Iñaki Ahedo eta Xabier Gonzalez: "Interesgarri gertatu zaigu hausnartzea kanpoko ideia batzuk hona inportagarriak ote diren"

  • Estoniar lagun batek Iñaki Ahedori bidalitako postal bateko seilua da "Nondik nora folklorea?" erakusketaren abiapuntua. 1995. urtetik ari da seiluak biltzen, eta 2019an publikoari erakusteko aukera sortu zen Eusko Lorak dantza taldeak antolatutako erakusketaren bidez. Iñaki Ahedo eta Xabier Gonzalez taldeko kideak dira, eta egun hauetan Gasteizen ikusgai den seilu erakusketaren inguruko azalpenak eman dizkigute. Harrigarria da horren zentimetro gutxitan zenbat informazio jaso daitekeen; besteak beste, inauteri, ezpata-dantza zein dantzaldietako irudiak dituzten 1000 seilu inguru biltzen ditu erakusketak.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2021eko azaroaren 12an - 15:11
Azken eguneraketa: 16:15
'Nondik nora folklorea' erakusketa. Argazkia: Jauzika Kultur Elkartea

Nondik nora hasi zen ba "Nondik nora folklorea?" erakusketa?

Eusko Lorak elkartean badugu eskarmentutxoa erakusketak antolatzen, azken-aurrekoa "Burutik erantzia" izenekoa. Jendeari zenbait eduki helarazteko modu eraginkorra deritzogu, dakarren lan eskerga gorabehera. Duela bi urte astroak lerrokatu ziren esku artean dugun hau antolatzeko, eta gogoz ekin genion lanari.

2019an Sestaon aurkeztu zen, irailean eta urrian Zigoitian egon da, eta orain Gasteizen dago erakusketa. Erakusketa ibiltaria, beraz?

Gure lehen asmoa, noski, Sestaon ondo egitea izan zen, etxean jokatzen baikenuen. Erakusketak harrera ona izan zuela ikusita, animatu ginen mugitzen saiatzera. Bizpahiru leku genituen hitzarturik, baina pandemia heldu zen eta bertan behera geratu zen guztia. Udatik hona ekin diogu berriro mugitzeari, eta lehenengo bi geldialdiak Zigoitia eta Gasteiz izan dira Arabako Dantzarien Biltzarraren eskutik. Publizitate apur bat egiteko aukera ematen badiguzue, esango dugu erakusketa oso moldakorra dela, zeharo exentua, ez du hormarik behar.

Iñaki, zeuk hasitako lana da, ezta? Nola eman diozue forma? Kontatu pixka bat nola izan den prozesua.

Bai, nik hasia nuen biltzeko lana. Gogoratzen naiz gorde nuen lehen seilua nire lagun estoniar baten gutunari itsatsita heldu zitzaidala 1995ean. Hasieran, batez ere diseinuagatik hasi nintzen biltzen, garai hartan diseinu grafikoan interesatu berria bainintzen, baina denborarekin konturatu nintzen beste gauza interesgarriak ikasten nituela folkloreaz seilu batzuetatik. Eta Juan Antonio Urbeltzen "Danza vasca, aproximación a los símbolos" liburuan Britainia Handiko "Medieval mummers" seilua ilustrazio gisa erabiltzen zela ikusteak pentsarazi zidan agian ez zela ideia txarra izango seiluak erakustea. Elkarteari proposatu nion ideia eta baietz esan zuten berehala. Eta berehala agertu ziren galderak ere: zeintzuk eta nola.

Aukeraketa egin behar ezta?

Nahikoa seilu eta gehiegi genuen, baina zein erakutsi formaren baitan zegoen. Gu ez gara filatelian adituak, eta inoiz ez gara ohiko seilu-erakusketa batean egon; baina susmoa genuen hori ez zetorrela bat nahi genuenarekin. Seiluek asko kontatzen dute berez, baina gutxi-asko argi genuen ez genituela erakutsiko erakuste aldera, nolabaiteko hari eroalea behar genuela. Bestalde, Jorge Wagensberg-en ideiei jarraitu nahi genien. Hark uste zuen erakusketa batek estimulatu behar dituela bisitariak; aldea sortu behar duela bisitaren aurrekoaren eta ondorengoaren artean; erakusketa on batean askoz galdera gehiago izan behar direla irtetean sartzean baino; bisitarien jakin-mina zirikatu behar duela, ezaxolatik gehiago jakin nahi izatera pasa daitezen.

Juan Antonio Urbeltzen aholkularitza izan du erakusketak, ze ekarpen egin ditu?

Hariaren bila genbiltzanean, Juan Antonioren atea jo genuen. Berak landutako gaietako batzuk sartzeko asmoa genuen, hala nola c?lu?, morris dantzak, inauteriak... Eta galdetu nahi genion ea ideiaren bat eman ziezagukeen erakusketari forma emateko. Erakutsi genizkion lehenengo seiluak Poloniakoak ziren halabeharrez, eta galdetu zigun ea ikusia genuen "Cold War" filma. Bai, ikusi berria genuen, eta ez dakigu berariazkoa izan zen, baina filmarenak pista definitiboa eman zigun. Handik aurrerago, bere liburuetan oinarritutako lau moduluen testuak gainbegiratu eta onartu ere egin zituen.

