Mitxoleta bixi-bixiak

Mitxoleta (Papaver rhoeas). (Arg.: ALONSOLEJ-CC BY SA)
Mitxoleta (Papaver rhoeas). (Arg.: ALONSOLEJ-CC BY SA)

Senide du lo-belarra (Papaver somniferum), baina haren aldean, bixia da mitxoleta (Papaver rhoeas). Mitxoleta ezaguna da oso; “urdemutur” eta “urdamutur” ere deitzen omen zaio. Udaberria joan udaberria etorri, urtero lotsagorritzen ditu lur sailak. Neure lotsaren gorria ere berpizten du, Claude Monet margolariaz urtean behin besterik ez naizela gogoratzen berrituz.  

Feniziarrek, grekoek eta erromatarrek Mediterraneoan barrena laboreak ekarri zituztenean, hazi haien tartean zetozen soroetako beste landareen haziak ere, nahasian; batez ere, mitxoletarena bezala ia ikusezinak zirenak. Eta landutako sail berrietan bapo. Laboreen aldean, azkar loratu eta hazia ematen du. Haien buruak heldu eta biltzeko moduan daudenerako, mitxoletak haziak sakabanatu ditu, eta ez gutxi: landare bakoitzak 50.000 eta 60.000 arteko hazi pila ematen du. Landare ugaria eta ziklo laburrekoa izateak mutatzeko eta egokitzeko gaitasuna dakarkio. Adibidez, gaur egun soroetan erabiltzen diren herbizida gero eta hilgarriagoen eragina saihesteko eta aurre egiteko ahalmena.

Mitxoleta landare indartsua da, aitzindaria. Beste landareek baino lehenago bereganatzen ditu lurrak. Lurrak ez, alorrak esan beharko nuke. Lur landuak atsegin ditu, mugituak. Zalaparta eta iskanbila non, han etorriko da, agudo asko! Hondeaitzurra edo goldea edo pikatxoia non dantzatu den, han, lur harrotuan etorriko da, bixi-bixi. Lur hori bakean utzi eta landare segida naturala hasten denean galduko ditu bere kemen guztiak; beste landareen aurrean belarriak bildu, eta beste norabait alde egingo du.  

Hiru toki izaten ditu ondo bereak mitxoletak: labore soroak, eraikuntzen hondakinak edo erorkinak eta bide bazterrak. Beti gure atzetik hedatu izan da. Bideak ireki, lurrak irauli, eraikuntzak altxa, hondakinak baztertu... Han dago zain. Geu gara mitxoletaren pagotxa. Baita hautsikin zatarrenak eragiten ditugunean ere. Mitxoletak lur sailak gorritzen dituenean noizbait han isuritako odola berritu eta azaleratzen duela esango nuke. Gu garenean beti izango baita odolezko aztarna txarren bat, bizi izan ginenaren arrasto. Guda zelaietan, batez ere guda modernoetako zelaietan, beti ugaritzen da mitxoleta, bonbek harrotutako lurretan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Loreak
2020-03-22 | Jakoba Errekondo
Lilipa eta lilipopa

Lilipak edo nartzisoak loretan dira. Nabarmen adierazten dute mendean hartutako bere lurren berri. Neguan loratzen dira, kolore zuri-hori ikusgarritan, eta usaina bafadaka hedatzen dute. Multzoka bizi dira; lurpean erraboila emankorra dute, eta bat zen tokian, urtetik urtera... [+]


2020-03-08 | Jakoba Errekondo
Moko-belarretan

Udari begira jarri gaituen eguraldi honek landareak ederki mugitu ditu. Gu ere bai. Zaldibarren, Eitzaga auzoko zabortegiko madarikazioaren ardurak eskatzera, eta langileei, haien senideei eta auzotarrei babesa emateko manifestazioan Eibarko Amañatik abiatu ginen. Hasi... [+]


2019-12-15 | Jakoba Errekondo
Kurkubia eta erlastarrak

Umetako oroitzapena dut nola “txitoa” deitzen genion. Loreak oilo txitaren burua gogora ekartzen zigun. Jose Maria Lakoizketak 1888an Bertizaranan jaso zuen “kurkubia” izena, kurkubi edo botilatxo baten antza duelako bere fruitutxoak. Bortzirin... [+]


Eguneraketa berriak daude