Eraso sexistak jaietan

"Indarkeriarekiko neutralizatuta gaude, baina ez, ez da normala norbaitek ipurdia ukitzea"

  • Jai giroa arnasten da jada Euskal Herrian, baina herrietako festekin batera, eraso sexistak ugaritu ohi dira. Nagore Laffage irundarra dugu adibide lazgarrienetakoa; José Diego Yllanesek 2008ko Sanferminetan hil zuen, ezetz esan ziolako. Asun Casasola Nagoreren amarekin eta haren borroka eredutzat izan duten Txingudi Anti Sexistako Oihana Etxebarrietarekin izan gara.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi
2015eko ekainaren 21a
Asun Casasola (atzean) eta Oihana Etxebarrieta. Casasolaren borroka inspirazio iturri izan dute Txingudi Anti Sexistako kideek.
Asun Casasola (atzean) eta Oihana Etxebarrieta. Casasolaren borroka inspirazio iturri izan dute Txingudi Anti Sexistako kideek.

Urte osoko desinhibitzearekin lotzen ditugu jaiak, dena dago baimenduta. Hala ere, muga batzuk markatzen ditugu, “baina badirudi emakumearen gorputza ez dela muga, besteen gozamenerako erakargarri bat baizik, desio iturri bat”, dio Etxebarrietak. Horren lekuko, Sanferminetako urteroko irudiak: neska kamiseta kenduta eta mutil andana inguruan, ahal bezainbeste esku sartzen. Elkarrizketatuen hitzetan, gauza bat da jaien euforian topless-a egiteko gogoa izatea, eta bestea hori egiteagatik gainerakoek zu ukitzeko baimena eta eskubidea dutela pentsatzea. Lotsagarria iruditzen zaie aurten oraindik ere konpainia turistikoek irudi horiek erabiltzea atzerritarrak Iruñera erakartzeko. Halako publizitatea ez da onargarria, eta administrazioaren erantzukizuna ere badela gaineratu du Etxebarrietak: “Eraso sexistak saihesteko prebentzioa funtsezkoa da eta prebentzioa da, adibidez, konpainia turistiko horri isuna jartzea, neurriak hartzea. Bestela, desoreka izugarria da: berdintasun planen baitan gu hitzaldi pare bat ematera joan gaitezke eskolara, baina institututik atera eta gero errealitate hori aurkitzen badute, edo Mujeres y hombres y viceversa telebista saioa ikusten badute egunero, zein zentzu dauka landutakoak?”.

Zein ari gara epaitzen, erasotzailea ala biktima?

Jaietako desmasien baitan, mugak ezartzea zailagoa dela dirudi, eta alkoholaren edo drogen eraginpean egindakoa desenkusatzen dugu maiz. Alkohola, ordea, aitzakia merkea baino ez dela uste dute elkarrizketatuek. “Kontua zera da, gizarteak bakarrik ez, legeak berak ere justifikatzen eta onartzen duela argudio hori; legea da gizartearen isla eta alderantziz: arauek esaten dizutenean egindakoa gehiago barkatzen zaizula edanda zinelako, gizarteak horri erantzuten dio baita ere. Izugarriak dira zuriketa horiek, drogak tartean direlako dena libre balitz bezala”, salatu du Etxebarrietak.

Are gehiago, biktima izan den emakumea bera izaten da sarri kritiken jomuga. Nagore Laffageren kasuan ere, krimen ikaragarria izan arren, hori du gogoan Asun Casasolak: “Hainbatek hala zioen, ea Nagore zergatik igo zen Yllanesen pisura, horrek hiltzeko eskubidea eman izan balio bezala mutilari! Beste pertsonaren askatasuna errespetatzen ez duenak du errua. Epaiketara ere justizian erabateko konfiantza nuela joan nintzen, deklaratzera atera ninduten arte. Herri epaimahaiak hiru galdera prestatu zituen epaileak niri egiteko; lehenengo biak ez zizkidan egin, gogorrak iruditu zitzaizkiolako (auskalo zer galdetuko ote zuten…), eta hirugarrena bai, denetan leunena zela-eta: herri epaimahaiak jakin nahi zuen ea nire alaba oso mutilzalea (“muy ligona”) al zen. Orduantxe konturatu nintzen ez zegoela zereginik. Nor ari ziren juzgatzen? Epaimahaia bederatzi lagunek osatzen zuten: gutxi gorabehera 23-39 urte arteko sei emakume eta hiru gizon, jende gaztea eta ikasia. Epaimahaikideetako bati gero hedabideren batean entzun nion kontatzen, mutilari begiratu eta pena ematen ziola, zeinen gaizki ari zen pasatzen gizajoa… Eta nire alabak ez al zion penarik ematen? Irudiak geratu egin behar izan zituzten-eta epaiketan, hain ziren bortitzak!”.

Lehenengo eta bigarren mailako herritarrak daude, eta emakumeak bigarren mailako herritarrak dira, Etxebarrietak gaineratu duenez: “Normaltzat jotzen da guri gauza jakin batzuk gertatzea edo gertatu ahal izatea, emakume jaio izate hutsagatik. Batzuetan badirudi emakume izanda kalean ordu txikietan nagoelako jasotako ordaina dela, egoera saihestea gure ardura dela. Oso ondo erakutsi digute non egon behar dugun eta non ez; gizarteak markatzen dizkigun lerroak oso barneratuta ditugu, eta lerro horiek zeharkatzeagatik kritikatuko dugu neska. Baina errua inoiz ez da berea, inork ezin dio esan kale jakin batetik igaro delako gertatu zaiola hori. Errua da bortxatzen eta hiltzen duenarena, eta hala ere, oraindik barkamena eskatzen gu aritu behar, leku desegokitan egoteagatik edo dena delakoa egin izanagatik”.

Gezurra dirudien arren, oraindik ere “ez” esateak ezetz esan nahi duela errepikatu beharra dago. Eta ezetza gainera edozein unetan iritsi daitekeela: “Ni oso gustura egon naiteke musukatzen, eta une jakin batean gehiago nahi ez izatea erabaki dezaket. Horraino egin beharko du orduan besteak, ezetz erabakitzeko eskubidea duelako norberak, eta hori errespetatzeko betebeharra besteak”, dio mugimendu feministako kideak.

Indarkeriaren espirala gustu txarreko adarjotzea onartzetik hasten da

Alabarena gertatu zenean, poliziak kontatutakoarekin ikaratuta geratu zen Casasola, “hain zen astakeria Sanferminetan egunero zegoen bortxaketa kopurua”. Muturreko kasuekin asaldatzen garen arren, hain larriak ez diren eraso matxistak asko eta asko direla azpimarratu du, nahiz eta sarritan ezkutuan geratu, ez direlako salatzen ez azaleratzen. Etxebarrietaren hitzetan, “adarjotzea da lehenengo, ‘a ze titi ederrak!’, eta zuk pikutara bidaltzen dituzu eta bordea zarela erantzuten dizute, txantxa onartuta dagoelako; gero ipurdia ukituko dizute, buelta eman eta zerbait esaten diezu, baina barrez erantzuten dute, hori ere onartuta dagoelako; ondoren besotik fuerte helduko zaituzte; musukatzera behartuko… Biolentziaren gurpil bat da, txikitik handira doana. Nagoreri gertatutakoaren modukoak jaietan ematen diren tragediatzat hartzen ditugu, baina hasieratik onartzen badugu biolentziaren gurpil hori, azkenean halakoak gerta daitezke. Guztiz neutralizatuta gaude indarkeriaren aurrean, gertatzen diren gauza gehienak normaltzat ditugu, baina ez, ez da normala entzun nahi ez duzun piropo nazkagarri bat botatzea norbaitek, edo ipurdia ukitzea… Ez dira txikikeriak eta jai giroan emakumeak edozein motatako erasoren jomuga izatea (eta gainera isilik onetsi behar izatea) ez da onargarria”.

Casasolaren borroka, eredu

Laffageri gertaturikoa ez ahazteko, aurten ere elkarretaratzea egingo dute Sanfermin bezperetan. Oraindik ere, ez hitzak ezetz esan nahi duela errepikatu beharra dago, eta ezetza edozein unetan iritsi daitekeela.

