Auzolana eta lehia nahasten direnean

  • Igoin mendiaren magalean bildu dira denak urtero bezala. Ilun-bistan atera dira, bakoitza bere baserritik. Oinez egin dute bertarako bidea, batzuentzat ordutako bide luzea. Eguna argitzen ari du eta tentsioa sumatzen da. Han daude denak orain. Zain. Igitaia eskuan hartuta, maldan gora dagoen landazainari begira. Adi.

    Bat-batean, landazainak besoa altxa eta argi bat atera da zerurantz. Etxafuegoa iraileko zeru gorrituan lehertu da. Puskatu da isiltasuna. Igoin-sasiko hariztiaren azpian igitai hotsa baino ez da entzuten. Zeinek iñistor edo garo gehiago ebakiko ariko dira ilundu arte.

    Hasi da aurtengo Harrapazka Eguna!

Iñistor artean, Urnietan. Argazkia: Jose Luis Unanue. Manuel Larramendi Kultur Bazkunak utzia.
Iñistor artean, Urnietan. Argazkia: Jose Luis Unanue. Manuel Larramendi Kultur Bazkunak utzia.

Ereñotzuko Auzo Udalak (Hernani) bizimodua auzolanean proiektua jarri zuen martxan 2015ean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura sailaren laguntzarekin. Honen barruan bildu nahi izan du Harrapazka Egunari loturiko ezagutza eta historia. Harrapazka Eguna iñistorra ebakitzeko egun berezia zen eta ohiturak orain dela 75 urte arte iraun zuen –1941ean egin zen Hernanin azken aldiz–. Ereñotzuar askok entzuna duten arren, oso gutxik daki zer zen zehazki. Aranzadi Zientzia Elkarteak, Dobera Euskara Elkartearen laguntzarekin, egun berezi hau bizi izan zuten azken testiguak aurkitu, elkarrizketatu eta grabatzeko ahalegina egin du. Horri guztiari, artxiboko dokumentu zahar eta datu bibliografikoak gehitu dizkio.  

Duela gutxi utzi gaituen 98 urteko Hipolito Arregui eta 92 eta 90 urteko Antonio eta Pedro Santa Kruz anaiak izan dira gure testiguak. Hernaniko Harrapazka Egunaren azken testiguak.

Baina zer zen Harrapazka Eguna?

Harrapazka Eguna iñistorra ebakitzeko garaiari irekiera ematen zion eguna zen. Hau ospatu arte debekatua zegoen iñistorra moztea, multa jasotzeko arriskuarekin gainera. Egun berezia zen zinez, zituen berezitasunengatik, eta baita zuen garrantziagatik ere.

Iraileko amabirjin (irailak 8) egunaren inguruan ospatzen zen urtero, iñistorra gorritzen hasten zen garaian. Udalak bandoa ateratzen zuen herritarrei noiz eta non izango zen jakinarazteko eta bertara nahi zutenek joateko eskubidea zuten, herri-lurretan egiten baitzen. Askorentzat iñistorra doan ebakitzeko eguna zen; Udalarentzat, aldiz, iñistorra moztea kudeatzeko edo erregulatzeko modua zen. Izan ere, Harrapazka Egunak bere legeak zituen eta horiek ez betetzeak zigorra zekarren.

Familia bakoitzetik bi-lau –urtearen arabera– pertsonak baino ezin zuten parte hartu eta bertara igitaia baino ezin zitekeen eraman iñistorra mozteko.

Egunean bertan, landazainak agindutakoan hasten ziren denak ebakitzen. Bakoitzak bere eremua markatzen zuen aurrena bertako iñistorra moztuaz. Lehia estua izaten zen: aldamenean zeudenek baino azkarrago moztea garrantzitsua zen, norberaren eremua handiagoa izateko. Zenbat eta azkarrago moztu, orduan eta handiagoa partzela. Hori zen harrapazka, hitzak berak esaten duen moduan, ahalik eta gehien, ahalik eta azkarren ebakitzea, etxera iñistor gehiago eramateko. Behin buelta guztia “markatuta”, barrukoa mozten hasten ziren.

Argazkian, araldia Urnietan. Argazkiaren jabea: Pili Lasa. Manuel Larramendi Kultur Bazkunak utzia.

“Aurreneko egunean igitaiarekin moztea baino ez zen libre izaten” esan digu Hipolitok. Iluntzen zuenean ematen zitzaion amaiera Harrapazka Egunari. Hurrengo egunean, leku eta ordu berean, iñistorra mozten jarraitu zezaketen, “baina segarekin moztea baimentzen zen”. Horrela, iñistor guztia ebaki arte, edo nahikoa hartu arte irauten zuen kontuak.

