“Tradizioa ez da gauza zaharra, tradizioa gauza berriena izan daiteke”

  • Herri musikari eskaini dio bizitza osoa Juan Mari Beltranek (Donostia, 1947); biltzen, sortzen eta zabaltzen. Haurtzaroan, Etxarri Aranatzen, heldu zien lehenengo musika tresnei eta familiarekin Donostiara mugituta hasi zen han eta hemen txistua astintzen. Dantza taldeetan musikari ibili zen gaztaroan, eta Juan Antonio Urbeltzekin, Argia dantzari taldean, herri kulturari beste begi batzuekin begiratzen hasi zen. Orduan, argi ikusi zuen zein zen bidea. Urteetan egindako lanaren erakusle da Oiartzungo Herri Musikaren Txokoa; berriki aitortu zaio egindako lana, Gipuzkoako IV. Ondare Saria jaso baitu pasa den azaroan.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2021eko abenduaren 24an - 11:52
Azken eguneraketa: 12:56
Juan Mari Beltran, 2021-12-03. Argazkia: Gari Otamendi / Dantzan
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Herri musikaren mundura klarinetea eta txistuaren bidez iritsi zinen, ezta? Nolatan bi instrumentu horiek?

Nik ez nituen aukeratu. Gu Etxarri Aranatzen bizi ginen eta hango udaletxeko ganbaran zegoen musika akademia. Zazpi urte betetzean galdetu zidan amak ea nahi nuen joan eta nik baietz. Irakaslea musika banda zuzendaria zen, eta klarinetea erakutsi zidan, musika bandan behar zituztela eta hori ikasi behar nuela. Klarinetearekin etxera nindoala txistua erakutsi zidan, txistulari taldea indartu nahi zutela eta ea ikasi nahi nuen galdetu zidan. Badirudi baietz esan niola, etxera biekin joan bainintzen. Esan daiteke lehenengo egunetik bideratu nindutela multi-instrumentista izatera. Hamaika urterako bandan eta txistulari taldean jotzen nuen.

Musika eskolara egunero joaten zinetela aipatu duzu, nolakoa zen irakaskuntza eta transmisioa?

Gaur egun bekatu mortaltzat jotzen da biolin irakasleak danborra erakustea; Etxarriko musika eskola hartan irakasle bakarra zegoen denentzako. Musika eskola musika bandak entseatzen zuen aretoa zen eta ertz batean gelatxo bat zegoen, han egoten zen irakaslea. Aretoan bata bestearen ondoan denok batera bakoitza berea jotzen hasten ginen. Eskalak, ariketak, piezaren bat... Hori gaitasuna! Eta txandaka irakaslearengana joaten ginen gelatxora. Eguneroko konstantzia horrekin trebetasun sendoagoa lortzen zela uste dut.

Gaztetan, familiarekin Donostiara bizitzera joan eta segituan hasi zinen harremanetan euskal kultura ardatz zuten hainbat talderekin.

1962an mugitu ginen Donostiara eta ordurako musika bandako instrumentu bat baino gehiagorekin eta txistuarekin maila hartua genuen anaia Bixente eta biok. Aita zenak lokalizatu zuen Donostiako kontserbatorioko Isidro Ansorenaren txistu eskola eta matrikulatu egin ginen. Eraikuntza hartan aritzen zen Goizaldi dantza taldea eta hara ere eraman gintuen Jose Inazio Montesengana.

Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan

Goizaldiz gain Izarti eta Argia dantza taldeekin ere ibili zinen, ezta?

Isidro Ansorena irakasle erreferentea zen eta norbaite txistulariak behar bazituen hari galdetzen zioten, eta horrelakoetan Bixente eta Juan Mari pronto! Doña Maria Elena de Arizmendik emakumeez osatutako Izarti dantza taldea sortu zuen; Isidrori txistulariak eskatuta eta taldean sartu ginen gu. Han Argia taldeko jendea ezagutu genuen, eta Xabier Egaña atabalariak konbentzitu gintuen Argiara joateko.

