Lurrak garrasika jarraitzen du

  • Francoren heriotzaren ondoren, 1936ko fusilatuen senideak haien gorpuak berreskuratzen hasi ziren Nafarroan. Hasierako desobiratze haiek ezkutuan egin ziren, erakundeen laguntzarik gabe; hainbat herritar eta apaiz konprometituren ekimena izan zen, Ollakarizketako hobian 1979an Sartagudako bizilagunek egindakoa kasu. Baina berrogei urte geroago jarraitzen dugu lur beretik hezurrak ateratzen. Nola liteke?

Ollakarizketan denera 20 lagunen gorpuak aurkitu dituzte azken desobiratzean. Mauro Saravia argazkilariak momentu hori jaso du iruditan ARGIArentzat.

1980ko otsailaren 23an, duela 40 urte, Erorien Haranean ehortzita zeuden 133 nafarren gorpuak berriz itzuli zituzten euren sorterrira: Azagra, Lodosa, Allo, Larraga, San Adrian… Francoren obra kolosala betetzeko lapurtuak izan ziren urte batzuk lehengo. Lekualdatzea isilean negoziatu zen UCDren gobernuarekin, eta balio du irudikatzeko 1936ko fusilatuen senideek zeukaten antolaketa maila eta egindako lan eskerga. Gaur egun, toki ilun hartatik hezur bakar bat mugitu nahi duenak harlauza judizial handi batekin egingo du topo.

Trantsizioko urte haietan baina, senideak azkar mugitu ziren eta Nafarroako hainbat tokitan frankistek gerra zibilean bide bazterretan utzitakoak desobiratu zituzten. Sartagudako bizilagunek 1979an ekin zioten Ollakarizketan –Iruñetik dozena bat kilometrora– aitzur kolpez lurra mugitzeari: hamazazpi gorpu aurkitu eta soinean zituzten objektuen bidez jakin zuten euren senideak zirela.

Hamarkadatan isilik eta zapalduta egon ondoren, emozioak dantzan zebiltzan: “Negar asko egin dugu, asko. Baina gustura gaude herrian daudelako berriz, ez baitzituzten inoiz eraman behar”. Lucía eta Mari Carmen Morenok desobiratzeaz egindako egutegian ageri dira sentimendu horiek guztiak, argazki, zerrenda, ohar eta poemaz osaturik; Nafarroako Memoriaren Dokumentazio Zentroan gordetzen da altxorra.

2019ko irailean Arazandiko teknikariek berriz induskatu dute eremua Nafarroako Gobernuak eskatuta, eta oraingoan ere Lucía bertan izan da. Beste hogei lagunen gorpuzkinak azalerazi dituzte Ollakarizketan, baina gehiago egon daitezkeela uste dute. Berrogei urte geroago lurrak garrasika jarraitzen du.

Gora Sartaguda!

1936an gerra lehertzean, erretagoardian harrapatuta geratu ziren nafar errepublikar ugari eta fusilatuak izan ziren sistematikoki. Erriberako herri ezkertiarrek sufritu zuten krimen hura gehien, baina haien artean Sartaguda ikur bilakatu da. Piperrak punk taldeak 90eko hamarkadan abesten zuen gisan, “beti muturreko eta gogor, beti erradikal”.

Sartagudako jaun eta nagusi Infantadoko dukea zen, bera zen etxe zein soro guztien jabe, berak agintzen zuen zeini eta zein preziotan “alokatu” lurra. Hala, Bigarren Errepublikan justizia sozialaren alde borrokatu izana odolez ordaindu zuten sartagudarrek: 86 pertsona fusilatu zituzten, 1.200 biztanleko herrian. Egun, Infantadoko dukearenak ziren 6.000 metro koadroko espazioan Oroimenaren Parkea jaso dute, Nafarroan faxistek hildako 3.500 lagunen omenez.

"Hobira erdi tente botatzen zituzten, zutik, gehiago kabitzeko. Ez dut sekula ahaztuko”, aitortu zuen lekuko batek. Haren bidez jakin dute fusilatuak zehazki non zeuden (Argazkia: Mauro Saravia)

Errekete eta falangisten krudelkeria oso urrun iritsi zen 1936ko hilabete haietan. Jendea modu basatian hiltzeaz gain, haien gorpuak han eta hemen barreiatu zituzten, gertukoen desesperazioa eragiteko asmoz –Azkoiengo fusilatuak, adibidez, 33 toki desberdinetan lurperatu zituzten–. Ez da harritzekoa beraz, fusilatuen senideak oraindik lurralde osoan barna ibili behar izatea hezur bila, Sartagudakoak 1979an ibili ziren bezala.

2015ean aldaketaren gobernua martxan jarri zenetik 109 gorpu berreskuratu dituzte Nafarroan 23 hobitatik –horietako bat da Ollakarizketakoa– eta 2020an beste hogei indusketa egitea aurreikusi dute. Nafarroako Memoriaren Institutuak osatutako mapa interaktiboan ageri denez, hirurogei hobi baina gehiagotan ez da esku hartu oraindik.

Ollakarizketan bertan ere hobi bat baino gehiago dago. 1936ko azaroaren 16an Iruñeko kartzelatik atera zituzten Sartagudan atxilotutako pertsona ugari, eta Ollakarizketako Iruzkun kontzejuko borda baten barruan gau osoan eduki ostean, hurrengo egunean fusilatu zituzten denak. “Buru hezurrak zulatuta”, “besoa hiru tirorekin”, “burua hautsita”, “buru gehiago”… Halaxe deskribatzen du Moreno ahizpen bildumak, argazkiz argazki, 1979an lurra mugitzen hasi zirenean aurkitu zutena.

