ARGIA.eus

2020ko uztailaren 11

Moko-belarretan

Jakoba Errekondo @bizibaratzea
2020ko martxoaren 08a
“Zaldibarko langile, senide eta auzotarrei babesa emateko manifestazioan Eibarko Amañatik abiatu ginen. Hasi zain ginela hor non ikusten dudan balkoi bat leiho-geranio lorez bete”.
“Zaldibarko langile, senide eta auzotarrei babesa emateko manifestazioan Eibarko Amañatik abiatu ginen. Hasi zain ginela hor non ikusten dudan balkoi bat leiho-geranio lorez bete”.

Udari begira jarri gaituen eguraldi honek landareak ederki mugitu ditu. Gu ere bai. Zaldibarren, Eitzaga auzoko zabortegiko madarikazioaren ardurak eskatzera, eta langileei, haien senideei eta auzotarrei babesa emateko manifestazioan Eibarko Amañatik abiatu ginen. Hasi zain ginela hor non ikusten dudan balkoi bat leiho-geranio lorez bete (Pelargonium x hortorum). Loretza gorriak begia jo zidan.

Inorekin mokoka edo moskoka hasteko asmo zipitzik ez dut. Mokotik mokora bai ordea, ez gureetan, landareenetan baizik. Mokoa duten landareetan ere moko-motzak eta moko-luzeak daude. Hegaztietan bezalaxe. Haiekin lotuta eman diegu, jeneralean, moko-belarrei bere izena.

Moko-motzek beren landareak badituzte, odolur edo odarra esaten diogun Polygonum avicularis landareari hormatxori-moko esaten diote gaztelaniaz. Gaur, baina, moko-motzak alde batera utzi eta, Amañako leiho-geranioen aitzakian, moko-luzeei heldu behar diet. Zehazki, Geraniaceae familiako moko-luzeei. Geraniaceae familiak 700 espezie biltzen ditu, 11 generotan banatuta.
Horietako genero bat da leiho-geranioena, Pelargonium, alegia. Pelargonium izena grekoko pelargos hitzetik dator, hau da zikoina edo amiamokoa. Haien mokoa ekartzen du gogora bere fruituak. Gehienak afrikarrak dira eta usaintsuak; apaingarri gisa erabiltzen ditugu, aspalditik.

Amiamoko ere esaten zaio koartzari. Koartza adierazteko grekoko erodios hitzetik dator familia honetako beste genero baten izena: Erodium. Genero honetako landareen fruituak, ireki eta haziak askatu aurretik, koartzaren buruaren itxura dute, bere moko luze eta guzti. Moko-belarra esaten zaie maiz nahasten ditugun beste bi espezieri, Erodium ciconium eta Erodium cicutarium. Erodium, koartza edo amiamokoa da; ciconium, zikoina edo amiamokoa da.

Geraniaceae familiako beste genero mokoduna Geranium da. Hori ere grekotik dator, geranos hitzetik eta kurriloa esan nahi du. Beste hegazti moko luze bat. Hemen ere fruituaren eta kurriloaren mokoaren antza da gakoa. Hirurehunen bat espezie biltzen ditu genero horrek, eta batzuk oso gureak ditugu. Adibidez, zaingorri, zangorri, zangogorri, gatugorri, katugorri, San Robertoren zaingorri edo kurlo-belar esaten dioguna, Geranium robertianum.

Udaberria badoa eta mokodun geranio jende hau loratzeko prest da. Ugaltzeko ere sasoi ederra da: gustukoa topatzen duzunean, adar muturtxo bat kendu eta aldaxka gisa landatu. Zikoina, kurrilo, koartza... berdin da, moko luzeok bere loraldiekin madarikaziorik handiena ere iraultzen dute.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Espezieak  |  Zaldibarko zabortegiaren krisia

Espezieak kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2020ko martxoaren 08a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude