"Gerra zibileko matoi asko lasai ederrean hil ziren, inolako damurik gabe"

  • Nafarroan 1936an faxistek eragindako milaka hilketen erantzuleen inguruko informazioa biltzen ari da Bingen Amadoz (Murillete, 1952) ikerlari eta kazetaria. Fusilatuen senidea izaki, garbi du biktimek ez dutela mendekurik bilatzen, baina sarritan euren buruei sinetsarazi diete hiltzaileak gaizki amaitu zuela, “eta asko lasai ederrean hil ziren”.

"Boteretsuek erreklamazioak egiten zituztenen kontra jo zuten eta horretarako beren zerbitzura zeuden morroiak erabili zituzten, herriko miserableenak, klase kontzientziarik gabeko gajoak". Irudian, Sartagudako Memoriaren parkean.Koldo Azkune

Kontu ezaguna da 1936ko Gerrak Nafarroako bazter gehienak odolez zikindu zituela. Mola jeneralak “beldur-giroa” sortzea beharrezkoa zela ebatzi zuen, eta, agindu sekretu baten bidez, Fronte Popularrarekin zerikusia izan zezakeen edonor fusilatzera bidali zuen. Heriotza-orgia horretan hil zituztenen artean, Bingen Amadoz, Euskadi Irratiko kazetari ohiaren aitona eta osaba zeuden, Murilleteko bizilagunak biak, lur komunalen aldeko borrokan nabarmenduak. Zigorra ez zen, baina, bere horretan gelditu, eta hurrengo urteetan segida izan zuen, eguneroko joan-etorrietan senideen garunean tiro egin zuten hiltzaileekin gurutzatu behar izan zutelako, umilazioa biderkatuz.     

Orain, aurre-jubilazioa hartuta, kazetari nafarrak hiltzaileen inguruko testigantzak jasotzen dihardu, ahal duenean liburu batean argitaratzeko asmoz, Gerra Zibilaren justizia eza egiaren aitortzarekin arindu daitekeela sinetsita.

Iruñeko udal aldaketa dela-eta “Eroritakoen” eraikinaren afera mahai gainean dago berriz. Nola da posible Iruñea erdian Mola eta Sanjurjo faxisten hilobiak mantentzea?

Lehenik eta behin, plazari izena aldatu beharko zaio. Rodeznoko kondeak milaka heriotza-zigor sinatu zituen, hiltzaile ikaragarria izan zen. Gero, noski, Mola eta Sanjurjoren gorpuzkinak euren familiek nahi duten lekuetara eraman beharko lituzkete. Leku hori hustu egin behar da, garbitu. Eraikuntzarekin ez dakit zer egin daitekeen. Batzuek esaten dute bota egin behar dela, edo Memoriaren museo bilakatu... Ezkabako gotorlekuarekin ere arazo bera daukagu. Bi gune hauekin zer egin publikoki eztabaidatu behar da.

Zure familia faxisten errepresioaren helburu izan zen. Denbora asko pasa da orduz geroztik, sendatu al dira zauriak?

Zama horren presioa bizitza osoan sentitu dugu gainean. 1936ko abuztuan, gauez, herriko beste bost lagunekin batera aitona eta osabari eskuak lotu eta Marcillara doan bide bazterrera bota zituzten, tiroa eman eta gero. Sozialistak ziren eta gizartea hobetzeko konpromisoa zuten hartuta. Nire ahaideek aberatsek lapurtutako komunalak herriarentzat berreskuratu nahi zituzten, eta borroka horretan nabarmendu ziren. Beste hainbat etxetan bezala, gurean ere ikaragarri sufritu izan da. Nire aitari bizitza errotik ebaki zioten 13 urte baino ez zituela, etorkizunik gabe utzi zuten. Ahal izan zuten guztia lapurtu ziguten, eta galtzaileak ginenez emigratu beharrean izan ginen. Batzuek Ameriketara jo zuten, beste batzuek Gipuzkoa eta Bizkaira. Sarraski hura gertatu izan ez balitz, egun oso bestelakoak izango ziren gauzak.

Familiak normaltasunez heldu dio jazotakoari?