Nafarroan inon baino lehenago

Gerra zibilean fusilatuak bilatzen eta desobiratzen Espainiako Estatuko lehenengotakoak izan ziren Nafarroan. Zergatik? Paloma Aguilar politologoak Kamchatka kultur aldizkarian azaldu duenez “Nafarroan askok ez zuten itxaron lehen udal demokratikoa osatu arte, horrek erakusten du beste babes bat izan zutela eta hobeto koordinatu zirela”. Herrietan gestora batzordeak sortu ziren –sarritan apaizek lagunduta, baina beti herri ekimenetik– eta itzulera operazioa jarri zuten abian, Azkoiengo Josefina Camposen eskutik.

Jendea modu basatian hiltzeaz gain, haien gorpuak han eta hemen barreiatu zituzten 1936an, gertukoen desesperazioa eragiteko asmoz

Horrek guztiak aurretik inurri lan handia behar zuen ordea: Jose Maria Jimeno Jurio ikerlariarena. 1974an ekin zion fusilatuen zerrenda osatzeari, eta urteak eman zituen datuak biltzen eta emaitzak publikatzen Punto y Hora aldizkarian, heriotza mehatxuak tarteko –Pamiela argitaletxeak bi liburukitan kaleratu berri du lan hori guztia orain–. 1978ko martxoan Marcillan 38 hildakoren aldeko meza eta omenaldia egin zen lehen aldiz, ondoren etorri ziren Erriberako beste hamaika herritakoak: Azkoien, Faltzes, Andosilla, Carcar, Caparroso… “Baina ez zen erraza izan –dio Aguilarrek– oztopo administratiboak gainditu behar izan zituzten, baita hori guztia atzean utzi behar zela uste zutenen ezin ulertua ere”.

Apaizek, beraien homilietan behin eta berriz errepikatu zuten fusilatuen oroimena berreskuratzeko saiakerak ez zuela intentzio politikorik; inkontrolatuen eta Sanfermin gorrien garaiak dira... Hainbat iturriren arabera Nafarroan eta Errioxan zientoka lagun desobiratu zituzten 1978-1981 epealdian. Gero estatu kolpe saiakera gertatu zen, eta berriz ere urteetako isilunea, 2002an Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkartea sortu zen arte.

“Tiroa jotzen zieten bihotzean”

Ollakarizketan iaz egindako indusketaren lehen hari muturra Eusko Folklore-n 2007an argitaraturiko ikerketa etnografiko batetik dator. Felix Etxaleku bizilagunaren testigantza harrigarria jasotzen zuen: “Egun hartan 17 ekarri zituzten binaka lotuta, bordan sartu zituzten bildotsak balira bezala, eta jadanik lotu gabe, pistoladun batek tiroa jotzen zien bihotzean, bigarren batek azken tiroa jotzen zien gero. Hobira erdi tente botatzen zituzten, zutik, gehiago kabitzeko. Ez dut sekula ahaztuko”.

Ollakarizketako hobia Nafarroako hirugarren handiena da; denera 37 lagunen gorpuak berreskuratu dituzte. 2019ko desobiratzean, Aranzadiko teknikaren lanak jarraitzen izan ziren ikasleak, erakundeetako ordezkariak eta herritarrak. (Argazkia: Mauro Saravia)
Lucía Moreno, duela 40 urte toki berean hezurrak ateratzen aritu zen sartagudarra ageri da kaosaren erdian eserita, hobiari begira (Argazkia: Mauro Saravia)
Moreno 1979an osatu zuten egutegia eskuetan duela, Ollakarizketan (Argazkia: Mauro Saravia)

2018an Fernando Mikelarena historialariak lekukotza horri erreparatu zion, hilketa masiboa oso ondo deskribatzen zuelako. Areka elkarteko Orreaga Oskotzekin batera txostena osatu zuten Nafarroako Oroimenaren Institutuarentzat, toki horretan prospekzioak egin ahal izateko.

Prospekzio horien emaitzak eskuan, 2019ko irailaren 30ean goizeko 9:00etan hasi ziren lanean Aranzadikoak, baina ez zeuden bakarrik, begira izan zituzten bigarren hezkuntzako 150 ikasle eta beste hainbat jende ere. Denera lau hobi eta hogei lagunen arrastoak aurkitu zituzten bi egunetan. Handik gertu, Txulapaingo zonaldean, hobi gehiago daudela uste dute.

 


ASTEKARIA
2020ko martxoaren 08a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
2024-04-26 | Xuban Zubiria
Memoria berreskuratzeko usurbildarrak lehen lerrora

Andatza mendia memoria leku bihurtu zuen Usurbil 1936 elkarteak apirilaren 13ko birsortze historikoan. Herritarren lan boluntarioarekin berreskuraturiko lubakiak antzezleku bihurtu ziren egun batez. Gerraren eraginez Usurbilen jazotakoak elkarbanatzeko enegarren ekimena izan da.


Gernikan sirenak beste urte batez deiadarka, palestinako herritarren eta Bakearen Artisauen eskutik

87 urte bete dira ostiral honetan, 1937ko apirilaren 26an abiazio faxistak Gernika bonbardatu eta sarraskitu zuenetik. Urtero legez ekitaldi andana antolatu dute erakunde eta eragile sozialek. Tartean, pasealekuan eta Astra fabrikan dauden sirenak martxan jartzea.


Erorien monumentua eraistearen aurkako pintaketa faxistak egin dituzte Iruñeko Alde Zaharrean

Joseba Asiron alkatearen aurkako irainak margotu dituzte EH Bilduren egoitza batean.


Eguneraketa berriak daude