Atxondo (Bizkaia)

Atxondotik infernura, bide okerretik zuzen

  • Gorputza espiritua baino errazago makurrarazten dela sarri entzun dugu. Hori bera frogatu eta “bide okerrean” zeudenak zuzentzeko ez zituen ahalegin gutxi egin inkisizioak Erdi Aroan. Euskal Herrian ezagunak dira XVI. mendean Zugarramurdiko eta Durangoko sorgin-guneetan jazotakoak. Inor gutxik daki, alta, mende erdi lehenago ere izan zela Durangon sorginkeriarekin lotutako beste prozesu bat, eta haren arrastoak gaurdaino iritsi direla, oroitarri gisara.

Aitor Kaltzakorta @Kaltzakorta
2015eko maiatzaren 31
Anboto, Ipizte eta Tellamendi mendiak, Otxandiotik ikusita.

Ipizte mendian, Anbotoko tontorretik hurbil, bada Ipiztekoarri izeneko harri koskor bat. Gurutze bat dauka alde batean, eta ez du metro erdi baino gehiagoko altuera. Ez dauka beste ezer idatzita, eta behin baino gehiagotan jasan behar izan ditu Atxondoko eta Aramaioko bailarez zein Urkiolako parke naturalaz gozatzera doazen mendigoizaleen begirada galduak.

Harri hori lekuko bat da, 1437 eta 1441 urteen artean gertatu zen gatazka odoltsuaren testigantza mutua. Eta Anbotoko gaina eskoltatzen duen mendilerroan egonik, nola ez, sorginez mintzo dena.

Arrazolatik zerura

Arrazolatik Ipiztekoarriagarainoko bidea egiteko hainbat aukera dauden arren, inguruko mendietako tontorretatik pasatzeko baliatuko dugu irteera. Atxondoko bailaran barrena egin beharko dugu ibilgailuarekin lehenik, Anboto eskubian utzita, Arrazola auzora eta bertako San Roke ermitara iritsi arte.

Bidea oso ondo markatuta dago ikur hori eta zuriekin. Horiei erreparatu eta pista hartuta hasiko gara bidea egiten. Ordubete egin orduko iritsiko gara Besaide (552) gainera. Bizia galdu duten mendizaleen omenezko oroitarria dago Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak bat egiten duten hodei arteko gunean.

Lehen aldapa gogorrak atzean utzita pinudi zabal bat zeharkatu eta Larrabil (669) tontorrerainoko bidea egingo dugu segidan hegoalderantz hartuta. Ez da beharrezkoa Besaidetik pasatzea, eta Arrazolatik zuzenean igo daiteke bertara ordubetean. Aurrera jarraitu behar dugu orduan, parean dugun muinoa ezkerrean utzita, Lurgorri (782) helburu. Puntu horretatik dauden bistak paregabeak dira, Anboto parez pare topatzeak ematen du benetan hainbestetan bidetik ikusi dugun mendiaren neurria.

Hamar minutura dago Tellamendi (835). Bertako gurutze handia atzean utzi eta beherantz egingo dugu Ipiztekoarriagaraino. Parean Aramaio eta Arabako lurrak zabaltzen dira. Inguruan, tontorrerako bidean, garai batean Aramaioko kartzelatik ihes egin ostean Santa Kruz apaiza hartu zuen leizera iritsiko gara.

Mendekuaren oroitarria

Ipiztekoarriak gurutzea du alde batean, eta kondairaren arabera leku horretan hil zuten harrika inkisizioak Durangoko heretikoak epaitzeko bidali zituen apaizetariko bat, Calahorrara bueltan zela. Goazen, baina, kondairaren hasierara.

XV. mendearen erdialdean eliza katolikoa krisi sakonean zegoen. Eliza barrutik berau kritikatzen zuten eta erreforma eskatzen zuten ahotsak gero eta gehiago ziren. Ustelkeria zen nagusi instituzioan eta herri xeheak aldaketak eskatzen zituen.

Krisi horrek iraganeko erritu eta tradizioei oso lotuta zegoen Euskal Herrian ere izan zuen isla, eta gatazka sozial eta politiko egoerak Durangon egin zuen eztanda. Frai Alonso de Mella frantziskotarrak Bizkaiko herrian egin zuen habia, eta bertatik hasi zen eliza katolikoak hartu zuen bide okerra zuzentzeko predikuan. Beste fraide frantziskotar batzuk batu zituen ekinaldira, eta anaitasunaren bertuteak hedatzen hasi zen herritarren artean. 500 jarraitzaile baino gehiago bildu zituen, eta horrek alarmak piztu zituen gortean.

Hamahiru erre, ehunka torturatu

1442ko urtarrilaren 30ean Gaztelako Joan II.ak Alcalá La Realgo abadea eta frai Frantzisko Soriakoa bidali zituen mugimendu iraultzaile horren ingurukoak aztertu eta epaitzera. Frai Alonso de Mella eta haren jarraitzaileak heresiagatik eta sorginkeriagatik akusatu zituzten, beste salaketa askoren artean. Gertakariak epaituta hamahiru pertsona erre zituzten Durangoko merkatu plazan. Inkisizioak beste asko torturatu ostean Valladoliden-eta  erre zituzten. Prozesu horren ondorioz, ehunka errepresaliatu izan ziren.

Durangon, heresia horren aldekoak exekutatu zituzten lekuan, bekamenezko monumentu gisara Kurutzeagako gurutzea jarri ei zuten. Kurutzesantu museoan dago egun.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Otxandio

Otxandio kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude