Lore hautsetan mezalagun

  • Udaberria zaigu loreen sasoia. Ez da bakarra, ordea; loraldia ez da urte osoan amaitzen, bukatzen ez den emana da loreena. Etengabeko lore batean bizi gara. Aurten oraindik ahorik, ez abereenik ez segarenik, ezagutu ez duten belazeak ikusgarriak daude, lore desdetxa! Lorez lore dabiltzanen hegaldien zunburrunak sinfonia dirudi.

Inurria ahabiaren lorearen barruan.  (Arg.: Jakoba Errekondo)
Inurria ahabiaren lorearen barruan. (Arg.: Jakoba Errekondo)

Etxeko teilatuaren hegalpean dugun erle-eultzea denak emanda dabil, sasoi honetan aspaldiko urteetako erle dantza handiena sumatzen dut. Izan ere, bada loretik! Eta loreak polinizatzailea behar. Polinizazioa aise ulertzen da: loreko aieka arrak sortzen duen lore hautsak edo polen aleak beste lore bateko aieka emera iritsi behar du. Emean gauzatuko du ernalketa polenak.

Lore hautsak loretik lorerako bide hori nola egiten du? Zubilan hori noren ardura da? Haizeak lan ederra hartzen du, espezie askoren mezalagun bikaina da. Beste espezie ugarik animaliak behar dituzte urgazle. Batzuek animalia jakinekin dituzte tratuak lotuta. Horiek estutasun handiak izan ditzakete animalia hori galbidean sartzen bada. Badira polinizaziorako animalia asko erabiltzen dituzten landareak; horiek samurragoa dute etorkizuna, baten faltan beste batek egingo dizkie-eta bereter laguntzaile lanak.

Bereter, urgazle, mezamutil, laguntzaile... Norbaiten premian dira landareak. Haiek erakartzeko eta bere lana saritzeko, loreak usainak, kiratsak, koloreak, formak eta abar sortuko ditu: “txerrimuniak ordainetan”.

Loratzen diren landareen lautik hiruk polinizatzaileren bat behar du. Horietatik mila inguru txoriak, saguzarrak edo ugaztun txikiak dira. Beste berrehunen bat mila intsektu dira: euli, tximeleta, kakalardo, inurri, liztor, erlastar, sits, erle...

Gure elikaduraren hirutik bat haien esku dagoela esan ohi da. Zaindu ditzagun: ez erabili pestizidarik eta utzi loratzen belaze eta landaredi naturalei. Eta, gerezi bat edo pipermin bat ahoratzen duzunean, gogoan izan intsektu urgazleak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Loreak
2020-03-22 | Jakoba Errekondo
Lilipa eta lilipopa

Lilipak edo nartzisoak loretan dira. Nabarmen adierazten dute mendean hartutako bere lurren berri. Neguan loratzen dira, kolore zuri-hori ikusgarritan, eta usaina bafadaka hedatzen dute. Multzoka bizi dira; lurpean erraboila emankorra dute, eta bat zen tokian, urtetik urtera... [+]


2020-03-08 | Jakoba Errekondo
Moko-belarretan

Udari begira jarri gaituen eguraldi honek landareak ederki mugitu ditu. Gu ere bai. Zaldibarren, Eitzaga auzoko zabortegiko madarikazioaren ardurak eskatzera, eta langileei, haien senideei eta auzotarrei babesa emateko manifestazioan Eibarko Amañatik abiatu ginen. Hasi... [+]


2019-12-15 | Jakoba Errekondo
Kurkubia eta erlastarrak

Umetako oroitzapena dut nola “txitoa” deitzen genion. Loreak oilo txitaren burua gogora ekartzen zigun. Jose Maria Lakoizketak 1888an Bertizaranan jaso zuen “kurkubia” izena, kurkubi edo botilatxo baten antza duelako bere fruitutxoak. Bortzirin... [+]


Eguneraketa berriak daude