Indar handiagoa behar da

Gure Esku Dago ekimenak beste indar erakustaldi handia egin zuen joan den igandean, dozenaka milaka pertsona kalera ateraz eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatuz. Festa giroz egin zen berriz aldarrikapena, iazko ekaineko giza katean bezala. Eta helburu oso zehatz batekin, berandu baino lehen, uneren batean euskal herritarrek erabaki eskubidea hautestontzietara eramatea.

Aipatu da, gainera, datorren urtean helburua hainbat herritara eramango dela: Dima, Ispaster, Hernani, Gipuzkoako Goierri… Orain aldarrikatu eta bihar erabaki. Joan den igandean, jostunek borondate anitz eta desberdinak josi zituzten norabide horretan, eta orain badirudi hurrengo pausoan hautatutako herrietan eltzea sutan jartzeko ordua iritsi dela. Datorren urtean ikusiko dira emaitzak, baina hauek onak izateko bada faktore bat Gure Esku Dago ekimenaren oinarrian dagoena eta ahaztu ezin dena: herritarrak eta gizartea indartzea, hauek erabaki eskubidean sinesten duten alderdiak ezinbestean norabide horretan jar ditzaten. Eta hori gehiago kostako da. Joan den igandean erakutsitakoa baino indar gehiago behar da herri oso bat norabide horretan jartzeko.

Igandekoaren itzalen artean dago San Mames, Anoeta eta Iruñeko zezen plaza ez bete izana. Twitterreko traolak #baietzbostakbete zioen. Bada ez, ez dira bete, eta hori ere oso kontuan hartu beharko du Gure Esku Dagok eta ondorioak atera. Egongo dira hainbat arrazoi, eguraldia, formatoa, helburu handiegia, mezuaren egokitasuna, udal hauteskundeak… kontua da ez dela lortu motibatzea eta erakartzea iazko giza katean parte hartu zuten herritarren zati oso handia.

Konfrontazioa berba klabeetakoa izan daiteke analisi honetan. Gure Esku Dagok elkarren aurka ibili diren gizarte sektoreak bildu gura ditu erabaki eskubidearen inguruan, bai elkarren aurka ibili diren sektore abertzaleak, bai abertzale-espainiarzale dikotomiaren inguruan kokatzen direnak. Guztiak bat, eskubide demokratiko baten inguruan.

Hori islatu du Katalunian  ANCk bultzatu duen prozesuak eta, modu desberdinean baina Eskoziako prozesuak ere bai. Katalunian Espainiaren jarrera itxi eta erasokorra klabea izan da mugimendu soberanista elikatzeko. Eskozian alderantziz izan da, SNP eta bere esparru instituzional osoak gidatu du prozesua eta herritarrak erabaki eskubidera eraman. Ñabardura asko egin badaitezke ere, Kataluniako prozesua gehiago sostengatu da Espainiarekiko lehian eta Eskozia gehiago britainiarren kultura demokratikoan.

Nahiko litzateke hemen ere britainiarren kultura hori, baina denak adierazten du Espainian konfrontazioaren eskemak garrantzi handiagoa izango duela etorkizunean. Eta Espainian eta Euskal Herrian iraganean izan diren konfrontazio ereduak kontuan izanda, komeni da azpimarratzea lehia hori erabat demokratikoa eta zibila izan behar duela, baina konfrontazio. Espainiako ezker berriak ekar lezake epe ertainera bestelako ikusmolderik, baina gaurkoz aukera hori urruti ikusten da, baita datozen hauteskunde orokorretarako herritarren batasunaren formula gauzatuko balitz ere.

Aurrerantzean ere ezinbestekoak izango dira masa mugimendu handiak, baina hori baino garrantzitsuagoa izango da erabaki eskubidea elikatzeko egunero hartuko diren erabakiak norabide horretan bultzatzea. Badira esparruak horretarako: Eusko Legebiltzarreko autogobernu ponentzian zein leku eta garrantzi izango du erabaki eskubideak?; Nafarroako Gobernu berriak nola zabalduko du, adibidez, D eredua eremu ez euskaldunean?; nola erantzuten zaie Auzitegi Konstituzionalak etengabe jartzen dituen helegiteei?; Udalbiltzarekin edo gabe, nola gauzatu behar da hiru lurralde administratiboetako erakundeen elkar lana eguneroko oso gauza zehatzetan?; euskal gizarteari bete-betean eragiten dion bake prozesua bideratzeko ahalmenik ez duen gizarteak, bere etorkizunaz erabakitzeko indarrik izango ote du?

Galderak eta esparruak bata bestearen atzetik jar daitezke. Horietan guztietan eta gehiagotan Gure Esku Dagoren eta herritarren presioa nabaritzen bada, euskal gizarteak hautetsontzian ere erabakiko du, bestela nekez. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gure Esku
Gure Esku-k ‘Herri libre bat’ dinamika aurkeztu du

Datozen bi urteetako erronken berri eman du erabakitze eskubidearen aldeko ekimenak larunbatean Bilboko Kafe Antzokian. “Herri libre bat nahi dugu, mugimendua sortu nahi dugu, herria martxan jarri eta elkarlana bultzatu nahi dugu”, adierazi dute.


Espainiako Vueltan errepideak euskal ikurrez betetzeko deia egin dute astebururako

Gure Esku eta Nafarroa Berriz Altxa elkarteek ekimenak antolatu dituzte lasterketa Euskal Herritik igarotzen denerako. "Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea" aldarrikatu eta "muga artifizialak" auzitan jarri nahi dituzte, besteak beste.


"Popatik hartzera" bidali ditu ertzain batek hiru lagun, euskaraz aritzea eskatzeagatik

Hiru emakume euskaraz zuzendu zitzaizkien ertzain batzuei, jatetxe batengatik galdezka. Polizietako batek erantzun zien euskaraz bazekiela baina ez zuela erabiliko, eta "popatik hartzera" bidali zituen. Ertzainari plaka eskatu zioten orduan, eta poliziak erdiko hatza... [+]


2023-06-20 | Hala Bedi
Trebiñuren erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du Gure Eskuk

Trebiñuko herritarrek bizi duten egoera "anakronikoa" salatu zuten igandean.


Eguneraketa berriak daude