Bai aitak eta bai amak etxean beti horren berri ematen ziguten, oso kontziente ginen. Karrikan gure senideen hiltzaileak ikusten genituen. Beste familia batzuetan gertaera horiek isiltzea aukeratu zuten, gurean ez baina. Hiltzaileak ez ziren bakarrik tiroka ibiltzen zirenak. Salatariak ere hiltzaileak ziren, susmagarrien zerrendak idazten zituztenak... Inork ez zuen 1936an etorriko zena espero, beren aldamenekoengandik, eta batzuetan beren familikoengandik, halako erasoak sufrituko zituztenik. Eromen kolektiboa izan zen.

Nortzuk erein zuten eromen horren hazia?

Herrietan boterea zutenek, aberats batzuek. Baina hilketak egiterakoan, pobreenak izan ziren horien arduradun. Boteretsuek erreklamazioak egiten zituztenen kontra jo zuten eta horretarako beren zerbitzura zeuden morroiak erabili zituzten, herriko miserableenak, klase kontzientziarik gabeko gajoak.

Zergatik ari zara “matoien” gaineko informazioa biltzen?

Gerra Zibilaren kontaketan hutsune asko daude, eta gai hori horren adibide da. Hiltzaileez ez da ia hitz egin, tabu moduko bat izan da. Biktimen testigantzak jasotzen ditudanean bi gauza errepikatzen dira: ez dituzte hiltzaileen izenak eman nahi oraindik beldurra existitzen delako, eta horretaz gain, ez dituzte hiltzaileen ondorengoak kaltetu nahi, horien artean ere oso pertsona onak daudelako. Errekete eta falangisten oinordekoek, aitzitik, behin eta berriz zera errepikatzen didate: beren aitona edo dena-delakoa oso pertsona ona izan zela. Eta tira, batzuk onak izanen ziren, baina ez denak.     

Argi izan behar dugu erruak ez direla heredatzen, erruak pertsonalak direla eta ez beste inorenak. Biktimek ez dute mendekurik bilatzen, eta are gutxiago hiltzaileen ondorengoen kontra.

Zeintzuk dira Nafarroako “matoi” ezagunenak?

Berbintzanako Txato da ospetsuena, herri gehienetan aipatzen dute bere izena. Kaparrosoko Foro ere ezaguna izan zen, edo Iruñeko Galo Egues edo Benito Santesteban. Gutxi batzuk nabarmendu ziren, baina “matoi” asko egon ziren pertsona gutxi batzuen hiltzaile izan zirenak, beren herrian edo ondoko herrian... Horregatik harrituta gelditzen naiz “nire aitona falangista edo erreketea izan zen eta oso pertsona ona” esaten didatenean. Izan liteke, baina “matoiak” nonbait egotekotan euren artean zeuden.

Eta elizak zer zerikusi izan zuen “matoiei” bide eman zien 1936ko uda odoltsuan?

Elizak oso paper beldurgarria izan zuen. Mingarria da ikustea apaizak zein punturaino izan ziren kolaboratzaile. Apaiz gutxi batzuk ere biktimak izan ziren, Pitillasen, Kasedan edo Iturenen, kasu, baina gehienak kolaboratzaile zuzenak izan ziren. Batzuek sermoietan jendea hiltzera animatzen zuten, beste batzuk zuzenean joaten ziren “matoien” artean, beste batzuek tiroak eman zituzten, beste batzuek armak konfesatokietan banatzen zituzten...

Gerra amaituta, nola lortu zuten hildakoen senideek hiltzaileekin batera bizitzea?

Nekez. Askok ezin izan zuten halako umilaziorik jasan eta herritik ospa egin zuten, ezin zutelako beren aitaren edo anaiaren hiltzailea aurrez aurre ikusi, zigorrik gabe, harro-harro paseatzen. Biktimen familiek inpunitate hori oso gaizki eraman zuten. Inpunitate horren aurrean, herriak justizia mentala baliatu du; hots, euren buruei sinetsarazi diete hiltzaileek oso gaizki bukatu zutela, oso gaizki eraman zituztela euren bizitzetako azken urteak, erotu zirela, beren buruez beste egin zutela... Eta egia da batzuk horrela bukatu zutela, baina beste asko lasai ederrean hil ziren, ohean etzanda, inolako damurik gabe.

