"Jendeari etorkinenganako errespetu pixka bat sentiarazten badiot, ni pozik"

  • Entretenimendu hutsetik haratago, mezu soziala ere badute Jon Arretxeren nobela beltzek. Toure, bere pertsonaia, kalean ikusten ditugun afrikarren isla da. Arretxe, idazlea izateaz gain, bidaiazalea, opera kantaria, musikaria eta kirolaria ere bada.

Ederki ezagutzen du Arretxek Iruñeko Baluarte. Opera eta zarzueletan abesten du.
Ederki ezagutzen du Arretxek Iruñeko Baluarte. Opera eta zarzueletan abesten du. (Argazkia: Dani Blanco)

Idazle ezaguna zara, baina musikaria ere bazara. Nola hasi zinen horretan?

Umetan hasi nintzen amak behartuta. Bera oso musikazalea izan zen beti eta oso belarri ona zeukan, baina ezin izan zuen ikasi familia ez zelako diruduna. Argi zeukan seme-alabei musika erakutsiko ziela eta ni sei urterekin behartu ninduen eskoletara joatera. Lehenengo solfeoa, gero akordeoia, pianoa… Beti gogoz kontra. Orain izugarri eskertzen diot hori dena amari. Musika erraz irakurtzeari esker adibidez, orain kantatu ahal dut.

Opera kantaria zara, gainera.

Kantuan gaztetan hasi nintzen eta helduagotan Gasteizen eta Bilbon jarraitu nuen ikasten. Aldi berean, Bilbon, OLBE Opera Lagunen Bilboko Elkartean abestu izan dut urte askotan, baina Nafarroara bizitzera etorri nintzenean haraino joateak nagikeria ematen zidalako utzi nuen. Iruñean AGAO opera taldea aurkitu nuen, eta azken urteotan hemen nabil. Gainera, bakarlari paperak ematen dizkidate eta oso motibagarria izateaz gain, diru pixka bat ere ematen dit. Don Pasquale egin dugu azken urte honetan. Notarioaren papera egiten dut nik eta umeentzat prestatu dugun bertsioan protagonista naiz.

Zer paper gustatuko litzaizuke egitea?

El rapto en el serralloko Osminen ariak kantatu ditut, baina opera osoa oso gustura egingo nuke edo Simpson pertsonaia La Tabernera del Puerto zarzuelan.

Opera zaletasuna demokratizatzeko zer beharko litzateke?

Orain ez da boladarik onena arterako, oro har, diru faltagatik. Opera oso gauza garestia da. Sarrerak ere garestiak dira izugarrizko muntaiak direlako. Jende pila aritzen da lanean. Hala ere, gauza batzuk egin daitezke, adibidez, obra egokituak prezio baxuagoan. AGAOk halakoak egiten ditu herri askotan eta oso ongi funtzionatzen dute.

Bestalde, musika beti ikasgai maria izan da ikastetxeetan eta ez dugu oso serio hartzen. Osagarritzat dugu, baina oso garrantzitsua da.

Zergatik?

Gauza asko lantzen duzulako: sentimenduak, hunkitzeko gaitasuna… Musika irakasle ona edukitzeak ate asko irekitzen ahal dizkio pertsona bati.

Deustun filologia ikasi zenuen. Bokazioz?

Ia-ia lotsagarria da, baina hori ere amari esker egin nuen. Umetan, badirudi oso azkarra nintzela eta beti urtebete aurreratuta ibili nintzen karrera amaitu arte. 17 urte bete berritan hasi nintzen unibertsitatean eta berdin zitzaidan zer ikasi, halako ideia garbirik ez nuelako. Amak, orduan, Deustuko Unibertsitatean Euskal filologia izeneko karrera zegoela ikusi zuen, eta oso euskaltzalea nintzelako hori egitea proposatu zidan. Horrela sartu nintzen, kasualitatez.

Tesia Basauriko euskarari buruz egin zenuen. Zer aztertu zenuen zehazki?

Aitita-amamak Basaurikoak eta euskaldun zaharrak izan arren, gurasoek galdu zuten euskara. Pérez aitita kanpotik etorritako familia batekoa zen, baina Basaurin jaioa eta euskara ikasi zuen. Euskaldun zaharra zen hura ere. Gerra osteko garaia izan zen gogorrena. Basauri betiko euskararen azkeneko mugan dago. Oso gogorra zen euskalduna izatea, eta gerra ostean jende askok utzi zion euskaraz hitz egiteari. Hori ikertu nuen nire tesian. Ondo zekitenak gerra aurretik jaiotakoak ziren, etxean ikasitakoak.

