Bixente Izkierdo, Urruñako ditxolari handia

  • Betidanik entzun dut Urruñan izan zela ditxolari handi bat, adineko herritarren oroitzapenetan ongi atxikia dena. Xanpun bertsolaria ere harekin trebatu omen zen errima kontuetan. Tamalez, nehon  ez dut deus idatzirik topatu gizon honetaz. Hori dela eta, ezker-eskuin galdezka hasi natzaie adineko hainbat herritarri. Badakit atzeman dudana ez dela ainitz, gehiago badela urruñarren kontuetan atxikirik, baina hauxe da nik atzeman eta beraz, paperera ekarri dudana.


2018ko abuztuaren 03an - 09:30

Bixente Izkierdo 1895. urtean sortu zen Urruñako Ziobehere etxaldean, familia bordari batean. Anai-arreba franko ziren etxean. Ez zen eskolan ibili eta ez zekien irakurtzen, baina bazuen berezko jakituria bat bere mintzairan gazte-gaztetik islatzen zena. Edozer erraiten ziotelarik, berak bazekien erantzun errimatu bat ematen, gehien-gehienetan irringarria zena. Hori bai, beti errespetuzko erantzunak ziren, emazteekiko lizunkeria merkeetan nehoiz erori gabe. Mintzatzeko zuen abilezia horrek famatu egin zuen herrian, eta urruñarrek maite eta errespetatzen zuten.

Donadoa zen, gizon mehea, 1,75 inguru neurtzen zuena. Janzkera tradizionala erabiltzen zuen: atorra, galtza, abarkak eta buruan beti euskal kapelua. Lepotik gibelera zintzilik ainitzetan parasola eramaten zuen eta botoilatxo bat izpirituz betea sakelan. Bizpahiru egunetako bizarra moztu gabea eta begi zorrotzak aurpegian. Gizon seriosa zen eta irri guttikoa. Galtza bakarra omen zuen, eta berak kontatzen zuenez, arreba batek garbitzen zion guztietan, ohean egoten zen.

Etxean hainbat behi eta baratza bazituzten ere, Bixente herriko etxeetan laguntzen ibiltzen zen sos batzuen edo jatekoren  truke. Hori dela eta, ainitzetan herriko beste etxeetan gelditzen zen bazkaltzen, afaltzen edota baita lo egiten ere. Erdi hargina zen, eta paretak egiten ere bazekien.

Kontrabandan ere ibili omen zen izpiritua edo pattarra Hegoaldetik pasatzen. 1967an, 72 urte zituelarik, zendu zen.

Arotzenia ostatuko seme den Pierrot Haltzuet-ek ttikia zelarik ezagutu zuen, ostatuan sarturik. Pierrotek garai hartan hamabi bat urte zituen, gaur berriz, 84 urte ditu, baina burua bizkor eta gorputza osasuntsu.

Gogoan du Bixente Izkierdo behin joan zela etxera belar-meta bat egitera. Horretarako zurubi bat erabiltzen zuen. Meta eginda, solasean aritu ziren kafe baten inguruan etxeko jauna eta Izkierdo. Garaiko politikaz ari omen ziren. Haltzuet jaunak “hau egin dute eta bestea. Ez dakit zer izanen den gutaz horrela jarraitzen badute” eta ohikoak erraiten ari zitzaizkion. Bixentek hitza hartu eta honela erantzun zion:  “Instantean joan beharko dugu mendirat eta bazterrekoak erdirat.”

Zugasti-baitako seme den 86 urteko André Zugastik honako gertakizuna kontatu dit: “Behin, Izkierdo Ibardineko bidetik herrirat heldu zela, jendarme batek ALTO! erran zion. Eta Izkierdok erantzun: moi à pied et vous à moto.”

Baina, zalantzarik gabe, pasadizo gehien kontatu didana Mattin Aldako izan da, duela 77 urte Hattinga-baita etxean sortua dena. Honen aita, Dionisio zena, Bixenteren komunioko laguna zen, eta ditxolaria biziki ongi ezagutu zuena.

Behin, Bixente etxera joan zitzaien eta Mattinen Josef anaiak honela erran omen zion: “Egun on, Bixente. Zu beti promene. Eta Izkierdok erantzun: aberatsak beti ibiltzen ziren ere.”

Bixentek bazuen Antton izeneko anaia bat, hil zitzaiona. Behin Antton hilik zegoela ez zekien batek anaiaz galdetu zion: “Non duk Antton? eta Izkierdok erantzun: Antton han duk, zeruko atean planton.”

Hargina trebea zela, dudarik ez. Behin egin omen zuen zerri-etxola bat eta borta egiten ahantzi. Beste behin, berak egindako pareta bat erori omen zen eta nagusiak Bixente ikustean honela erran zion: “ Hik egin pareta erori duk! eta Izkierdok erantzun: ez nian betiko egina!”