Noizko espero duzu egiten ari zaren azterketa amaitzea?

Entzun behar izan ditudanak hain kontu latzak direnez, lan hau nahi eta nahiez mantso hartu behar izan dut, kontatzen dizkidaten gertaera horiek barneratu behar ditudalako. Eta oso zamatsua suertatzen da hori, sufrimendu handia dagoelako, eta sufrimendu hori kutsatzen delako. 3.500 drama ezberdin dago. Maiz etxera lur jota itzultzen naiz.

Libururako testigantza

Franco hil eta berehala familiak hildakoen gorpuen bila abiatu ziren, eta urte horietan 40 urte lehenago Nafarroan desagertutako gorpu asko berreskuratzea lortu zuten. Erriberrin bazen emakume bat gerra garaian aita hil ziotena, eta berau ere gorpu hori berreskuratu nahian zebilen. Tamalez, ez zekien nora jo. Hortaz, Erriberriko apaiz bati hurbildu zitzaion. Apaiza gaztea zen, nahiko irekia. Emakumeak susmoa bazuen nor izan zitekeen aitaren hiltzailea, baina ez zegoen seguru. Badaezpada, ustezko hiltzailearengana hurbildu baino lehen, apaizaren bitartekaritza aukeratu zuen. Apaizarekin datu horiek guztiak partekatu zituen, eta elizgizonak mesede hori egingo ziola agindu zion. Bada, apaizak susmagarriaren etxeko atea jo, eta bisitaren arrazoiaren berri eman zion. Ezustean, zera erantzun zion gizon horrek apaizari: “Nik ez dakit ongi gizon hori non arraio dagoen lurperatuta. Galde iezaiozu zure aitari, berak aski ongi baitaki, galdetu zure aitari”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Fusilatuen bila
1936ko Gipuzkoako krimenen arduradunak publikoki adierazi zuen "gupidarik gabe fusilatu" behar zela

1936ko udazkenean Hernanin eta Oiartzunen frankistek egindako zientoka hilketen arduradun nagusiena izan zen Ramiro Llamas komandante eta epailea. Hilabete gutxira jendaurrean publikoki adierazi zuen fusilatze horien inguruan pentsatzen zuena; diskurtso beldurgarri hori oso... [+]


1936an desagerrarazitako Felix Goyaren monolitoari eraso egin diote Eulaten

Oraindik ere 36ko Gerraren memoriak sarri jasotzen ditu haginkadak orduko borreroen oinordekoen aldetik. Azken horietako bat Eulateko Felix Goyaren monolitoak jasandakoa da. 1936an atxilotu eta hil zuten frankistek 51 urterekin, eta oraintsu hiltzaileen ondorengoek berriz egin... [+]


Kondor Legioak Munitibarren 1937an egindako bonbardaketari buruzko liburua argitaratu dute

Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak eman du argitara Munitibar 1937/04/26: Aire-eraso baten kronika liburua eta igandean aurkeztuko dute jendaurrean. 1937ko apirilaren 26an Kondor Legioak Munitibarren aterpetuta zeuden herritarrei eraso egin zien. Egun bereko arratsaldean, Gernikan... [+]


2023-02-09 | ARGIA
1937an Bilboren defentsan hildako sei gudariren eta milizianoren gorpuzkiak itzuliko dizkiete senideei

Genetikoki identifikatu ondoren, Eusko Jaurlaritzak 1937ko udaberrian hildako sei errepublikarren gorpuzkiak itzuliko dizkie beren senideei, Bilboko Gogora institutuaren egoitzan larunbatean egingo duten ekitaldian.


1936ko Hernaniko fusilatzeak
“Ez dadila entzun gehiago ‘askatuta’ hitz nazkagarria”

Larunbatean Hernaniko Udalak beharrezkoa den oroimen ekitaldia egingo du herriko hilerrian 1936an frankistek hildako 200 lagunak gogoratzeko. Baina zeintzuk izan ziren krimen horien arduradunak? Zeinek sustatu eta agindu zituen fusilatzeak? Komeni da izen horiek ere ez ahaztea.


Eguneraketa berriak daude