Zuk nola ikasi zenuen?

Gure etxean anaia eta biok berreskuratu dugu euskara. Nik neure aldetik, autodidakta. Gure familian oraindik batzuk euskaldunak ziren. Aitaren anaia batek, adibidez, herri euskaldun batetik etorritako emakume batekin ezkondu eta euskara berreskuratu zuen. Senide batzuekin eta nire atarian bizi ziren euskaldunekin aritzen nintzen. Gainera, gure ikastetxean bazegoen Euskara ikasgaia. Guraso kooperatiba zen eta haiek erabaki zuten euskara irakatsi behar zela ikasgai bezala, gutxienez. Horrela, neure aldetik ikasi nuen eta ondoren euskaltegira joan nintzen titulua ateratzera, D titulua, orain EGA dena.

Basaurin euskaldun zaharrik gelditzen da oraindik?

Etxez etxe, baserriz baserri ibili nintzen galdezka eta ikusi nuen zenbait familiatan mantendu dela “sugetian”, haiek esaten duten bezala, sukaldean. Gertatzen dena da oraingo gaztetxoek ez dutela bizkaiera egiten, batua edo nahasketa baizik. Basauriko euskara joan da.

Pena ematen dizu?

Apur bat bai. Euskalkien aniztasuna beti oso polita iruditu zait, baina ez da batere praktikoa. Batua behar dugu eta ez dago beste irtenbiderik. Hori bai, jendeari sartu zaio buruan ia-ia gipuzkera baino ez dela batua eta hori ez da horrela. Lexiko dena da batua. Idazleok, kazetariek, irakasleek… galdu baino lehen lexiko hori erabili behar dugu, jendeak ikas dezan. Gure esku dago.

Ondoren Gorputz Hezkuntza ikasi zenuen.

Hori bai, hori nahita ikasi nuen. Deustun bertan karrera egin bitartean hasi nintzen euskara eskolak ematen eta 21 urterekin, Filologia amaituta, lanean jarraitu nuen. Bazirudien nire bizitza jada bideratuta zegoela eta orduan pentsatu nuen goizegi zela nire estudiante bizitza bukatzeko. Gainera, bidaiatu egin nahi nuen. Beraz, lana utzi nuen, eta gurasoak kasik akabatu nituen. Haiek gosea pasatutakoak ziren, aita batez ere, eta ezin zuten ulertu nola uzten ahal nuen lan finko eta on bat bidaiak egiteko.  

Lau urte pasata Gasteizen Gorputz Hezkuntza izeneko karrera zegoela jakin nuen eta hara joan nintzen, 25 urterekin, berriz ikastera. Amaitutakoan, plaza batzuk atera ziren unibertsitatean Gorputz Hezkuntza irakasteko eta horretan aritu nintzen hiru urtez, nekatu arte. Ito egiten nintzen unibertsitate barruan zegoen mafia guztiarekin. Azal lodiko jende asko zegoen, goranahi asko eta gainera ezin nituen bidaiak egin nik nahi nuenean. Beraz, lana utzi eta berriro gurasoak asaldatuta, ea zoratuta ote nintzen.

Ordurako hasi nintzen gauzak idazten eta nire liburuak gero eta gehiago saltzen zirela ikusita, pentsatu nuen ea bizi ote nintekeen idaztetik bakarrik. Egin nuen apustu eta pozik nago.

Bizikleta zalea eta Gorputz Hezkuntzako irakaslea, kirolzalea zalantzarik gabe.

Bai. Ia 25 urte eman ditut triatloia egiten eta lehiatzen. Horregatik bizikletaz eginiko bidaiak ez ziren oso gogorrak niretzat. Ondo entrenatua nengoen.

Bidaiatzea, zure pasioa?

Hala izan da oraintsu arte. Hori ere kasualitatez izan zen, nire bizitzan gauza gehienak bezala. Patuak erabaki du beti nire partez. 18 urterekin gurasoekin bizi nintzen eta irabazitako diruarekin bidaiak egiten hasi nintzen. Hamar urtez, bidaia laburrak egin nituen, eta ondoren, beste hamar urtez bidaia luzeak egiteari ekin nion liburuak idazteko helburuarekin. Bizpahiru hilabeteko ateraldiak ziren, ni bakarrik, eta bizikletarekin. Beharra zen niretzat. Oso gustura bizi nintzen Euskal Herrian eta hura ez zen ihes egiteko beharra, bidaiari askori gertatzen zaien bezala. Ez zen nire kasua.

Besteengandik oso desberdinak gara euskaldunok?

Ez. Orokorrean euskaldunok europarrak gara. Antzeko helburu eta baloreak ditugu. Ni gehienbat hirugarren mundua deitzen dugun horretan ibili naiz. Hor lehentasuna da mementoa bizitzea eta bizirik irautea. Saiatu naiz nire bizitzan hori bera aplikatzen, mementoaz gozatu eta gero gerokoa. Aita enpresa batean hasi zen lanean 14 urterekin eta enpresa berberean pasatu zituen 50 urte. Erretiratzeko zegoenean minbiziak harrapatu eta hil egin zen. Argi neukan ez nuela hori bera niri gertatzerik nahi. Bidaietan hori ikasten da: bizitzaz gozatzen eta unea bizitzen etorkizunaz gehiegi pentsatu gabe.  

Eta besteengandik zer ikasi duzu?

Pixka bat afrikar egin naiz gauza batzuetan. Abegi ona adibidez. Asko gustatzen zait jendea etxera etortzea. Afrikan ez zaituzte inoiz uzten hor botata. Beti irekitzen dizkizute etxeko ateak eta ez zer edo zer ateratzeko, batzuek uste duten bezala. Gauza bat da leku turistikoetan gertatzen dena eta oso bestelakoa gainerako lekuetan. Jende xumea oso abegikorra eta solidarioa da.

Eta orain?

Orain familia daukat, emaztea eta 9 urteko semea eta kontsekuente izan behar da. Azken urte hauetan toki bat aukeratzen dut idazteko inspirazio moduan eta hara joaten naiz egun batzuk pasatzera. Izugarrizko pagotxa da nire familia. Ezin naiz kexatu.

Toure-ren sagako lau liburuak zuk hiriko ipurtzuloa edo giza zabortegia deitzen duzun Bilboko San Frantzisko auzoan kokatu dituzu. Zergatik?

Hori bezalakorik ez dagoelako Euskal Herri osoan. Auzo hori Afrika txikia da. Han atzerrian bezala zaude. Nobela beltz bat edozein tokitan koka daiteke, baina nireetan gai soziala, bazterkeria eta etorkin jendearen bizimodua oso osagai garrantzitsuak dira.

Lau urte daramat San Frantzisko kaleko 43. zenbakian boladaka lanean. Bigarren solairuan eskuman idatzi nuen “19 kamera” eta pisu hori alokatu zutenean bigarren ezkerrekora pasa nintzen. Lagun asko ditut auzoan, baita SOS Arrazakerian eta hiesaren aurkako talde batean ere. Sekulako dokumentazio iturriak dira. Han gamelu ohiak, prostituta ohiak, jonki ohiak daude jendeari laguntzen. Kalean ikusten denarekin, nobelak erdi idatzita dauzkat. Halere, ihesaldi batzuk egiten ditut. Duela gutxi Etiopian izan naiz eta hurrengo liburua atzerrian kokatu behar dut, atzerrira joan ahal izateko.

Nola bizi dira etorkinak hemen?

Orain arte bizimodu gogorra izan dute, baina krisia hasi arte laguntza sozialekin edo lantxo batzuekin beti ateratzen zuten zer edo zer. Ez zuten presio handirik jasaten, denok nahiko ondo bizi ginelako. Orain, aldiz, desberdina da eta gainera jihadismoa kristoren putakeria izan da haientzat. Gehienak kokoteraino daude.

Nola ikusten gaituzte?

Esaten dute euskaldunok ez garela hain txarrak. Beste toki batzuetan kabroiagoak direla. Hemen orokorrean, uste dut, elkartasun gehiago dagoela, mugimendu sozial eta elkarte asko. Errespetu pixka bat gehiago agian, baina pixka bat, besterik ez. Oraingo egoera ez da batere ona.

Estolda jolasak sagaren laugarren liburukia atera berritan, bosgarrena bidean dator?

Bai. Nire Toure etorkin askoren nahasketa da. Oso pozik nago pertsonaia honekin, zelako harrera eduki duen, irakurleekin dagoen feedbacka… Jendeak estimatzen du Toure eta nik ere bai.

Askok esan didate orain beltz bat kalean gurutzatzen duten bakoitzean, beste era batera begiratzen diotela. Horrek ilusioa egiten dit. Jendeari etorkinengan pentsarazi eta errespetu pixka bat sentiarazten badiot, ni pozik.

Irakurle gazteentzat ere idatzi duzu.

Oso gutxi, gertatzen dena da badirudiela nire liburu batzuk egokiak direla gazteentzat, eta zortea izan dut, batzuk hezkuntzako zirkuituetan sartu dira. Ostegunak, Ostiralak eta Larunbatak halako trilogia ganberroa da eta ez da gazte literatura, ikuspuntu hezitzaile batetik ez direlako batere eredugarriak, baina ez dakit zergatik, izugarri gustatzen zaizkie. Niretzat oso ondo, zenbat eta gehiago saldu, orduan eta gehiago irabazten dudalako. Orain oso pozik nago Toureren liburuak ere hasi direlako sartzen zirkuitu horretan eta niretzat oso garrantzitsua da nerabeek errealitate hori ezagutzea. Gero eta nabariagoa da errealitate hori herri guztietan eta ikastetxeetan lantzea oso gauza ona da.

Nolakoa da idazlearen egunerokoa?

Nik ez ditut bi egun berdinak eta hori gauza ederra da benetan. Gozamen hutsa da. Ez daukat errutinarik. Errutinak, nire ustez, gauzak egiteko grina itzaltzen du. Idazten ari naizenean egun osoa horretan aritzea gustatzen zait, horregatik boladaka etxetik kanpora joaten naiz. Idazlea naiz 24 ordutan, baita lotan ere. Lagunekin pote batzuk hartzera atera eta jende artean ideiak hartzen ditut. Bestalde, zure liburuak ezagutzera emateko mugitu behar duzu. Batzuetan nekagarria den arren, ni oso gustura nabil. Orain Espainian ari naiz lantzen. Lehen soilik euskaraz idazten nuen, orain dena itzultzen da gaztelaniara eta Madril, Cuenca, Gijón edo Getafera, adibidez, joaten naiz nire lanaz hitz egitera.

Jon Arretxe Pérez

Arbizun, Sakanan, bizi da. 24 libururen egilea. Haietako askotan bizikletaz egindako bidaietan ikusitakoak bildu ditu (Sahara, Amazonas, Karakorum, India, Txina, Nepal, Sumatra, Turkia…), nobela beltza eta bidaia literatura uztartuz. Azken urteotan etorkinen bizimodua erakutsi digu Toure pertsonaiaren bidez. Kirolzalea, piano-jotzailea eta opera kantaria ere bada. AGAO (Asociación Gayarre de Amigos de la Ópera) elkarteak antolatutako opera eta zarzueletan abesten du.

Euskal Herriko bihotzean bizitzen

“Arbizura kasualitatez iritsi nintzen. Han etxe berri bat prezio onean aurkitu genuen, lur zatitxo batekin. Zoriontsua naiz nire ortutxoarekin letxugak eta tomateak zaintzen”.

Eleberri beltzek salatzen dutena

“Eleberri beltzaren ezaugarri bat izan da azpian dagoen mundua erakustea eta salatzea. Hori ez da galdu behar”.

Off the record: Ahots sakoneko kantaria

Opera kantaria da Jon Arretxe. Baxu ahots sakon eta ederra du, kontrastea egiten duena bere izaera jostalari eta askearekin. Bizikletaz heldu da elkarrizketara. Iruñeko Baluarten egin dugu, berak hainbeste aldiz abestu duen tokian. Soinean ekarri duen kamiseta ere oso egokia: Cuencako “Las casas ahorcadas” izeneko eleberri beltzaren inguruko jardunaldietakoa. Han izana da eta joatekoa berriro, bere lanen promozioa egitera. Idatzi bezala hitz egiten du: zehatz, argi, bizi, erraz eta erakargarri.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Liburuak
Borrokak eta liburuak

Konturatu orduko apirila joan da, bere intentsitate eta kolore guztiekin. Egun beroak, epelak eta hotzak utzi dizkigu. Ostadarra eta izotza. Euri jasak eta bero sapa. Jaio berri diren arkume apurrak belardian dabiltzan bitartean, labanak eten egin du bizitza eman duten hiru... [+]


Amador Fernández-Savater. Filosofia pirata
“Gure gizartean desira gutxi dago, eta obedientzia asko agindu neoliberalei”

Martxoaren amaieran Donostiara etorri zen Amador Fernández-Savater bere liburu berria aurkeztera: Capitalismo libidinal [Kapitalismo libidinala]. Bisita labur batek mami handia izan dezake. Madrilera itzuli aurretik elkarrizketatu genuen, harilkatuz politika,... [+]


Euskal Herriaren lehen atlas kartografikoa osatu dute

Ramon Oleagak eta Jose Mari Esparzak egina, 300 mapa dakartza Imago Vasconiae izeneko bildumak eta Interneten ere kontsultagarri dago. Euskal Herriaren historiaren bilakaera irudikatzeko eta "ikerketarako jatorrizko materiala izateko" ezinbesteko tresna sortu dute... [+]


Eguneraketa berriak daude