Garai haietan txistu doinuak musika baino zerbait gehiago adierazten zuten, ezta?

Herri musikatik aparte txistua ikurra zen. Zenbat manifestazio hasi ote ziren txistularien aitzakian! Ez txistua bakarrik... Nik gogoratzen dut Hernani mutil-dantzak ari zirela kale bueltan eta segituan jendea bildu eta manifestazioa nola hasi zen. Txistua aldarrikapenerako ere erabili izan zen, noski.

Argia dantza taldea zure ibilbidean mugarri izan zela irakurri izan dugu.

Mugarria izan zen Argia baino, taldera Juan Antonio Urbeltz agertzea. Ni sartu nintzenean Argia beste talde bat zen. Jende oso jatorra, denak gazte-gazteak eta abertzale amorratuak. Inportanteena Iparraldera joan eta ikurrinarekin argazkia ateratzea izaten zen. Dantzan ere maila ona zela iruditzen zait, entsegu dezente egiten genituen.

Argia dantzari taldeko musikariak. Bixente eta Juan Mari Beltran eta Joxe Mari Gutierrez, 1967. Argazkia: Juan Mari Beltranen artxiboa.

Eta entsegu horietako batean Urbeltz Agertu zen...

Bai, Kaputxinoetan entseatzen ari ginela etorri zen eta denak konbentzitu gintuen, liluratuta gelditu ginen. Garai hura Oteizaren, Artearen Euskal Eskolaren, Ez Dok Amairuren... garaia zen, eta Urbeltzek proposatu zigun horrelako taldea izatea. Hasiera-hasieratik bere ondotik hasi nintzen eta autobusa hartu eta hara eta hona ibiltzen ginen; bera koreografiez eta nik gehienbat musikaz arduratzen nintzen. Ordutik aurrera beste era batean baloratu dut herri kultura eta bereziki herri musika. Tradizioa ez da gauza zaharra, tradizioa gauza berriena izan daiteke. Gogoratzen dut Urbeltzekin nola tarteka joaten ginen Iruritara, eta Mariano Izeta eta Maurizio Elizalderekin juntatzen ginen. Mariano jotzen hasten zen eta derrepente beste zerbait entzuten genuen, interprete sortzaile bat, zerbait berria ematen zuen beti. Tradizioa ez da gauza fosilizatua, estatikoa eta aldaezinezkoa. Aita Donostiaren kantutegiko horrenbeste aldaerari begiratu besterik ez dago, eta seguru denak ez zituela jaso. Guk jarraitzen dugu Aita Donostia ibili zen bideetatik eta aldaera berriak agertzen dira, normala den bezala.

Zein zen zuen lanerako funtzionamendua?

Bildu, ikasi eta jo. Bukatu zen dantza bat egitea iturrira jo gabe. Argia dantza taldean hori ezarri zen: nongo dantza dantzatu nahi duzu? Ba, jo hara, iturrira. Horrela, Argia taldea erreferente izan zen gainerako taldeentzat. Handik aurrera beste zenbait talde ere hasi ziren gauzak beste modu batera planteatzen. Nola eraman oholtzara herrian egiten zena?

Argia dantzari taldea. Bixente eta Juan Mari Beltran txistuarekin, eta atzean, dantzarien aurretik kalez jantzita Juan Antonio Urbeltz. Atharratze, 1966. Argazkia: Juan Mari Beltranen artxiboa

Dantzak eta baita musika instrumentuak ere, ezta?

Bai, benetako multi-instrumentista Argian egin nintzen. Ni Argiara iritsi nintzenean dantza guztiak txistuarekin jotzen ziren; Urbeltz agertu ondoren horrek ez zuen balio. Dantza bakoitzak bazuen tradiziozko bere soinu tresna, eta horra jotzen genuen. Argia dantza taldea ez zen dantza taldea bakarrik. Ikuskizunetako programan, dantza saioen tarteetan, soinu tresnen joaldiak sartzen ziren. Horrela, alboka ikastea komeni zela esan ziguten. Jose Mariano Barrenetxeari idatzi nion eta bi partitura eta alboka bat egiteko planoak bidali zizkidan. Jabier eta Fernando Lakuntzarekin, berriz, dultzaina ikasten hasi ginen. Txalaparta ere jotzen genuen.

