ARGIA.eus

2020ko urriaren 20a

Nola jarri jokoan adimen mota guztiak

  • Zortzi adimen mota deskribatzen ditu Gardnerrek. Pertsona bakoitzak adimen mota batzuk ditu garatuen eta hauen bidez errazago barneratzen ditu ikasgaiak. Aldiz, eskoletan ohikoa da ikasle denentzat azalpenak ia erabat testuen eta zenbakien bidez ematea. Tolosako Hirukide ikastetxean bederatzi adimen jokoan jarriz lantzen dituzte gaiak. Bertara jo dugu metodologia hau praktikatik ezagutzera eta Pello Agirrezabal zuzendariak eta Txaro Etxeberria orientatzaileak egin dizkigute gidari lanak:
    “Gu, egiten dugunaz bakarrik mintzo gara. Ez gara teorialariak, baina gure eskola, hori primeran ezagutzen dugu”.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre
2016ko maiatzaren 08a
Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco

Hiru ikastetxe batuta ekin zion bideari Hirukidek duela 13 ikasturte. Kristau Eskolen sarekoa da. Hezkuntza proiektu sendoa sortu nahi izan zuten, mende honetan izango ditugun erronkei erantzuteko baliagarria izango dena. Beraz, adimen emozionalarekin hasi ziren buru-belarri duela 12 urte: “Adimen emozionala da honen guztiaren oinarria eta gakoa. Sentimendu eta emozioen hezkuntza”, azpimarratu digu Etxeberriak. Adimen emozionala 3-12 urteko ikasleekin lantzeko programa oso bat ere sortu zuten eta 2008an Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratu eta lurraldeko ikastetxe guztietara banatu zuen.

Hurrengo urratsa bizikidetza positiboa lantzea izan zen. Etxeberriak argi du: “Badakigu gatazkak beti izango ditugula. Sinesten badugu ikastetxeetan bizitzarako abileziak irakatsi behar ditugula, gatazkak era egokian, hau da, modu baketsuan eta elkarrizketaren bidez konpontzen ikastea benetan da garrantzitsua”.

Hezkuntza proiektuaren hirugarren hanka, duela zazpi urte jarri zuten: ikaskuntza kooperatiboa.

Azkenik, duela lau urte altxa zuten hiru oinarri hauen gaineko teilatua: askotariko adimenen paradigma. Horretarako, hiru oinarriak sistematizatzea gakoa dela kontatu digu Etxeberriak: “Edozein gauza martxan jartzea oso erraza da ilusio eta inplikazio pixka bat izanez gero. Baina beste kontu bat da horrek benetan funtzionatu dezala, eta ez dadila organigrama batean loreontzia izan. Oinarri hauek asko zaindu behar dira, urtero, ez hasieran bakarrik. Lan handia eskatzen dute baina bueltan jasotzen den emaitza sekulakoa da”.

Eskola benetan guztiontzako izan dadin

Agirrezabalek azaldu du zergatik egin zuten askotariko adimenen paradigmaren alde: “Ikastetxe guztiok mintzo gara eskola inklusiboaz: eskolan denok tokia eta parte hartzeko modua izatea. Ikasle guztien presentzia eta protagonismoa lortu nahi badugu, ezin dugu jarraitu adimen logiko-matematiko eta linguistikoa soilik –edo gehienbat hori– kontuan izanik. Zeren horrela, zenbait ikasle sistema horretan baztertuta geratzen dira. Nahiz eta beraiek badituzten beste dohain batzuek, eskolan ez zaie lekurik egiten. Askotariko adimenen helburuetako bat da ikasle horien indarra ere batzea. Eta denok konturatzea indar hauek entrenatu egin daitezkeela, gainera”. Etxeberriak jarraitu du adimenen lanketaz: “Pertsona guztiak ezberdinak gara eta bakoitzak ditu jatorriz adimen batzuk garatuago, eta horrekin atera da bizitzan aurrera. Batez ere adimen linguistiko eta matematikoetan dituzten gabezietan zentratzea baino askoz eraginkorragoa da identifikatzea zer adimenetan den trebeagoa ikasle bakoitza. Helburua ez da bere indargune diren adimenak soilik garatzea, baizik, horietatik abiatuta gainerako adimenak garatzen saiatzea. Ez ditugu adimen denak neurri berean garatuko, baina bai horietako bakoitza bizitzarako behar dugun gutxieneko mailan. Eta indarguneak bai, hauek benetan garatu behar ditugu, bizitzan aurrera ateratzeko”.

Ulermen proiektuak eta beste

Nola egiten da lantzen ari diren gaiaren bueltan adimen mota guztiak aktibatzeko? Etxeberriak azaldu digunez, besteak beste ulermen proiektuak erabiltzen dituzte: “Kontua ez da kontzeptu bat ikastea. Hori guztia jada interneten dago. Kontua, zenbait gauzez jabetzea da”. Unibertsoaren gaia jarri du adibide: “Helburua ez da zenbat planeta dauden eta zein izen duten ikastea, baizik zein diren diharduten indarrak, nola funtzionatzen duen unibertsoak. Zergatik gauden oraindik hemen zutik”. Ume bakoitza bide ezberdinetatik iritsiko da kontzeptu horiek barneratzera. “Irakasleok gaia antolatzerakoan, prestatu behar ditugu adimen ezberdinak jokoan jartzen dituzten ekintzak, ariketak... Ikasle bat gehiago iritsiko da koreografia baten bidez edo bertso bat kantatuz, beste ikasle bat eskema bat begiratuz... Denetatik programatu behar dugu”. Batzuetan ikasle denek egingo dituzte ariketa denak, nahiz ikasle bakoitzari gehiago lagunduko dion ariketa mota batek. Beste batzutan, ikaskuntza paisaiak izeneko metodologia diseinatuko dute: helburu berera iristeko bide ezberdinak marrazten ditu irakasleak, ekintza eta ariketa ezberdinen bidez, eta ikaslea joaten da aukerak egiten. Unibertsoaren adibidera itzulita, ikasleek irakurri dezakete unibertsoari buruzko testu bat (hori adimen linguistikoa litzateke), baina patiora ere jo dezakete, eta ikasle bat eguzkia izan erdian jarrita, eta besteak planetak bere inguruan bueltak emanaz (adimen kinesikoa landuz). “Horrela ulertu dezakete umeek urrunen dagoen planetak denbora gehiago pasatzen duela buelta ematen. Beste batek musika bidez hobe barneratuko du...” amaitu du Etxeberriak.

Irakasleentzat, adimen bakoitzarentzako lanketak prestatzeko oso erabilgarri da Monserrat ikastetxeak sortutako tresna kaxa. Ez alferrik, Bartzelonako Monserrat da erreferentzia nagusietako bat askotariko adimenen lanketan. Tresna kaxan aurkituko ditu irakasleak, adimen bakoitzeko egin daitezkeen ariketa eta dinamikak. “Joera dugu adimen linguistikoa soilik testuak irakurriz lantzekoa. Baina beste aukera bat da poesia errezitatzea, bertso bat egitea, txisteak kontatzea... Tresna kaxa oso ona da, irakasleoi baliabideak emateaz gain, burua irekitzen laguntzen digulako”.

Gizartea aldatuko duten pertsonak

Agirrezabalek ikastetxearen helburua adierazi du: “Etorkizunean gizartea aldatzeko gai izango diren pertsonak sortu nahi ditugu. Horretarako, eraldatzeko entrenatuta egon behar gara”. Eraldaketa soziala lantzeko egiten dituzten hainbat ekimen azaldu dizkigu: “Adibidez, hirugarren ziklokoek detektatu zuten zer gustatuko litzaiekeen aldatzea: eskola ondoko litxarreria denda baten ingurua erabat zikin egon ohi zen eta hori aldatzeko proiektua landu zuten. Beste ikastetxeetara ere joan behar izan zuten asmoa zabaltzera. Udalarekin harremanetan jarri ziren eta hark finantzatu zizkien pegatinak. Igande batean kalea garbitzen aritu ziren sortzen zen zaborraz kontzientziatzeko...”. Ikasi ahala gizarteari zerbitzua eskaintzea bilatzen dutela gaineratu du Etxeberriak: “Esaterako, LHko 3. mailatik aurrera bitartekari zerbitzua erabil dezakete, gatazka izan duten bi kideak euren kasa moldatzeko gai ez direnetan. Bitartekariak (LHko 6. eta 6. mailakoak) ez du euren arazoa konpondu behar, bien arteko komunikazioa eraikitzen lagundu baizik. Horretarako metodologia oso bat dago eta bitartekariek 16 orduko formazioa jasotzen dute”.

Zerbitzuez ari garela, bi ikasle sartu dira zuzendariaren gelan pozik eta ahots biziz kontatu dute argazkilari batek euren erakusketa aldizkari batean aterako duelako. Agirrezabalek azaldu du: “Eurek proposatu zuten beren marrazkiekin erakusketa egin nahi zutela. Astebetez dago pasilloan ikusgai, eta jolas garaian ordu-laurdenez eta eskola bukatutakoan beste ordu-laurdenez, beraiek arduratu behar dute bertan egon eta azalpenak emateaz”.

Hezkuntza gelako hormetatik ateratzeko ez dela diseinuzko eraikin garestirik behar azaldu digute, pasilloan lau-hankan dabiltzan ikasleen artetik pasa eta baratze bertikal bihurtutako eskaileretan behera aterantz lagundu diguten bitartean: “Teilatua ez gainerako espazio denak baliatzen ditugu. Guk ez badugu irudimenik erabiltzen, nola eskatuko diegu ikasleei?”.

Adimenak, pluralean

Howard Gardnerrek 8 adimen deskribatu zituen. Egun, adimen gehiagoz ere ez hitz egiten da (jarraian zerrendatutakoez gain, pedagogikoaz eta digitalaz, esaterako). [Gardnerrez eta bere teoriaz jakiteko, Hik Hasi aldizkariko 51. eta 52. aleetara jotzea gomendatzen dizugu].

-Hizkuntzetarakoa: Ideiak eta sentimenduak ahoz eta idatziz adierazteko gaitasuna. Hizkuntzaren bidez komunikatzeko eta informazioa lortzeko gaitasuna.

-Musikala: Musika formak hauteman, bereizi, eraldatu eta adierazteko gaitasuna. Erritmoak, tonuak, melodiak... antzeman eta erabiltzeko trebetasuna.

-Ikus-espaziala: Irudien bidez pentsatzeko eta ideiak grafikoki jartzeko trebezia, sistema sinbolikoak erabiliz. Espazio antolakuntza irudikatzeko eta eraldatzeko gaitasuna.

-Naturarekikoa: Natur mundua, bizia, landareak, animaliak... ulertzeko trebezia. Behaketak, hipotesiak, sailkapenak, ondorioak... erabiltzeko gaitasuna. Ingurugiroa zaintzearen garrantzia ulertzeko gaitasuna.

-Pertsonen artekoa: Besteak ulertzeko eta beraiekin elkarreragiteko gaitasuna. Pertsonen nahiak, asmoak, motibazioak... antzemateko eta ulertzeko gaitasuna. Lankidetzan aritzeko trebetasuna.

-Norberarekikoa: Nork bere burua, bere indarrak eta ahuleziak ulertzeko gaitasuna. Barneko sentimenduak, pentsamenduak... antzemateko, hausnartzeko eta kudeatzeko trebetasuna.

-Kinesikoa: Gorputzaren bidez ideiak eta sentimenduak adierazteko gaitasuna. Gorputza eta zentzu-organoen bidez informazioa jasotzeko trebezia.

-Logiko-matematikoa: Operazio matematikoak, problemak, hipotesiak, ondorioak, argudioak... prozesatzeko trebetasuna. Pentsamendu logikoa erabiliz, patroi abstraktu eta konplexuen arteko harremanak antzemateko gaitasuna.

Hirukide ikastetxean adimen espirituala ere lantzen dute (batzuek transzendentala edo existentziala deitua). Etxeberriak zehaztu duenez, “ez da erlijio kontua. Berdin dio ikasle batek erlijio bat edo bestea praktikatzen duen, edo batere ez. Adimen espiritual hori denok daukagu. Bizitzaren aurrean planteatzen ditugun galderak dira: zer egiten dut nik hemen? Zertarako jaio gara? Zer gertatzen da heriotzaren ondoren? Bakoitzak emango dio bere erantzuna”. Agirrezabalek zera gehitu du: “Adimen transzendentalarekin lotua dago, baita ere, eguneroko hainbat momentutan gozatzeko gai izatea eta gozamen horretaz jabetzea. Esaterako, artelan baten aurrean jarri, gainerakotik deskonektatu eta miretsita egoteko gai izatea”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: pedagogiak

pedagogiak kanaletik interesatuko zaizu...


ASTEKARIA
2016ko maiatzaren 08a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude