Lilipa eta lilipopa


2020ko martxoaren 22an
Lilipa pozointsua da. Aziendak ez du jaten larrean. Sendagileek goragalea sortzeko erabiltzen dute. Baita azaleko erredurak sendatzeko ere.

Lilipak edo nartzisoak loretan dira. Nabarmen adierazten dute mendean hartutako bere lurren berri. Neguan loratzen dira, kolore zuri-hori ikusgarritan, eta usaina bafadaka hedatzen dute. Multzoka bizi dira; lurpean erraboila emankorra dute, eta bat zen tokian, urtetik urtera zabaldu eta zabaldu, sail handiak sortzen dira. 

Lilipak Narcissus generoko landareak dira. Euskal Herrian, berezkoak, naturalak, hamar bat bizi dira; lorategietan landatutakoez kanpo, jakina. Narcissus izena grekotik omen dator, eta narkotiko, ordigarri edo orditzaile adierazten du, bere usainaren lekuko. Osagai organiko bat baino gehiago ditu usain horrek: farnesenoa, beratrola, ozimenoak eta abar. Lurringintzan erruz erabiltzen da, eta osagai gisa sona handia du: nerbioak indartzen eta burua zorrozten omen ditu. Narcissus poeticus, poeten lilipa edo Abaurreagainan pipirripi deitzen dutena da lurrinetarako ezagunenetakoa.

Narcissus jonquilla ere, ilora, esentzia erauzteko erabiltzen da. Ihiaren hostoak dituela dio bere izen zientifikoak, eta hortik bertatik letorke “ilora”, ihi-lora. Hala dio Lakoizketa handiak.

“Aratuste lorea” esaten zaio, baita ere, lilipari. Sasoi horretan loratzen delako, noski; baina eman dezagun aratusteetan mozorrotzen denak hauspotu nahi duen ego nartzizistagatik esaten zaiola euskaraz horrela. Nik, behintzat, makina bat buruzale sumatzen dut, aldamenekoa orditzeraino, mozorro garesti askoekin aratusteak lehor eta zikoitz ospatzen...

Lilipa pozointsua da. “Nartzisina” edo “likorina” esaten zaion alkaloidea du. Aziendak ez du jaten larrean, bai baitaki digestio-aparatuan kalteak eragiten dituela. Sendagileek goragalea sortzeko erabiltzen dute. Baita azaleko erredurak sendatzeko ere. Sendagintzan aipatzen da aldamenean lilipa sorta bat izanez gero lasaitu eta loa errazten duela. Merezi du Pio Font i Querren Plantas medicinales, el Dioscórides renovado liburuko lilipari buruzkoak irakurtzea. Bide batez, bertan, euskaraz, “txutxupraka” izena jasoa du...

Bere pozoinaren neurria ederki nozitua dute moztu eta liliparekin batera murko batean jartzen diren loreek. Lilipak muzilagoak eta beste substantzia batzuk askatzen ditu ebakitik. Horien pozoinak aldameneko loreek hartuko dituzte, edo uretara erakarriko dituzten bakterioek beste loreak urik hartu ezinik utziko ditu. Inguruan ez du nahi bere edertasuna zalantzan jarriko duenik. Nartzizista da lilipa, buruzalea. Popatik ematen die aldamenekoei. Hortik ote datorkio lilipopa izena?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espezieak
2020-03-08 | Jakoba Errekondo
Moko-belarretan

Udari begira jarri gaituen eguraldi honek landareak ederki mugitu ditu. Gu ere bai. Zaldibarren, Eitzaga auzoko zabortegiko madarikazioaren ardurak eskatzera, eta langileei, haien senideei eta auzotarrei babesa emateko manifestazioan Eibarko Amañatik abiatu ginen. Hasi... [+]


2019-12-15 | Jakoba Errekondo
Kurkubia eta erlastarrak

Umetako oroitzapena dut nola “txitoa” deitzen genion. Loreak oilo txitaren burua gogora ekartzen zigun. Jose Maria Lakoizketak 1888an Bertizaranan jaso zuen “kurkubia” izena, kurkubi edo botilatxo baten antza duelako bere fruitutxoak. Bortzirin... [+]


2019-09-15 | Jakoba Errekondo
Alfer biajea

Landareen galbideak arrazoi ugari izan dezake. Garai batean hiru multzotan banatzen ziren: gaitzak, izurriteak eta belar edo landare “txarrak”. Gaur egun landareen hondagarri guztiei izurrite deitzea da joera nagusia. Lehen izurritea esaten zitzaion intsektu, akaro,... [+]


2019-07-28 | Jakoba Errekondo
Asma-belarraren burundanga

Simaur eta hondakin pilatan apopilo bat izaten da udan, ez denetan baina askotan: asma-belarra edo estramonioa, Datura stramonium. Zenbaitek “ikozoro” edo “pikuzoro” izenak ere jaso dituzte landare horrentzat. Landare deigarria da, tentea, hostaje... [+]


2019-02-10 | Jakoba Errekondo
Dahlia ala dalia

Daliaren urtea izendatu dute aurtengo hau, Dahlia pinnata. Ondo esanda Dahliaren urtea da. Euskarazko hiztegiek eta entziklopediek “dalia” esaten diote landare horri; nik uste dut “dahlia” esan beharko geniokeela.

Dahlia Mexikoko goi ordokietan ezagutu... [+]


Eguneraketa berriak daude