Horrela, 80ko hamarkadan, herri musikaren inguruko ikasketei eta ikerketei lotutako bidearekin hasi zinen.

Bai, soldaduskatik bueltatu eta pare bat urtera edo Argia dantzari taldea utzi behar izan nuen, baina martxa eta bidea hartua neukan. Handik atera eta sortu nuen lehenengo taldea Sustraiak izan zen. Hor Argian egiten genuena egiten jarraitu genuen; hau da, alde batetik, herri musikako soinu tresnen saioak eskaintzen genituen, eta beste aldetik, musika grabazioak jasotzen ibiltzen ginen. Landa lanarekin jarraitu genuen.

Beste askoren artean, txalaparta “berreskuratzen” aritu zinen. Nolakoa izan da desagertzeko zorian zegoen kultur adierazpidea kasik ikur nazionala izaterainoko prozesua?

Goikoetxea anaiak, Zuaznabar anaiak ezagutzen dituzu eta hasieran ez duzu ulertzen zer gertatzen den hor. Aurreneko pausoa ikastea izan zen, eta txalapartari zaharrek markatutako bidetik joaldiak aberastea. Beraiek zioten alternantzian jo behar dela eta saioak irekia behar duela. Anaia eta biok hamazazpi urte ingururekin egunero jotzen genuen Argia taldean edo etxeko garajean. Zaharrek markatutako bide horretatik kristoren zelaira iritsi ginen; hasten zara informazioa biltzen eta bukaerarako Oiartzunen ote-jotzearekin topatu ginen. Magia... lanean ari direla musika jotzen! Eta ikasitako hori guztia txalaparta eskolan zabaltzen eta erakusten saiatu naiz, edo ni ibili naizen talde eta diskoetan erabiltzen.

Musika-tresnak eta doinuak jasotzen eta sailkatzen ikaragarrizko lana egin duzu. Bilketa horretan zenbaterainokoa da dantzarako musika?

Albokaren errepertorio tradizional osoa dantza musika da, baita dultzainaren ia osoa ere; orduan, dantzarako musika asko jaso dugu. Argia taldean bereziki tokatu zait dantzarako musikak jasotzea eta egindako diskoetako erdiak baino gehiago ere dantza doinuak direla esango nuke. Zorionez aberastasun handia dugu kalitatez zein kantitatez. Dantza oso presente dago nik egin dudan bilketetan , egindako diskoetan eta kontzertuetan.

Juan Mari Beltran Hernaniko musika eskolako txistu ikasleekin, 1986. Argazkia: Juan Mari Beltranen artxiboa.

Aberastasuna konplikatua ere gerta liteke sarri.

Hala da. Orhiko Xoria diskorako aukera eman zidaten nazioarteko musikari on bat gonbidatzekoa. Zohar Fresco perkusionista israeldarrarekin harremanetan jarri eta bidali nion musika etorri aurretik prestatzeko. Grabatzen hasi ginenean hasieratik esan zidan pieza bat ez zuela joko: “Zuek oso ondo borobiltzen duzue eta nik ezin dut ezer gehitu. Jarraitzearekin nahikoa dut, oso zaila egiten zait eta nik ezin ekarpenik egin”. Muneinak dantza-jauzia zen, esaldi ugari eta neurri ezberdinetakoak ditu.

Ikertzaile izateaz gain, sortzaile ere bazaitugu.

Tradizioa zerbait bada sortzailea da, baina zer da sortzaile izatea? Bela Bartok hungariar musikagileak dioen moduan zenbait daude pentsatzen dutenak sortzaileak direla, egin duten hori berria dela, baina hori egina zegoen. Eta zenbat daude pentsatzen dutela beti berdin jotzen dutela eta beti berria jotzen ari dira. Hortik derrepente beste modu batean jotzen hasi ginen, eta horrela sortzaile bidea hartzen duzu, askotan konturatu gabe.

