Parekotasunik gabe ez dago harreman sanorik. Parekotasunak, ordea, ertz eta koska ugari ditu eta, denak behar bezala zaindu ezean, aise zapuztu, usteldu eta galtzen da.
Koskarik nabarmenena, ertzik zorrotzena, honako hau aitortzea da: gurekin hartu eta emanean dagoen hori ez dela guk ezagutzen diogun horretan agortzen, ez dagokigula guri haren izateari (eta garapenari) mugak ezartzea, norberaren mugak zein diren (eta zein ez diren) erabakitzeko eskubidea duela nor bakoitzak. Buruz buruko harremanetan, nahikoa da bietako batek besteari mugagabe izateko eskubide hori ukatzea, sanotik ustelera lerratu eta harremana menderakuntza bihur dadin.
Bestalde, hartu eta eman txandaka egin behar dira nahitaez, harremana batentzat (menderatzailearentzat) harrartua eta bestearentzat (menderatuarentzat) emanemana izango ez bada.
Biko harreman desorekatuetan, menderatzailea neutro itxurak eginez agertzen da beti, bere buruarena ez ezik bestearenaren ordezkari natural gisa. Menderatua, aldiz, gutxiagotasun marka larruan irarrita, azpiratuaren estigma beti agerian eramatera kondenatuta dago.
Esparru batzuetan ez dakar horrek kalte handirik. Gramatikaren alorrean, esaterako, egun-gau bikoan egun da markatu gabeko osagaia, eta gau, berriz, markatua. Markatu gabeko elementuak bere baitan hartzen du bestea, baina alderantziz ez da hori gertatzen. Hala, norbaitek etxetik irten gabe zazpi egun daramala esaten badu, besterik gabe ulertzen dugu gauez ere ez dela etxetik atera zazpi egun horietan. Zazpi gau etxetik irten gabe egon dela esanda, aldiz, nekez interpretatuko genuke egunez ere etxean egon dela bolada horretan.
Baina gauzak ez dira beti hain xalo eta kaltegabe. Gizon-emakume bikoan, esaterako, gizon da osagai neutroa, eta emakume markatua. Gizonen baitan dena sartzen da: gizonak eta emakumeak. Emakumeren baitan, aldiz, emakumeak baino ez. Hiztunon miserien ispilu gardena da sarri hizkuntza: gizonak gizateria ordezkatzen du; emakumeak, berriz, bere burua baino ez, eta hori ere ozta-ozta.
Estatuen eta haien baitako nazioen arteko harremana ere tankera horretakoa da, gure alboko bi estatu handi-mandien kasuan behintzat. Espainia edo Frantzia esanda, beste guztiak hor sartuta daude, euskaldun eta katalanak barne. Piper potoa bandera guztien bandera da, ikurriña eta senyera barne. Aldiz, ikurriña ikurriña baino ez da, txikiegia da Espainiaren ikur izateko.
Boteredunak erabakitzen du, alor eta maila guztietan, zein diren osagai neutroak eta zein markatuak. Laranja bizidun bat, Naranjito, onartu beharra dago Espainia guztian, oso baitira espainiarrak mediterraneotarrak. Flamenkoa eta cante hondoan beltzak eta zuriak sartzen dira, hain dira unibertsalak. Bertsolaritza, aldiz, txokokeria txoro bat baino ez da, eta Xabier Lete, Laboa eta enparauak ez dira existitzen, ez baitira denonak. Billar jokoa bezalako kirol zaletsu eta ikusgarriarentzat bai, baina estropadentzat tarterik txikiena ere ez dute Frantziako eta Espainiako hedabideek. Euren baitan nahi eta maite gaituzte, ikusezin eta mutu.
Ohar berantiarra: irakur bedi artikulu hau Marsellesa edo Txunda-txunda entzunez eta ziztu bizian.