Zerekin aurkituko da bisitaria?

Labur-zurrean, hamalau istorio eta kontaerarekin aurkituko da, eta horiek ilustratzen laguntzen duten ia mila seilurekin. Baita gauzakiren bat edo beste gehiagorekin ere, eta hamalau moduluetatik bostetan bideoak ikus daitezke.

Eta dantzazale batentzat bereziki zer izan daiteke interesgarria?

Ba uste dugu gauza asko gerta dakizkiokeela interesgarri. Baten bat aipatze aldera, guri behintzat, interesgarri gertatu zaigu hausnartzea kanpoko ideia batzuk hona inportagarriak ote diren; hala nola, Hungariako dantzaren etxeak edo Estoniako dantzari egunak.

Hain gauza txikietan informazio asko jaso daiteke, ezta?

Bai. Diseinuaren aldetik, seilu batzuek xehetasun maila harrigarria dute, bereziki jangune teknika erabiltzen zenean. Edukiari dagokionez, zer esanik ez dago. Adibide gisa, 1991ko Sobietar Batasuneko seilu-sorta batean zerbait tradizionala agertzen zen errepublika bakoitzeko. Ikusiak genituen ordurako Georgiako dantza talde asko, baina han agertzen zena arrotza egiten zitzaigun. Zorionez, hitz gutxi batzuk zekartzan seiluak idatzita, errusieraz zein georgieraz. Gure georgiar lagun batzuei eskatu genien deszifratzeko laguntza, eta horrela izan genuen Berikaobaren berri, bertako inauteria, alegia. Eta nola ez, modulu bat dedikatu behar izan genion.

"Folklorea seiluetan" bezala aurkeztu zenuten aurrena, baina orain "Nondik nora folklorea?" izena ipini diozu ezta? Zergatik?

Iñaki Arregiri zor diogu aholkua. Erakusketa bisitatu zuenean, komentatu zigun bere ustez "Folklorea seiluetan" izena oso agerikoa zela, eta seiluenak ez ote zituen pertsona batzuk uxatuko, erakusketak seiluak bezain gauza interesgarriak edo are interesgarriagoak bazituen ere. Pozik erosi genion aholkua Iñakiri eta izena aldatu genuen.

 

Nondik Nora Folklorea erakusketa Gasteizen

Non: Gasteiz, Hegoalde Gizarte Etxeko erakusketa aretoan (Alberto Schommer Kalea, 10 01006 Gasteiz).

Noiz: Urriaren 30etik azaroaren 27ra.

Ordutegia: Egunero, 8:30-21:30.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Folklorea
2023-09-24 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Rodrigo Cuevas

Musika jarraitzailea bazara, Rodrigo Cuevas ezaguna izango zaizu. Gure lurretan gonbidatua izan da, Bilboko Aste Nagusian, Iruñeko Enmusikadas eta Oreretan bukatu berri den Atlantikaldian, eta Erromeriak bira kantatu eta dantzatu dio bere fan talde zabalari. Rodrigo... [+]


2021-12-24 | dantzan.eus
Juan Mari Beltran
“Tradizioa ez da gauza zaharra, tradizioa gauza berriena izan daiteke”

Herri musikari eskaini dio bizitza osoa Juan Mari Beltranek (Donostia, 1947); biltzen, sortzen eta zabaltzen. Haurtzaroan, Etxarri Aranatzen, heldu zien lehenengo musika tresnei eta familiarekin Donostiara mugituta hasi zen han eta hemen txistua astintzen. Dantza taldeetan... [+]


Joxemiel Bidadorren artikuluen bilduma bat publikatu du Pamiela argitaletxeak

Nabarrikadas. Historia y folclore de Navarra izeneko liburua Joxemiel Bidadorrek Diario de Noticias-en 1999 eta 2002 artean idatzitako artikuluen bilduma bat da.


Gurutzi Arregi hil da, Bizkaiko ondare immateriala jaso zuen etnografoa

Euskal herri kulturari ekarpen handia egin zion Gurutzi Arregi Azpeitia (Lemoa 1936, Zornotza 2020) etnografoa asteazken goizaldean hil da 84 urterekin.  Besteak beste, Euskal Herriko Atlas Etnografikoaren koordinatzaile izan zen.  Durangoko kultur mugimenduetan ere... [+]


2020-01-10 | ARGIA
Kepa Junkera omenduko du Kataluniako Tradicionàrius festibalak, iktusa jasan zuenetik urtebetera

Ostiral honetan hasiko da Bartzelonan Tradicionàrius nazioarteko folk jaialdia. Aurtengo edizioak Kepa Junkera musikari bilbotarra omenduko du, beren beregi sortutako Kepa aurrera ikuskizunarekin.


Eguneraketa berriak daude