Bitxikeriz beteriko egun garrantzitsua

Gure testiguek kontatzen digute nola urrutieneko baserrietakoek orduak egiten zituzten goizean Harrapazka Eguna egiten zen eremura iristeko. Amantarrak eramaten omen zituzten jantzita. Zakuetatik ateratako tela zatiekin –eta beranduago paper-fabriketako mantekin– eginiko galtzetin edo polaina modukoak, abarken gainean jartzen zituztenak. Eta zakutoan eramaten omen zuten jan beharreko guztia, jateko denborarik bazuten, behintzat… garrafoiak ere eramaten omen zituzten sagardo berriarekin, izan ere, zaharrenen esanetan, “sagardo berriak harrapazka egunerako egina behar zuen”. Beste batzuek, ordea, “herriaren kontura joaten ziren bazkaltzera” esan digu Antoniok. Udaleko ordezkariak eta landazainak ere bertan egoten ziren, baita Aldundiko ordezkariren bat ere, “baina haiek jatetxetik ekarritako janaria jaten zuten, e! eta iñostorra ebaki gabe! Gure kontura!”.

Iluntzean ere izaten omen ziren komeriak. Jendeak ilun-bistan ebakitzen jarraitzen omen zuen eta landazaina zelatan ibiltzen omen zen, arropak aldatu eta txapela alderantziz jantzita ea zein harrapatuko. “Ilargitan lapurtu ederki egiten da” esan digu barrez Pedrok.     

Istiluak, lehia... eta auzolana?

Istilurik ere ez zen falta, itxuraz: “Hi gure partzelara sartu haiz!”, “Guk ebakitako iñistorra jaso duk!”… izan ere, harrapazka lehia zen. Eta horrek liskarrak eta komeriak ekartzen zituen. Udalak behin baino gehiagotan atera behar izan zituen bandoak legeak gogoraraziz. Baina iñistorra behar beharrezko lehengaia zen, eta horrek auzolanean lan egitera ere behartzen zituen bizilagunak.

Iñistorra mozteko garaiaren aurretik “aaldiya” (araldia) izenekoa egiten zuten –zenbait herritan “malobra” ere deitzen zioten–. Araldia auzolanari esaten zitzaion; iñistor tokietara zihoazen gurdi bideak konpontzeko eta txukuntzeko egiten zen auzolanari. Bertara familia bakoitzak ordezkari bat eramateko betebeharra zuen eta ezin bazuen bidali, ordezkoa aurkitzea euren lana zen. Udalak bando bidez jartzen zuen eguna eta bideak konpontzeko taldeak egiten zituen. Inguruan aurkitzen zituzten harri eta materialak erabiliz konpontzen zituzten gurdi-bideak. Gure testiguek, ordea, beste mota bateko kontuak ere gogoratzen dituzte. Izan ere, Udalak ardoa jartzen omen zuen doan eta ba omen zen jenderik, bertsoak botatzen bukatzen zuenik egun hartan…

Argazkian, Hernaniko Agerre baserrikoak meta eginean, 1965ean. Argazkia: Felix Unzueta. Kepa Urreagak utzia.

Aaldiya eta Harrapazka Egunaren ondoren, ebaki eta mendian lehortzen utzitako iñistorraren bila gurdiekin joateko garaia iristen zen. Askok gune jakin batean egiten zuten zita gurdiekin, eta elkarrekin joaten ziren guztiak bata bestearen atzetik iñistorraren bila, “trena bezala!”, “gurdi soinu ederrak ateratzen” gure testiguen arabera. Familiakoen artean jende nahikoa ez, eta baserrien arteko auzolana ere izaten zen askotan, bai iñistorra jasotzeko, bai metak egiteko ere.

Esker onak

Iñistorraren inguruan egin ditugun elkarrizketa guztietan zuen laguntza, denbora eta informazioa eman diguzuen guztiei. Idurre Lekuona, Eñaut Agirre eta Xabier Iriarteri, Harrapazka Egunari buruzko bilketan egindako lanagatik.

Irailaren 24an festa

Ereñotzuko Auzo Udalak antolatu eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz, bideo emanaldia eta ibilbide gidatua eskainiko dute Ereñotzun, irailaren 24an, 9:30ean Auzo Etxean bilduta.