“Munduan nago eta inguruan gertatzen dena ikusten dut. Nagorek eman didan oparia da mundua pixka bat gehiago ikusten dudala”, adierazi du Asun Casasolak. Urtez urte, ikastetxe eta elkarte askotara bidaiatu du eta bidaiatzen jarraitzen du, Helena Tabernak zuzendutako Nagore dokumentala besapean. Gazte eta helduek gaiaz gogoetatzeko eta eraso sexisten aurrean kontzientziatzeko modua dela dio, eta berarentzat ere terapeutikoa dela. Zuzeneko testigantza horren balio erantsia handia dela uste du Etxebarrietak. Irundarra da Casasola eta eskualde horretako Txingudi Anti Sexistarentzat  inportantea izan da haren ibilbidea. “Hasiberriak ginen Nagorerena gertatu zenean eta kasu berezia izan zen, tristea, baina berriz ere halakorik gerta ez dadin Asunek ondoren egindako lan guztia baliagarria izan da”, dio Etxebarrietak. Plataforma feministak Asun Casasola ipuin lehiaketa sortu du aurten, indarkeria matxistatik askeak diren bizitzak gai harturik. “Asun, egoera oso gogor batetik, besteentzat oso positiboa den zerbait egiten ari da, eta egoerari buelta emateko gaitasuna jarri dugu gai gisa ere, oinarritik buelta eman, hezkuntzatik… Gutxi batzuk aurkeztuko zirela uste genuen eta lehenengo edizio honetan ehundik gora ipuin jaso ditugu. Interesgarria izan da ikustea nola, gaia indarkeriatik aske diren bizitzak izan arren, ipuin gehienek indarkeria egoera bat irudikatu duten lehenik, eta gero azaldu dute egoera horretatik nola atera diren emakumeak. Alegia, oso zaila egiten zaigula indarkeriarik gabeko gizartea irudikatzea, hain dugu barneratua eta normalizatua biolentzia”.

Zer egin… norberak, taldeak, erakundeek

Eraso matxisten aurrean, zer egin? Jarraibide zenbait proposatu dizkigu Oihana Etxebarrietak. Maila indibidualean, autodefentsa feminista tailerretan izena ematera animatu du: “Pare bat egin ditut eta beste modu batera ateratzen zara kalera, zure buruaz, mugez eta ahalmenez kontzienteago zara, egoera biolentoak gestionatzen ikasten duzu… Eta ez da soilik arte martzialak lantzea, ahalduntze pertsonalerako teknika ere bada, zure gorputza eta zu zeu errespetatua izateko eskubidea duzula barneratzeko, ahotik kendu diguten ‘ez’ hitza lantzeko”. Nesken lagun taldeek bestelako teknika eta kodigoak sortzen dituztela dio (komunera binaka joatea, gustura ez nagoen girotik atera nazan lagunari modu jakinean begiratzea…), baina emakumeek hartu beharreko neurriez gain, fokua gizonengan jarri beharko litzateke. Kanpaina dibertigarri bat ekarri du gogora, parrandara ateratzean emakumeek kontuan hartu beharreko hamar puntuei buelta eman eta gizonek kontuan hartu beharrekoak jasotzen dituena: “Lehenengo puntua, ez inor bortxatu; bigarren puntua, bortxatzeko gogoa badut, lagunari esango diot etxera eraman nazala… eta abar, umoretsu, baina errealitate bat argi jartzen du mahai gainean: erasorik ez badago, erasotzailerik ez badago, biktimak ez du zertan neurririk hartu behar”.

Gizarteari dagokionez, denak gara gure inguruan gertatzen denaren erantzule. “Txikikeriak diren ustea amaitu behar da. Isiltasunak konplize egiten zaitu eta ikusten baduzu ezagun batek jarrera itsusia duela neska batekin, baboso bat delako edo errespetua galdu diolako, esku hartu behar duzu eta halakorik ez onartu. Isiltasunarekin, edo ‘edana dago’ gisako argudioekin, erasotzailea ari zara babesten; aldiz, biktimaren alde jartzen bazara, pertsona hori ahalduntzen ari zara, pertsona horrek erasotzaileari aurre egitea ahalbidetzen ari zara, bakarrik sentitzen bada eta babesik ez badu zaila izango duelako ezer egitea”.