Erbetegi-etxeberria aurreko tolarean Ramon, Juan Mari Beltran eta Asentsio Goikoetxea, 1984. Argazkia: Juan Mari Beltranen artxiboa.

2002an ireki zituen ateak Herri Musikaren Txokoak. Urteetako ahaleginaren emaitza, ezta?

Honen historia 1995ean hasi zen. Aurretik pentsatua nuen etxean nituen soinu tresnak, grabazioak, partiturak, diskoak, liburuak... zentro batean antolatu beharra nituela. Nik edukia edo mamia banuen, baina lekurik ez. Hainbat ate jo ondoren, Oiartzungo Udalari interesatu zitzaion proiektua eta eraikina eskaini zidaten. 1995eko uztailean giltzak hartu eta gauzak ekartzen hasi ginen. Horrela ibili ginen 2002ra arte, gauzak ekartzen, inbentarioa eta fitxak egiten... 2002ko martxoaren 1ean inauguratu genuen.

Zer da hemen bildu duzuena?

Dokumentazio zentro, museo delako honetan hainbat atal daude: soinu tresnen bilduma, biblioteka, fonoteka. Fonotekan bi alderdi daude, landa lanarena eta argitaratutako materialarena. Irudi artxiboa ere badugu, argazki bilduma eta filmazioak. Hor ere landa lanetik jasotakoak eta argitaratutakoak. Guztira ia 2000 musika tresna ditugu, erdiak Euskal Herrikoak eta beste erdiak munduko herri musikako tresnak. Internetik ere kontsulta daiteke fonoteka eta munduko hainbat txokotako erabiltzaileak ditugu.

Argazkia: Gari Otamendi / Dantzan

Eta XXI. mendean herri musikak ze leku du gure gizartean?

Diskoetxe handi bateko gerentearen lekutik ez dela asko saltzen esango nizuke; baina albokari naizen aldetik zer nolako ekarpena, produkzioa edota joera berriak izan diren azken urteetan esango nizuke. Txalapartak bide ikaragarria egin du denbora oso laburrean, espazio musikal ugari irabazi ditu. Musikenetik irteten diren txistularien maila, berriz, ikaragarria da. Erantzungo nuke egoera mundiala dela, sortzailea eta berritzailea. Egungo musikariek gauza berriak jotzen dituzte, baina nondik abiatuta? Hor badaude oinarriak, sustraiak eta adar berriak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2025-10-03 | Xalba Ramirez
Haizeari entzunaz

Ixo eta bizi!

Gailu

Bidehuts, 2025

------------------------------------------------------------------------------------------------------

Aresti hilda dago. Eta bere oinordekotza baita ere. Gailuk argi du: “Harrizko herri zena / negar herri bihurtu da eta, / hala, iduri... [+]


Hiri bat eta estimuluen karrusela

Rodeo eta Dena

Non: Bilboko Kafe Antzokian

Noiz: irailaren 18an

--------------------------------------------

Bilbo, sargoria, udako azken ostegunez. Bihotz Sakratuaren plaza bete dute Palestinaren aldeko oihuek, enegarrenez. Kilometro pare bat harago, Mariaren... [+]


Koldo Otamendi. Musika Zuzenean-ek 15 urte
"Zuzeneko musikaz gozatzeko edozein egun da ona"

Euskal Herriko zazpi lurraldeetan barna, hamabost egunez segidan hamabost kontzertu antolatu ditu Musika Zuzenean proiektuak, 15 urte betetzen dituztelako. Areto txiki, taberna eta espazio autogestionatuetan izango dira. Anari, Niña Coyote eta Chico Tornado, Ezpalak eta... [+]


Hitzordu berriak Kursaal Eszenan

Kursaal Eszena

Non: Donostiako Kursaal Jauregian

Noiz: 2025eko urri eta abendu artean

----------------------------------------------------------------------------------

Uda azkar pasatu zaigu, oraindik buruan ditugu Musika Hamabostaldian gozatu ditugun kontzertu zoragarrien... [+]


2025-09-27 | Leire Ikaran
Makineria pisutsu baten oihartzunak

EMPTY FILES + MOXAL & MIREN NARBAIZA

Non: Bilboko Kafe Antzokian
Noiz: irailaren 12an.