30 minutuko bideoaren ondoren, Harrapazka Eguna egiten zen mendietako pistetatik barrena (Akolatik Igoin-sasira) ibilbidea egingo dute. Antolatzaileek “erraz egitekoa” dela adierazi dute (3,5 kilometro eta 80 metroko desnibelekoa) eta 13:30etarako bukatuko dela.

Artikulu hau sinatzen duen Iñaki Sanz-Azkue arituko da bidean Harrapazka Egunaren inguruko azalpenak ematen.

 

BANDO, BANDO!

Bilatu ditugun Hernaniko Harrapazka Egunaren aurreneko aipamenak 1826koak dira, nahiz eta XVII. mendean dagoeneko Hernaniko dokumentuetan iñistor mozketei buruzko aipuak azaltzen diren. Ez dakigu ordea, garai haietan mozketa hauek harrapazka egiten ziren. Harrapazka Eguna, hasieran Hernaniko herri-lur eta zilegimendietan egiten zen. XIX. mende erditik aurrera, herri-lurrak eta zilegimendiak lote eta partzeletan banatu ziren, eta horietako asko iñistor-toki bihurtu ziren. Ordutik aurrera, Igoin mendiaren magalean, Igoin-sasi izeneko eremuan egin zen Harrapazka Eguna, 1920 eta 1941 artean. Urte horietan, legeak zertxobait aldatu baziren ere, helburuek lehengoan jarraitu zuten.

Harrapazka Eguna egiten zen, baita ere, Andoainen, Urnietan, Errenterian eta Oiartzunen. Herri bakoitzak bere ezaugarriak bazituen ere, oinarrizko legeak antzekoak ziren.

Herritarrek jarritako izena

1826ko dokumentuan, “corte de alhechos” aipatzen da Harrapazka Egunari buruz aritzeko. 1920an, ordea, Hernaniko alkate Gregorio Mendiak sinatutako bandoan “corte de helechos conocido vulgarmente por arrapatzka” idatzi zuen. Herritarrek urtetan erabilitako izena, beraz, izen ofizial bihurtu zen, eta Udalean bertan ere erabiltzen hasi ziren. 5 urte geroago, 1925ean, agertzen da harrapazkari buruz ateratako aurreneko euskarazko bandoa. Eskuz idatzitakoa, gainontzekoak ez bezala. Zera dio: “Alcate jaunaren partetic aicea ematen det, illonen 9 izango dala iñostorren arrapazca, ezdala izango astia coetiac bota arte lengo urtiatan becela”.

1942an, Harrapazka Eguna ospatzeko egun bakarra falta zela, Ricardo Rezola alkateak deia egin zuen, kasu honetan ere euskaraz, hau ez zela egingo adieraziz: “Alkate jaunak adierasten dizute. Arrapatzka debekatuba gelditzendala Usoko mendiyan, aldaketa egindako lekubetan”. Udalak ateratako bando honek eman zion bukaera Hernaniko Harrapazka Egunari.

IÑISTORRA: URREA BAINO ESTIMATUAGOA

Aspaldi bukatu ziren iñistorra ebakitzeko egunak Ereñotzun. Iñistorra (Pteridium aquilinum), iratzea edo garoa izenekin ere ezagutzen dena, ezinbesteko lehengaia zen ganadua zuen baserritarrarentzat. Iñistorrik gabe ezin bizi, eta irailaren erdi aldera hasten ziren mozten, hosto-gorritzen hasten zuenean.

Ukuiluan zabaltzen zuten iñistorra. Ganaduaren azpitarako (oheak egiteko) gauza hoberik ez omen zen. Azpitarako erabilitakoarekin egiten zen simaurra ere, baratzerako ongarria.

Pedro Santa Kruzek urtetan ebaki izan du iñistorra baserrirako. Honen garrantziaz galdetu diogunean ez du dudarik egin: “Urrea baino estimatuagoa huen! Orain txerria erretzeko adina ez zen bilduko!”, dio iñistor-tokiak desagertzen ari direla adieraziz.

Gutxi omen dira dagoeneko iñistorra moztera iñistor-tokietara joaten direnak. Iñistor-metak, bizitzeko modu baten azken arrastoak bihurtu dira beraz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Airbnb eta Bookingek ostatua eskaintzen dute palestinarrei kendutako lurretan
Ehunka etxe, hotel edo apartamentu dituzte Israelek Palestinan okupatutako lurretan. Nazio Batuen Erakundeari entzungor egiten diote.

2024-10-08 | Mikel Aramendi
Norenak ote dira munduaren akabuko uharteak?

