Nik ez nekien ezer


2015eko otsailaren 15an

Kutxabaneko ustezko irregulartasunen erdian ere ETA agertu da, eta denak adierazten du datozen urteetan diru eta irregulartasun ugari agertuko direla haren aurkako borrokaren aitzakitan, ez baita inongo sekreturik diru eta jardun ugari izan direla iparreko gerraren estoldetan.

Mario Fernándezen auziak epaitegietan zer emango duen zain, jarrera desegoki ugari antzeman daitezke operazioaren ingurumarian, batzuk legearen mugan direnak eta beste batzuk etikarenean. Ez dago zalantzarik ETAren jarduerak oso egoera gogorrak sortu dituela hamarkadatan eta, horren ondorioz, haren aurka jardundako askok Estatuaren mesede eta ordaina jaso dutela.

Mikel Cabieces behin-behinekoz PSE-EEtik kanpo utzi duten  kide ohiarena izan daiteke horietakoa. Interesgarria litzateke, hala ere, mesede horien nor, noiz eta nola ezagutzea, seguruenik zerrenda horretan ere izango baita gehiago eta gutxiago jaso duenik, izan dirutan edo espezietan. Eta izango da baita jaso ez dutenen zerrendarik ere. Hausnarketa ugari sor daitezke kasuaren bueltan. Esaterako, ea zergatik agintariek gizartearentzat onuragarri jotzen duten esparru batean –ETAren aurkako borroka– jardundakoak saritu behar diren lanpostu edo bestelakoen bidez –haien lansariak zituztenean–, eta beste esparru batzuetan aritutakoak ez, adibidez gisa eskubideen alde edo pobreziaren aurka aritutakoak. Mario Fernándezek dio halakoak ohikoak zirela instituzio eta enpresa munduaren artean. Gutxienez, beraz, ondo legoke jakitea zein irizpide erabiltzen ziren.

Nik ez nekien ezer. Hori da gisakoetan agertzen den lehen esaldia, eta hortik herritarren mesfidantza, ohikoan inork ez baitaki ezer. Baina ez, Mario Fernándezek bakarrik jakitea da sinesgarria ez den bakarra. Joseba Egibarren ahotik EAJk dio ez zekiela ezer, Fernándezena jarduera irregularra izan dela eta Cabiecesen lanpostuaz kontsultatu izan balitzaio,  alderdiak ez lukeela onartuko Kutxabanken halako esku-hartzerik, hori ez delako bere zeregina.

Kontua ez da Fernández kontu kontari joan ote zitzaien jeltzaleei, hori baino sinpleagoa da, Espainiako Bankuak Kutxabankeko Administrazio Kontseiluko akta ofizialetatik jakin duelako auziaren berri eta EAJk ere bere ordezkariak dituelako organo horretan. Gregorio Villalabeitia Kutxabankeko lehendakariak berak eman zuen aferaren berri Administrazio Kontseiluan 2014ko hondarrean, baina kontseilukideei ez bide zitzaien salaketa egin edo horren berri emateko adinako gaia iruditu. Ez EAJ, ez PSE ezta PPko ordezkariei ere. Bakarrik Villalabeitiari. Horregatik izango da, akaso, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekari salaketaren kontu hau guztia oso bitxia iruditzea. Seguru Jaurlaritzak ere prentsatik izan duela lehen berria, beste edozein herritarrek legez.

Harriduratik haragoko adierazpen adierazgarriak badira politikarien artean. PSEko Jose Antonio Pastorren ustez, hobe dena alfonbrapean geratu izan balitz. Eta Borja Senperren aburuz, akatsa ez da eskatzen duenarena –lanpostua PPko buru ohi Antonio Basagoitik eskatu ei zion Fernándezi–, ematen duenarena baizik.

Fernándezen ustez ez da akatsik, baina –Villalabeitiak hala iradokita– hobe iruditu zitzaion 6.000 euroko soldatetan Cabiecesi ordaindutako 245.000 euroak bere poltsikotik itzultzea Kutxabanki. Dirudunen eskuzabaltasuna itzela da. Hala ere, zergatik itzuli behar du norbaitek zerbait txarrik egin ez duela iruditzen bazaio? Hara bi hipotesi: bat, arazoa ezkutuan mantentzen jarraitzeko; horrexegatik, Villalabeitiak traizio egin diola sentitzen du orain Fernándezek, ordaindu eta hala ere salaketa jarri diolako. Bi, epaitegietan zigorrik izatekotan, dirua itzultzea aringarria delako.

Auzi honetan, alabaina,  zuhaitzak basoa ezkutatzen du beste behin ere. Cabieces auzia erabat desegokia izateaz gain, hemen larriena da izaera eta kontrol soziala zuten kutxek gaur egun izaera guztiz pribatua dutela. Fernándezek, gainera, bere akzioen %70 esku pribatuetan jarri nahi izan zuen, eta hortik etorri zen EAJrekiko talka. Baina ze demontre, seguru orain hobe dela Repsoleko goi karguen epelean, traidore eta esker txarrekoen artean baino.

Gainera, konpon daitezela Kutxabanken, ezta? Zergatik hainbeste zalaparta gune pribatu batean gertatzen denarekin?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kutxabank
Kutxabankek komisioak kenduko dizkie erabiltzaileen %80ri

Komisioak ezabatu egingo dira 30 urtetik beherako guztientzat eta baldintza batzuk bete beharko dituzte kontua eta txartela doan mantendu nahi duten bezero orok. Urtarrilaren 15ean sartuko da araudi hau indarrean.


Kutxabankek akordioa sinatu du Madrilgo Alantra inbertsio bankuarekin, "hazteko" estrategia berriaren baitan

Kutxabankek inbertsio bankuen sektorean sartzeko pausoa eman du eta akordioa sinatu du sektore horretako Espainiako Estatuko eta Europako eragile nagusienetako batekin, Alantra sozietatearekin. "Enpresen merkatuan" presentzia handiagoa izatea litzateke helburua.


Frantziako Tourrerako atera dituzten ikurrinek EITB, Kutxabank eta Eusko Jaurlaritzaren logoak dituzte

Ekainaren 15ean aurkeztu dute ekimena Inés Monguilot (Kutxabank) eta Luis Manuel Martínek (EITB). Guztira 60.000 ikurrin atera dituzte Frantziako Tourrean banatzeko, hiru erakundeen logoekin.


Antón Arriola (Kutxabankeko presidentea):
"Kutxabankek Euskadiko mugetatik kanpo hazi behar du"

Kutxabankeko presidenteak finantza entitatearen hurrengo urtetarako asmoak azaldu ditu Cebek Bizkaiko patronalak egindako jardunaldi batean. Bere hitzartzean iradoki du Euskal Herritik kanpo hazteko proiektua duela Kutxabankek, eta horretarako banku pribatuetan eta inbertsio... [+]


Eusko Jaurlaritzak 123.000 euroko isuna jarri dio Kutxabanki "arau-hauste larriengatik"

Kutxa zerbitzua ez ematea, eskudirutan ordaintzeko zerbitzua ezabatzea eta "abusuzko praktikak" egitea egotzi dizkio Kontsumobidek erakundeari.


Eguneraketa berriak daude