-------------------------------------------------------

Aitortu behar dut nahi baino gutxiagotan joaten naizela Bilbora. Beti sortzen dit horrelako tristura moduko bat, orduko... [+]


2025-09-18 | Irutxuloko Hitza
Lourdes Iriondori emango dio aldundiak Gipuzkoako Urrezko Domina

Aldundiak aurtengo Gipuzkoako Urrezko Domina emango dio abenduan Lourdes Iriondo Mujikari (Donostia, 1937-Urnieta, 2005) bere heriotzaren 20. urteurrenean. Aintzatespen horrekin, euskaren biziberritzean eta euskal kulturaren suspertzean Iriondok egindako “lan mamitsu eta... [+]


2025-09-17 | Xalba Ramirez
Nhil, etxe bat 'soulari'

Etxea
Nhil
Autoekoizpena, 2025

------------------------------------------------------------

Etxea du izena Nhil taldearen hirugarren diskoak. Taldekideek azaldu dutenez, “etxea” baita taldea haientzat, eta entzulearentzat ere hala izatea nahi dute. Zazpi... [+]


Zergatik?

'GUREA KULTURA' JAIALDIA 
Taldea: Sal del Coche
Non: Zestoan
Noiz: Irailaren 7an

--------------------------------------------------------

Kronika hau egitera Donostiara joan behar nuen, baina sarrerak garestiegiak iruditu zitzaizkidan behinola zezenketak... [+]


Espainia ere ez da Eurovisionen izango, Israelek parte hartzen badu

RTVE irrati-telebista kate espainiarreko Administrazio Kontseiluak astearte honetan onartu du erabakia. Jaialdiaren antolaketan pisu handia duen “Big Five” deituriko herrialdeen artean, Espainia da lehena iragarri duena Eurovision utziko duela Israelek parte hartuz... [+]


2025-09-15 | Iker Barandiaran
Atzera begira gaztea

Badut lagun bat pop-aren bueltan Euskal Herrian emakume eta gazteek martxan jartzen dituzten proiektu berriei erreparatzen diona. Hark ezagutarazi dit onomatopeiadun talde bizkaitar hau. Hiruzpalau kantu sarean, eta uda ostean lan luzeago bat kaleratzeko asmoa.

KAK! taldea... [+]


Spoti-fire, Stop-ify edo Spoti-fair

Guztiok entzun nahi dugu musika: asko, merke, euskaraz eta gaizki sentitu gabe. Baina Spotify utziko badugu Israelen konplize izateagatik, agian beste enpresa eta tresnen inguruan ere hausnartu beharko dugu. Edo gure morala kontratatzen ditugun zerbitzuen arabera neurtzen hasiko... [+]


Itsaso zakar bat eta bi ahots poetiko

Xak eta Ekiza

Non: Ondargain txiringitoan (Deba)
Noiz: abuztuaren 27an.

-------------------------------------------------------

Euri langarraren eta lanbro-lainoen artean pasatu dugu Gipuzkoako muga, kostaldean zehar doan errepidetik itsaso zakarrari beha. Bandera... [+]


Musika klasikoa
Kilate askoko abesbatza

Les Concert des nations, La Capella nacional de Catalunya orkestra sinfonikoa

Zuzendaria: Jordi Savall
Abesbatzen prestaketa: Lluís vilamajó
Egitaraua: Mendelssohnen lanak 
Non: Kursaal auditorioan (Donostiako Musika Hamabostaldia)
Noiz: abuztuaren... [+]


Eguneraketa berriak daude