Natura biziaren erdian

  • Gorbeia eta Anboto artean, naturaz inguraturik dago Otxandio. Ez da herri handia, baina bizitza sozial handia du. Historiaz betetakoa ere bada; antzinako ardo eta arrain saltzaileen geralekua izandakoak 1936ko gerran Iberiar penintsulako gizarte zibilaren kontrako lehen bonbardaketa jasan zuen, herriko jaietan. Naturaz, kulturaz, historiaz, eta bertako jendeaz asko dago ikasteko. Irakasleak, otxandiarrak eurak.

Oriol mendia, Aramaioko Oleta auzotik gora.
Oriol mendia, Aramaioko Oleta auzotik gora.Paulo Etxeberria

Herri txikia da Otxandio; 1.300 biztanlekoa. Baina, txikia izanda ere, bizitza sozial eta kultural handikoa da, eta asteburuetan beti egoten da zer edo zer kalean: taberna giro alaia kale nagusian, eta jan-edanerako hainbat aukera bertako ostatuetan. Elkarte askoko herria da, eta otxandiarrek betidanik izan dute lan boluntariorako eta auzolanerako joera handia. Horri eutsiz, Otxandiok zer eskaini dezakeen ikusi, eta elkarrekin eskaintza hori egiten hasi dira turismo arloan, kirol arloan eta nekazaritzan lan egiten duten herritarrak.

Basoetan barrena

Baso eta mendi ibilbide ugari daude Otxandion. Anboto aldera edo Gorbeia aldera jota, oinez zein bizikletaz egin daitezkeen ibilbideak daude. GR 98 edo “Ardoaren eta arrainaren ibilbidea” ere bertatik pasatzen da. Ibilbide hori Oionen hasi eta Bermeon eta Lekeition amaitzen da. Izenak dioen bezala, arrain saltzaileek hegoalderantz joateko erabiltzen zuten, eta ardo saltzaileek iparralderantz joateko. Legutiotik eta Urkiolatik pasatzen da bidea, eta tartean, zelan ez, Otxandiotik. Gure txangoaren beste helburu bat Legutioko urtegiaren hasierara joatea ere izan daiteke. Mekoleta auzo ederretik pauso batera dago.    

Bizikleta-poteoa

Norberak bidexka bat hartu eta parajeotan galtzea izan daiteke aukera bat, eta bestea gidariarekin joatea. Otxandio inguruko ibilbideak ederto ezagutzen dituzte Biciguneko lagunek. Bizikletak alokatzeko eta konpontzeko lekua da Bicigune, eta BTT irteerak eta bizikleta-poteoak ere antolatzen dituzte.

Oleta auzotik gertu –Aramaion dago Oleta, baina Otxandiotik kilometro bira–, harizti baten ertzean Hontza Extrem abentura parkea zabaldu zuten duela pare bat urte Otxandioko gazte batzuek. Gaztetxoentzako zein helduentzako probak dituzte bertan: zuhaitzetako ibilbidea, arku-tiroa, zuhaitzetako eskalada... Familia eta kuadrilla girorako leku txukuna da.

Artzainengandik ikasten

Gaztagintzaz ikasteko aukera ere badago Otxandion. Herrigunetik nahiko gertu, hiru gaztandegi daude. Oletan Maider Unda borrokalariak egiten du gazta, Kerexara auzoan Felix eta Martin Ajuria anaiek, eta Mekoletan Aitor Padillak. Lau artzain horiek gazta zelan egiten duten erakusteko jendea hartzen dute, eta prozesua ikusi ostean, gazta-dastatzeak ere antolatzen dituzte.

36ko bonbardaketa gogoan

Otxandioko herriguneak xarma berezia dauka, eta kale nagusian bertan, Artekalen, herriko historiari buruzko hainbat kontu ikas daitezke. Koikili Lertxundi futbolari eta historialariak saio batzuk egin ditu bisita gidatuak egiten, eta azaldu duenez, orduak eman daitezke herriko historiari buruz berba egiten. Aterpetxea zabaldu zuen duela urtebete Lertxundik, eta herriko bi landetxetako kideekin eta hainbat herritarrekin batera, turismo eskaintza aktiboa eskaintzeko lanean dabil.

Lertxundik Andikona plazan hasi izan ditu bisitak. Sinbolismo handiko plaza da, 1936ko uztailaren 22an bonbardatu baitzuten, Santamaña jaietan. Iberiar penintsulan gizarte zibilaren kontra egindako lehen bonbardaketa izan zen hura, eta 57 pertsona hil ziren. Erasoan hildako guztien oroimenez, Nestor Basterretxeak egindako monumentua dago plazan, eta plaka handi bat, izen-abizenekin.

Burdingile herria

Plaza nagusia ere esanguratsua da. Handiegia eman dezake hain herri txikirako, baina kontuan izan behar da Otxandio leku estrategikoan dagoela. Merkatari askoren geralekua izan zen ardo eta arrainaren ibilbidean; herriko sarreran aduana ere izan zuten. Plazak badu beste berezitasun bat: Vulcanoren iturria. Suaren jainkoa da Vulcano, eta Otxandion burdingintzak izan duen tradizioagatik, herrian ohorezko lekua du. XVIII. mendean, iltze eta ferrak ekoizteko 80 sutegi zeuden Otxandion, eta sarrailetarako beste bi. Esan ohi denez, Kolonen itsasontziek Otxandioko iltzeak zeuzkaten.

Vulcanoren iturriko ura ez dago tratatuta, eta burdin asko dauka: “Horregatik gara otxandiarrak hain indartsuak”, dio brometan Koikili Lertxundik. Ez dakigu indartsuak diren, baina bai naturzaleak eta abegikorrak direla. Bisitatzeko leku ederra egiten dute Otxandio otxandiarrek eurek.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Otxandio
26 urteko espetxealdia atzean utzita aske da Iñaki Garces otxandiarra

Astelehenean jakinarazi du albistea Etxerat elkarteak. Otxandioko preso politikoa baldintzapeko askatasunean zegoen 2023ko martxoaz geroztik.


2021-11-25 | ARGIA
Otxandioko eskola saritu dute Auzmendi hezkuntza bekarekin, komunitatera hurbiltzeko bere proiektuagatik

Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Bekaren lehen edizioa Otxandioko eskolak jasoko du. Hernanin eman dute epaimahaiaren erabakiaren berri, hango udaleko eta Hik Hasi egitasmoko ordezkariek.


2021-07-13 | ARGIA
Santi Bengoa CCOO Euskadiko idazkari nagusi ohia hil da

Aramaion jaio eta Otxandion bizi izandakoa, 1988tik 2000. urtera bitartean izan zen CCOO Euskadi sindikatuko idazkari nagusi.


'Lemoiz gelditu' murala
Herri mugimenduarentzat sortutakoa, herritarren esku

Euskal Herrian eraiki nahi zituzten lau zentral nuklearren aurkako borroka babesteko, Jose Luis Zumetak, Karlos Zabala Arrastalu-k eta Bixente Ameztoik Lemoiz gelditu horma-irudia sortu zuten 1980an. Duela gutxi, Bilboko Arte Ederren Museoari eman diotela argitaratu zuen... [+]


2018-07-24 | Hala Bedi
Bonbardaketa eta errefuxiatuak Otxandioko mural berriko irudian

Otxandioko sarreran dagoen eraikin bateko horma oso bat hartzen du udalak egindako mural berri batek. ‘Ongi etorri’ goiburuaren azpian irudi bi ageri dira. Zuri beltzekoak gerra zibilaren eta bonbardaketaren ondorioz Otxandio ebakuatu zuten unea jasotzen du... [+]


Eguneraketa berriak daude