Euskaraz ari dira Zuberoako txikienak

  • Haurtzaindegi elebidunak badira Zuberoan. Euskara hutsean arituko zena nahi zuten ordea guraso batzuek. 2016ko urtarrilean lortu zuten abian jartzea Maulen. Hamaika haur dira eta bi haurtzain, Luxi Agergarai eta Marion Cazenave. ARGIA Luxi Agergarairekin mintzatu da. Joana Etxarten eta Sylvie Genezen esanak Kanaldude telebistak egindako bideo lanetik hartuak dira.

Maule erdigunean dago Xübükota haurtzaindegia. 2014an bi guraso hasi ziren euskara hutsezko haurtzaindegiaren beharraz hitz egiten eta 2016ko urtarrilean abian zen. (Argazkia: Xübükota haurtzaindegia)
Maule erdigunean dago Xübükota haurtzaindegia. 2014an bi guraso hasi ziren euskara hutsezko haurtzaindegiaren beharraz hitz egiten eta 2016ko urtarrilean abian zen. (Argazkia: Xübükota haurtzaindegia)

Joana Etxart haurtzaindegiaren abiarazleetako bat da. 2014an sentitu zuten halako gune baten beharra. Horrela kontatu du Etxartek: “Guraso bezala, frustrazio batetik dator beharra. Nire semeak haurtzaindegia utzi zuen ikastolan sartzeko. Haurtzaindegiarekin ukan nuen esperientzia alde batetik oso ona izan zen, baina euskararekiko gogorra. Mauleko haurtzaindegian egon zen, eta paperean elebiduna baldin bada, ofizialki edo teorian, egiazko errealitatean ez da elebiduna. Euskararen mintzarazteko eta erabiltzeko ez dago deus ere pentsaturik, aitzin ikusirik. Erran nahi du euskaraz ari den langilea beharbada amini bat euskaraz ariko dela, baina nagusiak frantsesez solastatzen dira. Ene haurrak enekin ikasten zuen euskara eta desikasten zuen haurtzaindegian. Niretzako bizitzeko bortitza zen, gogorra. Ene semearekin euskararen inguruan nuen harremana gogorra zen. Ekartzen zizkizun haurtzaindegitik “Je veux encore” eta horrelako hitzak eta nik galdetzen nion ‘hori euskaraz!’. Frustrazio bat banuen, eta ikusi nuen nire inguruan ere nire belaunaldiko aita eta ama anitzek bazuela sufrimendua maila horretan”. Joana Arantzet gurasoarekin elkartu zen Etxart eta ez zuten euskara hutsean aritzen zen haurtzainik aurkitu. Egoera beltza iruditu zitzaion Etxarti. Hala zirela jakin zuten Angelun Haurtzain Etxe bat (MAM Maison D’assistantes Maternelles) abiatzekoak zirela. Langileak euskaldunak ziren eta euskaraz arituko ziren.

2017tik aurrera zortzi haur egun osoz

2014an nondik jo ari ziren pentsatzen Etxart eta Arantzet eta 2016ko urtarrilean dagoeneko Xübükota abian zen. Mauleko erdigunean 97 metro koadroko eraikina alokatu eta atontzea ez da erraz-erraza izan. Bi gurasoek Ttipi ttapa elkartea sortu zuten horretarako eta dirua biltzeko kanpaina abiatu zuten interneten. 3.000 euro lortu nahi zituzten eta kopurua gainditzea lortu zuten. Erakunde publikoen erantzunarekin ez da oso pozik Etxart, Kanaldudeko bideoan egindako adierazpenetan. Kontseilu orokorrean atea pare bat aldiz jo zutela dio eta ideia ona zela esan bai, baina ez da seguru interesatu direnik, “edo ikusten duten zer behar dagoen. Sentitu dut anitz futitzen dela, orobat esaten dizut. Ez badira euskaraz ari bi urtetan, hizkuntza ikasten den adin horretan... Nik hori sentitzen dut”. Urte hastapen hartan Mauleko Herriko Etxeak eta Xiberoko Herri Elkargoak ere ez zuten finantzatu. Hilabete batzuk geroago Herri Elkargoak 4.000 euro eman ditu. Udalbiltzak Euskal Pirinioan lan eta bizi egitasmoan sartu zuen euskarazko haurtzaindegia eta 4.000 euro eman zituen Xübükota abiarazteko. Euskararen Erakunde Publikoak liburuak eta jokoak eskaini dizkie.

Joana Etxart:
“Mauleko haurtzaindegia paperean elebiduna baldin bada, egiazko errealitatean ez da elebiduna. Euskararen mintzarazteko eta erabiltzeko ez dago deus ere pentsaturik”

Luxi Agergarai eta Marion Cazenave, bi haurtzain izanik, bakoitzak hiru ume zain ditzake egun osoz, bi hilabetetik hasi eta hiru urte bitartekoak. Horrela, sei haur dituzte egun guziz eta bost tarteka doaz. Urte honen amaieran bakoitzak laugarren bat egun osoz izateko baimena lortuko dute. Beraz, 2017an zortzi haurrek izango dute aukera egun osoz Xübükotan egoteko. Eskaera guztiei erantzun ezinik dira bi haurtzainak. Pozik dira Agergarai eta Cazenave, haien nahia betetzen ari delako, Zuberoan ari dira euskaraz lanean, eta haurrek euskara entzuteko aukera dute Mauleko erdigunean. Izan ere, guraso gehienetan batek edo besteak daki euskaraz, baina ez biek. Haien helburu nagusia umeek euskara entzutea da. Beste ezaugarri batzuk ere balioesten dituzte, hala nola, toki txikia izatea eta haur kopuru txikia. Badira beste bi haurtzaindegi molde, bata etxe pribatuan lau haur edo gutxiago zaintzen direla, eta bestea, haurtzaindegi klasikoa, 15-20-25 haur bil ditzakeena.

Murgiltze eredua nahiago du Sylvie Genezek

Sylvie Geneze Anttonen ama da. Hilabete batzuk baino ez ditu txikiak. Genezek Kanalduderi azaldu dio zergatik nahi zuten berak eta bere bikotekideak haurra Xübükota haurtzaindegian sartu: “Bi arrazoirengatik hautatu dugu Antton haurtzaindegi honetan ezartzea. Alde batetik, inguru euskalduna izatea garrantzitsua da enetako, ez naiz euskaraz mintzatzen edo biziki gaizki. Euskal Herrian bizi naiz, beraz inportantea da Anttonen kultura eta hizkuntza euskarari lotuak izan daitezen. Ene haurraren haurtzaina euskalduna zen ere, hautu hori egin nuen. Joan den urtarrilean haurtzain izatea uzten zuela jakitearekin, beste haurtzain euskaldun bat bilatu dut. Luxi atzeman dugu eta bere programa biziki gustatu zaigu. Euskara biziki inportantea da, baina horrez gain bere proiektua biziki gustatu zaigu. Lekua ere gustukoa genuen. Ez genuen Antton ezarriko haurtzaindegi euskaldun batean ez balitz lekua egokia izan.

Sylvie Geneze:
“Murgilbidea lehenesten dut, ez bainaiz gai sentitzen euskara transmititzeko ene haurrari”

Euskara biziki inportantea da, baina handituko den ingurua ere bai. Irizpide horietan oinarritzen da gure hautua. Murgilbidea lehenesten dut, ez bainaiz gai sentitzen euskara transmititzeko ene haurrari. Gaizki mintzo naiz, hutsak egiten ditut. Horrela, posible dut ene ama hizkuntzan, hots frantsesez, mintzatzea ene haurrekin. Landetakoa naiz, nire familian, ene lagunen artean, gutxi dira euskaldunak, aldiz ene lagunaren aldetik, Muskildin, gehienak euskaldunak dira. Naturalki euskaraz ari dira, beraz Antton errazki mintzatuko da amatxi, izeba edo kusiekin, eta ondoko urratsa ikastola izanen da. Inguru partekatuan handituko da. Gainera, ene alabaren lagunak frantsesez ari dira, Anttonek giro horretan ere moldatu beharko du, denek ezagutzen duten hizkuntza baita, euskaldunek ere bai. Hilabete bat bada haurtzaindegi honetan garela eta biziki kontent gara. Murgiltzeak ez du eragin handirik, ez baita oraino mintzatzen, baina pozik gara taldeaz, lekuaz, proiektuaz, eta euskal inguruaz”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Zenbat kostatzen den euskaldun izatea

Euskara ikasi eta erabiltzen hasi nintzenean, berehala jabetu nintzen euskaldunentzat haietako beste bat gehiago bilakatu nintzela (gasteiztar euskaldun berria izanda azken bagoietakoa, baina barruan). Nire artean pentsatzen nuen Euskal Herria herri ederra zela; etimologikoki... [+]


2024-03-25 | Leire Artola Arin
Burbuilaren ostean badago zer erein

Irundik Baionara, ezin ezkutatuzkoa izan da 23. Korrikak eragindako harrotasuna. ‘Herri Harro’ leloak zentzua hartu duela ikusi dugu lekuko hartzaileen aurpegietan, eta atzetik euskararen alde oihuka aritu diren korrikalariengan. Bakoitzak bere gorputzetik eta bere... [+]


Eguneraketa berriak daude