“Allons, enfants de la Patrie!” dio ereserkiak, gazteei Patriearen alde egin dezaten dei eginez. Guk, Anjel Lertxundiren jolasari jarraiki, aski genuke komatxo bat erantsi eta “Allons, enfants, de la Patrie!” aldarrikatzea. Aberriaren alde, patriatik alde.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Badira egun batzuk Instagrameko @denuncias_euskalherria kontuan argitalpen bat agertu zela. Bertan, ama batek adierazten zuen bere alaba Bernedoko euskal udalekuetan egon zela hamabost egunez eta talde mistoetan dutxarazten zituztela 13-15 urte bitarteko nerabeak, aukerarik eman... [+]
Aurrekoan idatzitako Irakasleon figura artikuluaren harira, kontu esanguratsu bat landu nahiko nuke. Artikulu horretan aipatu bezala, jende askoren ahotan dabil irakasleon lan karga baxua dela (gehienbat hezkuntza publikokoena), eta ditugun pribilegioak gehiegizkoak direla. Ez... [+]
Euskal Eskola Publikoaren alde borrokatzea STEILASen ikurra da. Ikasturte hasierarekin batera, gogoratu behar da aurreko ikasturtean hainbat kolektibotan akordio garrantzitsuak sinatzea lortu genuela, hezkuntza publikoan grebak eta mobilizazioak egin eta gero. Lan-akordio horiek... [+]
Jakina da poliziari esku sartzeak beti dakarrela arrisku nabaria. Bere garrantziagatik eta seriotasunagatik, kontuz aztertu beharra eta larria denez, terminologia-trabarik gabe, badaezpada.
Duela aste batzuk Ertzaintzak Azpeitian egindako esku hartzeak, bertako herritar askok... [+]
Nahiz eta, entzun dudanez, hala deitzen dioten gertuko herri batekoek. Mugako biztanleok izaera jakin bat omen dugu; nabaritzen omen zaigu inguru horretakoak garela, esaterako, irundarroi. Ba omen dugu zera berezi bat. Ez dut gehiegi sinesten kontu horietan, ondoren zera hori ez... [+]
The Searchers filma ari ginen ikusten. Western bat, klasiko bat. Indioek Texaseko familia bati eraso egin eta bahituta eramango dute alaba. John Waynek urteak emango ditu indio gaiztoen atzetik alaba hura erreskatatu nahian. Filmak, bistan da, ez du kontatzen nolakoa zen Amerika... [+]
Ordenagailua piztear nintzela, eta udako azken eskaera bailitzan, “amatxo, kontatu artikuluan gaurko karreran ze ondo ibili naizen” eskatu dit txikiak. Kontatu diot trenei buruz hitz egin behar nuela gaurkoan, ez etapen amaierei buruz edota Palestinako banderek izan... [+]
Badirudi larrazkena agorrila erditsutan hasten dela aldaketa klimatikoaren ondorioz. Euri eskasez hostoak firurikan erortzen dira eta Otso Errekako iraztorrak denbora baino lehen gorritzen dabiltza: ikusgarria da! Historiako udarik beroena ukan dugu aurten eta tenperaturek... [+]
Moderno izateak, hiztegiaren arabera, “gaurkoa, egungoa; garai berekoa” esan nahi du, eta baita ere, “jakintzak edo teknikak berrikitan eginiko aurrerapenez baliatzen dena”. Baina aro modernoa eta modernitatea aro historiko bat ere izan daitezke; hain... [+]
Bai azalak emonbe! Esaten dute Ondarroan, norbait nabarmen gizenduta ikustean. Ezagun bati alderantzizkoa entzun nion azalari buruz: “Azala hain daukat gorputzaren neurri justukoa, ezen norbaiti keinu egiteko begi bat ixten dudanean uzkerrak ihes egiten... [+]
Thomas Piketty eta Michael J. Sandel egileek berdintasunaren kontzeptua jorratzen duen liburua argitaratu dute aurten: Equality. What it means and why it matters (Berdintasuna. Zer esan nahi du eta zergatik du garrantzia, Polity argitaletxea). Pentsamendu garaikidean ospe handia... [+]
Radical futures diseinu espekulatibora zuzentzen den estudioak aurkezpen interesgarri bat partekatu du: A quick guide to the mythologies driving tech power (gida azkarra teknologien boterean daudenak gidatzen dituzten mitologien inguruan). Bertan diote Silicom Valleyko eliteak... [+]
Edozein arlotan, arazo bat suertatzen denean, eta ia inor ados jartzen ez denean, ohiko galdera plazaratzea da onena: Nori egiten dio mesede?
Ez nuke zuen eguna izorratu nahi; ez jende guztia hitz egiten ari denaz hitz egin ere, baina azken asteotan, uda mugitu honen ondoren, sukaldeko leiho ondoko aulkian eseri eta munduari begira jarrita egon naiz. Begiak zabal-zabalik eta isil-isilik begiratu diot munduari bi... [+]