “Bizi diren lekuko hizkuntzaren egoera, errealitatea, ezagutzen badute, errazago hartuko dute beraien hizkuntzaren kontzientzia ere. Hizkuntzen mapan ariketa horrek integraziorako bidea ematen du”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Euskararen historia  |  Gasteiz

Euskararen historia kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude