Keinu txikia, garrantzi handiko jarrera

  • Sakelako telefonoa eta bost minutu nahikoa dira Akuilari aplikazioa erabiltzeko. Jakina, garrantzitsuena norberaren hizkuntza eskubideak urratuak izan direnaren kontzientzia izatea da, eta horrela, gaur euskaraz jaso ezin izan dena bihar hala izateko pausoa eman daiteke. Hizkuntza Eskubideen Behatokiak estreinatu du aplikazioa joan den azaroan.

Iñigo Calleja bilbotarra nekatu samartuta zegoen. Metroan beti ikusten zuen ‘Sopelana’ idatzita, eta urteak dira Euskaltzaindiak ‘Sopela’ herri izena onartua duela. Lagun sopelaztarrak beti gauza bera esaten omen zion. Bada, kexa jarri zuen Behatokiaren webgunean, eta Metro Bilbaok konpondu du gaia. Callejak, orain, Akuilari aplikazioaren bidez txalotu du haien jarrera. 

Bigarren kexa ere jarri du, berak kritika eraikitzailea egin duela dio. Donostiako Amara Plazan PESA autobus konpainiak daukan bulegoan beti ikusten zuen honako oharra: “Eska ezazu eta zihurtatu zure txartela”. Eskolan bezala zuzendu beharreko akats ortografikoa dela uste du, bestelako garrantzirik eman gabe, baina behar ez duen h-a kentzeko eskatu du; sakelakoarekin di-da batean argazkia atera eta Akuilariren bidez kexa bideratu. 

Galdetu gabe esan digu asko gustatu zaiola bataren eta bestearen kexak eta zoriontzeak ikusteko dagoen aukera, “komunitatea sortzeko balio du eta jakin-mina pizten du, ea beste tokietan nola dabiltzan. Adibidez, ohartu naiz Baionan hizkuntza urraketa asko egiten direla, Baionatik kexa asko heltzen dira”.

Akuilua, hizkuntza urraketak salatzeko

Horixe baita Behatokiak abian jarritako tresna. Ez da berria, Euskararen Telefonoak –telefonoz deitzeko aukerak edo webgunearen bidez egiteko moldeak– funtzio bera du. Gaur egungo beharretara egokitu da ordea, egunero esku artean dugun sakelakoaren bidez sala daitezke orain hizkuntza urraketak. David Cascan erabiltzaileak dioen moduan, “kexarik ez jartzeko aitzakiarik ez dago orain”. 

Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendariak adierazi duenez, batzuek salaketa jartzeko erabiltzeaz gain, beste hainbat kontzientziatzeko balio dezake tresnak, alegia, urraketak hain naturalizatuta dituzten pertsonengana iristeko egitekoa bete dezake, “begira, horrelako zerbait gertatu zitzaidan orain dela bi aste!”. Petriatiren iritziz, jokaera txikia da Akuilari erabiltzea, baina balio handia duen jarrera, “helbururik handiena urrats txikiz osatuta baitago”.

Azaroaren 24an abiatu bazen ere, Behatokian gustura daude orain arteko ibilbidearekin. 1.100 deskarga egin dira eta antzeman dute kexa-zorion kopuruak gora egin duela.

Asun Ramos: “Hurrengo errenta aitorpena euskaraz jaso nuen”

Asun Ramos Alfaro iruindarra da. Akuilari erabiltzen hasi baino lehen bi kexa egin zituen Behatokiaren Euskararen Telefonoan, duela 4-5 urte. Nafarroako Gobernuko langilea da eta hamaika aldiz esana omen zien errenta aitorpena euskaraz jaso nahi zuela, ez zegoen ordea modurik: “Nire kabuz saiatu nintzen eta ez nuen lortu. Telefonoa bazela orduan jakingo nuen eta probatu egin nuen. Hurrengo errenta aitorpena euskaraz jaso nuen”.  Orduko hartan jarri zuen bigarren kexaz ez da akordatu ere egiten.

Akuilari bi aldiz erabili du, eta gehiagotan erabiliko duela ziur dago. Euskararen Telefonoarekin alderatuz, azaroaz geroztik bi aldiz erabili du dagoeneko mugikorra kexak jartzeko. Erabilterrazagoa egin zaion seinale. Beroaldia edo haserrea pasa egiten dela uste du eta azkenean egin gabe utzi. Aplikazioak momentuan egiteko aukera ematen dio.
 

Iruñeko Udalari jarri dio lehen kexa. Igandez, zerbitzurik ez denean, konturatu gabe herritarrak artatzeko telefonora deitu eta erantzungailua atera zitzaion gaztelania hutsean. Haserretu eta kexa jarri zuen. Bigarrena, hauteskunde kanpainan hainbat alderdik bidalitako idatzientzat izan da. Esan diogu hurrengo hauteskundeen zain egon beharko duela emaitza ikusteko. Barre egin du, baina ondo daki zergatik jarri duen kexa: “Kexatzen naizenean bi gauza dauzkat buruan. Batetik, ondorio bat baldin badago, errenta aitorpenaren adibidean bezala, bikain. Bestetik, hauteskundeen adibidean moduan, segituan ez dut emaitzarik izango, baina Behatokia informazioa biltzen joango da eta gero noizbait eta nonbait izango du isla”.

Ramosen ustez, euskal hiztuna gaizki tratatua denean frustratua sentitzen da eta kexak jartzeak sentimendu horri bide bat eskaintzen dio. “Ideia bikaina izan dute Behatokikoek”.

David Cascan: “Munduan bakarra ez zarela ikusi ahal duzu”

Bilboko metroa egunero lau aldiz hartzen du barakaldarrak. Ohikoak ez diren oharrak beti entzun izan ditu gaztelaniaz, nahiz eta esan dioten ele bitan ere egiten dituztela. Megafoniako oharra behin eta berriz gaztelania hutsean entzun zuen azken aldian kexa jartzea erabaki zuen. Bere mugikorra zaharregia izaki, lanekoa erabili zuen Akuilari jaitsi eta kexa sartzeko. Metroan bertan ere kexatuko dela dio, bi tokitan adieraztea batean baino hobe dela iritzi baitio.

Momentuan egitea garrantzitsua dela uste du: “Denbora pasatzen bada eta ez baduzu gogoratzen zein egunetan gertatu zen, zein ordutan... arazoak izan ditzakezu kexa jartzean”. Berari gertatu zitzaiolako dio. Udaltzaingoan hainbat egunera jarri zuen kexa eta erantzun zioten ezin zutela ezer esan, ez zuelako zehatz-mehatz adierazi zein ordutan gertatu zen. Udaltzainen txanda bat izan daiteke goizeko ordubiak artekoa eta ordu horretatik aurrera beste txanda bat. Metroan gertakari horrekin akordatu zen eta horregatik jarri zuen kexa momentuan. Udaltzaingoan gertatutakoa kontatu digu: “Noizbait deitu izan dut eta ematen du Kongon gaudela, ez dizute ulertzen... Behin telefonoz bestaldekoa euskalduna izatea eskatu nuen eta nitaz trufatzen hasi ziren. Batak besteari nola esaten zion entzuten nuen, ‘euskaraz egin nahi duela dio!’.  Orduan esan nuen: ‘Nahikoa da, kexa jarriko dut!’. Udalean, Behatokian eta Elebiden jarri nuen. Erantzuna: saiatuko zirela, baina ez zegoela euskaldunik. Oraingo Udalak zehaztapen handiagoarekin erantzun dio, baina oraingoz aldaketarik ez. “Agian, beste kexa bat jarri beharko dut hemendik urte batzuetara”, dio barrez.

Akuilaritik gehien gustatu zaiona Euskal Herrian jendea zein kexa edo zoriontze mezu jartzen ari den ikusteko aukera da, “munduan bakarra ez zarela ikusi ahal duzu, eta indarra ematen dizu”. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza eskubideak
Sugoi Etxarri Zabaleta, EHE-ko kidea
“Euskararen borroka gaztetzen ari da, oso azkar”

Euskal Herrian Euskarazek apirilaren 22tik 28ra egingo du lehen aldiz Harrotze Astea. EHEk bost ekintza nazional prestatu ditu, eta hortik aurrera, herriz herri hainbat dinamika antolatuko dituzte euskaltzaleek. Sugoi Etxarri EHEko kidea elkarrizketatu dugu. Haren ustez,... [+]


Behatokiaren hizkuntza urraketei buruzko 2023ko txostena
Hizkuntza muga eta urraketa berak hamar urtez

Hizkuntza eskubideen urraketekin lotutako 909 kexa jaso zituen Behatokiak 2023. urtean. Horien %75 baino gehiago administrazioari loturiko zerbitzuei buruzkoak dira: “Herritarrek salatzen dute urtero horma berdinaren aurka borrokatzen jarraitzen dutela”.


2024-03-18 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Nork egingo du euskara ofizial?

Korrikak lehen asteburua Nafarroan egin du, eta argi ikusi dugu ez dagoela Nafarroa bat, ez eta hiru ere, baizik eta hainbat. Herriz herri egoera soziolinguistikoa eta euskaltzaletasuna erabat aldatzen dira, eta Korrika ere izan da horren lekuko.


Ikasle euskaldunek Frantziako Legebiltzarrean euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu dute

Euskal Herriko 16 ikasle Parisen dira astearte honetan, euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu eta horretarako neurriak har ditzatela eskatu diete diputatuei, Frantziako Legebiltzarrean. “Urduri gaude, baina badakigu zer erran nahi dugun”, adierazi diote goizean... [+]


Iruñeko EHEren talde berria aurkezteko jaia egingo dute larunbatean

Taldea ezagutarazteko eta proiektua finantzatzeko antolatu dute egun osorako egitaraua.


Eguneraketa berriak daude