Eskolek, udalek eta oro har instituzioek ere gizartea ahalduntzera bideratu beharko lituzkete ahaleginak, indarkeria erabiltzen dutenen aurrean kolektibo gisa ahalduntzeko eta biktima ez izateko, isiltasunaren sare horretan ez erortzeko. Gaia lantzeko baliabide gehiago jartzea, kontzientziatuta dauden hezitzaileen alde egitea, autodefentsa tailer gehiago eskaintzea edota arazoa modu transbertsalean lantzea litzateke bidea. Eta jaietan zehazki? “Jaietan, gure instituzioak tabernak dira, nolabait. Bada, tabernako langileekin aurretik gaia jorratu bada, langileak une jakin batean musika jaitsi dezake eta esan ez duela musika jarriko ez eta ezer zerbitzatuko barratik ikusten ari den neskaren kontrako erasoa geratu arte. Teknikak sortzen joatea da gakoa, eraso asko espazio irekietan eta ikusgarrietan gertatzen baitira”, erasook duten inpunitatearen adierazgarri, bide batez.

Egia esan, mugimendu feministaren eta herri ugaritako jai batzordeen lanari esker, gaiak gero eta presentzia handiagoa du gure inguruan eta kontzientziazio kanpainak, neurriak, protokoloak eta salaketak indarra hartzen ari dira. “Iazko Sanferminetan –azaldu du Etxebarrietak–, neska batek eskerrak eman zizkien peñei, jazartzen ari zitzaion mutil baten aurrean bere burua defendatu zuenean, peñek babestu egin zutelako. Instituzioek egiten ez duten lana egiten ari da mugimendu herritarra eta gero eta jende gehiagok argi du ez dituela eraso sexistak onartuko”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Indarkeria matxista kanaletik interesatuko zaizu...
2018-10-19 | ARGIA
Adingabe bati sexu erasoak egiteagatik atxilotu dute gizonezko bat Bilbon

Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, erasoa jasan duen emakumeak erasotzaileak lan egiten zuen zentro berean ikasten zuen.


2018-10-17 | ARGIA
Iru˝eko sutea indarkeria matxista kasu bat izan daiteke

Hipotesi hori darabil gertakaria ikertzen diharduen Espainiako Poliziak. Hala bada, ikerketa bere gain hartu zuen instrukzio epaileak Emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegira bideratuko du kasua.


2018-10-10 | ARGIA
Bilbon adingabe bati egindako sexu erasoa salatu dute

Bilboko etxebizitza baten eman da erasoa, eta Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da. Gasteizen aldiz, gizonezko bat atxilotu dute bikotekide ohiari eraso egiteagatik.


2018-10-09 | Aiaraldea.eus
Dozenaka herritar kalera atera dira, Laudion salatu duten eraso matxistaren kontra

Eraso matxista salatu du emakume batek Laudion. Astelehen goizean eta arratsaldean egin dituzte elkarretaratzeak, dozenaka lagunen babesarekin. Laudioko Udalak eta mugimendu feministak gogor arbuiatu dute gertatutakoa.


2018-10-08 | ARGIA
Azaroaren 7an jakingo da Iru˝eko talde bortxaketaren epaiaren kontrako helegiteen ebazpena

Behin ebazpena publiko egindakoan, auziaren gaineko sententzia hilabeteren buruan emango da jakitera.


2018-10-03 | ARGIA
Bi emakumek eraso matxistak jasan dituzte, Durangon eta Urnietan

Durangoko kasuan, erasotzailea emakumearen bikotekidea da. Urnietakoan, aldiz, bikotekide izandakoa. Azken honek emakumearekiko urrutze-agindua zeukan ezarrita.


2018-09-28 | ARGIA
Emakume bizkaitar baten bi alabak hil ditu bikotekide ohiak

Asteartean hil zituen Castellon (Espainia) 3 eta 6 urteko alabak, eta ondoren bere buruaz beste egin zuen.


2018-09-28 | ARGIA
Drogatu eta bortxatu egin dutela salatu du emakume batek Bilbon

Ertzaintzan salaketa jarri du ostegunean emakume batek, asteazkenetik ostegunerako gauez sexu erasoa jasan ondoren.


2018-09-28 | ARGIA
Maguette Mbeugou hiltzeagatik, kartzelaratu egin dute haren senarra

Asteartean atxilotu zuten gizona, eta ostegunean pasa da epailearen aurretik. Auzitegiak gizona kartzelaratzeko agindu du.


2018-09-27 | ARGIA
Maguette Mbeugouri babesik ez zaiola eskaini salatu dute

Mbeugouk bi aldiz salatu zuen indarkeria matxista jasaten ari zela. Irailaren 25ean hil du bikotekide zuenak, labankadaz.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude