Saibi, Urkiolako behatoki txikia

  • Parke Naturalaren erdian kokatuta, Urkiola gainaren mendebaldean dago Saibi mendia (946 m), Eskuagatxeko mendilerroaren muturrean. Mendi erraza, Saibik ez du bere kareharrizko senideen ospea, eta pilota-soroa dirudi bere borobiltasun berdean.
    Baina haren gailurretik begietara zabaltzen den ikuspegia nekez ahaztuko dugu.

Mañaria-Abadiño ingurua. (Arg: Idoia Garzes)

Harrobiek zuloz jositako Mañaria herritik abiatuko gara. Dena den, txangoa laburtu nahi izanez gero, Urkiolako gainetik ere egin daiteke. Herrian sartu bezain laster –Durangotik gatozela– ezkerretara dagoen aparkalekuan utziko dugu autoa. Botak jantzi, errepidea gurutzatu eta atzera egingo dugu, gorantz doan bidea hartuz –harrobia eskuinera lagata–. Mañaritik igarotzen den GR-229 ere har dezakegu, Mikeldiko idoloa aitzakia hartuta Durangaldeko ibilbidea egiten duena.

Aldapan gora, Mañaria behean utziko dugu. Errepideari jarraituz, Larreakapanaga baserrira iritsi eta eskuinean dagoen pistan gora egingo dugu. Hauspoa berotuta, harri-metatxoei erne, eskuinera egingo dugu beti, Untzillatx parean dugula. Hego-ekialderantz jo behar dugu, pinua ateratzeko pistetatik, Untzillatx harkaiztzarraren hegalean zehar ibiliz. Altuera irabazi ahala eta atzera begiratuta, harrobiak begi-bistan utzitako Mugarraren erraiak ikusiko ditugu, eta haren ezkerretara Mugarrikolanda lepoa, Artatxagana eta Leungana.

Gatzagietako karobia    

San Martin ermitan GRarekin bat egingo dugu. Urkiola 3,6 kilometrora dugu, baina pausoa luzatu aurretik, jentilen kondairak gordetzen dituen ermita eta haren atzean dauden haitzuloak ikus ditzakegu. Aurrera egingo dugu Untzillatxeko magaletik eta, Otxaortiagako iturrian egarria asetakoan, gure xede den Saibigain ikusi ahalko dugu. Elosuko txabolak adieraziko digu izen bereko lepoa hurbil dugula. Zurezko zutoinak Urkiolarako bidea seinalatu arren, Untzillatx aldera egingo dugu bista bila. Eskalatzaileen gustuko paretatzarra dugula parean, eskuinera so eta urrutian Anbotoko gailurra doi-doi antzemango dugu, Asuntza lepoaren eta Urkiolamendiren atzean. Atzera egin eta laster pistak beherantz egingo du, Urkiolara doan errepiderantz.

Gatzagietako karobi ederra zain dugu. XIII. mendean jardunean zela dioten agiriak daude. 1670ean hantxe egin zuten Urkiolako elizako erretaula eraikitzeko karea, eta horretarako Untzillatxetik ateratako kareharria erabili zuten. Errepidearen ertzetik aurrera, Santigaztelu baserritik igaro eta, Urkiolarako bidea seinalatzen duen zutoinari kasu eginda, gorantz egingo dugu kalbarioko hiru gurutzeekin topo egin arte. Han, berriz, maldan gorako nekeak ahaztaraziko dizkigun ikuspegiaz gozatu ahal izango dugu.

Urkiolako urkiak

Hasieran urkiek eta ondoren pago lepamotzek osatutako korridoreari helduko diogu. Eta Urkiolan urki gutxi dagoen errezeloak hartuko gaitu. Izan ere, Urkiola toponimoak basoan egiten zen lana, urkiaren kortabaso inguruan egiten zen beharra, adierazten badu, zergatik dago hainbeste pago lepamotz eta hain urki gutxi inguruan? Urkidiak trantsizio basoak izaten dira, urkia espezie kolonizatzailea –aitzindaria– baita. Suteek kiskalitako inguruak birpopula ditzake, bere hazkunde azkarra dela eta. 30 metrorainoko altuera izan dezake eta, argia sartzen uzten duenez, haren adaburupean beste zuhaitz batzuk haz daitezke, pagoak esate baterako. Eta pagoek baso helduak sortzen dituztenean urkia ordezten dute.

Urkiak berezi egiten duen beste ezaugarri bat ere badu. Haren azalak zilarraren kolore zurixka du eta horregatik, sarritan, lur sailen mugarri natural gisa erabili izan da. Gaur egun Urkiola inguruan ikusten ditugun urki gehienak 1970ean Santutegiaren ardura hartu zuten misiolariek landatu zituzten.

Urkiolako “meteoritoa”

Basoan barneratzen den korridoreari helduko diogu, bada, eta Santo Kristoko ermita topatuko dugu eta aurrerago, santutegira hurbilduz, elurzuloa. Aldamenean San Antonio Urkiolakoa dago, eta haren parean “meteorito” ospetsua. Aspaldiko jendeek tximistarritzat hartu, eta eguzkiari jausitako ezpala zelakoan gurtzen zuten. Egungo jendeek, zientifikoek behintzat, harri puskatzat baino ez dute, ordea. Mirespen handirik sortu ez, eta “puding” izen arrunta duen sedimentatutako mineralen konglomeratua dela diote. 1929ko azaroaren 29an ipini zuten “meteoritoa” egun dagoen tokian, Urkiolako erretoreak hala aginduta. Izan ere, lehenago inguruko mendi batean zegoen.

Ezkondu nahian dabiltzanen eta memoria kaskarra dutenen zaindaria omen da San Antonio, eta badaezpada ere bizpahiru buelta eman dizkiogu harritzarrari; birak zenbat eta zein norabidetan eman behar diren oroitzeaz ahaztu eta soltero jarraitzen dugu, ordea. Harri ezkontzaginaren ondoan Gernikako arbolaren kimua dago, 1854. urteko San Antonio egun batez Iparragirrek Euskal Herrian Gernikako Arbola kanta lehen aldiz abestu zuela oroitaraziz. Santutegian sartu-irten bat egin eta eraikin amaitu gabeari harrituta baino ezin zaio begiratu. XX. mendearen hasieran, berotasun erlijioso handiaren giroan proiektatutako eraikin gaitza behin betiko amaitu gabe uztea erabaki zuten. Antza, garai hartan ere krisiak ortozik.

Saibiko gudua

Gasteizako errepidea gurutzatu eta ostatuen artetik igarota, Saibi aldera egingo dugu PR-BI 83ko marka zuri-horiei jarraituz. 2,3 kilometro baino ez zaizkigu geratzen tontorrerako, eta atzera begiratuta izugarrizko paisaiak hunkituko gaitu. Pistari lotuz egin daiteke Saibira, edota Barazar aldera markatzen duen seinale-zutoinean eskuinera egiten duen bidezidorra hartuta. Laster ikusiko dugu Saibiko gailur borobileko gurutzea.

Eusko gudarien aldeko oroitarria da gurutzea, Saibigain frankisten aurkako erresistentzia-lekua izan baitzen 36ko Gerran. 1937ko apirilaren 6tik 15era borroka latzak izan ziren bi bandoen artean, eta azkenean faxistek irabazi zuten. Gurutzearen alboan gutunontzi bi, zutoin geodesikoa eta orientazio-mahaia aurkituko ditugu. Eta begien gozagarri, Anbotoko mendilerro osoa. Arrietabasoren atzean Mugarra zulatua, Untzillatx, Axtxiki, Alluitz, Infernuzubi deitzen duten sakana eta Anboto.  Urrutira, Aizkorriko mendilerroa eta Aralar ere ikus daitezke. Buelta emanda, berriz, Gorbeia eta Lekanda.

Atzera egiteko ordua da. Guk, dena den, aurrera jarraitu dugu. PRari lotu, hesiko ataka igaro eta ezkerrerantz, beherantz eginda: Deabru Atxa eta Arrietabaso artean dauden mendiak egin ditugu. Eta 1871n Bizkaiko azken hartza akabatu zuten Eskuagatx eta Ezkillar mendien azpialdeko pistatik itzuli gara Mañarira. Baina hori beste txango bat da.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Otxandio
26 urteko espetxealdia atzean utzita aske da Iñaki Garces otxandiarra

Astelehenean jakinarazi du albistea Etxerat elkarteak. Otxandioko preso politikoa baldintzapeko askatasunean zegoen 2023ko martxoaz geroztik.


2021-11-25 | ARGIA
Otxandioko eskola saritu dute Auzmendi hezkuntza bekarekin, komunitatera hurbiltzeko bere proiektuagatik

Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Bekaren lehen edizioa Otxandioko eskolak jasoko du. Hernanin eman dute epaimahaiaren erabakiaren berri, hango udaleko eta Hik Hasi egitasmoko ordezkariek.


2021-07-13 | ARGIA
Santi Bengoa CCOO Euskadiko idazkari nagusi ohia hil da

Aramaion jaio eta Otxandion bizi izandakoa, 1988tik 2000. urtera bitartean izan zen CCOO Euskadi sindikatuko idazkari nagusi.


'Lemoiz gelditu' murala
Herri mugimenduarentzat sortutakoa, herritarren esku

Euskal Herrian eraiki nahi zituzten lau zentral nuklearren aurkako borroka babesteko, Jose Luis Zumetak, Karlos Zabala Arrastalu-k eta Bixente Ameztoik Lemoiz gelditu horma-irudia sortu zuten 1980an. Duela gutxi, Bilboko Arte Ederren Museoari eman diotela argitaratu zuen... [+]


2018-07-24 | Hala Bedi
Bonbardaketa eta errefuxiatuak Otxandioko mural berriko irudian

Otxandioko sarreran dagoen eraikin bateko horma oso bat hartzen du udalak egindako mural berri batek. ‘Ongi etorri’ goiburuaren azpian irudi bi ageri dira. Zuri beltzekoak gerra zibilaren eta bonbardaketaren ondorioz Otxandio ebakuatu zuten unea jasotzen du... [+]


Eguneraketa berriak daude