Otxandioko atxiloketek biktimen trataerari buruzko ika-mika sortu dute

  • Otxandion asteartean Guardia Zibilak egindako atxiloketek ika-mika ekarri dute biktimen esparrura.


2015eko irailaren 16an - 10:34
Lau lagun atxilotu zituen asteartean Guardia Zibilak Otxandion, Luzia Urigoitiaren omenaldia egiteagatik (argazkia: eitb)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Lau lagun atxilotu zituen asteartean Guardia Zibilak “terrorismoari gorazarre” egitea leporatuta. Espainiako Estatuaren biktima izan zen Luzia Urigoitia Lutxi herrikideari egindako omenaldiagatik abiatu zuten polizia operazioa.

Otxandioko gaztetxea miatu zuen Guardia Zibilak, “terrorismoa goraipatzen” duen materialaren bila. Herriko alkateak adierazi duenez, presoen argazkiak soilik atera dituzte handik.

Atxilotuak Madrilgo Tres Cantos polizia etxera eraman zituzten, eta asteazkenean Eloy Velasco operazioa agindu duen Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratu ondoren, aske geratu dira lau lagunak karguekin.

Lutxiren istorioa, Estatuaren inpunitatearen adibide

1987ko uztailaren 23an hil zuen Guardia Zibilak Luzia Urigoitia Lutxi ETAko kidea Pasaian. Polizia operazio zabala egin zuten ustezko etakideen aurka gau hartan Donostian, Hernanin eta Pasaian bertan.

Pisu batean zegoen Urigoitia eta han jaso zituen poliziaren bi tiro. El Pais egunkariak garai hartan argitaratu zuenez, autopsiak ez zuen zalantzarako tarterik uzten: lehen tiroagatik lurrean zaurituta zegoela, bigarrena lepoan eman zioten “azala ia ukituz”, distantzia oso laburretik.

Bertsio ofizialak, ordea, etxera sartu eta berehala Urigoitiaren eta polizien artean tiroketa egon zela zioen, eta momentu horretan jaso zituela bi tiroak etakideak. Denbora luzez kasua bueltaka ibili ostean, 2000. urtean artxibatu egin zuten “froga faltagatik”, eta hilketaren egileak zigortu gabe gelditu ziren.

Eusko Jaurlaritzak abiatutako Udal Erratratuen mapan biktimen atalean ageri da Urigoitia.

ETAk hildako hiru kartzela funtzionarioen aldeko ekitaldia

Polizia operazioaren egun berean, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroa izan zen Donostian 1990eko urteetan ETAk hildako kartzela funtzionarioen aldeko omenaldian. Martuteneko espetxeko langileak ziren hiruak, eta han egin zieten omenaldia.

“ETAk eta hura lagundu zutenek sufrimendua gizarteratu nahi izan zuten, baina zuzenbide estatua ez zen makurtu”, adierazi du Espainiako ministroak ekitaldian.


Estatuen biktimak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...