Gurutzegramen zaletuek –eta beste inork gutxik– ezagutu ohi dute Txagos uhartediaren izena. Irla haietan handiena, Diego Garcia, aipatzen bada, gehixeago izango ginateke aditzera dugunak: ospea –ez batere gozoa– lortu du bertan dagoen base militar... [+]


Segundo Hernandez preso anarkistaren senide Lander Garcia
“Harrotasun antifaxista, esker ona, poztasuna, amorrua… sentsazio gazi gozoak bizi ditugu prozesu honen amaieran”

Segundo Hernandez preso anarkistaren senide Lander Garciak hunkituta hitz egin du, Ezkabatik ihes egindako gasteiztarraren gorpuzkinak jasotzerako orduan. Nafarroako Gobernuak egindako urratsa eskertuta, hamarkada luzetan pairatutako isiltasuna salatu du ekitaldian.


Memoria gara

Historiak laguntzen digu ulertzen zer gertatu zen, baina baita gaur egun zer garen ulertzen ere. Nola ulertu gaur egungo mundua AEBetako sorrera eta Frantziako Iraultzaren sorrera ezagutu gabe? Nola ulertu gaur egungo Mendebaldeko hegemonia azken bost mendeetako kolonialismo... [+]


2024-10-02 | Cira Crespo
Euskaldunen eraztuna

Gaur egun, gure munduan eraiki diren hierarkia guztiak mundu mailako kolonizazio prozesu baten emaitza dira. Menderatze-hierarkia global horiek elkarren artean txirikordaturiko beste hierarkia zehatzagoek osatzen dituzte, hau da, klasekoek, etnikoek, estetikoek, eta baita... [+]


Enarak beti itzultzen dira

Maule, 1892. Zaraitzu ibarreko zortzi emakume espartingile Zuberoako hiriburutik etxera abiatu ziren, baina bidean, Larrainen, elurteak harrapatuta, hotzak hil omen zituen denak. Zortzietatik zazpiren izenak iritsi zaizkigu: Felicia Juanko, Felipce Landa, Dolores Arbe, Justa... [+]


2024-10-01 | Euskal Irratiak
Miren Barandiaran
“Historia ofizialetik at gelditu den material asko dugu Lazkaoko artxibategian”

Euskal Herriko azken 50 hamarkadetako historia soziopolitikoa eta kulturala ezagutzeko erreferente da Lazkaoko Beneditarren dokumentazio funtsa. Funtsak orotariko afixa eta pegatinez gain, euskal mugimendu politikoei edota euskal gaiei buruzko ehunka artxibo gordetzen ditu.


Pilar Garaialde, Gogora Institututik kanpo utzi duten estatuaren biktima
“Beti zoru etikoa ahoan, baina ez dakit hori non ote dagoen”

Iragan asteazkenean, Gogora Institutuko Zuzendaritza Kontseiluko bost kide independenteak hautatu zituzten Gasteizko Legebiltzarreko Justizia eta Giza Eskubideen Batzordean. EAJren eta PSE-EEren abstentzioek Pilar Garaialde Salsamendi zuzendaritzatik kanpo utzi zuten. Bera zen,... [+]


Herri indigenei egindako kalteengatik barkamena eskatu du Kanadako Elkarte Medikoak

Kanadako Elkarte Medikoak (CMA) barkamena eskatu die herri indigenei, praktika medikoentagik edo haien gabeziagatik historikoki eragin dizkieten kalte fisiko eta psikologikoengatik. Barkamen-eskea egin duen ekitaldi berean txosten bat aurkeztu du, medikuen jarduera antietikoak... [+]


Anglosaxoi hitza arrazista da?

Nottinghameko Unibertsitateak Anglosaxoiei eta Vikingoei buruzko Ikasketak masterrari izena aldatu dio: Ingalaterrako Goi Erdi Aroko Ikasketak. Cambridgeko Unibertsitateko Anglo-Saxon England Journal aldizkariari ere izen aldatu zioten lehenago: Early Medieval England Journal... [+]


Victoria Woodhull, lehen hautagaia

New York, 1870eko apirilaren 2a. New York Herald egunkariak Victoria Woodhull (1838-1927) ekintzaile eta brokerraren eskutitz bat argitaratu zuen, 1872ko AEBetako presidente hauteskundeetarako hautagaitzaren berri emanez. Inoizko hautagai gazteena zen; 34 urte izango zituen... [+]


Eguneraketa berriak daude