Etxeberri erretorak behin deitu omen zion eskolako paretak kisuaz xuritzeko. Eskatu behar zizkion sosengatik kezkatuta honela galdetu zion:

“Errazu Bixente, ez didazu hautsiki haundirik eginen? eta Izkierdok erantzun zion ahoan eskas zituen hortzak erakutsiz: nere hortzekin ez!”

Ainitzetan lanik gabe egoten zela eta, adiskide batek laster Ziburuko portuan itsasoratu behar ziren arrantzaleak gogoan zituela honela erran omen zion: Baina Bixente, ez duzu lanik? Ibili beharko zinuke arrantzan. Eta Izkierdok erantzun: urerat erori lehenbiziko balantzan.”

Gaur Clément Laurenzena karrika den pettarra beheiti zihoala behin, jendarme ezagun batzuk hurbildu zitzaizkion eta bere parean joanik hitz egiten zioten. Halako batean behetik goitti heldu zen jaun erretorak ikusi, eta preso zeramatela pentsatuta honela erran omen zion Bixenteri: “Ai Bixente, orain ere hauekin zoaz?  eta Izkierdok honela erantzun: nahiago dut hauekin zurekin baino. Erretora enterramenduetan ibiltzen baitzen.”

Mattin Aldakoren aitaren anaietako batek Lorentxo izena zuen. Behin norbaitek honela galdetu omen zion gure ditxolariari: “Bixente, ezagutzen zinuen Lorentxo? eta Izkierdok erantzun: bai Lorentxo sortua zen ni baino lehentxo!”

Hauek eta ainitzez gehiago dira Urruñan Bixente Izkierdoz kontatzen direnak. Norbaitek bildu beharko lituzke denak liburu batean. Bitartean, eta zoritxarrez, hau bezalako artikulu laburrekin konformatu beharko. Bixente Izkierdo pertsonaia izan da Urruñan, xelebrea, eta arras maitatua, bere erantzun errimatuekin urruñarren bihotza pizten eta alaitzen baitzekien.

Hil zenetik berrogeita hamaika urte pasatu diren arren, haren erantzunek eta haren umoreak bizi-bizirik jarraitzen dute urruñarren oroitzapen kolektiboan, eta luzaz horrela izanen delakoan nago.

 

Albiste hau Zuzeu.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Folklorea
2023-09-24 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Rodrigo Cuevas

Musika jarraitzailea bazara, Rodrigo Cuevas ezaguna izango zaizu. Gure lurretan gonbidatua izan da, Bilboko Aste Nagusian, Iruñeko Enmusikadas eta Oreretan bukatu berri den Atlantikaldian, eta Erromeriak bira kantatu eta dantzatu dio bere fan talde zabalari. Rodrigo... [+]


2021-12-24 | dantzan.eus
Juan Mari Beltran
“Tradizioa ez da gauza zaharra, tradizioa gauza berriena izan daiteke”

Herri musikari eskaini dio bizitza osoa Juan Mari Beltranek (Donostia, 1947); biltzen, sortzen eta zabaltzen. Haurtzaroan, Etxarri Aranatzen, heldu zien lehenengo musika tresnei eta familiarekin Donostiara mugituta hasi zen han eta hemen txistua astintzen. Dantza taldeetan... [+]


2021-11-12 | dantzan.eus
Iñaki Ahedo eta Xabier Gonzalez: "Interesgarri gertatu zaigu hausnartzea kanpoko ideia batzuk hona inportagarriak ote diren"

Estoniar lagun batek Iñaki Ahedori bidalitako postal bateko seilua da "Nondik nora folklorea?" erakusketaren abiapuntua. 1995. urtetik ari da seiluak biltzen, eta 2019an publikoari erakusteko aukera sortu zen Eusko Lorak dantza taldeak antolatutako erakusketaren... [+]


Joxemiel Bidadorren artikuluen bilduma bat publikatu du Pamiela argitaletxeak

Nabarrikadas. Historia y folclore de Navarra izeneko liburua Joxemiel Bidadorrek Diario de Noticias-en 1999 eta 2002 artean idatzitako artikuluen bilduma bat da.


Gurutzi Arregi hil da, Bizkaiko ondare immateriala jaso zuen etnografoa

Euskal herri kulturari ekarpen handia egin zion Gurutzi Arregi Azpeitia (Lemoa 1936, Zornotza 2020) etnografoa asteazken goizaldean hil da 84 urterekin.  Besteak beste, Euskal Herriko Atlas Etnografikoaren koordinatzaile izan zen.  Durangoko kultur mugimenduetan ere... [+]


Eguneraketa berriak daude