Elkarri eman

Hamaika eratakoak dira loreak. Landarearen bizitzaren arrazoia laburbiltzen dute, eta bide eman. Landareak ugalketa du helburua eta horixe da lorearen izatearen arrazoia. Lorean gertatzen den bi sexuen arteko nahasketak fruitua ekarriko du, hazien edukiontzia, alegia.

Nahasketa hori burutzeko ikertu, garatu eta diseinatu du espezie bakoitzak bere lorea. Milaka urteko lanaren emaitza bada ere, etengabe berritzen ari dira. I+G+B. Etorkizunean ere bere espezieko ondorengoak izango direla bermatzeko atergabeko egokitzea. 

Landareak hartutako lan hori sinestezinezko emaitzak ematen ari da. Ikusgarrienetako bat lore-elkartuak edo konposatuak dituztenen familiakoa da. Ezagunenak bitxilorea (Bellis perennis) eta ekilorea (Helianthus anuus) izango dira. Margarita baten tankera duten loreak dira. Lore horiek benetan lore multzoak dira, infloreszentziak, botanikarien hizkeran. Konposatuen lore multzoak borobilak izan ohi dira, eta bi eratako loreak dituzte: kanpoko aldean kolore deigarria duten lore luzexkak –maite nau, ez nau maite, maite nau, ez...–, eta barruko aldea bete-bete osatzen duten lore ttikiak.

Maite bagaitu edo ez, jar gaitezen erlearen tokian: hegan dabil, hara-hona, eta lore borobil ikusgarriak urrutitik antzemango ditu. Kanpoko lore horiek biltzen duten borobila, nora jo behar duenaren helmuga, arkulariari diana bezain argi azalduko zaio. Borobila ikusgarria egiten duten kanpoko lore horiek antzuak dira. Bere egin beharra beste loreetara erleak ekartzeko multzoa erakargarri egitea da: luzatu eta kolorez janzten dira. Antzutzeko prest daude, aldameneko loreak ernaldu eta haziak eman ditzaten.

Konposatuez gain beste zenbait landarek ere erabiltzen dute estrategia hori: hortentsiak (Hydrangea sp.), Viburnum opulus gaukarraren senideek, eta abar. Lore batzuk erakargarri edo apeu soilak dira. Bereari uko, besteei emana. Elkar emana. Elkar hartzeko.

Landareak hartutako lan hori sinestezinezko emaitzak ematen ari da, eta emango dituenak...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Loreak
2020-03-22 | Jakoba Errekondo
Lilipa eta lilipopa

Lilipak edo nartzisoak loretan dira. Nabarmen adierazten dute mendean hartutako bere lurren berri. Neguan loratzen dira, kolore zuri-hori ikusgarritan, eta usaina bafadaka hedatzen dute. Multzoka bizi dira; lurpean erraboila emankorra dute, eta bat zen tokian, urtetik urtera... [+]


2020-03-08 | Jakoba Errekondo
Moko-belarretan

Udari begira jarri gaituen eguraldi honek landareak ederki mugitu ditu. Gu ere bai. Zaldibarren, Eitzaga auzoko zabortegiko madarikazioaren ardurak eskatzera, eta langileei, haien senideei eta auzotarrei babesa emateko manifestazioan Eibarko Amañatik abiatu ginen. Hasi... [+]


2019-12-15 | Jakoba Errekondo
Kurkubia eta erlastarrak

Umetako oroitzapena dut nola “txitoa” deitzen genion. Loreak oilo txitaren burua gogora ekartzen zigun. Jose Maria Lakoizketak 1888an Bertizaranan jaso zuen “kurkubia” izena, kurkubi edo botilatxo baten antza duelako bere fruitutxoak. Bortzirin... [+]


Eguneraketa berriak daude